Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaechea gaur Madrilen bildu da Errioxako Ararteko María Bueyo Díezekin, Murtziako Erregioko Ararteko José Pablo Ruiz Abellánekin eta Aragoiko Justizia Fernando García Vicenterekin. Topaketa horrek balio izan du aztertzeko Autonomia Erkidegoetako Arartekoak Koordinatzeko Jardunaldi Nazionalen barrenean antolatutako gai bakarreko tailerren edukiak.
Bileraren ondoren, Javier Enérizek aurreratu du hiru lan-tailerretatik bat koordinatuko duela, Neurri ekonomiko eta sozialen ebaluazioari buruzkoa. Haren ondorioak, izan ere, Espainian dauden hamalau arartekoak koordinatzeko XXV. jardunaldietan azalduko dira, hain zuzen ere Errioxan irailaren 27an, 28an eta 29an “Krisialdi ekonomikoaren eragina pertsonak beren eskubideez baliatzeko garaian” izenburupean eginen direnetan.
“Neurri ekonomiko eta sozialei buruzko ebaluazioa” izenburuko tailerrak honako gaiak landuko ditu: enplegua sortzeko eta areagotzeko neurriak, langabezia dela-eta babesa emateko neurriak, gizarteratzeko gutxieneko errentak, lan merkatuaren etorkizuneko perspektibak, krisiak enpresetan eta autonomoetan izan duen eragina, krisiak irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitateetan izan duen eragina, udalen larrialdi sozialeko laguntzak, eta beste.
Partekatu edukia