Partekatu edukia
Francisco Javier Enériz Olaechea Nafarroako arartekoak María Antonia Amador Jiménez andrearen heriotzarekin lotutako txostena igorri dio Ministerio Publikoari. Izan ere, uztailaren 28an, Iruñean, Iruñeko Udaltzaingoak esku hartu behar izan zuen gertakari batzuen ondorioz hil zen andre hori.
Hain zuzen ere, María Antonia Amador Jiménez andrea abuztuan hil zen egun batzuetan Nafarroako Ospitaleko Arta Intentsiboko Gunean egon eta gero. Bere eginkizun publikoak betetzen ari zela Iruñeko udaltzain baten esku-hartzea izan liteke andre horren heriotzaren arrazoietako bat.
Hori dela eta, abuztuaren 8an Nafarroako arartekoak zegokion ikerketa abiarazi zuen Iruñeko Udala gogoan izanik. Gero, María Antoniaren semeetako bat arartekoaren bulegora bertara joan zen. Lehenbizi, gertakarien gainean berak zuen bertsioa eta bai berari eta bai gurasoei udaltzainek eman zizkieten kolpeak ere zehatz-mehatz azaldu zituen, eta bigarrenik, kexa bat aurkeztu zuen erakundeak esku har zezala eskatzeko. Izan ere, gertakari haiek ikertu eta uztailaren 28an gertatutakoa argitzea nahi zuen, eta, ondorioz, gertakari haien erantzuleak zigortzea.
Irailaren 26an arartekoak Iruñeko Udalaren idatzi bat jaso zuen. Eta idatzi horri atxikirik irailaren 17ko Lehendakaritza eta Kontuen Batzordearen batzar agiria iritsi zen. Agiri horretan, udaltzainak gertakari horiekin loturik egin zuen deskribapena ageri zen. Idatzi horretan kontatzen da borroka baten ondorioz udaltzainek esku hartu behar izan zutela, eta esku-hartze horren ondorioz lau lagun atxilotu zituztela eta lau udaltzainek ospitalera joan behar izan zutela. Horren ondoren, udaltzainek jakin zuten gertakariak gertatu ziren leku horretan zegoen eta zuzenean gertakarietan esku hartu ez zuen pertsona bat gainerakoan, esku hartu balu, identifikatu edo atxilotu egingo baitzuten- ospitalean zegoela, larri, eta geroago hil egin zela.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren Legearen arabera, karguari dagozkion eginkizunak betetzen ari dela, ustez delituzkoa den jokaera edo gertakari batzuen berri duenean, arartekoak Ministerio Publikoari jakinarazi behar dio.
Miguel Ángel Jiménez Amador jaunak kexan adierazitako gertakarietatik eta udaltzainaren bertsioa duen idatzitik, bietatik, eratorri ahal da delitutzat hartu ahal izateko ekintzak gertatu zirela: udaltzainek herritarrak jotzea, herritarrek udaltzainak jotzea, etab.
Hori guztia kontuan izanik, urriaren 1ean Nafarroako arartekoak txostena igorri zion Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko fiskal nagusiari dagozkion helburuetarako.
Komunikazioak ez dakar nahitaez delitua egotea, baizik eta jakinarazi eta gero Nafarroako arartekoaren esku-hartzea amaitzen da eta aurrerantzean Ministerio Publikoak esku hartuko du.
Partekatu edukia