Partekatu edukia
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak aho batez onartu zuen Nafarroako arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea aldatzea, erakundeari gaitasuna emateko hertsapen-isunak jarri ahal izateko Nafarroako arartekoari dagokion gainbegiratze-eginkizunean laguntzeko betebeharrari jaramonik egiten ez dioten administrazio publikoei, arartekoaren eginkizun nagusia betetzeari dagokionez, hau da, Administrazioaren balizko gehiegikeria eta akatsen aurrean herritarrak babestea.
Erakundea arautzen duen foru legea aldatzeko arrazoia da neurri eraginkor eta egokia ezarri behar dela, administrazio publiko batzuen etengabeko eta gero eta handiagoa den lankidetza faltari aurre egiteko; izan ere, administrazio publiko horiek zaildu, luzatu edo zuzenean uko egiten diete arartekoaren errekerimenduei, administrazio horien jarduketetan izandako gehiegikeria eta akatsei dagokienez.
Isuna, aldez aurretik azken ohartarazpena eginda, 1.500 eurokoa izango da, eta 20 egunez behin errepikatu ahal izango da eskatutakoa guztiz bete arte.
Jarrera desegokiak zabaltzeari dagokionez, orain arte, inplikatutako agintariak edo langileak urteko txostenean edo, kasuan kasu, txosten berezi batean identifikatzera mugatzen zen; Nafarroako Parlamentuak, ordea, jardunbide hori komunikabideetara eta erakundearen web-orrialdera hedatzea adostu zuen. Era berean, jardunbide horiek Nafarroako Parlamentuari helaraziko zaizkio, horien berri izan dezan.
Hori horrela, Nafarroako arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari 29 bis artikulua gehitu zitzaion. Honela dio artikuluak:
“29 bis artikulua.
Administrazio publiko edo entitate batek ez badu eskatutako informazio edo dokumentazio guztia edo haren zati bat bidaltzen, edo ebazpenei ezarritako epean erantzuten ez badie, Nafarroako arartekoak, hamar eguneko epean azken ohartarazpena egin ondoren, honako neurri hauetako edozein hartu ahal izanen du:
a) Administrazio edo entitate erantzuleei 1.500 euroko hertsapen-isunak jartzea. Isuna hogei egunean behin errepikatu ahal izanen du, harik eta eskatutakoa osorik bete arte.
b) Administrazio edo entitate erantzuleen jarrera, eskatutakoa ez betetzearena, argitara ematea web-orrian, urteko txostenean edo txosten berezi batean, eta hedabideetan, eta jokabide hori Nafarroako Parlamentuari jakinaraztea, horren berri izan dezan”.
Partekatu edukia