Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoa Foru Araubide Batzordean agertu da gizarte-zerbitzuen sistema osoak zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeei ematen dien arretaren egoerari buruzko txostena –Nafarroako Parlamentuak eskatuta– aurkezteko.

2015 martxoa 18

NAFARROAKO ARARTEKOAREN AGERRALDIA FORU ARAUBIDE BATZORDEAN, NAFARROAKO PARLAMENTUAK ESKATUTAKO GIZARTE-ZERBITZUEN SISTEMA OSOAK ZAILTASUN SOZIALAK DITUZTEN HAUR ETA NERABEEI EMATEN DIEN ARRETAREN EGOERARI BURUZKO TXOSTENA AURKEZTEKO.

I. Sarrera.

Egun on, Presidente andrea eta parlamentari jaun-andreok.

Egun on, jaun-andreak.

Eskerrik asko.

Gogoratuko duzuenez, 2014ko irailaren 1ean egindako bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak honako erabaki hau hartu zuen, Bildu Nafarroa parlamentu-taldearen Foru Parlamentaria den Bikendi Barea Aiestaran jaun txit prestuak hala eskatuta:

Nafarroako Arartekoari gizarte-zerbitzuen sistema osoak zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeei ematen dien arretaren egoerari buruzko txosten bat egiteko eskatzea.

2014ko irailaren 4an, Eledunen Batzarraren erabakia Nafarroako Arartekoaren erakundeari bidali zion eta bertako erregistroan sarrera eman zitzaion.

Erabaki horrek Bildu Nafarroa parlamentu-taldearen Foru Parlamentaria den Bikendi Barea Aiestaran jaun txit prestuaren txostena egiteko eskabide-idazkia erantsita zuen. Horretan jasota zeuden aurrekariak, hots, eskaeraren arrazoiak, baita parlamentu-talde horren gaiari buruzko gogoeta batzuk ere.

Barea Aiestaran jaunak bere idazkian, zehazki, honako gai hauek aztertzeko eskatu zuen: a) gizarte-zerbitzuen sistema osoak zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeei ematen dien arreta, b) 2002. urteko Zailtasun Sozialak dituzten Haur eta Nerabeen Arretarako Plana delakoan planteatutako neurriak ezartzea eta c) haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea betetzea, Administrazioen aldetik.

Lehendabizi, erakundeak Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarraren eskaera aztertu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 16 d) artikuluan xedatutakoarekin bat datorren ikusteko. Manu horren arabera, Arartekoaren eskumena Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko lege organikoak ezarritako eskubideen eta askatasunen babesa eta hobekuntza da. Esparru horren barruan, Arartekoak txostenak egin ditzake, Nafarroako Parlamentuak hala eskatuta.

Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 14. artikuluak ezartzen du Arartekoa haurren eta nerabeen eskubideak babesteaz arduratuko dela, eta, horretarako, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela. Hori kontuan hartuta, eskatutakoa bezalako txosten bat egitea Nafarroako Arartekoaren eskumenen barruan zegoela ulertu zen.

Txostenaren edukiari dagokionez, sarreraz gain, zortzi idazpurutan egituratu da.

  1. Txostenaren zergatia, Nafarroako Arartekoaren eskumena aztertzea, edukiaren eta erabili den metodologiaren deskribapena (I. kapitulua).

  2. Herri Administrazioen eskumenen banaketa, haurren eta nerabeen babesari eta arretari dagokionez; zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak eta Nafarroako udalen eskumenak, helburu horretarako sortutako beste entitate batzuei, adibidez, mankomunitateei esleitzen zaizkien eskumenak alde batera utzi gabe (II. kapitulua).

  3. Gizarte Politiketako Departamentuari eskatuta eta horrek emandako informazioa, haur eta nerabeei arreta ematen dieten eta Departamentuaren eskumena diren zerbitzuei buruz (III. kapitulua).

  4. Haur eta nerabeen arretarako Nafarroan dauden taldeei (HNAT) eskatutako eta horiek emandako informazioa (IV. kapitulua).

  5. Nafarroan dauden Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei eginiko informazio-eskaria eta haiek emandako informazioa (V. kapitulua).

  6. 2002an egin zen Zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeentzako planean planteatutako neurrien ezarpenari buruzko azterketa (VI. kapitulua).

  7. Haur eta nerabeentzako babesa eta arreta 2008. eta 2013. urteen artean – Gizarte Politiketako Departamentuak emandako informazioa (VII. kapitulua).

  8. Nafarroako Arartekoak Gizarte Politiketako Departamentuari gomendatu dizkion hobekuntza-proposamenak (VIII. kapitulua), txostenaren atal nagusia hartzen duena.

II. Txostena egiteko erabili den metodologia.

Txostena egiteko, honako metodologia hau erabili da:

Hasteko, informazioa eskatu zitzaien oinarrizko gizarte-zerbitzu guztiei, haur eta nerabeentzako arreta taldeei eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako Departamentuari. Eskaerak prestatzeak eta entitate horietatik informazioa lortzeak iraila, urria eta azaroko lehenengo hamabostaldia hartu zituzten.

Bigarrenik, emandako informazioa aztertu zen (2014ko azaroaren bigarren hamabostaldia).

Hirugarrenik, Gizarte Politiketako Departamentuak haurren eta nerabeen babesari eta arretari buruz emandako informazioa –2008tik 2013rakoa– sistematizatu zen (2014ko abendua).

Laugarrenik, txostenaren behin-behineko testua egin zen eta Gizarte Politiketako Departamentuari igorri zitzaion 2015eko urtarrilean zehar egokitzat jotzen zituen oharrak egin zitzan (2014ko abendua eta 2015eko urtarrila).

Bosgarrenik, 2015eko urtarrilaren 20an eta otsailaren 3an Gizarte Politiketako Departamentuak igorritako oharrak jaso eta aztertu ziren (2015eko otsaila)

  1. Seigarrenik, Departamentuaren oharrak kontuan hartuta, txostenaren behin betiko testua idatzi zen, 2015eko otsailean.

  2. Azkenik, txostenaren behin betiko testua Nafarroako Parlamentuari igorri zitzaion, 2015eko otsailean.

III. Gogoetak.

Barea Aiestaran jaunaren hasierako eskaeraren edukia kontuan izanik, txostena hiru atal nagusitan egituratu da:

  • Lehenengo atala erakundeen arteko koordinazioari buruzkoa da; izan ere, oinarrizko gizarte-zerbitzuen, haur eta nerabeentzako arreta taldeen eta Foru Komunitateko Administrazioaren (zehazki, Gizarte Politiketako Departamentua eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua) arteko koordinazioaren alderdiak aztertu dira.

  • Bigarren atala 2002an onartu zen Zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeentzako planean dauden neurrien ezarpenari buruzkoa da.

  • Eta hirugarren atalean honako gai hau aztertu da: zein puntutaraino betetzen duen Administrazioak haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea.

IV. Gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa.

Lehenengo atalari dagokionez, txostenean deskribatu dira gizarte-zerbitzuen, tokiko entitateen eta Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak; gainera, hiru maila horietako ekarpenak jaso dira, puntu batzuetan bat datorrenak eta beste batzuetan oso bestelakoak.

Jasotako dokumentu guztiak aztertu ondoren, erakunde honek hamalau gomendio egin ditu, hobekuntza-proposamen gisa. Horiei buruz hitz egingo dut une batzuk barru.

V. 2002an onartutako Zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeentzako planak jaso dituen neurriak ezartzeko prozesuaren azterketa.

Bigarren eskariari dagokionez, 2002an onartutako Zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeentzako planak jaso dituen neurrien ezarpena azter dezan eskatu da. Halako azterketa egiteko, 2014ko irailaren 24an, erakunde honek Gizarte Politiketako kontseilariari honako informazio hau eskatu zion:

  1. Planaren egoerari buruz Jarraipen Batzordeak urtero egin behar dituen txosten guztiak.

  2. Planaren ezarpen mailaren ebaluazioak, Jarraipen Batzordeak eginak.

  3. Honako galdera honi erantzutea: ba ote dago datu fidagarriak ematen dituen informazio-sistemarik Plana ezartzeko urteetan zehar egin diren aldaketak detektatzeko? Zehazki, sistema horren bidez jakin beharko litzateke Haurrak Babesteko Sistemaren arreta jaso duten familia eta haurren kopuru, ezaugarri eta premiak aldatu ote diren, eta arreta-sistema osatzen duten zerbitzuek emandako arreta mota eta kalitatea aldatu ote den. Bide batez, sistema horren deskribapen orokorra eskatu zen.

2014ko azaroaren 14an, Gizarte Politiketako Departamentuak erantzun zuen, azken urteotan egoitza eta helbidea hainbat aldiz aldatu zutenez, ez zutela topatzen eskatutako dokumentazioa eta, beraz, ezin zuten bidali.

Esan zuten, gainera, Departamentuak 2015ean haur eta nerabeentzako laguntzari buruzko bigarren plana hasteko asmoa zuela, eta horretan jasoko zirela azken urteotan arloan egon diren aldaketa nagusiak eta jarraitu behar diren lerro estrategikoak.

Geroago, 2015eko urtarrilaren 20an, Gizarte Politiketako kontseilariaren idazki bat jaso zen gai horren inguruan, eta bertan, zera aipatu zen hitzez hitz:

“Nafarroako Parlamentuak eskatutako gizarte-zerbitzuen sistema osoak zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeei ematen dien arretaren egoerari buruzko txostenari dagokionez, geroko alegazioak eragotzi gabe, gertatu den gaizki-ulertua argitu nahi dut.

Txostenaren proiektuan aipatu da Departamentuak 2002ko Haur eta Nerabeentzako Arreta Plana galdu egin duela. Hala ere, dokumentu hori herritarren eskura dago Nafarroako Gobernuaren webgunean, hain zuzen, honako esteka honen bidez ikus daiteke:

http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Asuntos+Sociales+Familia+Juventud+y+Deporte/Publicaciones/Publicaciones+propias/Familia+e+Infancia/Planes+de+Actuacion.htm#header3

Halaber, Planaren zenbait ale inprimatu ziren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuan jarri ziren, adingabeen babesaren arloan lan egiten duten funtzionarioen eskura.

Bukatzeko, erantsita doakizu Haurrak eta nerabeak artatzeko 2003-2006 Planaren ebaluazio-txostena, lehen bidali ezin genizuna.”

Hori dela eta, erakunde honek ezin izan du eskatutakoaz arduratu, hau da, 2002an onartutako Zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeentzako planaren ezarpena aztertu, eskatutako informazioa txosten hau egiteko epea bukatu aurretik jaso ez zuelako (hain zuzen, Planaren Jarraipen Batzordeak egindako garapenari buruzko urteko txostenak eta Planaren ezarpen mailaren ebaluazioa, hori ere – Batzordeak egina).

2007ko maiatzean, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte-Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailaren barruko Azterlan eta Ikerketa Unitateak egin zuen Haurrak eta nerabeak artatzeko I. Planaren (2003-2006) ebaluazio-txostena. Horren kopia bat Nafarroako Parlamentuari helarazi zaio (2015eko urtarrilean Gizarte Politiketako Departamentuak igorrita).

Bestalde, erakunde honen iritziz, I. Plana 2006an bukatutzat jo zuenez, egokia zen Zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeentzako II. Planari ekitea eta horren lanketa arintzea, eta erakundearen ustez, horretan jarri beharko zen arreta osoa. Plan berri hori datozen urteetakoa izango da eta 2015ean lantzen hasiko dela aditzera eman da. Lantzeko prozesuan, agian, kontuan hartzekoak izango lirateke, edo hala badagokio, adierazi daitezke aurreko (2002ko) Planaren azterketaren eta ebaluazioaren emaitzak. Hori dela eta, ildo horri dagokion lehenengo proposamena egin du.

VI. Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea betetzea Administrazioaren aldetik.

Eskatu den hirugarren kontua Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea betetzeari dagokio, eta zehazki, Administrazioak lege hori zein puntutaraino betetzen duen aztertzea eskatu da.

Ildo honetan, erakunde honek uste zuen eskari horri behar bezala erantzuteak ahalegin oso sakona eta zabala eskatuko liokela, herri administrazioetatik eskatutakoaz beste informazio batzuk jasotzeko ez ezik, hura aztertzeko eta aipatutako Foru Legearen araberakoa, bere xehetasun guztietan, benetan ba ote den ebaluatzeko ere – betiere, balorazio-aldea eztabaidagarria balitz ere. Kontuan izan behar da, gainera, Foru Lege horrek 108 artikulu eta 16 xedapen dituela (gehigarriak, iragankorrak, indargabetzailea eta azkenak), askotariko edukiekin.

Hala eta guztiz ere, eskariari ahal den guztian erantzuteko, jaun-andreok, zuentzat interesgarria izan daitezkeen honako bi informazio hauek gehitu dira:

  • Lehenik, erakunde honek urtero egiten eta Nafarroako Parlamentuari aurkezten dizkion urteko txostenek – Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira eta erakundearen webgunean daude – berariazko atal baten gisara jasotzen dute Nafarroako haur eta nerabeen egoerari buruzko txostena, haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko 14. artikuluan ezarritakoa betez.

Atal horretan, erakunde honek zenbait iradokizun egin zizkion Gizarte Politiketako Departamentuari, besteak beste: Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen erregelamendu bidezko garapena osatzea; adingabeen babeserako sistemaren eta adingabeei babesa ematearen arloan diharduten agenteei heltzen zaizkion baliabideak ebaluatzea; orain arte jarraitutako plangintza-lanarekin eta helburuen finkapenarekin jarraitzea; adingabeen eskubide eta betebeharren zabalkunde-lana ahal den guztian areagotzea; adingabeak artatzen dituzten organo administratiboen arteko koordinazioa hobetzeko lan egiten jarraitzea, eta abar.

  • Bigarrenik, Nafarroako Arartekoak 2014ko ekainaren 26an eskatu zizkion Gizarte Politiketako Departamentuari (ofiziozko jarduketa baten karietara) haur eta nerabeei buruzko hainbat datu, 2007tik 2013ra bitarteko urte bakoitzari dagokionez. Departamentuaren erantzunak honako datu hauek jaso zituen: arrisku-egoeran dauden adingabeen kopurua; babesik gabe daudenak; zaintzan, tutoretza pean edo harrera-egoeran daudenak; gatazka sozialeko egoeran daudenak; zentzatze-sistemari atxikitakoak; Administrazioaren laguntza behar izan duten familien kopurua; nazioko eta nazioarteko adopzioak eta emandako egokitasun-deklarazioak; Autonomia pertsonaleko programen onuradun izandako adingabeen kopurua, eta abar. Eskatutako datu horiek 15/2005 Foru Legeak jasotzen dituen egoerekin zerikusia dute eta lagungarria izango da horien bilakaera aztertzea eta beste datu batzuekin erkatzea.

Eskatutako datu horiek txostenean jasotzea eta haien bilakaera aldi jakin bati dagokionez, lagungarri gerta lekieke irakurleei foru legea aplikatzen ari den jakiteko –kontzeptu hori materialki desberdina da betetzearen kontzeptutik– Nafarroan dauden adingabeen babes-sistemari dagokion atalean.

VII. Egin diren hobekuntza-proposamenak.

Esan bezala, foru administraziotik, oinarrizko gizarte-zerbitzuetatik eta haur eta nerabeen arreta taldeengandik jasotako informazioa aztertu ondoren, erakunde honek egokitzat jo zuen Gizarte Politiketako Departamentuari eta bere erakunde autonomoa den Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari gomendio edo hobekuntza-proposamen batzuk ematea, zailtasun sozialeko egoeran dauden haur eta nerabeentzat gizarte-zerbitzuek duten babes-sistema hobetzearren, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 16. artikuluko b) idatzi-zatiarekin bat.

Txostenak honako proposamen hauek jaso ditu:

  1. A) Plangintza eta ebaluazioa.
  1. Arin dadila datozen urteetakoa den zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeentzako laguntzari buruzko II. planaren hasiera eta lanketa, eta plangintza hori egiteko, balora dadila aintzat hartzea eta, kasua bada, islatzea aurreko laguntza planeko (2002) analisiaren eta ebaluazioaren emaitzak; hori guztia, haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko 5. eta 6. artikuluetan xedatuaren arabera.

  2. Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko 6.5 artikulua garatuz, haur eta nerabeentzako laguntzari buruzko II. plana landu baino lehen, Nafarroako haur-populazioaren ongizatearen gaurko egoerari buruzko ebaluazio publiko bat egin dadila, hartan eragina duten beharrizanak zehaztuta.

  3. Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeko 6.4 artikulua garatuz, ezarri eta gaurkoturik manten dadila foru lege horretan aurreikusitako jarduketen garapenerako berariazko baliabide eta prozeduren eraginkortasuna eta kalitatea ebaluatzeko sistema bat, eta sistema horrek bil ditzake foru lege horrek erabiltzen dituen kontzeptu eta kategoriei egokitzen zaizkien adierazleak, adierazle horien tratamendu homogeneo eta denboran egonkorra egin ahal izateko.
  4. Onestekoa den zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeentzako laguntzari buruzko II. planaren betetze-mailari buruzko ebaluazioak egin daitezela, ezartzen den jarraipen batzordeak eginak, eta ebaluazio horiek jar daitezela eskatzen dituzten erakunde eta pertsonen eskura.

    B) Prozesuen sinplifikazioa.

  5. Ezar daitezela, batetik, adingabearen arretarekin eta babesarekin lotutako prozesuak sinplifikatzeko neurriak, prozesu horiek arinak eta praktikoak izan daitezen, eta bestetik, behar-beharrezkoa ez den burokrazia saihesteko neurriak.

    C) Langileen berrantolaketa.

  6. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko unitateetako langileak birbana daitezela eta, beharrezkoa bada, erakunde publiko horri langile gehiago eman dakizkiola, adingabearen babesaz arduratzen diren ataletan omen dagoen lan-zama arintzeko.

    Horretarako, gomendatu da Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua 2013tik hasita aurrera eramaten ari den neurrien ezarpena arin dadin, langileei eta lan-prozesuei dagokienez.

    D) Lankidetza eta informazioa elkarri ematea. Sarean lan egitea.

  7. Sakon dadila oinarrizko gizarte zerbitzuen, haur eta nerabeentzako arreta taldeen (HNAT) eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko adingabearen babes eta sustapenerako unitateen arteko lankidetza eta koordinazio administratiboko tresnen eta neurrien hobekuntzan, halako moduz non aukera egongo baita informazioa elkarrekin trukatzeko eta nork bere eskumenen esparruetan egiten dituen kudeaketak ezagutzeko, adingabeen babesari eta arretari dagokienez, kasuan kasu informazio horren trukean gerta daitezkeen isilpekotasun bermeen ezarpena eragotzi gabe.
  8. Sakon dadila oinarrizko gizarte zerbitzuen, HNATen eta NFBIko adingabearen babeserako eta arretarako unitatearen edo unitateen arteko planifikatutako koordinazio sistema baten ezarpenean (kasua bada, aurrez ezarritako aldizkako bilerekin, edo horretarako balio duten beste tresna batzuen bitartez), koordinazio-sistema horri behar diren teknikariak eta baliabide materialak emanez.

    Koordinazio-tresna horrek bermatu beharko luke sareko komunikazioa eta adingabeekin eta haien familiekin egindako jarduketei buruzko informazioaren elkarrekiko truke arina, bai eta gizarte-zerbitzuek prozesuaren egoera gaurkotua uneoro ezagutzen dutela (beste baliabide batera bideratzea, esku-hartzeak, landutako helburuak, kasuari buruzko planak, adingabeak etxera itzultzea adindun bihurtu direlako edo beste arrazoi batzuengatik, Behaketa eta Harrera Zentroan sartzea...).

  9. Informazio sistema integral bat ezar dadila, haur eta nerabeekin lan egiten duten hiru maila administratibo publikoetako gizarte-zerbitzu guztiek partekatua; sistema horrek arintasunez eta eraginkortasunez adingabeen babesari eta arretari buruzko datu fidagarriak emanen ditu, eta programa informatiko komun, baliagarri eta eraginkorra izanen du, kasu guztietan gerta daitezkeen prozedurei eta egoerei egokitua, non interes handieneko gaiak jasoko baitira (esate baterako, altak, bajak, bideratzeak, tratu txarrak, alarmak, denbora-kontrolak eta epeak, bisitak eta abar); sistematik, halaber, behar denean, eskatzen diren datu estatistikoak atera ahalko dira.

    Zehazki, neurriak ezarri beharko lirateke oinarrizko gizarte-zerbitzuek modu eraginkorrean ezagut ditzaten Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren esku-hartzearen irismena eta unea.

  10. Zehazki, Gizarte Politiketako Departamentuari gomendatu zaio datu jarraitu eta zehatzak lortzeko omen daukan zailtasuna gainditzea ahalbidetuko duten programa informatiko egokiak lor ditzala, eta eskatzen duten erakundeei eman diezaiela behar dituzten informazioa eta datuak, banakatze- eta babes-maila desberdinekin.

    Halaber, gomendatu da arin dadila datu-basea eta sarbide-fitxak berregiteko eta gaurkotzeko prozesua; horrekin, datuak bildu ahalko dira erakundeek egiten dituzten eskari guztiei erantzun ahal izateko.

    Erakunde honen ustez, beharrezkoa da Departamentuak eta NFBIk adingabeen kasuen eta egoeren espedienteei buruz biltzen diren datuen ustiaketarako bidezko metodo bat edukitzea, kudeatzaileek eta adingabeen babes eta arretarako unitateek aukera izan dezaten espedienteak eskuratzeko, edo –beraiek edo hirugarren batzuek– azterlanak, ikerlanak eta egiaztapenak egiteari begirako estatistikak ateratzeko ere.

    E) Balorazioak.

  11. Sakontasunez azter dadila adingabeen babes-sistemako arreta-maila desberdinetan (oinarrizko gizarte-zerbitzuak, HNATak eta NFBI) kasu berari buruzko balorazio bat baino gehiago batera existitzea edo bata bestearen ondoren egitea (adingabearen beraren eta bere inguruabarren balorazioa, hain zuzen), eta saihestu dadila ahal den guztian prozesua mantsotzea eta, kasua bada, horren ondoriozko esku-hartzea atzeratzea.

    Horri dagokionez, beharrezkoa dirudi neurri batzuk ezartzea balorazio guztiak, hau da, lehen mailakoak zein espezializatuak, elkarren osagarriak izan daitezela bermatzeko eta, bakoitzaren eskumenen esparruan, izapideak ez errepikatzeko, edo, materialki, jada egindakoa eta baloratutakoa ez berrikusteko.

    F) Baliabideak, tokiak eta itxaron-zerrendak.

  12. Adingabeak babesteko Nafarroako sistemak eduki beharreko baliabideak berriro ebalua daitezela, sistema hori eraginkorra izan dadin eta egungo eskakizunei edo sor daitezkeenei egokitua izan dadin, eta, ahal den bezain laster, adingabeek baliabideak eskuratzeko itxaron-zerrendak gutxitu daitezela, sistemari behar diren giza baliabide, aurrekontu-baliabide eta baliabide materialak ematearen ondorioz.

    Bereziki, antzemandako gabeziak gainditzera bideratutako neurriak hartzea aztertu beharko litzateke.

    Oinarrizko gizarte-zerbitzuek baieztatzen dutenez, familietan esku hartzeko programa espezializatua (babesgabetasun moderatuko egoeran dauden adingabeen etxebizitzetan familia hezitzaile bat egoteko aukera ematen duena) guztiz gainezka dago. Itxaron-zerrendetan familia ugari daude eta hilabeteak behar izaten dira hura ezartzeko; bitartean gerta daiteke egoera larritzea eta, azkenean, berandu eta urgentziaz esku hartu behar izatea.

    NFBIk onartzen du gaur egun behaketa eta harrera zentroetan eta familietan esku hartzeko programa espezializatuan plazak falta direla, baina behar diren neurriak hartzen ari direla bigarrenaren onuradun izan daitezkeen familien kopurua handitzeko, bai eta BHZen laguntza-eredua aldatzeko ere, egungo eskaria hartu ahal dezaten.

    Halaber, behaketa eta harrera zentroa edo haien egungo kudeaketa-eredukoa ez den beste bide bat aztertu beharko litzateke, adingabeak aurretik baloratu eta beste baliabide batzuetan hartu ahal izateko, edo beren premia eta eskubideetarako egokiagoa den beste modu batera tratatzeko.

    H) Haur eta nerabeentzako arreta taldeak (HNAT).

  13. Nafarroan aurreikusita dauden haur eta nerabeentzako arreta talde guztien ezarpena bultza dadila, horretarako behar diren baliabide ekonomiko eta teknikoak jarriz, hain zuzen ere, beren eginkizuna bete ahal dezaten, zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeak laguntzeko I. planean (2002) aurreikusitakoaren arabera. Erakunde honek eskuratu dituen datuen arabera, eta haiek egiazkoak badira, Nafarroako ipar-mendebaldeko, ipar-ekialdeko eta Iruñeko eskualdeko HNATen ezarpena falta da.

    I) Langileen prestakuntza.

  14. Haur eta nerabeen sustapenean, babesean eta arretan esku hartzen duten pertsona guztien prestakuntza hobetzeari bidea eman dakiola, nagusiki bi alderdiri dagokienez: a) haien eskumeneko kasuetan jarduteko jarraibideei buruzko prestakuntzari dagokionez; eta b) gainerako mailekiko (oinarrizko gizarte-zerbitzuak, HNATak eta NFBI) informazio- eta ezagutza-trukea bideratuz, esku hartzen duten kasuetan.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluan xedatua betez, erakunde honek gomendio edo zerbitzu publikoak hobetzeko proposamen hauek bidali dizkio Gizarte Politiketako kontseilariari, eta eskatu dio bi hilabeteko epean jakinaraz dezan ea gomendioak onartzen dituen eta, hala bada, zein neurri hartu dituen horiek betetzeko. Dagokionean, Nafarroako Parlamentuari emanen dio onarpen horren berri.

Azpimarratu nahi nuke, bi hilabeteko epea alde batera utzi gabe, 2015eko otsailaren 3an, Nafarroako Arartekoak helarazitako txostenaren behin-behineko testuari buruzko oharrak aurkezte aldera, Gizarte Politiketako kontseilariak hemen interesatzen zaigunari buruzko informazio zabalagoa eman zuen, besteak beste, honako kontu hauek aipaturik:

  • Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak badu 2015ean zehar haur eta nerabeentzako arretari buruzko II. plana egiteko asmoa.

  • NFBIa hasi da langileak berrantolatzen, adibidez, Adingabeen Babeserako eta Sustapenerako Atalera langile gehiago ekarri ditu beste atal batzuetako langileak lekualdatuz. Horixe izan da 2014an egindako lehen urratsa, baina ez da bakarra izan.

  • Gizarte-zerbitzuen hiru mailetan erabiliko litzatekeen sistema informatiko komunaren premiari dagokionez, sistema bakarra eta osatua egiteko, hasteko, SIUSS (Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen Informazio Sistema) delako tresna egokitu beharko litzateke, eta gero, SIPSS (Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Sistema Integratua) datu-basearekin lotu eta bien arteko komunikazioa bermatu. Horrek kostu ekonomiko handia eskatzen du, baina aztertzen ari gara sistema hori ezartzea.

  • Oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren arteko koordinazioari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetatik heldutako adingabeekin NFBIk egiten duen lehen esku-hartzea haien egoera aztertzeko prozedura da. Prozedura horrek, batez beste, hiru hilabete iraun dezake. Adingabearen egoera aztertu ondoren, horren arabera egokiena den baliabidea esleitzen zaio (familietan esku hartzeko programa espezializatua, laguntza emateko programa espezializatua, egoitza-harrera, etab.). Erabilitako baliabidea jakinaraztea ebazpen arrazoituaren bidez egiten da beti.

  • Oinarrizko gizarte-zerbitzuen ustez balorazioa bi aldiz egiten da, alde batetik, gizarte-zerbitzuetan, eta bestalde, NFBIan, hala ere, “ez dago balorazio bikoizturik babesgabetasun-egoeretan. Osasun-sistemarekin parekatzen badugu, oinarrizko gizarte-zerbitzuek familia-medikuak bezala jarduten dute, hau da, adingabearen egoerari buruzko lehen diagnostikoa egiten dute. Hala ere, diagnostiko horretan sakondu behar da, baliabiderik egokiena esleitzeko. Horregatik, familia-medikuak espezialista baten kontsulta eska dezake (hau da, HNATen edo adingabeak babesteko sistemaren kontsulta bat – balorazio zehatzagoa lortzeko), edo bestela, larrialdia bada, ospitalera bidal dezake gaixoa (hau da, adingabearen egoera oso larria denean, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutura zuzenean eramaten da).

Lehenengoan egindako balorazioa eta txostena ez dira nahikoak. Horregatik uste dugu babesgabetasun-egoeretan ezinbestekoa dela teknika eta gaitasunen aldetik horretarako gai dagoen pertsona batek bigarren balorazioa, ez bikoiztua, osagarria eta sakonagoa baizik egitea”.

  • Adingabeak babesteko sistemako plazei dagokienez, NFBIk onartzen du gaur egun behaketa eta harrera zentroetan eta familietan esku hartzeko programa espezializatuan plazak falta direla, baina behar diren neurriak hartzen ari direla bigarrenaren onuradun izan daitezkeen familien kopurua handitzeko, bai eta BHZen laguntza-eredua aldatzeko ere, egungo eskaria hartu ahal dezaten.

Eta horixe da Nafarroako Parlamentuari ohorez jakinarazteko duguna, bere txosten-eskariari dagokionean; beti bezala, bere esanetara gaude, beharrezko deritzona argitzen saiatzeko prest.

Eskerrik asko zuen arretagatik.

2015eko martxoaren 18a

Partekatu edukia