Bilaketa aurreratua

Albisteak

"La Institución del Defensor del Pueblo de Navarra" izenburua duen liburua aurkeztu du Nafarroako Arartekoak

2008 apirila 17

Nafarroako ararteko Francisco Javier Eneriz Olaecheak "La Institución del Defensor del Pueblo de Navarra" izenburua duen liburua aurkeztu die gaur komunikabideei.
Erakundeak berak argitaratu du eta horko langileek idatzi: Javier Enerizek berak; Juan Luis Beltran Aguirre aholkulari nagusiak; Pilar Alvarez Asiain idazkari nagusiak; eta Carlos Sarasibar Marco aholkulari teknikoak.

Ikuspegi juridikoa abiapuntu hartuta, baina baita praktikoa ere, liburuak Arartekoaren arautzeari heltzen dio, Nafarroako Parlamentuak 2000. urtean sortu zuenetik egundaino.
Liburuak 282 orrialde ditu eta lau zatitan egituratuta dago.

Lehenbiziko zatian honako hauek aztertzen dira: parlamentu erakundearen izaera, herritarren eskubideak bermatzeko erakunde den aldetik, araudi organikoa (hautatzea, izendatzea, agintzea, kargua uztea, prozesu eskumenak eta bateraezintasunak), eta bai Parlamentuarekin duen harremana ere. Hain zuzen ere, txosten bereziak eta urteko txostenak eta arruntak aurkeztea aztertzen da. Izan ere, Parlamentuak izendatu duenez eta bera horren goi mandatari denez, txosten horietan guztietan bere jardueraren berri ematen dio.

Zati honetan sakon aztertzen dira bi alderdi. Alde batetik, aztertzen da zertan datzan administrazio publikoak "gainbegiratzeko" jarduera, herritarren eskubideak babesteko eta hobetzeko. Izan ere, eskubide horiek Konstituzioak eta horiei lotutako gainerako legeek onartzen dituztenak dira, hau da, ia eskubide subjektibo publiko guztiak. Eta beste alde batetik, aztertzen da zeintzuk diren bere jardueraren helburu diren erakundeak: Nafarroako administrazio publiko guztiak eta horien mendeko diren erakundeak, hartzen duten forma publikoa edo pribatua edozein dela ere. Honenbestez, erakundeak gainbegiratzeko duen jarduera honako hauetara zabaltzen da: Foru Administrazioa, tokiko erakundeak, elkarte eta fundazio publikoak, elkargoak eta ganberak, eta bai zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten partikularrak ere.

Liburuaren lehenbiziko zati honetan arartekoaren funtzioa zuzentzen duten hastapen nagusiak ezartzen dira: proposamenak eta gomendioak egiten dituen agintari izaera eta ez inposatzen eta lotzen duen botere betearazle izaera izatea; beste edozein botere edo erakunderekiko funtzio independentzia izatea; "bere irizpidearen arabera" jokatzea, hau da, legezkotasun printzipioaren baina baita gizarte justiziaren eta zuzentasun printzipioaren arabera; legeen interpretazioa beti herritarren eskubideen eraginkortasunaren aldekoena egitea, horien interpretazio murriztaileak saihestuta; herritar baten eskariz edo ofizioz aritzeko aukera izatea; ez Administrazioak ez eta ados ez dauden herritarrek ere ez izatea legez bere erabakiei hel egiteko aukera; formalitateetan denborarik galdu behar izan gabe, harira joan ahal izatea azkar eta zuzen; legitimazio handia izatea, administrazioaren ekintza batek bere interesei eragiten diela ulertzen duenean, edozein pertsonak zuzenean, modu informalean eta doan berarengana jo ahal izateko; eta azkenik, berarekin lankidetzan aritzeko Nafarroako botere publikoek betebeharra izatea, ez badute hala egiten disuasio neurriak edo baita penalak ere izateko arriskuarekin.

Aurreneko zati hau amaitzeko, Gorte Nagusiek izendatutako homologoarekin eta gainerako autonomia erkidegoetan bere baliokide diren erakundeekin dituen harremanak aztertzen dira. Horiekin guztiekin dituen harremanek honako printzipio hauei erantzuten diete: funtzionamenduan autonomia izatea, elkarri errespetua izatea, eta elkarri laguntzen, koordinatuta eta lankidetzan aritzea.

Bigarren zatia Juan Luis Beltran Aguirrek egin du, eta Nafarroako Arartekoak egiten dituen ikerketak aztertzen ditu. Lehenago adierazi den moduan, ikerketa horiek batzuetan ofizioz egiten dira Arartekoak berak egoki jotzen duelako abiatzen direnak- eta beste batzuetan, berriz, herritarrek eskatzen dituztelako. Herritarrek eskatuta abiatzen direnei "kexa" esaten zaie, erakundeak egiten dituen jardueren artean horiek dira ugarienak. Parlamentariek eta Parlamentuko beste organo batzuek ere eska diezaiokete Arartekoari ikerketaren bat egin dezala, baina ekimen horiek gutxiago izaten dira.

Kapitulu horretan zehaztasunez aztertzen da zeintzuk diren kexa bat ez onartzea erabakitzen duten arrazoiak eta zein den erakundearen praktika: herritarraren eskubidea arriskuan egon dela antzematen denean, kexa onartzearen oso aldekoa.

Kexen izapideak eragiten dituzten irizpideak ere errotik bururaino aztertzen ditu: laburtasuna, lastertasuna, gainbegiratutako administrazioaren kontrakoa adieraztea, isilpekotasuna, ikerketaren gaineko zuhurtasuna, alderdikeriarik eza eta doakotasuna.

Bestalde, modu zehaztuan lantzen dira bai fase guztietan ikerketak izaten duen garapena, batik bat administrazioari informazioa eskatzeari dagokiona, bai eta zenbaitetan sortu ohi diren arazoak ere, hala nola babestutako datuetara eta isilpeko dokumentuetara heldu ahal izatea.

Laguntzaren ideia funtsezkoa da ikerketa osoan. Nolanahi ere, administrazioak laguntza hori ukatzen duen kasuetarako, legeak hainbat baliabide ematen dizkio erakundeari laguntzeko betebehar horri aurre egiteko: agintarien edo funtzionarioen jokaera hori aurkakotzat edo arartekoaren funtzioak oztopatzeko jardueratzat hartu ahal izatea; kalifikazio horren publizitatea Parlamentuari igortzen zaizkion txostenetan egin ahal izatea eta erakundeari laguntzen ez dioten administrazioen erregistro sortu berrian sartu ahal izatea; erantzukizun egintza; edo Zigor Kodearen 502.2 artikuluak desobeditze delitu gisa sailkatuan eroritakotzat jotzea jokaera hori.

Hirugarren kapitulua Carlos Sarasibar Marcok idatzi du, eta Nafarroako Arartekoaren erabakien garrantzia eta edukia aztertzen du. Egilearen arabera, erabaki horiek ikerketak amaitzen dituzten egintza juridikoak dira, eskubideen eta askatasunen gaian erakundeak duen irizpidea adierazten dute, administrazioaren jarduera kontrolatzeko Parlamentuak duen baliabideetako bat dira, eta ez dute betearazteko ahalmenik, administrazio egintzak aldatzeko, bertan behera uzteko ez eta baliogabetzeko ahalmenik ez baitute. Baina aginpide eta alderdikeriarik eza handia duen erakunde publiko batek izan dezakeen indar iradokitzaile edo epailearen indar osoa dute.

Erabaki horiek adieraz ditzakete bai Administrazioari egindako zenbait gomendio, zenbait egintza egin ditzan -baita baliogabetzekoak edo ikuskatzekoak ere-, bai Administrazioari eta Nafarroako Parlamentuari egindako zenbait iradokizun, legeak eta araudiak onar, alda edo indargabetu ditzaten, bai eta legezko betebeharren gogorarazpenak ere, Administrazioak kasu jakin batean legediak ezartzen dizkion betebehar nagusiak bete gabe uzten baditu.

Lehenago esan den moduan, legeak ez ditu administrazioak aginduz behartzen Arartekoak hartzen dituen erabakiak betetzera. Dena den, justifikaziorik gabe modu eraginkorrean bete gabe utzi nahi dituen organoa zigortzen du. Izan ere, egoki iruditzen bazaio, Arartekoak Nafarroako Parlamentuari aurkezten dion txostenean aipatu egingo du, baita agintariak eta funtzionarioak ere. Aurreneko zigor horri bakarrik Nafarroan dagoen beste bat ere gehitu ahal zaio: gomendioa edo iradokizuna bete nahi izan ez duen agintaria edo funtzionarioa Erakundeari Laguntzen ez dioten Administrazioen eta Erregistroan sartzea. Hartara, herritarrek eta Parlamentuak jakingo dute zein administraziok eta agintarik ez dioten Arartekoari lagundu herritarren eskubideak hobeki bermatzen. Administrazioa bereizi ahal da Arartekoaren irizpidetik, baina justifikatuta eta arrazoituta, eta modu sinesgarrian egin behar du, funtsezko arrazoien ondorioz, ez azalekoen ondorioz, ezer edo gutxi esaten duten formulak saihestuta: aztertuko da, txosten baten zain gaude, helegitea jarri da eta helegitea erabakitzen denean, ez dago aurrekonturik, ...

Laugarren eta azken kapituluak Erakundearen antolakuntza aztertzen du. Egileak arartekoa bera eta idazkari nagusia dira, Pilar Alvarez Asiain.
Bestela ezin izan daitekeen moduan, Arartekoak duen autonomia organikoa da abiapuntua; hain zuzen ere, erakundea diseinatzeko erabili den autonomia handiago baten emaitza. Gero, ondokoaren figura aztertzen da (kargu hori bete gabe dago oraindik Nafarroan). Hain zuzen ere, haren funtzioak eta estatutua lantzen dira. Arartekoaren bulegoa aztertzen da ondoren, bai pertsonak (erakundeko aholkulariak eta langileak) eta bai baliabide materialak, horien artean, egoitza bera. Erakundearen aurrekontua, era berean, Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuaren barnekoa, bulego horren zerbitzura dago.

Erakundearen antolakuntza eta funtzionamendu araudia ere aztertzen da kapitulu honetan. Araudi hori 2005. urteko azaroan onartu zuten eta arartekoaren figuraren alderdi organikoak osatzen ditu.

Kapitulua amaitzeko, informazio bulegoa aztertzen da. Erakundeak herritarrekin duen lehenbiziko harremana da, eta herritarrei aholku emateko unitate bilakatu da beren eskubideak erabil ditzaten, bai administrazio publikoei dagozkienak, eta bai oinarrizkotzat jotzen direnak ere. Izan ere, aholku-eskeei erreparatuta, unitate hori hazten joan da. Hain zuzen ere, aurreko urteko denbora tarte berbera kontuan hartuta, %300 handitu da aholku-eskeen kopurua.

Liburua amaitzeko, Nafarroako erakunde honi buruz orain arte idatzi den bibliografia eta bai Nafarroako Arartekoaren foru legearen eta bai erakundearen antolakuntza eta funtzionamendu araudiaren bilduma ere aipatzen dira. Hain urte gutxi dituela aintzat harturik, bibliografia zabala da. Horrek, era berean, legelarientzat erakundeak duen interesa erakusten du.
Argitalpena dela-eta, bi ohar gehiago:

  • Paper birziklatua erabilita inprimatu da. Bere argitalpenak paper mota horretan argitaratzeko konpromisoa hartu du erakundeak eta liburu hori da paper mota horrekin kaleratu duen aurrenekoa.
  • Mila ale argitaratu dira, eta erakundearekin harreman estuena duten erakunde eta pertsonei igorriko zaizkie. Hala eta guztiz ere, interesa duen edozein pertsonak edo erakundek eskatu eta eskuratu ahal du dohainik. Horretarako, Nafarroako Arartekoaren bulegora joan behar du (Emilio Arrieta 12 (behea), Iruña).

Partekatu edukia