Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoa Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurara agertu da 2014ko Urteko Txostena emateko.

2015 urria 08

NAFARROAKO PARLAMENTUAREN OSOKO BILKURAN EGINIKO AGERRALDIA

2014KO URTEKO TXOSTENA

Aurkezpena.

Eskerrik asko, Lehendakari andrea, jaun-andreak, egun on.

Ohorea da niretzat, legegintzaldi berri honetan, Nafarroako Parlamentuko ordezkari moduan, Osoko Bilkuran lehen aldiz agertzea eta 2014ko Nafarroako Arartekoa Instituzioaren urtekariaren laburpena aurkeztea.

Zuetako batzuk badakizuenez, urteko txosten hau pixka bat zehatzago azaltzeko aukera izan nuen irailaren 23an Foru Araubidearen Batzordean.

Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean xedatuta dagoenez, Arartekoak urtero emango dio Nafarroako Parlamentuari eginiko kudeaketaren berri, eta bilkuren ohiko aldian aurkeztuko dio txostena. Lege beraren arabera, hauexen berri emango da txostenean: aurkezturiko kexa kopurua eta mota, uko egiteko kausak, azterturiko gaiak eta ikerketen emaitzak, betiere ohartarazpenak, iradokizunak, gogorarazpenak eta gomendioak zehaztuz eta, hala denean, Administrazioak onetsitako guztiak.

Azalpen laburra emate aldera, datu gutxi batzuk eta herritarrengandik jasotako kexa, kontsulta eta proposamen nagusiak baizik ez ditut emango, baita iaz ofizioz eginiko zenbait jarduketa ere.

2014an, 4.000 jarduketa baino gehiago egin ditu erakundeak.

Honelaxe banakatu dugu kopuru hori: Aurkezturiko 2.742 kexa, erantzuna izan duten 1.223 kontsulta, ofizioz kudeaturiko 21 jarduketa edo ikerketa eta herritarrek kudeaturiko eta Administrazio eskudunaren organoetara bideraturiko zerbitzu publikoak hobetzeko 30 proposamen.

Herritarren kexen, kontsulten eta hobekuntza-proposamenen artean, guztira 11.494 lagunek jo zuten erakunde honetara. Are gehiago, 35.135etik gorako kopurua izango genuke desadostasuna agertu zuten 23.641 lagunak gehituz gero, hain zuzen kexa konkreturen bat aurkeztu zutenak change.org plataformaren bidez.

Nafarroako Arartekoak Nafarroako herri administrazioak ikuskatzeko lana egiten du herritarren eskubideen alde egiteko eta eskubide horiek hobetzeko, eta halaxe gauzatu da 631 ikerketetan eta emandako 326 ebazpenetan. Orotara, 233 gomendio, 115 iradokizun eta betebeharren gaineko 84 oroitarazpen izan dira. 631 ikerketei buruzko datu horri esker, Nafarroako administrazioak ikuskatzeko burutzen dugun lana egiazta daiteke.

2014. urte honetan herritarrengandik jasotako kexa gehienak hamaika arlo hauetan izan dira, ordena beherakorrean, handienetik txikienera banatuta: memoria historikoa, euskara, funtzio publikoa, gizarte ongizatea, hezkuntza, osasuna, ingurumena, ogasuna, herritarren segurtasuna, hirigintza eta etxebizitza.

Memoria historikoari dagokionez, Ziudadelan Iruñeko udaletxeko areto batean egin zen Amerika 66 Mendiko Ehiztarien Erregimentuari buruzko 1.618 kexa aurkeztu ziren. Kexa aurkeztu zutenen arabera, memoria historikoaren legeak urratu zituen aipaturiko erakusketak. Hala zela egiaztatzera bideratu zen gure jarduketa. Memoria historikoaren arlo honetan, Iruñeko espetxe batean eginiko denbora ez egiaztatzearen ziozko kexak ere aurkeztu ziren bertan, edo garai batean desagerturiko gorpuak lurpetik ateratzeko baimena lortzeko moduari buruzkoak.

Bigarrenik, euskararen gaineko kexak daude.

Eremu euskalduneko udalerrietako herritarrek aurkezturiko kexak nabarmentzen dira (zehazkiago Basaburukoak), zeren eta erretiroa hartu zuten Ultzamako osasunaren oinarrizko eremuko osasun profesional euskaldunen ordez euskaraz ez zekiten beste profesional batzuk jarri baitziren lanean. Badakizuenez, Nafarroako eremu euskalduneko herritarrek eskubidea dute administraziora zuzentzen direnean aukeratzen duten hizkuntza ofizialean arreta jasotzeko, eta euskaraz eman beharra dago hizkuntza hori aukeratzen dutenean.

Hirugarren tokian funtzio publikoari buruzko kexak daude. Funtzionario edo lan harremanetan Nafarroako Herri Administrazioetan dagoeneko herri enplegatuak direnek aurkezturiko kexak dira hain zuzen ere. Kexa horiek, gehienbat, laneko harreman jakin batzuekiko desadostasunagatik edo zenbait ordainsari ez aintzatestegatik aurkeztu izan dira. Izan ere, funtzionario irakasleek eta Osasunbideko enplegatuek aurkeztu dute kexa horietako asko. Arlo horretan, ez ditugu sartu enplegu publikoa eskuratzearekin loturiko kexak, zeren eta kexaren xedea ez baita hemen horrenbeste funtzionario edo langile publikoa, baizik eta Konstituzioaren 23. artikuluan aintzatetsitako eskubide konstituzionala erabiliz enplegu publikoa eskuratu nahi duen herritarra.

Laugarrenik, gizarte gaiei edo gizarte politikei buruzko kexak daude. 2014. urtean, gizarteratze-errenta ukatzearekin edo horren kopuruarekin (onuradunek espero zutena baino txikiagoa) dute zerikusia jasotako kexa gehienek, baita herri administrazioek prestazio hori bahitzearekin ere, Nafarroako Parlamentuak prestazio hori enbargaezina dela ebatzi bazuen ere.

Ezinduen gizarteratzearekin eta haurren eta nerabeen babesarekin dute zerikusia beste kexa batzuek. Izan ere, adingabeak babesteko nahikoa baliabide publiko ez dagoela egiaztatu ahal izan dugu, eta aipaturiko hutsune hori bete beharra dago. Adingabeen familiek, bestalde, eurengan zuzenean eragina duten erabakiak hartzean adingabeei benetan entzuten ez zaiela adierazi dute, baita pertsona horien interesa eta partaidetza benetan kontuan hartzen ez dela ere.

Bosgarren tokian, hezkuntzako kexak ditugu. Horien artean, zenbait udalerritako haur-eskolen tarifarekin loturiko kexak nabarmentzen dira. Tarifa horiek desberdinak dira herritarra udalerri horietakoa izatearen edo ez izatearen arabera eta, beraz, zerbitzua jasotzeko berdintasuna hausten du. Halaber, ikasketetarako bekak ukatzeari, Nafarroako Beken (Nazioarteko praktikak) zenbait betekizunekin ados ez egoteari edo “Nafarroa Master Beken” deialdirik ez izateari buruzko kexak aurkeztu dira.

Gurasoek zentroan lehen aukera moduan hautaturiko zentroan ez onartzearen gaineko kexak ere aurkezten dira oraindik.

Seigarren arloa osasuna da, non itxaron-zerrendarekin loturiko kexak aurkezten diren orain ere, gehienbat traumatologia eta oftalmologia espezialitateetan. Era berean, pazienteek jasotako arreta klinikoarekin erakutsitako desadostasuna, berehalako osasun laguntzarik eza eta arreta medikoan izandako kalteei dagokien ondare-erantzunaren ziozko erreklamazioak sistematikoki onartzen ez direla agerrarazten duten zenbait kexa ere aurkeztu dira.

Osasun-laguntza eskasa denean, erakunde honek uste du ezen, herritarrei barkamena eskatzeaz gain, osasun administrazioak sakon berrikusi beharko lukeela emandako arreta, zertarako-eta jarduketak etorkizunean hobetu ahal izateko.

Ingurumenaren arloan, askotariko jarduerek sortutako zaratarekin eta herritarrek gazteen etxabeetako, ostalaritza negozioetako, industrietako, botelloietako eta abarretako kutsadura akustikoagatik aurkezturiko kexak nabarmentzen dira. Zuzentzen dudan erakunde honek behin eta berriz gogorarazten die udalerriei legezko betebeharra dutela herritarrek euren etxeetan atsedena hartzeko dituzten eskubide konstituzionalak bermatzeko modu eraginkorrean jarduteko, hain zuzen behar ez diren eragozpenak izan ez ditzaten. Hartara, zarata sortzen duten jardueren kontrako zuzenketa-neurriak har ditzatela eskatzen die.

Halaber, ingurumenaren arloan honako hauekin loturiko kexak aurkeztu dira: hondakinak, animalien babesa, ehiza, talde ekologistek Nafarroako Ingurumenaren Kontseiluan eraginkortasunez partaidetzarik ez izatea edo ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea erraztu nahi ez izatea.

Zortzigarren tokian, ogasunaren arloa dago. Arlo horretan, nagusi dira Nafarroako Foru Ogasunaren zergen gaineko kexak, batik bat Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoak.

Tokiko zergei buruzko kexen artean, Hiri Ondasunen Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergarekin loturikoak aurkezten dira orain ere, hain zuzen ere Nafarroako araudi bereziagatik eta ezberdinagatik -eroslearen kalterako dena- eta udalen hiri zerga-ordainketaren gehikuntzagatik, higiezinen eta etxebizitzen balio-galerako garaiko katastroko balioak berrikusitakoan.

Bederatzigarren arloa herritarren segurtasuna da. Arlo horretan, poliziaren jarduketa konkretuekin, espetxeetako administrazioko arazoekin eta jolas eta ikuskizun publikoekin loturiko hainbat kexa aurkeztu dira. Zezenen ikuskizunek dakarten animalien kontrako tratu txarra kritikatzeko kexak ere aurkeztu dira. Zehatzago salatu da antolaturiko animalien ikuskizun horiek adingabeentzat dakarten arriskua.

Hirigintzan, hirigintzako informazioari buruzko kexak nabarmentzen dira, dela herritarrek eginiko eskaerei zenbait administraziok erantzunik eman ez dietelako, dela informazio hori eman nahi ez dutelako.

Kexa horiek eta beste arlo batzuekin loturiko beste batzuek gogora ekarri digute administraziooi legeek aintzatetsitako eskubidea: herritarrek eskubidea dute herri erakundeetan dagoen informazioa eskuratzeko interes pertsonala argudiatu behar izan gabe.

Halaber, hirigintzaren arloan, hainbat kexa aurkeztu dira, herritarrek salaturiko balizko arau-hausteen aurrean udalek legezkotasuna babesteko neurririk hartzen ez dutela agerian uzten dutenak, edo herritarrak hirigintzako plangintzarekin edo kudeaketarekin bat ez datozela adierazten dutenak.

Etxebizitzan, kexek agerian uzten dute herritarrek zailtasunak dituztela babes ofizialeko etxebizitzak lortzeko, jabetzan nahiz errentamenduan, gehienbat arazo ekonomikoak direla medio. Errentamendurako laguntza publikoak ukatzearekin duten desadostasuna ere uzten dute agerian. Etxebizitzaren arlo horretan, Nafarroako Arartekoaren erakundeak bereziki azpimarratu izan du herri agintariek alokairuaren kultura eta errentamendurako laguntza publikoak bultzatu behar dituztela familien errentaren arabera.

Ofiziozko jarduketak.

Erakundeak ofiziozko 17 jarduketa egin ditu. Nafarroako Arartekoak hasitako espedienteak dira, hain zuzen uste duelako erakundearen ikerketa edo irizpena behar dela hasierako fasean edo Administrazioari edo Nafarroako Parlamentuari iradokizuna eginda, edo Herriaren Defendatzaileari bere eskumenen eremuan jarduteko eskaera eginda.

Ofiziozko jarduketetako lau osasunari buruzkoak dira. Horien artean hauek nabarmentzen dira:

  • Hauexek eragindako kezka: Atzerrian laurogeita hamar egunez baino denbora luzeagoan bizi diren espainiarrei osasun laguntzarik ez ematea.
  • Etorkinei osasun laguntza kobratzea.
  • Ospitaletako larrialdietako berandutzeak.

Espainiako gainerako Herriaren Defendatzaileekin batera, Nazioko Osasun Sistemaren ospitaleetako larrialdiei buruzko azterlana egiten hartu zuen parte erakundeak.

Ofiziozko hiru jarduketa gizarte ongizatearen gainekoak izan dira: bata gizarteratze-errentari buruzkoa: foru legea berriz aztertzeko eskatzen da, Cáritas Diocesana erakundeak erakutsitako kezken aurrean (berriz aztertzeko eskaera hori aurtengo otsaileko gizarteratze-errenta aldatzeko foru legean dago bilduta, eta frogatu denez, batzuetan erakunde honen iradokizunek balio dute herritarren bizitza hobetzeko, batez ere gutxiengoena dutenena, baita jarduera publikoaren eraginkortasuna ere).

Beste bi jarduketa babesik gabe dauden edo gizarte-gatazkan bizi diren adingabeei dagozkie, horien egoera eta laguntza ematen duten zerbitzuak ebaluatzeko.

Etxebizitzaren arloan, etxegabetzeen gaineko hiru jarduketa egin ziren eta beste bat gizarte alokairuko etxebizitza bat alokatzeko diru-laguntzak ukatzeari buruzkoa.

Era berean, hauexen gaineko beste zenbait jarduketa egin ziren:

  • Nafarroako N-121-A errepidearen egoera eta Berako zatian izandako trafiko istripuak;
  • Hiri garraio publikoa kentzea Reina Sofia Ospitaleko sarbiderako;
  • Nafarroako Gobernuaren esku dagoen Guardia Zibilaren txostena ematea, Iruñeko Iturrama BHIri buruzko hainbat kexaren gainekoa;
  • Osasunbidean lan egiten duten atzerriko barneko mediku egoiliarren (MIR) langabezi prestazioa kentzea;
  • Gas Castor lurpeko biltegiaren emakidari uko egin izanaren ondoriozko kalte-ordainen gastu handiko gas sistemak herritar erabiltzaileengan duen eragina.
  • Guelbezu kirol-jolas zentroa ixteko arrazoiak.

Erakundeak zenbait ekarpen egin zizkion Nazio Batuen errelatore bereziari, nahitaezko desagerpenen gaineko egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak sustatzeari buruzkoa, hain zuzen errelatoreak Espainiara eginiko bisitaldian eta Herriaren Defendatzaileak bilerarako eginiko deialdian.

Aurreko urteetan bezala, Nafarroako haurren eta nerabeen egoera baloratu du erakundeak, zertarako-eta egoera hori egiaztatzeko haurren eta nerabeen promozioari, arretari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak Nafarroako herri administrazioari eskaturiko betekizunekin bat etorriz.

Ofiziozko horiek jarduketa guztiak direla eta, erakundeak legezko betebeharren gaineko gogorarazpen bat, lau iradokizun (horietatik bi araudiak) eta bi gomendio egin zituen, guztiak txostenean jasoak.

Herritarrek zerbitzu publikoak hobetzeko eginiko proposamenak.

Herritarrek zerbitzu publikoen hobekuntzan parte hartzea sustatzen du Nafarroako Arartekoak, eta horretarako, Administraziora bideratzen dituen proposamenak egin ditzatela bultzatzen ditu, betiere zentzuzkoak badira. Nolanahi ere, proposamen guztiak aztertzen ditu.

Hala, 2008. urtetik hona, 281 hobekuntza-proposamen aurkeztu dira Nafarroako Arartekoaren aurrean.

2014an helarazi zaizkigun 28 proposamenetan, hobekuntzetarako iradokizunak egin dira honako arlo hauetan: ogasunean, gizarte ongizatean, zerbitzu publikoetan eta herritarrek herri administrazioarekin dituzten harremanetan eskubideak bermatzean.

Besteak beste, hona hemen herritarrek proposatu dutena: Murriztapena ezartzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, etxez etxeko arreta dela bide ordaindutako Gizarte Segurantzako kotizazioei dagokienez; ezinduak sartzea eskualdeko hiri garraioko zerbitzuko tarifa murriztuetan; edo Tokiko Ogasunen Foru Legea aldatzea Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergako salbuespena baliatzeko potentzia fiskaleko mugari dagokionez.

Gainera, adinekoen autonomia errazteko neurri zehatzak gauzatzea ere proposatu dute; aparkamendu-txartela edozein ibilgailutan erabiltzeko baimena ematea ezinduentzat; Nafarroako polizia kidegoan sartzeko ezarritako adin-muga aldatzea, betiere Europako Batasunaren Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren ildo beretik; eta salbuespena ezartzea ezinduentzako tasa judizialetan, doako laguntza juridikoa zuzenean baliatuta.

Kontsultak.

Erakundeko Herritarren Arretarako Bulegoan herritarren 1.223 kontsulta jaso eta erantzun dira.

Batez ere gizarte ongizatearen arloko kontsultak dira nagusi. Zentroetan eta egoitzetan sartzeko bideari eta baldintzei buruzko kontsultak planteatu dituzte herritarrek, baita adinekoentzako laguntzei eta laguntza-pentsioei, ezinduentzako eta buruko gaixoentzako laguntzei eta irisgarritasunari eta mugikortasunari buruzkoak ere.

Etengabeko aldaketa nahasiak izan dira egoitzen prezioak eta zenbait gizarte laguntza finkatzeko irizpide ekonomikoetan eta, hori dela eta, herritarrek askotan jotzen dute Herritarren Arretarako Bulego honetara, informazioa jasotzeko eta zenbait irizpide bete ahal izateko laguntza izateko.

Bulegoak adingabeen gaineko arazoak badirela ere uzten du agerian; izan ere, bereziki gai zaila eta delikatua da. Adingabeen gaineko kontsulta gehienak adingabeen balizko babesik ezari edo behaketa eta harrera zentroetan sartzen direnean jasotzen duten tratuarekin ados ez egoteari buruzkoak izaten dira.

Halaber, gizarteratze-errenta ukatu izanaren gaineko kontsultak aurkeztu dira, baita esleituriko kopuruarekin bat ez etortzeari eta errenta hori bidegabe bahitzeari buruzkoak ere.

Kontsulten bigarren taldea osasunaren gainekoa da, non gehienbat osasun laguntza berandu jasotzearekin loturiko kontsultak aurkeztu ziren (itxaron zerrendak), baita emandako osasun laguntzarekin bat ez etortzearen eta laguntza horrengatiko erreklamazioak abiarazteko posibilitateen gainekoak ere.

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin loturiko kontsulta kopuru ugari ere planteatu dira. Ikusi ahal izan denez, zoritxarrez eskubide hori ukatu edo zaildu egiten da edozein zuribide emanda eta, beraz, erakunde honen ustez, funtzionario publikoak trebatu beharko lirateke, halako moldez non eskubidearen gaineko araudia ezagutu eta herritarrei eraginkortasunez eta erraztasunez aintzatetsiko baitiete.

Halaber, idaztiz eta ezarritako epean erantzuna jasotzeko eskubideari, administrazioetako zerbitzuko pertsonalak tratu egokia emateko eskubideari eta abarri buruzko kontsultak aurkeztu dira oraindik ere.

Txosten monografikoak.

Bost txosten monografiko egin dira 2014an:

  • Horietako hiru Nafarroako Parlamentuaren Bozeramaileen Batzak eskatuta egin dira.

Bata Nafarroako Gobernuaren eta Osasun sailburuaren erantzukizunei buruzkoa, Nafarroako etengabeko eta premiazko osasun laguntzaren gaineko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legea bete ez izanagatik;

Bestea Nafarroako Gobernuak Gizarteratze-errenta kontrolatzeko eta iruzurraren kontrako borrokarako Neurrien Planari buruzkoa;

Eta hirugarrena ematen duen arretaren egoerari buruzkoa: Gizarte Zerbitzuetako babes sistema osotik gizarte zailtasunak dituzten haurrengana eta nerabeengana.

  • Bi txosten Galar Zendeako Udalaren ekimenaz egin ziren. Lehenbizikoa udalerri horretako langabetuak kontratatzen dituzten enpresentzako diru-laguntzak emateko udal ordenantza onestearen legezkotasunari buruzkoa; eta bigarrena enpresek kontrataturiko herriko langabetuentzako udal laguntza horiek diskriminatzaileak izan daitezkeen inguruko administrazioen aldean, laguntza horiek ematen ez dituzten edo laguntza txikiagoak ematen dituzten udalerriei dagokienez.
  • Alde bi horietan adierazi zenez, laguntzak eman zitezkeen eta ez zegoen inolako diskriminaziorik.

Agurra.

Jaun-andreok, hauxe izan da 2014ko urteko txostenari dagokion laburpena. Erakundearen jardueraren alderdirik esanguratsuenak islatzen saiatu naiz.

Nire nahia helarazi nahi diet foru parlamentari guztiei, batez ere Foru Araubidearen Batzordean izan ez zirenei, hots, Nafarroako arduradun publikoak nafarrengandik hurbilago egon daitezela, entzun diezaietela eta beren arazoak bizkorrago konpontzen lagundu diezaietela.

Foru Araubidearen Batzordean azaldu nuenez, hitz egiten ari zaizuen honek uste sendoa du ezen berehalako etorkizuneko erronka nagusienetako bat hain zuzen ere Administrazio modu eta kultura berria sortzean datzala. Horren ondorioz, herritarrei gehiago entzun eta atsegintasunez eta adiskidetasunez laguntzeko prest dagoen administrazioa lortuko dugu, herritarren arazoei arreta eskaintzeko eta konpontzeko administrazio eraginkorragoa, barne aldera ez baizik eta gehiago kanpora begira egongo dena, ez hain formalista eta herritarren eskubideak zaintzeko eta beharrezko zerbitzuak bermatzeko kezka handiagoa izango duena, eskubide horiek mugatu beharrean.

Besterik ez jaun-andreok. Eskerrik anitz zuen arretagatik eta zuen esanetara naukazue erakunde honetatik behar duzunerako.

Eskerrik asko denei zuen adieragatik.

Francisco Javier Enériz Olaechea

Nafarroako Arartekoa

Partekatu edukia