Partekatu edukia
Patxi Vera Arartekoak laneko bilera egin du erakundearen egoitzan Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta Soziologiako doktore den Sergio García Magariñorekin. Bilera horretan, politika publikoen ebaluazioarekin eta gobernantza-eta gardentasun-kontzeptuekin lotutako gaiak jorratu dituzte, eta Arartekoaren bulegoaren funtzionamenduari, eskumenei, jasotako kexa-motei eta ebazpen-mailari buruzko informazioa partekatu dute.
García Magariño irakasleak Arartekoarekin eztabaidatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren helburua Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC) kontseiluaren unitate elkartea izateko. Zehazki, unitate horretan ikertzen da politikaren, zientziaren, teknologiaren eta jasangarritasunaren arteko elkargunea. Bi ordezkariek ere baloratu dute Politika Publikoen Analisi eta Ebaluazio aditu-titulua abian jartzearen garrantzia, eta sakondu dute Xenometer proiektuak dakarren erronkan. Zehazki, proiektu horrek adimen artifiziala erabiltzen du sare sozialetan mezu xenofoboak hautemateko, eta gorrotoaren mapa digitala sortzeko balioko du. Ildo horretan, nabarmendu dute apirilaren 29an eta 30ean NUPen egingo diren “Inteligencia Artificial para la investigación social: polarización, desinformación, xenofobia y radicalización” izeneko jardunaldien garrantzia. Zehazki, hauek hartuko dute parte: Ameriketako Estatu Batuetako Cornell Unibertsitateko, El Salvadorko Universidad Centroamericanako eta Kolonbiako Universidad Cooperativako ikertzaileek, baita Madrilgo Universidad Complutenseko, ESADE Bartzelonako eta Valentziako, Granadako eta Euskal Herriko Unibertsitateetako adituek ere.
Arartekoaren konpromiso honen barruan kokatzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Politikoko eta Administrazioko irakaslearekin izandako lan-topaketa: bizikidetzaren eta giza eskubideen defentsan arrazakeriarekin eta xenofobiarekin lotutako alderdi guztiak bertatik bertara ezagutzeko hartutako konpromisoaren barruan, hain zuzen ere.
Gaur egun, Sergio García Magariño Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Politikoko eta Administrazioko irakasle titularra da, baita I-Communitas: Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutuko ikertzailea ere. Instituto para el Conocimiento, la Gobernanza y el Desarrollo globales deritzon institutuaren zuzendaria eta sortzaileetako bat da, eta think tank-aren ikertzaile elkartua. Hauek dira bere ikerketa-ildoetako batzuk: indarkeriazko erradikalizazioaren inguruko prozesuak, gobernantza onerako mekanismoak, segurtasun kolektiboa, garapen sozioekonomikoa eta, neurri txikiagoan, zientzia eta erlijioaren soziologiarekin lotutako zenbait gai.
Partekatu edukia