Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak 2011ko urteko txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan

2012 apirila 26

Javier Enériz Olaecheak, Nafarroako Arartekoak, atzo Nafarroako Parlamentuko presidenteari, Alberto Cataláni, zuzentzen duen erakundearen urteko txostena eman zion, 2011n burututako jardueren gainekoa.

Arartekoak azaldu zuen kexa, kontsulta eta erakundeak izapidetzen dituen gainontzeko jarduera kopurua, 2011ko ekitaldian, 2.317koa izan zela.

Francisco Javier Enérizek azpimarratu zuen 2011n abian jarritako “jarduera garrantzitsuari” esker, Nafarroako Herri Administrazioei 691 iradokizun, gomendio eta legezko betebeharren gogorarazpen bidali dizkietela. Hori guztia 11.000 herritarrek baino gehiagok erakunde horretara jo dutelako, beste kontuen artean, 1.209 kontsulta egiteko eta 850 kexa aurkezteko (1.042 kudeatu egin dituzte). Horietatik, % 57 oinarrituta daude.

Kexen edukiak agerian jarri du herritarrek administrazioarekin dituzten harremanei dagokienez eta “gizarte ongizate, gardentasun eta eskubideen bermea” bezalako arloetan dituzten kezkek eta desadostasunek gora egin dutela. Hala, kexa gehienek funtzio publikoari lotutako gaiekin zerikusia daukate, bai sartzeko edo lanpostuak betetzeko prozedurei dagokienez, bai langile funtzionarioen kudeaketari dagokionez.

Bigarrenez, gizarte politikarekin zerikusia daukaten kexak daude, 2010. urtean bezala, krisi ekonomikoarekin zuzeneko lotura daukate. % 35ek oinarrizko errentaren (gaur egun gizarteratzeko errenta) emakidari lotutako atzerapena daukate hizpide, % 17k menpekotasunari lotutako laguntzen kudeaketa eta ordainketa, % 12k ezintasunen bat duten pertsonentzako arreta, beste % 12k adingabeen babesa eta % 9k gizarte laguntzari lotutako prestazioak.

Ondoren, eta herri-administrazioetako gardentasunik ezaren ondoriozko kexen ostean, hezkuntzari lotutakoak daude. Horiei dagokienez, aukeratutako zentroan ikasleak onartzea edo ez onartzea hizpide duten kexak nabarmendu dira. Bosgarrenez, hizkuntza eskubideekin zerikusia daukaten kexak daude, zehazki, administrazioetan euskara erabiltzeari eta herritarrek hizkuntza horretan arreta jasotzeko duten eskubideari lotutakoak.

Kexak aztertu eta gero, esan dezakegu 559 ebazpen eman direla. Horrek esan nahi du, 2010. urtearekin alderatuz, % 56,1 igo dela. Arartekoaren erabakien onarpen maila gutxi gorabehera % 80koa da, hau da, 10 kasutatik 8tan administrazioek gomendioak onartu egin dituzte.

Kontsultei dagokienez, gizarte gaiei buruzkoak gailendu dira, batez ere, baliabiderik ez duten pertsonentzako laguntzen emakidaren gainekoak eta, bereziki, gizarte laguntzak eskuratzeko baldintzei eta oinarrizko errentaren emakidaren epeei dagokienez, “aitortzerakoan edo ordaintzeko orduan atzerapenak egon baitira”.

Azkenik, kexak, kontsultak, ofiziozko jarduerak, hobetzeko proposamenak eta txosten bereziak abiapuntutzat hartuta iaz garatu den jarduera multzoari dagokionez, ondorioztatu dezakegu herritarrek gero eta gehiago arreta eta euren eskubideen babesa eskatzen dutela, batez ere, gizarte eskubideen kasuan.

Javier Enérizek egiaztatu du “Jendeak euren arazoentzako konponbide eraginkorra nahi duela, bai eta herri-administrazioek ematen dituzten zerbitzuen hobekuntzan parte hartzeko aukera ere”.

Partekatu edukia