Bilaketa aurreratua

Albisteak

Reunión del Defensor del Pueblo de Navarra y Acción contra la Trata

Indarkeriaren biktima direla aitortzea, sexualki esplotatutako emakumeen eskubideetan aurrerapausoa

2023 otsaila 21

Nafarroako Arartekoa atzo, otsailak 20, bildu zen Salerosketaren aurkako Ekintza elkartearekin

Salerosketaren aurkako Ekintza elkartea 2015ean sortu zen, eta bi helburu ditu: emakumeen eta nesken sexu-esplotazioaren aurka borrokatzea eta pertsonen arteko harremanetan gizarte osasuntsua lortzea ahalbidetuko duten berdintasun-balioak sustatzea. Bere jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: sentsibilizazio-kanpainak, prestakuntza-hitzaldiak, autodefentsa-ikastaroak eta bazterketa-arriskuan dauden emakumeentzako Avanzando-Aurrera enplegu-programa, beste erakunde batzuekin lankidetzan. Tailerretatik eta prestakuntzetatik, gainera, hainbat ekimen sortu dira, hala nola Las Poderosas elkarri laguntzeko taldea eta Costura Poderosa COPOren tailer profesionala. 

Azken urteotan, aurrera egin da berdintasunean oinarritutako hezkuntzaren arloan, eta legez aitortu dira prostitutak genero-indarkeriaren biktima gisa. Horri esker, gizarte-laguntzak eskuratu ahal izan dituzte, eta bizitza berri bati ekiteko aukerak eman dizkiete. Hala ere, Salerosketaren aurkako Ekintzak uste du bide luzea dagoela egiteko prostituzioaren bezeroak jazartzeko.

Atzoko bileran, Patxi Verak elkartearen egunerokotasunaz eta emakumeen premiez galdetu zuen. Salerosketaren aurkako Ekintzatik adierazi zutenez, emakume horiek aurre egin beharreko arazoetako bat hizkuntzarekin eta kulturarekin lotutako oztopoak dira, Administrazioarekin izapideak egiterakoan; izan ere, Dualia interpretazio-sistema ez dago eskuragarri zerbitzu publiko guztietan, eta ez ditu konpontzen kulturarekin eta ohiturekin lotutako komunikazio-zailtasunak. Ildo horretan, kultura-bitartekarien funtsezko zeregina eta figura hori indartzeko beharra nabarmendu zituzten.

Beste kolektibo batzuek salatutako ildoan, elkarteak Arartekoari jakinarazi zizkion salerosketaren biktimek erroldatzeko eta etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak, Afrikatik etorritako asko eta asko. Azaldu zutenez, alokairu sozialeko etxebizitzen eskasia handia dago, eta oso zaila da lan egiten duten emakumeentzat alokairurako laguntzak eskuratzea.

Atzoko bileran, Salesrosketaren aurkako Ekintza elkartearen izenean, Alicia Jiménez koordinatzaileak, Giselle Pelinski Avanzando-Aurrera programako teknikariak eta Joy Ogbeide kulturarteko bitartekariak parte hartu zuten. Instituzioaren aldetik, Patxi Vera titularra eta Susana Galilea kabineteburua bertaratu ziren.

Partekatu edukia