Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak 2012an izandako jarduerari buruzko urteko txostena azaldu dio Nafarroako Parlamentuko Foru Araubide Batzordeari.

2013 apirila 24

NAFARROAKO ARARTEKOAREN AGERRALDIA FORU ARAUBIDE BATZORDEAREN AURREAN.

2012KO URTEKO TXOSTENA

I. Aurkezpena. Laburpen orokorra.

Sr. Presidente, señorías, buenos días.

Lehendakari jauna, jaun-andreok, egun on denori.

Berriz ere atsegin handiz agertzen naiz Foru Araubide Batzordearen aurrean Nafarroako Arartekoak 2012an egindako jarduerari buruzko txosten orokorraren berri emateko.

Beste urteko txostenen aurkezpenean adierazi dudanez, txosten hau azaltzeak aukera ematen du Nafarroako Parlamentuari, laburbilduta, erakunde honek ekitaldi oso batean egindako lanaren berri emateko.

2012an, erakundeak 3.022 jarduketa egin ditu, albo batera utzita elkarrizketak, bilerak edo ekitaldi instituzional nahiz publikoetako parte-hartzeak. Kopuru hori honela banatzen da: 1.510 kexa kudeatu dira (horietatik, 1.298 urte barruan aurkeztu dira); 1.428 kontsulta artatu dira; 35 jarduketa edo ikerketa abiarazi dira ofizioz; zerbitzu publikoak hobetze aldera herritarrek aurkeztutako 46 proposamen helarazi zaizkie administrazio eskuduneko organoei, eta eduki monografikoko hiru txosten berezi egin eta aurkeztu zaizkio Nafarroako Parlamentuari (horietako bi, hark eskatuta).

Kopuru horrek aurreko urtekoa gainditu du, orduan irizpide berberak erabilita 2.317 jarduketa egin baitziren, honela banatuta: 1.042 kexa kudeatu ziren (horietatik, 850 urte barruan aurkeztu ziren); 1.209 kontsulta artatu ziren; 35 jarduketa edo ikerketa abiarazi ziren ofizioz; zerbitzu publikoak hobetze aldera herritarrek aurkeztutako 28 proposamen helarazi zitzaizkien administrazio eskuduneko organoei, eta eduki monografikoko hiru txosten berezi egin eta aurkeztu zitzaizkion Nafarroako Parlamentuari (horietako bat, hark eskatuta).

Laburbilduta, esan daiteke erakundearen jarduera aurreko urtean baino %30,34 handiagoa izan dela, eta hazkunderik handiena aurkeztutako kexa kopuruan (%52,71 gehiago) eta jasotako kontsultetan (%18,11 gehiago) gertatu dela.

Azpimarratu behar da, kexen, kontsulten eta herritarren hobekuntza proposamenen artean, 2012an 7.782 lagun zuzendu edo hurbildu direla erakunde honetara, kalkulatu denez. 2012an aurkeztutako kexen ondoren bakarrik, herri-administrazioen eta zerbitzu publikoen titularren jarduketen aurrean edo haien jarduerarik ezagatik Nafarroako Arartekoarengana jo duten 5.242 lagun zenbatu ditugu. Eta kontsulten ondoren, 2.493 lagunek jo dute dauzkaten eskubideei, haiek erabiltzeko modurik onenari edo administrazio jardueraren legezkotasunari buruzko informazioa lortzeko.

Herritarren eskubideak defendatzeko eta hobetzeko Nafarroako Arartekoak Nafarroako herri-administrazioei egiten dien kontrol lanak 532 iradokizun, gomendio eta legezko betebeharren gogorarazpen ekarri ditu, eta bere ikerketa edo jarduketen ondorioz helarazi dizkie horiek denak.

II. Herritarren kexak.

2012an herritarrek aurkeztutako 1.298 kexen edukiak agerian utzi du herritarren kezkak edo atsekabeak aurreko urtean baino handiagoak direla, batez ere, funtzio publikoari, gizarte ongizateari, hezkuntzari eta osasunari dagokienez.

Hala, beheranzko ordenan, handienetik txikienera, honakoak dira herritarren kexa gehien jaso duten hamar arloak: funtzio publikoa, gizarte ongizatea, hezkuntza, osasuna, herritarren eskubideen bermeak, euskara, ogasuna, justizia, etxebizitza eta merkataritza.

Lehenengo arloari, funtzio publikoari, dagokionez, (guztien %38,82 izan dira), aurreko urteetan kexa horiek, alde batetik, sektore publikoan lanpostua lortu nahi zuten herritarrek aurkeztutako kexen eta, bestetik, herri-administrazioen zerbitzurako funtzionarioek edo kontratupekoek, hots, administrazioan lan egin eta langile politikan edo kudeaketan hark hartutako neurriekin bat ez datozenek, aurkeztutako kexen artean antzeko ehunekoak zeuzkaten bi multzo handitan banatu baziren, 2012aren ezaugarria izan da lehen multzoa arlo honetan aurkeztutako kexen %8 baino ez dela izan (batez ere, Nafarroako herri-administrazioan sartzeko edo lanpostuak emateko prozedurei buruzkoak), eta langile politika edo kudeaketari buruzkoak %92 izan direla, kopuru oso deigarria, batez ere Espainiako Gobernuak langile publikoei abenduko aparteko ordainsaria kentzeko hartutako erabakiagatik.

Hala, 2012an funtzionario publikoek 414 kexa aurkeztu dituzte; izan ere, ez dira bat etorri aparteko ordainsari hori kentzearekin eta Espainiako Herriaren Defendatzaileak ezabaketa hura xedatu zuen uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren aurkako errekurtsoa jar zezan gestioak egiteko eskatu zuten. Azkenik, Herriaren Defendatzaileak errekurtso hori ez jartzea erabaki zuen, baina ohartarazi zuen uztailaren 1 eta 15aren arteko ezabaketari dagokionez atzeraeraginik ezaren printzipioa urra lezakeela, eta Nafarroako Parlamentuak, aldiz, errekurtsoa jarri zuen. Aldi berean, Auzitegi Nazionalak inkonstituzionalitate arazoak agertu ditu funtzionario eta langileei dagokienez.

Gai horretan, gure eginkizuna, batez ere, langile publikoei lege esparruan funtzionario zein lan estatutuek edonola ere onartutako eskubideak errespetatzen direla zaintzea eta herritarrak funtzio publikoan sartzeko merituaren, gaitasunaren eta berdintasunaren konstituzioko printzipioak egiatan aplikatzen direla bermatzea izan da.

Kexa kopuruari dagokionez, bigarren arloa gizarte politikak, gizarte gaiak edo gizarte ongizatea izan dira, guztien %10,55.

Aurreko bi urteetan bezalatsu, arlo horretako kexek lotura zuzen-zuzena dute bizi dugun krisi ekonomikoarekin. Hala, jasotako kexa gehienak (%30) oinarrizko errenta, orain gizarteratzeko errenta ukatzeari, hura onartzeko atzerapenari edo gizarteratzeko errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legean hura onartzeko zein hura berritzeko xedatutako irizpide berriekiko desadostasunari lotuta egin dira. Portzentaje horri beste %7 batzen zaio, gero eta ugariagoak diren gizarte bazterketako edo muturreko premiako egoerei lotuta.

Kexen %21 familiaren babesari lotuta egon dira, batez ere hura ebazteko atzerapenari eta ondoren seme-alabak zaintzeko lan eszedentziagatiko laguntzak ordaintzea ukatzeari dagokienez.

%15 mendekotasunari buruzko prestazioei eta arretari lotuta egon dira, bai hura ukatzeari bai haren atzerapenari edo ondoren hasiera batean onartutako aldatzeari, edo ezintasunaren arretari dagokienez.

%13 adingabeentzako babesari eta arretari buruz izan dira.

%6, gizarte-laguntzako prestazioak onartzeari edo ukatzeari buruz. Eta, azkenik, kexen %6 adineko pertsonentzako arreta eta babesari lotutako kontuei buruz izan dira.

Jasotako kexa kopuruaren aurrean, eta azaldutako gertakariak egiaztatuta, erakunde honek askotan gogorarazi behar izan ditu legezko betebeharrak, eta organo eskudunek gizarteratzeko errenta eta larrialdiko egoerei edo familia karga handiegiak jasateari lotutako gainerako prestazioak bizkortu beharra azpimarratu du.

Halaber, gizarteratzeko errentaren Foru Legean xedatutako arauketa berria objektiboki lehengo oinarrizko errentari buruzkoa baino murriztaileagoa denez gero, eta haren ondorioz pertsona eta familia asko prestaziotik at eta pobrezia atalasearen barruan geratu direla ikusita, behin-behinean, egiazko pobrezia egoeran edo egoera ekonomiko guztiz larrigarrietan dauden pertsonen oinarrizko bizi premiak bete ahal izateko laguntza ekonomikoak xedatzen dituen araua sustatzea iradoki zion erakundeak Gizarte Politika Sailari. Neurri handi batean, Gizarte Politiken sailburuaren otsailaren 22ko 193/2013 Aginduan islatu da iradokizun hori.

Familientzako laguntzei dagokienez, eta aurrekontu faltagatik ukatutako seme-alaben zaintzarako eszedentziarako laguntza ekonomikoen eskaera kopuruaren aurrean, dagokion aurrekontu-saileko kreditua handitzea gomendatu zaio Gizarte Politika Sailari, are gehiago, aurrekontu faltagatik lehen eskaera ukatu ondoren, ukatutakoei bigarren eskaera aurkezteko gonbitea pertsonalki egin bazitzaien, paradoxikoki, haietako askok aurrekontu zio berberagatik emaitza bera lor zezaten.

Zalantzarik gabe, gizarte politika edo gaien arlo horretan ikusten dira argien Nafarroako gizarteak pairatzen dituen arazo larriak eta haien ondorioak: langabezia, lanpostuen suntsiketa, gero eta pertsona eta familia gehiagoren pobretzea, prestazio eta zerbitzu publikoen murrizketa, baliabide ekonomiko eta giza baliabide publikorik eza edo haien banaketa urria, pertsona eta familien egoera larriei erantzun azkarrak eta baliogarriak emateko luzamendua edo ezina, eta krisiak zigortutako herritarren itxaropenik eza, atsekabe sakona ez denean.

Horregatik, itxaroteko denborak murrizteko neurriak hartzen direnean, egiten ari den bezala, zio horiek eragindako kexa kopurua oso murrizten da.

Hirugarren tokian, hezkuntzari buruzko kexak daude. Haien artean, ikasteko laguntzei, haur hezkuntzako bigarren ziklorako gurasoek hautatutako ikastetxean ez onartzeari, unibertsitateko irakaskuntzen kudeaketari lotutako gai zehatzei, eta hezkuntzaren plangintzari eta kudeaketari buruzko gaiei lotutako kexak nabarmendu dira.

Nafarroako Arartekoak hezkuntza administrazioaren jarduera legezkotasuneko edo konstituzioko eskubideen babeseko parametroen arabera ikuskatzeko duen eginkizuna kaltetu gabe, hezkuntzaren arlo konplexu horretan administrazioaren, ikasleen, gurasoen, irakasleen eta ikastetxeen interesak batzen dira eta, batzuetan bitartekari jokatzen du erakundeak, interes orokorrak, sektorekoak edo banakakoak bateratzeko elkarguneen bila.

Laugarren tokian osasunari buruzko kexak daude. Itxarote-zerrendei lotutako kexak ugaritu egin dira, besteak beste, defizitaren helburua betetzeko neurriei buruzko urriaren 6ko 1/2011 Foru Dekretu Legea onartu izanaren eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 28ko 19/2011 Foru Legearen ondorioz, laguntza espezializaturako gehieneko epeak baliogabetu zituztelako. Halaber, aurkeztutako kexa askok agerian utzi dute gaixoak ez daudela ados jasotako arreta klinikarekin. Beste kexa puntu bat Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Dekretu Legeak sartutako arauen ondorioz sortutako arazoak dira, farmazia prestazioen koordainketari dagokionez. Kexa zioen laurdenak osasun zerbitzuen berrantolaketari eta horrek, esaterako, landa osasun zerbitzuen eremuan eragindako arazoei dagozkie.

Itxarote-zerrendei dagokienez, egiaztatu dugunez, erakundearen esku-hartzeak, batzuetan kexa jartzailearen arreta bizkortu du; hala ere, zenbait espezialitatetan itxaroteko epeak luzatu direla sumatu da. Gaixoak jasotako arretarekin ados ez egoteari dagokionez, kasu bakoitzean zegozkion ikerketak egin ditu erakundeak, herritarrak kexatu diren kasuetan lex artis medikua bete dela egiaztatzeko eta, beharrezkoa iritzi dionean, egokiak iritzitako gomendioak egin ditu. Farmazia koordainketaren puntuan, farmazia koordainketa azkarrago itzultzeko eskatu dugu, eta administrazioek hura aplikatzeak sozialki ahulenak diren sektoreak, batez ere ezintasuna duten pertsonak kalte ez ditzala. Laugarren kexa zioari dagokionez, -zerbitzuen berrantolaketa-, erabiltzaileen, elkarteen, toki erakundeen eta osasun administrazioaren interesak bateratu asmoz egindako bitartekaritzak edo gomendioak nabarmendu dira.

Bosgarren tokian, herritarren herri-administrazioekiko harremanetako bermeak izenaren pean sartutako kexak daude (%5,39). Halako kexak herri-administrazio batzuek legeetan xedatutako gehieneko epeen barruan herritarrek egindako eskaerak eta errekurtsoak jakinarazteko eta ebazteko legezko betebeharrak ez betetzeagatik aurkezten dira. Era berean, arlo horretan langile publikoek emandako tratu desegokiari buruz aurkeztutako kexak ere biltzen dira.

Ikusi dugunez, administrazio batzuen kasuan behin eta berriz errepikatzen da herritarren idazkiei ez erantzuteko portaera, ezinbesteko legezko betebeharra dela kontuan hartu gabe; hori dela-eta, erakundearen esku-hartzea herritarrei erantzun arrazoituak emateko eta administrazioaren erantzuna jasotzeko duten eskubidea errespetatzeko eskatzean datza.

Antzemandako kasu batzuetan esku hartu behar izan dugu gogorarazteko agintari eta funtzionario guztiek legez arreta egokia eman behar dietela herritarrei, uneoro begirunez, begiramenez eta aditasunez tratatuz.

Seigarren tokian herri-administrazioetan euskara erabiltzeari lotutako kexak dauden (%4,93). Nagusiki, administrazioen inprimakiak, liburukiak eta dibulgaziozko materia gaztelania hutsean argitaratzeagatik, administrazioaren bulegoetako ahozko harremanetan edo herri-administrazioko langileekin herritarrek eskatzen dutenean euskara ezin erabiltzeagatik, eta bulegoetako errotuluak eta kaleetako, hirietako eta hiri arteko bideetako eta esparru publikoetako seinaleak ere gaztelera hutsean egoteagatik gertatu dira kexak.

Arestiko ekitaldietan bezala, hemen administrazioek euskarari buruzko abenduaren 15eko Foru Legeak eta toki erakundeek euskara sustatzeko onartutako ordenantzek herritarrei onartutako eskubideak betearaz ditzaten zaindu du erakundeak.

Ogasunari dagokionez (%3,16), toki ogasunen zergei buruzko kexak nagusitu dira. Aurreko urteetan bezala, berriz aurkeztu dira kexak higiezinen, batez ere, etxeen erosleak, ez daudelako ados ordaindu behar duten Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko zergaren kitapenarekin (gainbalioen gaineko zerga), ezta Erriberako Mankomunitateak aldi berean etxebizitza eta bulego profesionala diren lokaletan hondakin solidoak biltzeagatik ezarri dituen gehiegizko tasekin ere.

Nafarroako Foru Ogasunaren zergei dagokienez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko kexak nagusitu dira.

Arlo honetan erakundeak lan bikoitza egin du: alde batetik, zergen legezkotasuna ikuskatu du eta, beharrezkoa izan denean, legeak zergapekoen eskubideak errespetatuz aplikatzen direla bermatzeko behar diren alderdiak jakinarazi dizkie ogasunei; eta bestetik, bitartekaritza egin du, iradokizunak eginez, zergapekoei egungo egoera ekonomiko zailean beren zerga betebeharrak betetzen laguntzeko (funtsean, ordainketen zatiketak), zergapeko guztien zerga berdintasunaren printzipioa betez beti.

Gainerako arloei dagokienez, kexa kopuruaren arabera beheranzko ordenari jarraituz, honakoak izan dira: justizia (%2,7), hemen epaien edukiarekiko desadostasuna ikusi da edo agerian geratu da justiziaren moteltasuna; etxebizitza (%2,3), alokairu sozialaren, etxe-utzarazpenen edo babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko arazoekin; merkataritza eta kontsumoa (%2,2), non ikusi baita kasu askotan kontsumitzailea babesgabe dagoela eta administrazioa ez dela behar bezain eraginkorra.

Haien atzean: trafikoa (%2,1), zehapena batez ere; ingurumena (%2,1), zaratak izanik arazo nagusia; lana (%1,8), barne saila (%1,7), hirigintza (%1,6), gizarte segurantza (%1,6), zerbitzu publikoak (%1,4), toki erakundeen funtzionamendua (%1,3), atzerritartasuna (%1), herrilanak (%1), herritarren partaidetza (%0,6), gazteria eta kirola (%0,5), nekazaritza (%0,4), zenbait gai (%0,1), kultura (%0,08), energia (%0,08).

Azken batean, sektore askotan aurkitu dira kexak eta haietako batzuek aurreko urteetan antzemandako arazoak berretsi baino ez dute egin.

III. Kexak sorrarazi dituzten herri-administrazioak.

2012an aurkeztutako kexa gehienak Estatuaren administrazioari lotuta egon ziren. Horixe da 527 kexaren kasua –guztien % 40,6–. Kexa gehien jaso dituen administrazioa hura izatearen zioa langile publikoen abenduko aparteko ordainsaria kendu izanaren karietara aurkeztutako kexa kopuru handia da.

Bigarren tokian, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, haien organismo publikoak eta haien sozietate publikoak dira; izan ere, administrazio horiei lotutako 454 kexa aurkeztu ziren, guztien %35. Bestalde, hiru kexetatik bat foru administrazioaren aurrean aurkeztu zen, eta gizarte gaiei eta gizarte politikei lotutako sailek eragin zuten kexa gehien; haien atzean daude Osasun, Hezkuntza eta Sustapen eta Etxebizitza Sailak.

Toki entitateen eta haien mendeko enteen jardunari buruz, berriz, 252 kexa aurkeztu ziren, guztien % 19,4. Iruñeak (68), Eguesek (12) eta Barañainek (11) jaso dute hamar kexa baino gehiago.

Mankomunitateen jarduketak eta kudeaketak 27 kexa eragin dituzte, eta Iruñeko Eskualdeko Mankomunitateak eta Zangozako Eskualdeko zerbitzu Mankomunitateak jaso dute kexa gehien (7na kexa). Kontzejuen jokabideei buruz, berriz, hamar kexa aurkeztu ziren.

IV. Kudeatutako kexak.

2012an 1.510 kexa kudeatu dira. Haietatik, Nafarroako Arartekoak hamarretik bederatzi izapidetzea onartu du, herritarrak helarazitako gaia aztertzeko.

Ararteko erakundearen izaera formalismoen aurkakoa da. Hori dela-eta, kexa bat ezetsi baino lehen, herritarrei eskaintzen zaizkio Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak eskaintzen dituen aukera guztiak, kexa izapidetu ahal dadin. Hala eta guztiz ere, zenbait kasutan, ahaleginak eginda ere, ezin izaten da ikerketarik egin herritarrek azaldutako gaiei buruz, dela izaera juridiko pribatuko gaiak direlako, dela kexa bide judizialean dauden gaiei buruzkoa delako, dela legeak kexa planteatzeko ezartzen duen urtebeteko epea iragan delako, besteak beste.

Onetsitako kexei dagokienez, haien %62tan ikuskatutako administrazioaren jokabidean, gure iritziz, iradokizuna, gomendioa edo lege betebeharren gogorarazpena merezi izan duen portaeraren bat sumatu dugu, edo gaiaren konponbidean bitartekaritza egin dugu.

Erakundearen esku-hartzearen ondoren, kasuen %77,6tan herri-administrazioek beren jokabidea zuzendu edo bideratu dute edo, gutxienez, gure iritzia onartu dute. Horrek erakundera jo eta haren babesa aurkitzen duen herritarrentzat erakundeak duen erabilgarritasuna berretsi du.

Kexak ebazteko epeari dagokionez, batez beste 60 egun izan dira.

Jaun-andereok dakizuenez, Arartekoaren zeregina legezkotasuna zaintzea da , baina baita zerbitzu publikoak eraginkortasuneko irizpideen arabera hobetzea eta Nafarroako administrazioen funtzionamendua ezagutzea, eta herritarraren eta administrazioaren arteko bitartekari jokatzea ere. Eta hori guztia batez beste bi hileko epean.

V. Gomendioak, iradokizunak eta legezko betebeharren gogorarazpena.

Guztira 532 gomendio, iradokizun eta gogorarazpen helarazi dizkiogu herri-administrazioei herritarren kexen, ofizioz hasitako jarduketen, zerbitzu publikoak hobetzeko proposamenen edo egindako txosten berezien karietara.

Adibidez, herritarren kexei dagokienez bakarrik, gure esku-hartzeak legezko betebeharren 174 gogorarazpen, 163 gomendio eta 195 iradokizun egitea ekarri du, eta haietatik 5 arauemaileak izan dira.

Orokorrean, Nafarroako herri-administrazioek egin dizkiegun gomendio eta bitartekaritza gehienak onartu ditu, zehazki, esan denez, %77.

VI. Ofiziozko jarduketak.

Nafarroako Arartekoak, erakundearen ikerketa edo hasierako jarrera behar dutela deritzen gertaerak ikusita, edo Nafarroako administrazioari edo Parlamentuari egindako iradokizunaren bidez edo herritarren defendatzaileari bere eskumen eremuan jarduteko egindako eskaera baten bidez irekitako espedienteak dira. Ofiziozko jarduketa horietatik, lau gizarte eskubideen babesari buruzkoak izan dira, zehazki:

  • urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legeak dakarren gizarteratzeko errentaren arauketa, haren irismena ezagutzeko;
  • pertsona guztien egiazko berdintasuna, zein ere den haien sexu joera, hura bermatzeko neurriak proposatuz;
  • atzerapenak familientzako eta familia eta lana bateratzeko laguntzak ordaintzeko; eta
  • uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak mendekotasunaren sistemaren arauketan sartutako murrizketak mendekotasuneko egoeran dauden pertsonentzako laguntza eta prestazioetan.

Bestalde, osasunari lotutako ofiziozko lau jarduketa burutu dira, honako helburuak izanda:

  • Nafarroan etorkinei osasun arreta publiko egokia bermatzea Nafarroako legeetan xedatutakoaren arabera;
  • ezintasuna duten pertsonak farmazia koordainketa berritik salbuetsita geratzea bermatzea;
  • beren bizilekuetatik gertueneko osasun zentroetako eskualde mugakideetan bizi diren Nafarroako gaixoei osasun arreta egokia bermatzea, zentroak beste autonomia erkidego batekoak izanda ere.

Ogasunari dagokionez, ofiziozko lau jarduketa egin ziren. Haien artean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Legeko 55. artikulua aldatzeko iradokizun arauemaile bat azpimarratu behar da. Zerga Ogasunari proposatu zitzaion hura, familiako gutxieneko saria hitzarmen arautzailean seme-alabekin bizitzeko finkatutako denboraren heinean banandutako edo dibortziatutako gurasoen artean banatzeko xedez.

Halaber, azpimarratu behar da Espainiako Herriaren Defendatzaileari igorritako ekimena, Lege Dekretuz egindako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tipoen igoeraren eta langile publikoei 1012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzearen konstituzionaltasuna azter zezan. Neurri horiek guztiak uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuz onartu ziren.

Era berean, lehentasunezko partaidetzetako inbertsoreentzat irtenbide eraginkorrak, arauemaileak ere behar balira, aurkitzeko Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren, Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioaren edo egoki zeritzen organismoen aurrean esku har zezan ere zuzendu zitzaion erakundea Espainiako Herriaren Defendatzaileari.

Justizia kontuetan, Gorte Nagusietako herriaren defendatzaileari iradoki genion Tasa Judizialei buruzko azaroaren 20ko 10/2012 Legearen edukiak azter zitzala, eta Gobernuari edo Gorte Nagusiei iradoki diezaiola Legea alda zezala, legearen aurreko tratu berdintasunerako eskubidea eta epaileen eta auzitegien egiazko tutoretza eskuratzeko eskubidea bermatu xedez. Zehazki, erakunde honek proposatu zuen pertsona fisikoak tasetatik salbuetsitzat sar zitezela, Konstituzioak onartu eta babestutako funtsezko eskubideen titularrak direlako, edo, subsidiarioki, hori egin ezean, beheko eta erdiko klaseetako pertsona fisikoak tasak ordaintzetik salbuetsita gera zitezela, tasen kontzeptua eragin duen ahalmen ekonomikoaren ekonomikoa sartuz hala. Herritarrek eurei edo beren senideei urratutako konstituzio eskubide bat edo batzuk defendatzen dituzten prozesu judizialak tasak ordaintzetik salbuetsita gera zitezela ere eskatu zen. Iradoki horietako batzuk Herriaren Defendatzaileak Justizia Ministerioari helarazi zion txostenean islatu ziren eta Tasa Judizialen Legea aldarazi zuten.

Etxebizitzari dagokionez, erakundeak iradokizun bat egin zien Presidentzia, Herri Administrazio eta Barne Sailari eta Sustapen eta Etxebizitza Sailari, hipoteka bitartekaritzako zerbitzu bat antolatu ahalbide zedin. Zerbitzu horrek, ordenamendu juridikoari jarraituz, banku entitateen eta beren bizileku bakarra den etxebizitzaren jabeen artean bitartekari izateko, sinatutako hipoteka maileguari aurre egin ezinagatik etxea utzaraz dakiekeenean, egokia balitz, pertsona kaudimengabeen maileguak birnegoziatzea errazteko, administrazioak jarritako baldintzak oinarri hartuta. Nafarroako Gobernuak iradokizuna onartu zuen eta Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua sortu zen. Haren eginkizunak Nafarroako Gobernuaren Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuari esleitu zitzaizkion.

Honakoetarako ere egin ziren ofiziozko beste jarduketa batzuk:

  • Iruñeko espetxeko presoei oraindik arreta psikiatrikoa ematen zaiela egiaztatzeko;
  • osasun zentroekin telefonoz euskaraz komunikatzeko aukera egiaztatzeko;
  • ezintasunagatiko prestazioen eta doktore-tesia egiteko ikasketa diru-laguntzaren arteko bateragarritasun desiragarria sustatzeko;
  • funtzionario publikoen aldi baterako ezintasunagatiko ordainsariak murrizten ez direla ziurtatzeko;
  • hiri hondakin solidoen tratamendurako tasen kobrantzan gehiegizko bikoiztasunak saihesteko;
  • Hiri Lursailen gaineko Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga aldatzeko eta etxebizitzaren eroslea ordezkoa izatea ezabatzeko, egiatan hura baita zerga ordaintzen duena;
  • zenbait toki erakunderi eta Nafarroako Gobernuko Saili herritarrek egindako eskaerei eta idazkiei denboran eta forman erantzuteko legezko betebeharra gogorarazteko;
  • Nafarroako bide sareetako seinaleetako errotulazioa Nafarroako Gobernuak onartutako tokien izen ofizialaren arabera egiten dela ziurtatzeko;
  • administrazioak gazte entitateen errolda eguneratzeko egindako datu eskaera datu pertsonalak babesteko araudia betetzen duela bermatzeko;
  • adopzio nazionalean diskriminaziorik ez dagoela egiaztatzeko, seme-alabarik ez duten adoptatzaileei lehentasuna emanda, gero Foru Legean jaso dena;
  • Nafarroan bizi den eta nafar herritar batekin ezkondutako nigeriar herritar bati Espainiara itzultzeko bisatua emateko;
  • Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzurako Langileen Estatutuaren aldaketa bultzatzeko, funtzionarioek boluntario zereginak eskuratu ahal izan dezaten, nire ustez alderdi hori berariaz jaso behar bailitzateke;
  • 2012ko irailean aurreko hiletan emandako zerbitzuetarako egindako fakturei Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tipoa aplikatzean legezkotasuna egiaztatzea;
  • kontsumitzaile eta erabiltzaileen bidezko interesak babesteko administrazio prozedura eraginkorrak dauden egiaztatzeko; ateratako ondorioek erakutsi ziguten administrazioaren eginkizun hori oso hobe daitekeela;
  • alderdietako bat GIB/HIESa izateagatik kanpoan uzten dituzten klausulak, xedapenak, baldintzak edo itunak baliogabe eta eragingabe jotzeko; Nafarroako Parlamentuak aho batez jaso du proposamena lege proposamen batean;
  • gurasoek adingabe bati arretarik gabe uzteko balizko kasu batean udaltzaingoak izandako jokabidea ikuskatzeko;
  • krisi ekonomikoko egoeran etxebizitzarako eskubide konstituzionala babesteko neurri eraginkorrak proposatzeko; eta
  • gaixotasun mentala duten pertsonen zigor, prozesu eta espetxe tratamendua hobetzeko neurriak proposatzeko, Espainiako Defendatzailearekin eta gainerako autonomia defendatzaileekin koordinatzeko egindako jardunaldien esparruan.

VII. Herritarrek zerbitzu publikoak hobetzeko egindako proposamenak.

Nafarroako Arartekoak zerbitzu publikoak hobetzeko herritarrek parte hartzea ere sustatu du. Horretarako, proposamenak egitera adoretu ditu eta administrazioari bideratu dizkio berak eta, arrazoizkoak diren heinean, haien alde egin eta edonola ere aztertu egin ditu.

Hala, 2008az geroztik, Nafarroako Arartekoari hobetzeko 234 proposamen aurkeztu zaizkio.

2012an iritsi zaizkigun 46 proposamenek, besteak beste, legedi zibilari, funtzio publikoari eta ogasunari buruzko hobekuntzak iradoki dituzte.

Zehazki, zenbait toki erakundek eta elkartek 15 proposamen agin zituzten eta Nafarroako Arartekoari, ezkontzaren banantze edo dibortzio kasuetan edo gurasoen elkarbizitza hausten denean, zaintza partekatua izenekoaren alde egin zezala eskatu zioten, eta figura hori Kode Zibilean edo, bestela, foru araudi aplikagarrian arautu zedila eskatu zuten.

Erakundearen ustez Nafarroako Parlamentuak zaintza partekatua eztabaidatu eta legez arautu du, gurasoen elkarbizitzaren haustura kasuetarako seme-alaben zaintzari buruzko martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legearen bidez. Foru Lege hori Foru Zuzenbide Zibilean dauzkan eskumen esklusiboak erabiliz eman zuen Nafarroak eta, adostasunik ezean, epaileari eman dio eskumena zaintza mota hori ebazteko edo, bestela, guraso bietako edozeinen alde banako zaintza ebazteko, seme-alaba adingabeen edo ezinduaren interes gorenaren arabera, kasu bakoitzean, familia inguruabarrak eta beste egoera batzuk ikusita, hori guztia Fiskaltzaren txosten loteslerik gabe. Nafarroako arauketak arrakasta izan zuen; izan ere, geroago Konstituzio Auzitegiak eman zuen ebazpenari aurre hartu zion, hark ere txosten fiskalaren izaera loteslea ezabatu baitzuen, eta, era berean, Kode Zibileko arauketa baino urrunago joan zen.

Ekonomia eta Ogasun Sailari helarazitako herritarren proposamenen artean, ezintasuna duten pertsonei Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan tratua hobetzeko arau aldaketak egiteko eskatu zuena azpimarratu behar da. Proposamen hori zenbait zerga eta beste zerga neurri batzuk aldatzeko abenduaren 26ko 21/20012 Foru Legean gauzatu zen. %33 eta %65 arteko minusbaliotasun gradua frogatzen duten subjektu pasibo ezinduek egindako mortis causa eskuraketetan Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan 60.000 euroko murrizketa jaso du arau horrek, eta 180.000 eurokoa subjektu pasiboak %65eko edo gehiagoko minusbaliotasun gradua frogatzen duenean.

VIII. Nafarroako Parlamentuari aurkeztutako txosten bereziak.

2012an hiru txosten berezi edo monografiko prestatu eta aurkeztu zaizkio Nafarroako Parlamentuari: bat geure ekimenez, eta agerian utzi du Nafarroako Arartekoaren eta Espainiako Herritarren Defendatzailearen arteko lankidetza harreman onuragarri eta eragingarria, bikoiztasunik gabe, eta bi Parlamentuak eskatuta: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasun azterketetan espezialitate bakoitzeko profesionalek ezarritako epeak betetzeko mailari buruzkoa lehenengoa, eta bigarrena, gizarte komunikazioko medikuei dagokienez, herritarren hizkuntza eskubideen egoerari buruzkoa

IX. Kontsultak.

Erakundearen herritarren arretarako bulegoak herritarren 1.428 kontsulta jaso eta erantzun ditu.

Aurten gizarte ongizateari buruzko kontsultak eta arazoak nagusitu dira. Baliabide ekonomikorik gabeko pertsonentzako laguntzei lotuta egon dira, batez ere gizarte laguntzak eskuratzeko betekizunei eta gizarteratzeko errenta onartzeko epeei lotuta (hura onartzeko edo ordaintzeko atzerapenen aurrean). Halaber, adingabeen eta nerabeen babesari eta familientzako laguntzei buruzko kontsulta asko ere aurkeztu dira.

Bigarren kontsulta multzoa Nafarroako herri-administrazioetan euskara erabiltzeari buruzkoa da. Gehienak Behatokia-Hizkuntza Eskubideen Behatokia fundazio pribatuak aurkeztu ditu. Kexa gehienak inprimakien, liburukien eta gainerako dibulgazio-materialak gaztelera hutsean argitaratzeari eta kale eta trafiko bideetako errotulazioa gaztelera hutsean egoteari buruzkoak izan dira.

Osasunari lotutako kontsultak ere gehitu dira. Herritarrek itxarote-zerrendei, arreta espezializatua jasotzeko atzerapenei eta emandako osasun arretagatik erreklamazioak jartzeko bideei buruzko informazioa eskatu dute.

Hezkuntzari dagokionez, kontsulta nagusiak diru-laguntzak eta ikasteko laguntzak emateko eta ukatzeko irizpideei eta zenbait ikastetxeren garraio eta jantoki zerbitzuei buruzkoak izan dira.

Era berean, herritarren herri-administrazioekiko harremanetako bermeei, justiziari, funtzio publikoari eta etxebizitzari buruzko kontsulta asko egin dira.

X. Agurra.

Amaitu eginen dut, jaun-andereak: zuen arreta eskertu nahi dizuet eta zuen esanetara jartzen naiz egoki deritzezuen kontuak argitu edo osatzeko.

Muchas gracias a todos ustedes por su atención. Eskerrik asko denei zuen adieragatik.

Partekatu edukia