Partekatu edukia
Gorte Nagusietako Herriaren Defendatzailea, Andaluziako Herriaren Defendatzailea, Kataluniako Síndic de Greuges, Galiziako Valedor do Pobo, Kanariako Diputado del Común, Euskadiko Arartekoa, Aragoiko Justizia, Valentziako Erkidegoko Síndic de Greuges, Gaztela eta Leongo Procurador del Común eta Nafarroako Arartekoa Iruñean bilduko dira Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldietan. Gai nagusia honakoa izango da:
"Zaratak etxebizitzan sartzea: etxebizitzaren bortxaezintasuna eta osotasun fisiko eta psikologikorako eskubidea".
Gai horren baitan, arlo desberdinetako adituak bilduko dira; Nafarroako Unibertsitate Publikotik, Auzitegi Gorenetik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusitik etorritakoak, baita foru eta udal polizietako eta zenbait udaletako ordezkariak ere. Besteak beste ingurugiro zarata eta hots kutsadura aztertuko dituzte eta kutsadura hori ekidin eta kontrolatzeko administrazioetatik hartu beharreko neurrien inguruan jardungo dute. Gainera, ingurugiroaren eta osasunaren aurka egindako delituen aurreko babes legalaren gainean arituko dira eta ingurugiro-zarata kontrolatzeko esku-hartze publikoen mekanismoak landuko dituzte.
Nafarroako Arartekoak antolatuko dituen jardunaldiak Nafarroako Parlamentuko erabilera anitzeko aretoan egingo dira, irailaren 22an eta 23an.
Nafarroako Foru Erkidegoko presidentea, Uxue Barkos, izango da jardunaldiei hasiera emango diena, Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko presidentearekin eta Soledad Becerril herriaren defendatzailearekin batera.
Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldien webgunera joateko, egin klik HEMEN.
Partekatu edukia