Partekatu edukia
NAFARROAKO ARARTEKOAREN AGERRALDIA NAFARROAKO PARLAMENTUKO FORU ERREGIMENAREN BATZORDEAREN AURREAN.
2016KO TXOSTENA
Eskerrik asko, lehendakari jauna eta jaun-andreok; egun on denoi.
Nik ordezkatzen dudan erakundearen jarduerari buruzko 2016. urteko txostenaren laburpen bat aurkeztera agertu naiz Foru Erregimenaren Batzordearen aurrera.
Txostenak uztailaren 3ko Nafarroako Arartekoari buruzko 4/2000 Foru Legearen 37. artikuluan xedatua betetzen du, eta egindako kudeaketaren edukiak eta datu nagusiak jasotzen ditu.
2016. urtean, hau izan da erakundearen jarduera: 1.965 jarduketa. Kopuru horretan hauek sartzen dira:
Erakundeak, bere funtzio ikuskatzailea betetzeko, 677 ikerketa egin ditu Administrazio Publikoen jardunari buruz, eta 362 ebazpen eman ditu. Ebazpen horietan, 235 gomendio, 121 legezko betebeharren gogorarazpen, 84 iradokizun eta 47 arautzeko iradokizun daude.
Kexak, kontsultak eta herritarren proposamenak kontuan hartuz gero, erakundera 11.617 pertsonak jo dute guztira.
Kexak soilik kontuan hartuz gero, 10.089 pertsonak jo dute Arartekora. Kontsultak soilik kontuan hartuz gero, 1.515 pertsonak.
2016an aurkeztutako kexak (830) 2015ean aurkeztutakoak baino gutxiago izan dira; izan ere, 2015ean 1.546 aurkeztu ziren. Beraz, % 46,3 jaitsi da kexa-kopurua. Hala ere, kexen ondorioz ireki diren kexa-espedienteen kopurua kontuan hartuta (espediente batek zenbait kexa berdin edo elkarrekin lotutako zenbait kexa har ditzake), 2015ean 810 kexa-espediente ireki ziren, eta, 2016an, 830 kexa-espediente ireki dira. Beraz, % 2,5eko hazkundea izan du irekitako kexa-espedienteen kopuruak.
Kexen gaiei eta arloei dagokienez, mota eta arlo askotakoak direnez, datu orokor batzuk besterik ez dut eskainiko. Xehetasunak txostenaren bigarren kapituluan daude.
Beheranzko hurrenkeran, kopuru handienetik txikienera, hauek izan dira 2016an kexa gehien jaso dituzten arloak: funtzio publikoa, gizarte-ongizatea, hezkuntza, enplegu publikoko lanpostuak eskuratzea, osasuna, ingurumena, ogasuna, hirigintza, trafikoa, herritarren segurtasuna, etxebizitza eta justizia.
Lehen arloari edo funtzio publikoari dagokionez, kexa hauek nabarmentzen dira: kontratu administratiboak dituzten aldi baterako irakasleei uztaileko eta abuztuko soldata ordaintzeko eskatzeko aurkeztutako kexak; osasun-arloko langileek beren familia-bizitza eta lana bateratzeari buruz aurkeztutako kexak; funtzionario publiko batzuei zenbait gehigarri ez aitortzearekin desadostasunak adierazten dituzten kexak; eta, azkenik, laneko jazarpen-egoeretan neurriak ez hartzearekin lotutako kexak.
Bigarrenik, gizarte-ongizateari buruzkoak ageri dira: 75 kexa. Horien artean, haurtzaroa eta nerabezaroa babestearekin lotuak nabarmentzen dira, bai eta adingabeen babesik ezarekin, banandutako gurasoen zaintzarekin edo arretarekin, eta zenbait zentrotako funtzionamenduaren erregimenarekin lotuak ere (behaketa eta harrera zentroak –BHZ– eta neurri judizialak betetzeko Ilundaingo zentroa).
Era berean, Gizarteratzeko Errenta (GE) ukatzearekin, eta prestazio hori ematen edo berritzen atzeratzearekin lotutako kexak ere aurkeztu dira, eta hura bahitzearekin lotuak ere bai. Prestazio publiko hori enbargaezina da, baina herritarrek urtero aurkezten dituzte administrazio publikoren batek zenbatekoa bahitu diela salatzeko kexak.
Hirugarren lekuan daude hezkuntzarekin lotutako kexak, eta honako hauek nabarmentzen dira: ikastetxeen onartze-prozesuei eta haiek eskatutako modalitateetan ez onartzeari buruzkoak, ingelesaren irakaskuntzari buruzkoak, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen heziketari buruzkoak, eta beka-deialdi berriaren erregimenari buruzkoak.
Laugarrenik, enplegu publikoko lanpostuak eskuratzeari buruzko kexak ageri dira. Enplegu publikoko lanpostuak eskuratzeko, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatzea nahi duten herritarrek aurkezten dituzte kexa horiek. Aurkeztutako kexak, nagusiki, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenden kudeaketari buruzkoak dira. Desgaitasunak dituzten pertsonen lehentasuna kontratazio zerrendetan aldatzearekin ados ez daudenen kexak nabarmentzen dira. Halaber, nabarmentzekoak dira Servicio Navarro de Empleo/Nafar Lansare erakunde autonomoaren beharretarako goi-mailako tituludunen lanpostuetarako izangaien bi zerrenda eratzeko (proba selektiboen bidez eratuak) deialdiaren oinarriekin lotutako kexak, deialdiak ez baitu kontuan hartzen Laneko Zientzien eta Soziologia lizentzia.
Bosgarren lekuan osasunaren arloarekin lotutako kexak ageri dira, eta honako hauek nabarmentzen dira: izandako arreta kliniko zehatz batekin ados ez dauden herritarren kexak, itxarote-zerrendekin lotuak (batez ere, errehabilitazioaren alorrarekin lotutakoak), osasun-prestazioak eta diru-itzultzeak ez onartzearekin lotuak, eta egutegian Prevenar 13 txertoa 2015ean jaiotako haurrentzat ez sartzeak eragindako kexak.
Seigarren lekuan, ingurumenaren arloa dago. Aurreko urteetan bezala, hainbat motatako jarduerek eragindako zaratekin lotutako kexak nabarmentzen dira; bereziki, gazteen lokalek, ostalaritza-negozioek eta beste zenbait jarduerak eragiten duten hots-kutsaduraren ondorioz zenbait herritarrek beren etxebizitzetan pairatzen dituzten eragozpenekin lotutakoak. Halaber, ingurumenari buruzko informazioa ez ematearekin lotutako kexak, herritarren parte-hartzea mugatzearekin lotutako kexak eta Nafarroako zenbait udalerritan bizitoki-eraikinetako etxabeetan beilatokiak jartzearekin ados ez dauden herritarren kexak ere aurkeztu dira.
Ogasunaren arloan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekin lotutako kexak nabarmendu dira. Era berean, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarekin lotutako kexak (horietako kexaren batek planteatzen du ulergaitza dela zerga hori ezartzeko arrazoia; izan ere, balio-gehikuntzarik ez da izan, baizik eta krisiaren ondoriozko balio-gutxitzeak izan dira. Planteamendu hori Auzitegi Konstituzionalak berretsi du 2017an) eta hiri-kontribuzioarekin lotutako kexak aurkeztu dira.
Zortzigarren lekuan, hirigintzaren arloko kexak ageri dira. Aurreko urteetan bezala, honako gaiekin lotutako kexak aurkeztu dira: ekimen partikularreko plangintza-aldaketen izapidetzeen ukapenekin eta geldotasunarekin lotutakoak; herritarrek salatuta, hirigintza-araudia betetzen ez den egoeretan udalerri batzuek legedia babesteko erakutsi duten gelditasunarekin lotutakoak; eta hirigintza gauzatzeko moduarekin lotutako zenbait kexa.
Bederatzigarren lekuan trafikoaren arloko kexak ageri dira, eta honako hauek nabarmentzen dira: ezarri zaien isunarekin ados ez dauden herritarren kexak, Pamplona-Iruñeko aparkaleku mugatuko guneetatik udalaren garabi-zerbitzuak autoa kentzearekin lotutako kexak eta autoa berreskuratzeko ordaindu beharreko tasak gehiegizkoak izatearekin lotutako kexak.
Hamargarren lekuan, herritarren segurtasunarekin lotutako kexak daude. Arlo horretan polizia-gorputzetako agenteek herritarrei emandako tratu desegokiarekin lotutako kexak nabarmentzen dira. Era berean, Iruñeko espetxeko presoen kexak ere izan dira, funtzionario jakin batzuek gaizki tratatu dituztela salatzeko.
Hamaikagarren lekuan, etxebizitzaren arloarekin lotutako kexak daude. Kexa horiek alokairu-erregimenean dauden etxebizitzak eskuratzeko herritarrek dituzten zailtasunekin daude lotuta; besteak beste, eskari handiari eskaintza urria gehitzen zaiolako, babestutako etxeak baldintza txarretan daudelako eta familien beharretara hobeto egokitzen diren beste etxebizitza batzuk eskuratzeko zailtasunak daudelako.
Hamabigarren lekuan justiziarekin lotutako kexak ageri dira, eta honako hauek nabarmentzen dira: planteatu dituzten prozesu judizialetan atzerapenak egon direla uste duten herritarren kexak, doako laguntza juridikoa ez onartzearekin lotutako kexak eta eragiten dieten ebazpen judizialekin ados ez egotearekin lotutako kexak.
2016an aurkeztutako kexa gehienak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lotutakoak izan dira, bai eta haren erakunde publikoen eta haren sozietate publikoen jardunarekin lotutakoak ere. 437 kexa aurkeztu dira, guztizkoaren % 52,7.
Toki entitateen eta haien menpeko enteen jardunari buruz, berriz, 214 kexa aurkeztu dira, guztizkoaren % 25,8.
Ondoren, Estatuko administrazioaren jardunari buruz aurkeztutako 110 kexa daude, guztizkoaren % 13,3.
Aurten, erakundeak 35 ofiziozko jarduketa egin ditu:
Horietatik zazpi gizarte-ongizateari buruzkoak izan dira. Horien artean, adingabeen babeserako pisu batera, adimen-desgaitasuneko zentro batera eta gaixotasun mental larriak dituzten pertsonen egoitza batera egindako bisitak nabarmentzen dira. Halaber, Caritasek Errenta Bermatua eta larrialdi-laguntzak aurreratzeri buruzko jarduketak ere ireki dira. Arlo honetan, Sirian bizi den hondamendi humanitarioari buruz Espainiako Ararteko guztiek egindako adierazpen bateratua sartzen da.
Hiru ofiziozko jarduketa osasunaren arloari buruzkoak izan dira: bat, gaixotasun arraroak dituzten pertsonen arretari buruzkoa; beste bat, osasungintza publiko eta unibertsalari buruzkoa; eta, beste bat, larrialdi-zerbitzuetako gaueko txandan ekografiak egiteko atzerapenei buruzkoa.
Ingurumenaren arloan, ofiziozko hiru jarduketa egin dira: bat, Nafarroako Erriberako airearen kalitatearen hobekuntza-planaren lanketarik ezari buruzkoa; beste bat, errepide-ardatzen eta trenbide-ardatzen zaraten mapa ez onartzeari buruzkoa; eta, hirugarrena, etxebizitzen etxabeetan beilatokiak jartzeari buruzkoak.
Beste hiru jarduketa trafikoari eta bide-segurtasunari buruzkoak izan dira: bat, Iruñeko bizikleta-zirkulazioari buruzkoa; beste bat, Nafarroako probintziako trafiko-buruzagitzaren aztertzaileen eskasiari buruzkoa; eta, hirugarrena, Iruñeko Ermitagaina auzoan autoek oinezkoak harrapatzeari buruzkoa.
Halaber, hiru ofiziozko jarduketa egin dira Foru Zuzenbide Zibilaren arloan: bat, gurasoek semea edo alaba aitortzeari buruzkoa; beste bat, inbentariorik ezagatik fideltasunaren legezko gozamena galtzeari buruzkoa; eta, hirugarrena, testamentugilearen erabakitzeko ahalmenari buruzkoa (bigarren aldiz ezkonduta dagoenean).
Gainerako ofiziozko jarduketak gai hauei buruzkoak izan dira:
Gainera, aurreko urteetan bezala, erakundeak Nafarroako haurren eta nerabeen egoera balioetsi du. Ez da balorazio orokor edo soziologiko bat; haurrek eta nerabeek Nafarroan duten egoera egiaztatu nahi da Haurrentzatko eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak administrazio publikoei agintzen diena betetzeko.
Bildutako datuek agerian uzten dute 2016an, oro har, ugaritu egin dela adingabeen babeserako sistemaren jarduera. Aurreko urteetan baino gehiago dira sistema horrek artatutako adingabeak (1.446 adingabe, 2016an), eta, era berean, esku-hartzeko neurri zorrotzak kasu gehiagotan hartu behar izan dira, hala nola adingabeen zaintza hartzea (739 adingabe) edo adingabeen tutoretza hartzea (253 adingabe). Halaber, gizarte-gatazka egoeran dauden adingabeen kopurua (728 adingabe) edo erreforma-sisteman dauden adingabeen kopurua (39 adingabe) hazi egin da.
Beste alde batetik, Administrazioak zaintza onartuta duenean, zailtasunak ikusi dira arrisku-egoeran edo babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei harrera-familien bidez arreta emateko (harrera guztiak kontuan hartuta, harrera-familien bidez egindakoek behera egin dute 2015etik 2016ra: % 54,6tik % 45,7ra); eta, hori dela eta, ugaritu egin dira instituzionalizazio-egoerak, hain zuzen ere, legeak minimizatu nahi dituen egoerak.
Hori dela eta, erakundeak hauek iradoki ditu: adingabeen babes-sistemari baliabide gehiago ematea; arlo horretan diharduten agenteen arteko koordinazioa hobetzea eta haien prebentzio-lana indartzea; babesgabetasunaren lehen eta hasierako faseetan esku-hartzea, eta, ahal den neurrian, instituzionalizazio-kasuen kopurua murriztea, harrera-familien bidezko zaintza sustatzeko neurriak hartuz. Hala ere, arlo horretan lanean dihardutenen lana aintzat hartzen da, egokitzat jotzen dira haiek abiatutako ekintza-ildoak, eta ildo horiek indartzera bultzatzen da.
2008. urtetik, erakundeak herritarren parte-hartzea sustatzen du zerbitzu publikoen hobekuntzan. Arartekoak zerbitzu horiek hobetzeko proposamenak aurkeztera animatzen ditu herritarrak, eta, zenbait kasutan, arauak aldatzeko proposamen bilakatzen dira proposamen horiek.
Horrela, 2008tik herritarrek 300 hobekuntza-proposamen aurkeztu dituzte; horietako hamahiru 2016. urtekoak dira.
2016an, herritarrek proposamen hauek egin dituzte, besteak beste:
Nafarroako Parlamentuan, 2016ko irailaren 22an eta 23an Espainiako Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXI. Jardunaldiak izan ziren, “Etxearen inbasioa zaratengatik: etxebizitzaren bortxaezintasuna eta osotasun fisiko eta psikikorako eskubidea" gaitzat hartuta.
Jardunaldietan, zaratari aurre egiteko eta herritarren etxebizitzak zarata-iturrietatik babesteko administrazioek zer neurri har ditzaketen azaldu zuten hizlariek.
Era berean, zaratak behin eta berriro eta oso ozen emitituz herritarren etxebizitzak inbaditzen dituztenek eta, hala, etxebizitza horietan bizi direnen osotasuna arriskuan jartzen dutenek zer zigor izan ditzaketen ere aztertu zuten; horrez gain, hirugarrenek sortutako zaratak direla-eta beren etxebizitza inbaditzen dela uste dutenek eta zarata horiek zertan jasan ez dituzten pertsonek zuzenbide zibilean zer mekanismo dituzten ere azaldu zuten adituek. Azkenik, Herriaren Defendatzaileen eginkizuna azpimarratu zen; izan ere, adierazi zenez, Administrazioaren jardunaren pasibotasunari aurre egiteko erreakzio-mekanismo erabilgarria dira erakunde horiek.
Adierazi dugun bezala, 2016an, erakundeak 446 gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren gogorarazpen egin zituen guztira.
Egindako gomendioen eta iradokizunen artean, arau-izaera edo izaera orokorra duten batzuk azpimarratu nahi izan ditut. Horrela, besteak beste, hauek iradoki dira:
Gizarte-ongizatearen arloan:
Osasunaren arloan:
Enplegu publikoko lanpostu bat eskuratzeari buruz:
Funtzio publikoaren arloan:
Etxebizitzen arloan:
Hezkuntzaren arloan:
Ogasunaren arloan:
Kulturaren arloan:
Trafikoaren arloan:
Erakundearen Herritarrentzako Arreta Bulegoak herritarren 910 kontsulta jaso eta erantzun ditu.
Ugarienak gizarte-ongizatearen arloko kontsultak izan dira. Herritarrek adingabeen babesari, Gizarteratzeko Errentari (GE) eta desgaitasunari buruzko kontsultak egin dituzte.
Bigarren ugarienak hezkuntzari buruzkoak izan dira. Arlo horretan, Hezkuntza Administrazioak ikastetxeetan eta haur-eskoletan sartzeko ezarritako irizpideak aplikatzeari buruzko kontsultak egin dira, bai eta bekak eskuratzeari, ukatzeari edo kobratzeari buruzkoak, eta behar bereziak dituzten ikasleak hezteari buruzkoak ere.
Hirugarren lekuan osasunaren arloari buruzko kontsultak daude. Gehienak jasotako laguntza medikoari, osasun-laguntza jasotzeko atzerapenari eta itxarote-zerrendei buruzkoak izan dira.
Era berean, kopuru handienetik txikienera ordenatuta, arlo hauetako kontsultak ere egin dira: hirigintza, ogasuna, gizarte-segurantza, ingurumena, etxebizitza, kontsumoa eta justizia.
2016an egindako txosten monografikoak bi izan dira:
Gutxien lagundu duten administrazioen eta agintarien kasuen kapituluarekin amaitzen da txostena. Lau administrazio eta bost kasu aipatzen dira: Cascanteko Udala, Castejongo Udala, Huarteko Udala eta Iruñeko Udala (azken hori bi aldiz). Halaber, beste administrazio publiko batzuk ere aipatu dira, gehiegi atzeratu baitira eskatutako txostena igortzen eta erakunde honek emandako ebazpenari erantzuna bidaltzen (lau aldiz edo gehiagotan egin behar izan da eskaera).tzean
Azkenik, erakundearen aurrekontuaren likidazioari buruzko eranskina agertzen da, 2016ko urteari dagokiona.
Amaitzera noa. Zuen esanetara jartzea baino ez zait geratzen, egoki iruditzen zaizkizuen kontuak argitzeko edo osatzeko, edo egin nahi dizkidazuen galderei edo hausnarketei erantzuten ahalegintzeko.
Eskerrik asko zuen arretagatik.
Eskerrik asko denoi zuen arretagatik; zuen esanetara nago, beharrezkoa iruditzen zaizuenerako.
Pamplona-Iruña, 2017ko apirilaren 12a.
Partekatu edukia