"Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntza" irakasgaia dela-eta Nafarroako Arartekoak hartutako erabakia
2008 ekaina 04
58/2008 ERABAKIA, maiatzaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak emana. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan nahitaez eman beharreko "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" irakasgaiari buruzkoa da erabaki hori.
I. AURREKARIAK
24/2007 Foru Dekretuak, martxoaren 19koak, ezartzen du Lehen Hezkuntzan, etapako hirugarren zikloko mailetako batean, ematen diren arloei "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" izeneko arloa gehituko zaiela (5. artikulua). Foru Dekretu horren I. eta II. eranskinetan, ikasleek bereganatu behar duten gizarte eta herritar gaitasuna, irakasgaiak dituen helburuak eta edukiak, eta ebaluatzeko irizpideak deskribatzen dira.
25/2007 Foru Dekretuak, martxoaren 19koak, ezartzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, lehenbiziko hiru mailetako batean, ikasle guztiek "Herritartasunerako hezkuntza" izeneko arloa landuko dutela (5. artikulua). Foru Dekretu horren I. eta II. eranskinetan, ikasleek bereganatu behar duten gizarte eta herritar gaitasuna, irakasgaiak dituen helburuak eta edukiak, eta ebaluatzeko irizpideak ere deskribatzen dira.
- Komunikabideen bidez erakunde honek jakin ahal izan du zenbait gurasok eskatu diotela Hezkuntza Departamentuari "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" irakasgai hori ez diezaiela eman beren seme-alabei Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloetan. Hain zuzen ere, argudiatu dute beren sineste sendoekin eta ideologia askatasunarekin bat datorren heziketa moralean eta erlijio heziketan seme-alabak hezteko duten funtsezko eskubidea urratzen duela irakasgai horrek. Hezkuntza Departamentuak, ordea, ez ditu onartu eskaera horiek.
II. AZTERKETA
- Erabaki honen objektu den azterketa egin aurretik, komeni da erreferentzia labur-zehatza egitea ofiziozko jarduketa honi ekiteko erakundeak duen lege esparruari eta legezko gaitasunari.
Nafarroako Foru Erkidegoko Arartekoaren 4/2000 Foru Legeak, uztailaren 3koak, 18.1 artikuluan xedatzen duenez, erakunde horrek ikerketa bat ofizioz abiatu eta gauzatzeko eskumena izango du, administrazio publikoen egintzak, egin ezak eta erabakiak argitzeko asmoz. Kasu honetan, erakundearen iritziz, arazoaren garrantziak azaldutako egintzen gaineko ikerketa ofizioz abiatzea aholkatzen du, zuzenean eragiten baitio heziketari, oinarrizko eskubidea eta botere publikoek nahitaez eman beharrekoa den aldetik.
Erakunde honek badaki beren seme-alabek irakasgai hori ez lantzeko zenbait gurasok egindako eskaerari Hezkuntza Departamentuak emandako erantzun-erabakiei aurka egin dietela Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Aretoan. Hortaz, egun epailearen esku dagoen gaia denez, 4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, 23.2 artikuluaren arabera, arartekoak ezin ditu banan-banan aztertu onartu ez diren eskaera jakin horiek.
Nolanahi ere, 23.2 artikulu horrek, bigarren paragrafoan, honako hau ezartzen du: "Zernahi dela, horrek ez du eragotziko agertutako kexetan aurkeztu arazo orokorrak ikertzea, ...". Hortaz, hori da, hain zuzen ere, erakunde honen jarrera. Hezkuntza Departamentuaren erabaki zehatzen abstrakzioa eginda -123/2008 eta 132/2008 prozeduren helburu dira egun eta Pertsonaren Oinarrizko Eskubideak Babesteko Prozedura Bereziak jarraitzen ditu-, "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" irakasgaiaren helburuak eta edukiak aztertu eta balioztatu nahi dira. Irakasgai hori Nafarroako Gobernuak arautzen du, bere eskumenak gauzatuz, martxoaren 19ko 24/2007 eta 25/2007 foru dekretuen bidez. Hain zuzen, Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluan araututa dagoen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen ikuspegitik aztertu eta balioztatu nahi dira. Eta, gainera, konstituzio esparruaren arabera, Hezkuntza Departamentuak hartutako erabakia egokia ote den edo ez "guraso batzuek seme-alabei irakasgai hori ez emateko egindako eskaera ez onartzeko erabakia- eta ez onartze horrek urratzen ote duen gurasoek argudiatutako konstituzio eskubide horietakoren bat "ideologia eta erlijio askatasunarena, hain zuzen- zehaztu nahi da. - Aurrekoa garbi dagoela, erakunde honek gaia aztertzeari ekin dio, eta honako ondorio hauek atera ditu:
- Aplikatu ahal den legeria.
Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak, maiatzaren 3koak, ezartzen du Lehen Hezkuntzan, etapako hirugarren zikloko mailetako batean, ematen diren arloei "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" izeneko arloa gehituko zaiela, eta irakasgai horretan arreta berezia eskainiko zaiola gizon eta emakumeen arteko berdintasunari (18.3 artikulua). Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, ezartzen du lehenbiziko hiru mailetako batean ikasle guztiek landuko dutela "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" izeneko arloa, eta irakasgai horretan arreta berezia eskainiko zaiola gizon eta emakumeen arteko berdintasunari (24. artikulua). Laugarren mailan "Etika-gizalegezko hezkuntza" izeneko irakasgaia landuko dutela ere ezartzen du, eta horretan ere arreta berezia eskainiko diotela gizon eta emakumeen arteko berdintasunari (25. artikulua).
Irakasgai hori ikasketa planean sartzea honako hitz hauen bidez justifikatzen du Lege Organikoaren atarikoak: "Curriculumari dagokionez, Legeak duen berrikuntzetako bat, heziketa jardueren multzoaren barnean, herritartasunerako hezkuntzaren gaineko kezka oso toki nabarmenean jartzean datza eta bai hezkuntza horrekin lotutako eduki berriak sartzean ere. Izendapen desberdinekin, edukien izaerarekin eta ikasleen adinarekin bat, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko zenbait mailatan emango da. Irakasgaiaren xedea ikasle guztiei gogoeta egiteko eta aztertzeko esparru bat ematea da, besteak beste, honako hauek hausnartzeko eta aztertzeko: demokrazia erregimen baten funtsezko ezaugarriak eta funtzionamendua; Espainiako Konstituzioan eta giza eskubideei buruzko itun eta adierazpen unibertsaletan ezarrita dauden printzipioak eta eskubideak; eta testuinguru oso batean herritartasun demokratikoaren oinarria osatzen duten balio komunak. Hezkuntza honen edukiak ezin dira inolaz ere erlijio irakaskuntzaren ordezkotzat jo, eta ez dago kontraesanean eskola bizimoduaren multzoan ideia hartu behar duen eta eskola jarduera guztiek eduki behar duten zeharkako izaerarekin balioetan heztearen zati moduan garatu behar den praktika demokratikoarekin. Komunean dugun bizimoduaren zenbait alderdi sakontzeko bidea emango du irakasgaiak, eta, honenbestez, herritar berriei hezibidea ematen lagunduko du".
Lehen Hezkuntzaren arloan, Estatuan, 1513/2006 Errege Dekretuak, abenduaren 7koak, garatu du Lege Organikoa; eta Nafarroako Foru Komunitatearen arloan, berriz, 24/2007 Foru Dekretuak, martxoaren 19koak. Azken horretako 5. artikuluak ezartzen du etapako hirugarren zikloko mailetako batean ematen diren arloei "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" izeneko arloa gehituko zaiela.
"Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" irakasgaia landuta, oinarrizko gaitasunen barnean, ikasleek bereganatu behar duten gizarte eta herritar gaitasuna biltzen du I. eranskinak.
Zenbait arloren helburuak, oinarrizko gaitasunak garatzeari nola laguntzen dioten, eta ziklo bakoitzean arlo bakoitzaren helburuak eta edukiak eta hori ebaluatzeko irizpideak ezartzen ditu II. eranskinak. Eta arlo horien artean dago, jakina, "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza".
Bigarren Hezkuntzaren arloan, Estatuan, 1631/2006 Errege Dekretuak, abenduaren 29koak, garatu du Lege Organikoa; eta Nafarroako Foru Komunitatearen arloan, berriz, 25/2007 Foru Dekretuak, martxoaren 19koak. Azken horretako 5. artikuluak ezartzen du lehenbiziko hiru mailetako batean ikasle guztiek landu beharko dutela "Herritartasunerako hezkuntza" izeneko arloa.
"Herritartasunerako hezkuntza" irakasgaia landuta, oinarrizko gaitasunen barnean, ikasleek bereganatu behar duten gizarte eta herritar gaitasuna biltzen du I. eranskinak.
Zenbait arloren helburuak, oinarrizko gaitasunak garatzeari nola laguntzen dioten, eta ziklo bakoitzean arlo bakoitzaren helburuak eta edukiak eta hori ebaluatzeko irizpideak ezartzen ditu II. eranskinak. Eta arlo horien artean dago, jakina, "Herritartasunerako hezkuntza". - "Herritartasunerako hezkuntza" irakasgaiaren edukiak eta helburuak eta ikasleek bereganatu beharreko gaitasunak zehazten dituen aipatutako araudia egoki finkatuta eta egokituta dago Konstituzioaren 27. artikuluaren 1., 2. eta 4. ataletan bilduta dauden hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen parametroetara.
Konstituzioaren 27.1 artikuluak ezartzen du denek dutela hezkuntzarako eskubidea; 27.2 eskubideak, hezkuntza horrek helburu izango duela gizakiaren izaeraren garapen osoa, bizikidetzaren demokrazia printzipioen errespetuan eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen errespetuan; eta 27.4 artikuluak, oinarrizko irakaskuntza nahitaezkoa eta doakoa dela.
Konstituzio agindu horren irakurketak agerian uzten du hezkuntzaren subjektuak eta helburua nahikoa sistematizatuta daudela 27. artikuluaren 1. eta 2. ataletan. Horrez gain, agerian uzten du moral kalifikazioa merezi duen edukia ematea heziketari, gizalegezkoa eta ez konfesionala den zentzu batean ulertuta nozio hori: gizakiaren nortasunaren garapen osoa, bizikidetzaren demokrazia printzipioen errespetuan eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen errespetuan. Eta hezkuntzaren arlo subjektiboak eta teleologikoak, 1. eta 2. ataletan ezarriak, mugatzen du batasun sistema eta nahitaezkoa, 4. atalak agintzen duenaren arabera, denak hartzen eta lotzen dituena. Haratago, 3. atala norberaren sineste sendo libreen garrantziaren arloaz ari da. Horretatik ondorioztatzen den konstituzio mezua honako hau da: herritarren askatasunarekiko errespetu mezua, beren seme-alabentzat beren sineste sendoekin bat etorriko den erlijio hezibidea eta hezibide morala hautatu ahal izateko. Erlijio sineste edo balioespen moral espezifikoak dituztenei zuzendutako plus moduan ulertuta. 2. atalean hezkuntza guztirako nahitaezkotzat jotako helburuekin bateragarri izanik, hala ere, ez daude nahitaez horietan sartuta (31-1-1997 AGE, 597 EE).
Hau da, egia bada ere Konstituzioak 16.1 artikuluan bermatzen duela gizabanakoen eta komunitateen ideologia eta erlijio askatasuna eta 27.3 artikuluan gurasoek eskubidea izatea beren seme-alabei beren sineste sendoekin bat etorriko den erlijio hezibidea eta hezibide morala emateko, ezin da alboratu oinarrizko eskubide horrek mugak dituela. Hain zuzen ere, muga horien artean dago EK 27. artikuluaren 2. eta 4. ataletatik ondorioztatutako agindua: hezkuntza existitzen da oinarrizko mailan nahitaez eta dohainik eman beharreko zerbitzu publiko gisa, eta gizakiaren nortasunaren garapen osora bideratuta dago, bizikidetzaren demokrazia printzipioen errespetuan eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen errespetuan.
Edo beste modu batera esanda ezin da ulertu ez ideologia eta erlijio askatasunerako oinarrizko eskubidea ez eta seme-alabek beren sineste sendoekin bat etorriko den heziketa jaso dezaten gurasoek duten eskubidea ere nahitaezkoa den irakasgai bat hartzetik salbuesteko bide moduan. Izan ere, irakasgai horrek demokrazia printzipioekiko eta funtsezko eskubide eta askatasunekiko errespetua bultzatzen du, horien artean berdintasunarekiko errespetua, eta etorkia, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo beste edozein baldintza edo egoera pertsonala edo soziala dela-eta -EK 14. artikuluan gaitzetsita daudenak, hala nola xenofobia, homofobia eta arrazakeria- diskriminatzea baztertzen du.
Hortaz, alde batera utzirik irakaskuntzarako askatasuna, 27.2 artikuluak agintzen die botere publikoei eta zerbitzu publikoa ematen dutenei (ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak) gizakiaren nortasunaren garapen osoa helburu duen hezibidea eman behar dutela, bizikidetzaren demokrazia printzipioen eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen errespetua oinarri hartuta. Eta legetik at geldituko da demokrazia helburu hori ez duen hezibide oro.
Hartara, Konstituzioak bermatzen duen hezkuntzarako eskubideak ez darama berekin arlo horretan botere publikoek duten zerbitzu jarduera baldintzatzea interesdunen aukeratze libreak (337/1994 KAE, abenduaren 23koa). Izan ere, beren seme-alabek beren sineste sendoekin bat datorren erlijio hezibidea eta hezibide morala jasotzeko gurasoek duten eskubideak ez dakar ikasteko planak eta gaiak beren nahitara erabiltzeko ustezko eskubidea izatea gurasoek. Gurasoek ezin dute erabaki beren seme-alabek zein irakasgai landu eta zein ez, besterik gabe, moral, erlijio, filosofia, ideologia... arrazoiak argudiatuta. Izan ere, hala egingo balitz bideraezina izango litzateke edozein ikasketa plan (Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Epaia, 1976ko abenduaren 7an emana).
Horiek horrela, "Herritartasunerako hezkuntza" irakasgaitik salbuesteko eskaera bat ez onartzearekin lotutako auzi bat erabaki nahian, 2007ko azaroaren 28ko Kataluniako Justizia Auzitegi Goreneko Epaiak -925 KAEE- hizpidera dakar 1997ko uztailaren 1ean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epaia. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako Gorte Gorenak gai hauen gainean emandako doktrina aipatzen da. Honako hau dio:
"Sekula ez da onartu inoren erlijio sineste sendoek indarrean dagoen legedia, estatuari arautzea dagokion gaietan jokaera mota bat debekatzen duena, ezartzetik baztertzea inor (...). Jurisprudentziak baieztatzen du erlijioa libreki gauzatzeko eskubideak ez duela baztertzen inoiz gizabanako bat balioduna eta neutroa den lege baten pean egoteko betebeharretik, aplikazio nagusikoa izanda ere lege hori, bere erlijioak agintzen duen (edo gaitzesten duen) jokaera bat gaitzesten badu ere (edo agintzen badu ere) lege horrek -cfr. Employment División, Department of Human Resources v. Smith, 494 U.S. 872 (1990); United States v. Lee, 455 U.S. 252 (1982); Braunfeld v. Brown, 366 U.S. 599 (1961)-."
EK 27.8 artikuluak botere publikoei agintzen die hezkuntza sistema homologatzeko eta ikuskatzeko, legeak betetzen direla bermatzeko. Agindu horrek ez dakarkio interferentziarik ideologia edo erlijio askatasunari, baizik eta betebehar bat. Askatasunerako eskubidearen lehen edukiarekin batera, hezkuntza osorako eskubidea erabiltzeak duen zerbitzu hedadura dakar betebehar horrek. Hartara, EKren 15. eta 16.1 artikuluetan, Giza Eskubideen eta Funtsezko Askatasunen Adierazpen Unibertsalean eta Protokolo Gehigarrian, Nazio Batuen Erakundeak 1989ko azaroaren 22an hartutako Haurraren Eskubideen Konbentzioan eta 24/1982 KAEn ezarritako doktrinan oinarrituta, nahitaez ondorioztatu behar da gurasoen erlijio askatasun eskubideak muga duela seme-alabek hezkuntza osoa jasotzeko duten eskubidea.
Premisa horien arabera, denek hezkuntzarako duten eskubideak, askatasun eskubidearen lehen edukiarekin batera, barne hartzen du zerbitzu alderdia, eta zerbitzu alderdi horren bertutez botere publikoek eskubide horren eraginkortasuna lortu behar dute eta, gainera, irakaskuntzaren oinarrizko mailetarako egin behar dute, EK 27. artikuluaren 4. atalak adierazten duen nahitaezkotasun eta doakotasun baldintzetan. Hartara, hezkuntzarako denek duten eskubidea esparru batean gauzatzen da; botere publikoek (Estatuak, oinarrizko legediaren bidez, eta autonomia erkidegoek, gai honetan dituzten legegintza eskumenen bidez) irakaskuntza maila, etapa, ziklo eta graduetako curriculumak, eta gutxieneko irakaspenak eta irakaskuntzaren helburu diren arlo edo gai jakinak erabakitzen dituzten esparruan, hain zuzen. Esparru horretan, gainera, horien guztien garapena antolatzen da ikastetxeetan. Hori guztia kontuan hartuta, oro har, hezkuntza jarduera arautua da (337/1994 KAE, abenduaren 23koa).
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 47. artikuluak eskumen osoa ematen dio Foru Komunitateari irakaskuntza arautzeko eta administratzeko, hedadura, maila eta gradu guztietan. Hartara, artikulu horren esparruan, 2/2006 Lege Organikoaren arabera, maiatzaren 3koaren arabera, Nafarroako Gobernuak Lehen Hezkuntzako curriculuma ezarri du 24/2007 Foru Dekretuan, martxoaren 19koan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma 25/2007 Foru Dekretuan, martxoaren 19koan. Ikusi dugun moduan, bi araudietan finkatu ditu "Herritartasunerako hezkuntza" irakasgaiaren edukiak, helburuak eta ebaluazio irizpideak.
Bi foru dekretu horiek astiro irakurrita, ez dago zalantzarik Konstituzioan duten mugaz. Hainbat mendean Espainian demokrazia kulturarik ez izateak eduki ditzakeen eragin negatiboak betikotzen joan daitezela ekidin nahi du irakasgaiak. Izan ere, irakasgaiaren helburua (eta horri erantzuten dio bere edukiak, foru dekretuetako eranskinetan islatua) gazteak etika eta demokrazia balioetan heztea da. Hartara, inguruan duten gizarte errealitatea ulertzeko gai izango dira, bizikidetzari eta gatazkei aurre egiteko gai izango dira, demokrazia balioetan eta praktiketan oinarritutako epai etikoa baliatuta, eta herritartasuna gauzatzeko gai izango dira, bakea eta demokrazia eraikitzen lagunduta, jarrera eraikitzailea, elkartasunezkoa eta arduratsua edukita gizalegezko eskubideak eta betebeharrak betetzean. Ikasle guztiei gogoeta egiteko eta aztertzeko esparru bat ematen die irakasgaiak, besteak beste, honako hauek hausnartzeko eta aztertzeko: demokrazia erregimen baten funtsezko ezaugarriak eta funtzionamendua; Espainiako Konstituzioan eta giza eskubideei buruzko itun eta adierazpen unibertsaletan ezarrita dauden printzipioak eta eskubideak; eta testuinguru oso batean herritartasun demokratikoaren oinarria osatzen duten balio komunak.
Azken batean, irakasgaiak (eta hori konstantea da edukiaren atal guztietan) pertsona guztiek giza eskubideak eta gizarte gutxiengo osoa errespetatzea bultzatzen du; gatazkak konpontzeko bide moduan elkarrizketa aurkezten du; generoen berdintasuna, mugarik gabeko elkartasuna, bakea justizian aurkezten du postulatu gisa; xenofobia eta arrazakeria borrokatzen ditu; objektiboki deskribatzen du eta goresten espainiarren politika aniztasuna, autoritarismorik gabea, nazio aniztasuna, kultura aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna; eta Estatua konfesionala ez izatea eta erlijioaren balioa, alderdien arteko arau etikoak, ideologien eta betebehar ekologikoen zientzia azterketa ere deskribatzen eta goresten ditu. Hori guztia ikasleei alderdikoikeriarik eta doktrina dogmarik ezarri gabe. Eduki horren azpian ez dago inolaz ere Estatuak inposatutako totalitarismo moral motarik, baizik eta zuzenbide estatu sozial eta demokratikoaren balio gisa aniztasunaren alde egitea, EK 1.1 artikuluaren ildotik. Ezagutzak eta jakintza transmititzean objektibotasuna eta aniztasuna nagusitzen dira.
Konstituzioaren 27.2 artikuluak, hain zuzen ere, honako hau agintzen du: hezkuntza horrek helburu izango du gizakiaren izaeraren garapen osoa, bizikidetzaren demokrazia printzipioen errespetuan eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen errespetuan, eta hezkuntza horren edukiak ezin dira inolaz ere erlijio irakaskuntzaren ordezkotzat hartu. Eta agindu horrek denak behartzen ditu, bai botere publikoak, bai eta herritarrak ere. - Ez da existitzen "Herritartasunerako hezkuntza" irakasgaiari objekzioa egiteko eskubidea, ideologia eta erlijio askatasunaren aurkako edukiak dituela uste delako.
Soldadutzaren aurka egoteagatik egiten den kontzientzia eragozpenaz eta kazetariek duten kontzientzi klausulaz gain, 1978. urteko Espainiako Konstituzioak ez du berariaz adierazten kontzientzia eragozpena egiteko eskubide nagusia. Eskubide generiko hori ez da arautzen ez Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, ez Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean, ez Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunean, ez eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean ere. Europako beste herrialde demokratiko batzuetako konstituzioetan ere gauza bera gertatzen da: gehienez ere soldadutzari egiten zaion kontzientzia eragozpena hartzen dute kontuan. Laburbilduz, zuzenbide konparatua berraztertzen egiaztatu ahal den moduan, inongo legeditan ez dago zigortuta kontzientzia eragozpenerako eskubide nagusia, eta kontzientzia eragozpenerako eskubide jakinak arautzen direnean ez dituzte oinarrizko eskubidetzat hartzen. Zenbait lege testuk berariaz onartzen dituzten kontzientzia eragozpenerako eskubide jakinak erabiltzea arautzen dituzten lege arruntek horien gainean egiten duten erregulazioaren mende gelditzen da.
161/1987 KAE-k, urriaren 27koak, honako hau adierazten du argi eta garbi: "Izaera nagusia duen kontzientzia eragozpena, hau da, konstituzio edo lege betebeharrak betetzetik salbuesteko eskubidea, betetze hori norberaren sineste sendoen aurkakoa delako, ez dago bildua, eta ez dago pentsatzerik egongo litzatekeela ere, ez gure zuzenbidean ez eta beste batean ere, estatuaren ideia ukatzea bera esan nahiko bailuke. Gerta litekeena da salbuespen moduan onartzea betebehar jakin bat dela-eta. Eta hori bera egin zuen konstituziogile espainiarrak, beste herrialde batzuetako ereduari jarraituta, Konstituzioaren 30. artikuluan onartu zuenean, nahitaezko soldadutza egiteko betebeharra zela-eta".
Bestalde, 55/1996 KAE-k, martxoaren 28koak, hau adierazten du: "Laburbilduz, beste erabaki batzuetan errepikatu dugun moduan, non eta ez ditugun legezko aginduak edukiz husten, Konstituzioaren 16. artikuluan onartutako ideologia askatasunerako eskubidea ez da berez nahikoa legez ezarrita dauden betebeharrak betetzetik salbuesteko herritarrak, kontzientzia arrazoiak direla-eta".
Ondorioz, ezin zaio nagusitasun osoa eta absolutua eman etika edo moral pribatuari, Espainiako Konstituzioak ezartzen duen etika publikoa bazter utzita. Etika publiko hori gehienek onartutako arauetan gauzatzen da gizarte demokratikoetan, hau da, estatu demokratiko baten legedian. Kontzientzia eragozpena ezin du herritar batek zuzenean erabili eta edozein arlotan, legedi horrek dioena ez beteta eta babestuko duen legezko araurik gabe. Konstituzio Auzitegiak esan duen moduan, horrek berekin ekarriko luke zuzenbidea eta estatua ukatzea. Zuzenbideak esaten duena betetzea ere agindu etikoa da, juridikoa izateaz gain, eta hori ondorioztatzen da Konstituzioaren 10.1 artikulutik.
Azken batean, Konstituzioak ez du onartzen gurasoek hezkuntzaren arloan kontzientzia eragozpena egiteko eskubidea izatea, hau da, gurasoek eskubidea izatea hezkuntza administrazioari beren seme-alabentzat nahitaezkoak diren irakasgaiak lantzetik salbuestea eskatzeko. Eta era berean ez da ondorioztatzen hezkuntza zerbitzu publikoa emateko betebehar-funtziotik salbuestea erlijio sinesteekin edo ideologia sineste sendoekin lotutako arrazoiengatik nazioarteko testu konbentzionaletan, oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen interpretazioa erabakitzen duena zentzu horretan. Hori dela-eta, ondorioztatu behar da ez dagoela kontzientzia eragozpena egiteko Konstituzioak babesten duen eskubiderik, Konstituzioaren eta arauen bidez "Herritartasunerako hezkuntza" irakasgaia lantzeko ezarrita dagoen betebeharrari aurka egiteko.
Horrenbestez,
ERABAKI DUT:
- Nafarroako Gobernuaren martxoaren 19ko 24/2007 eta 25/2007 foru dekretuak, "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" irakasgaiaren helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak arautzen dituzten foru dekretuak, Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluaren 2. atalari egokitzen zaizkiola adieraztea.
- Foru dekretu horietan "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" irakasgairako ezarritako helburuek eta edukiek ez dutela urratzen adieraztea Konstituzioaren 16.1 artikuluak bermatzen duen ideologia eta erlijio askatasunerako gurasoek duten eskubidea, ez eta Konstituzioaren 27.3 artikuluko funtsezko eskubidea ere.
- Aipatutako foru dekretuetan "Herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza" irakasgairako ezarritako nahitaezkotasuna bat datorrela ulertzea Konstituzioaren 27. artikuluko 2. eta 4. atalekin, eta, beraz, oinarrizko hezkuntzako ikasle guztiek landu behar dutela eta horren eskoletara joan behar dutela.
- Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari erabaki honen berri ematea.
Nafarroako arartekoa
Francisco Javier Eneriz Olaechea