Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Javier Enérizek berriki Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txosten bat jaso du. Haren bidez, Departamentuak jakinarazten dio ezen, nazioarteko erakunde batzuek ezarritakoaren ildotik, Nafarroako Foruzaingoaren jarduera guztietan atxilotuen eskubideak bermatzeko neurri guztiak aplikatzen direla.
Arartekoak, duela zenbait hilabete, informazio hori eskatu zion Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, herritar batek honakoa zioen proposamen bat igorri ondoren:
Jarduteko modu orokor gisa, audioz eta bideoz grabatzea poliziaren galdeketak, bai atxilotua, bai funtzionarioak tortura edo tratu txarren akusazio faltsuetatik babesteko.
Atxilotua auzitegiko mediku batek eta atxilotuak berak hautatutako mediku batek batera aztertzea.
Lehendakaritza Departamentuak Arartekoari emaniko erantzunean, oinarrizko baldintza gisa ezartzen da Foruzaingoak zorrotz errespetatzen dituela nazioko eta nazioarteko xedapenak eta protokoloak, eta horien artean daudela atxilotuak eta haien osotasun fisikoa eta segurtasun pertsonala zaintzeko jardun-arauak.
Bere txostenean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak nabarmentzen du Nafarroako Gobernuak kontuan hatu dituela nazioarteko antolamendu eta erakunde guztiek eginiko gomendioak bere polizia-kidegoaren egitura materialak eta giza egiturak diseinatzeko garaian, eta horren froga dela Foruzaingoak zaintzaren ardurak dauzkan egoitza guzti-guztietan grabazio-ekipoak daudela.
Atxilotuen laguntza medikoari dagokionez, Departamentuak adierazten du gai horri buruzko jarduera-protokolorik ez egonda ere, Foruzaingoaren kideek jarduteko erabiltzen duten teknikak ezinbesteko moduan jasotzen duela horren beharra duten atxilotu guztiak osasun egoitzetara berehala eramatea; izan ere, Prozedura Kriminaleko Legeak berak araututako zerbait da hori.
Atxilotuari abokatuaren laguntza emateari dagokionez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak azpimarratzen du atxilotuari atxilotzen den une berean informazioa ematen zaiola bere lege-ordezkaria izendatzeko duen eskubideari buruz; horri eransten dio, gainera, Foruzaingoaren jarduteko protokoloak jasotzen duela nolanahi ere kasuko abokatuen elkargoari hots egin behar zaiola, atxilotuak laguntzarako duen eskubidea bermatzeko.
Amaitzeko, Arartekoari igorritako txostenean, Nafarroako Gobernuak dio errekerimendu guztiak beteta ere, gaiak jarduteko prozedura bat eskatzen duela eta etengabe berraztertzea, betiere 2007ko Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legean ezarritako oinarrizko printzipioak errespetatuz; izan ere, printzipio horiek honakoak dira, besteak beste: abusuan, arbitrariotasunean edo bazterkerian oinarritzen diren jokabideak galaraztea, eta atxiloturik dauden edo zaintzapean dituen pertsonen bizia eta osotasun fisikoa begiratzea eta haien ohorea eta duintasuna errespetatzea.
Nafarroako Arartekoa aztertzen ari da 2010. urterako antzeko informazioa eskatzea biztanle gehien izan eta udaltzaingoa eta atxilotuentzako egoitzak dituzten udalei.
Partekatu edukia