Bilaketa aurreratua

Albisteak

Iruñeko espetxe berriaren kokalekua hautatzeko kontraesanak daudela argudiatu du herritar batek

2008 ekaina 11

Nafarroako ararteko Francisco Javier Eneriz Olaecheak Gorte Nagusietako ararteko Enrique Mugica Herzogi lehenbizikoak jaso duen kexa bat igorri dio. Hain zuzen ere, nafar batek agerian jarri du Iruñeko espetxe berriaren kokalekua hautatzeko ezarrita dauden baldintzetan kontraesanak daudela, eta Santaluziagañak helburu horretarako zein ezaugarri dituen.

Herritar horrek ziurtatu du gaia auzitegietara heltzen denean, Estatuan edo foru komunitatean jarri diren helegiteak direla-eta, kontraesan horiek jendartera hedatuko direla eta, espero den moduan, proiektua kokaleku horretan gelditzea ekarriko dutela.

Kexa Gorte Nagusietako Arartekoari bidaltzeko arrazoia hark bidera dezan Estatuko administrazio baten jardunari buruzkoa izatea da, hain zuzen ere, Nafarroako Arartekoaren jarduteko esparruan ez dagoen administrazio batena.

Erakunde honetan aurkeztutako idatzian, herritar horrek "Iruñeko espetxe berria kokatzeko beharrezkoak diren kudeaketen laburpen txostena" izenekoari buruzko azalpen batzuk egin zituen, kokalekua hautatzeko baldintzetan dauden kontraesanak adierazteko asmoz.

Ondoren daude azalpen horiek

"Iruñeko Norte II espetxe berria kokatzeko beharrezkoak diren kudeaketen laburpen txostena" izenekoari buruzko AZALPENAK

AZALPENEN XEDEA

Azalpen horien xedea da aztertzen den txostenean agertzen diren kontraesanak agerian jartzea, Iruñeko espetxe berriaren kokalekua hautatzeko oinarria izan baita txosten hori.

EGINDAKO DOKUMENTUAREN IRREGULARTASUNAK

Iruñeko espetxe berria kokatzeko beharrezkoak diren kudeaketen laburpen txostena Espetxe Erakundeen Zuzendaritza Nagusiak idatzi du eta Iruñeko espetxe berri hori Santaluziagañan jartzea proposatzen du. Txosten horren 1.2 atalean, kokalekua hautatzeko irizpideak ezartzen dira, horien artean honako hauek:

* Hirigintza kalifikazioak espetxerako erabiltzeko txandakakoa izan behar du edo urbanizaezina.
* Ez du inolaz ere ikusmenean izango eraikinaren mugatik 2.000 metro baino gutxiagoko distantzian muinorik edo geografia ezaugarririk.
* Eraikinak horizontala izan behar du, eta edozein norabidetan ez du %3ko luzetarako desnibela baino handiagoa izango. Balio absolutuetan 6 metroko gehienezko aldea onartuko da garaiera edo kotetan.

Kokalekua hautatzean -honekin batera doazen planoetan ikus daitekeena- ez dira batere kontuan hartzen irizpide horiek.

Desnibelak eta maldak

Mugapenaren puntu baxuenak (A) 429,5 kota edo garaiera du; eta garaienak (F), 462,66. Beraz, koten arteko aldea 33,16 metrokoa da (gehienez ere onartzen ahal dena 6 bada ere). Bestela esanda, aukeratutako lursailean dauden koten arteko aldea 5,5 aldiz handiagoa da ezarrita dagoena baino.

Gainera, aukeratutako lursailaren mendebaldeko aldearen luzetarako soslaian (AEJ soslaia) A eta E puntuen artean 27,60 metroko aldea dago kotetan. Ezarrita dagoenarekin alderatuta, 4,6 aldiz handiagoa da. Gainera, honako astungarri hau ere izango du: muga horrek garaiera handi horren lurbetetzea edo/eta betelana eskatuko du, presondegiaren plataforma mugakide duen lursailarekin erregularizatzeko.

G eta H puntuen arteko malda %10,85ekoa da, hau da, ezarrita dagoena baino 3,6 aldiz handiagoa, eta zati batzuk 40 metrokoak dira, %25,3 malda dutenak.

A puntuko 429,50 metroko kota, E puntuko 457,10 metrokoa, K puntuko 436 metrokoa eta H puntuko 460 metrokoa kontuan hartuta, lursailaren ertzek kota aldakorrak dituzte; hain zuzen, 30 metro baino gehiagoko desberdintasunak dituzte, eta horrek logikoki eremu horizontala mugatzeko hormak edo betelanak baldintzatuko ditu.

Ondoko muinoetatik dagoen ikuspegia

Ekialdeko aldearen gaina (I puntua) lursailaren ertzetik 140 metrora dago eta 469,34 kota du. Mendebaldeko aldearen C puntua lursailaren ertzetik 190 metrora dago eta 477,19 kota du. Eta ur biltegiak (D puntua) 465 kota du. Puntu horien guztien ikusmenean dago espetxea jarri nahi den erdigunea. Ikuspegia kentzeko, gutxienez, 465 kotara iritsiko den hesi-horma egin beharko da, eta punturik baxuena kontuan hartuta (429,50 kota) 35,5 metroko garaiera izango du guztira.

Lursail urbanizaezina

Oso litekeena da presondegi bat espetxerako erabiltzeko txandakakoa den lursail batean edo urbanizaezina den lursail batean kokatzea, baina ez motaren bateko babesa duen lursail urbanizaezin batean, batez ere, eskualdean eta gertuen duen inguruan badaudenean baldintza hori ez dutenak (eta gainera lauak dira). Iruñerriko Hirigintza Arauetan, Lurralde Antolamendurako planoan (honekin batera doana), lursail urbanizaezin generikoari dagozkion zuriuneak ikus daitezke, eta antzeman daiteke paisaia erreserbak ezartzeko jarraitu den antolamendu irizpidea zein den.
Santaluziagaña ez da lursail urbanizaezin generikoa, baizik eta arauetako RP2 paisaia erreserba (8.3.2.2. art.). Horren geografiari eta paisaia balioei eutsi behar zaie, eraikitako guneen eta gune libreen arteko oreka gordetzen duen hiria edukitzeko. Horietan "bakartutako eraikin motaren bat, lortu nahi den paisaia helburua frogatzen duena eta horri balio erantsia ematen diona onartzen da" (1.7.4. art.). Gune horiek (8.2.1.2. art.) "egungo paisaia balioak gorde behar dituzten esparruak dira, eta, honenbestez, lurra modu masiboan eraldatzea ekarriko duten hirigintza lanik ezin izango da egin". Babestu beharreko lursailen artean daude (8.3.2. art.). Eta artikulu horren beraren 2. atalean hau adierazten da: "Babesteko irizpide nagusia eskualde esparruko paisaia erreferente gisa dituen ezaugarri bereziak gordetzea da. Toki bakoitzaren erabilera eta bertan egingo diren jarduerak funtsean jatorrizkoak izango dira, orain arte babesa gomendatzen duten ezaugarri horiek bertan gordetzeko bidea eman duten horiek berak. Horiek bateragarri izango dira, egoki araututa egonik, multzo osoaren irudia eta gune libre gisa duten baldintza behartzen ez duten beste erabilera batzuekin, hornitze publikoari edo pribatuari lotuak, funtsean".

Espetxe Erakundeen Zuzendaritza Nagusiaren dokumentuko 3.4 puntuan onartzen da eskualdeko arauetan paisaia erreserbatzat jotzen dela eta, gainera, Iruñeko Plan Nagusian baso lur naturaltzat jotzen dela. 4. puntuan adierazten da Iruñeko Araudiak onartzen duela baso lurrean "kokatzea lursail urbanizaezinean kokatu behar diren horniduretarako edo zerbitzuetarako diren eraikuntzak edo hornitzeak". Harrigarria bada ere, ez zaio inolako erreferentziarik egiten eskualdeko arauetan ezarritakoari, horren babes mugak nabarmen gelditzen baitira bete gabe planteatu denaren arabera. Horrek guztiak agerian uzten du ez dela kontuan hartu aukeratutako lursailak duen hirigintza babesa, nahiz eta Iruñeko Plan Nagusitik ateratako idazketa batek justifikatzen duen -testuingurutik ateratako idazketa-. Izan ere, hori bera adierazten du Hirigintzako Kudeatzailearen Bulegoak horretarako egindako udalaren hirigintza txostenak.

ONDORIOA

Aurreko guztiak agerian jartzen du kokalekua hautatzeko dokumentuak ez dituela kontuan hartu bere irizpideak. Beraz, horrek baliorik gabe uzten du. Gainera, hori bera egiaztatu beharko zuen horren izapideak bideratzen parte hartu duten teknikari eta politikarietako edozeinek.

Partekatu edukia