Partekatu edukia
Herritarren iradokizunak eta ekimenak biltzeko zerbitzu berria abian jarri den lehen hilabetean Nafarroako Arartekoaren bulegoak 12 proposamen jaso ditu.
Proposamenen erdiek zerikusia dute etxebizitzaren eta etxebizitza babestuak esleitzeko baremoaren gaiarekin. Esleitzeko indarrean dagoen baremoa aldatzea planteatzen dute gehienek. Hain zuzen ere, honako hauek lortu nahi dituzte aldatuta: etxebizitza bat eskuratzeko baliabide nahikorik ez duten pertsona ezkongabeek dituzten zailtasunak kontuan hartzea; premia ekonomiko handiagoa dutenei lehentasuna ematea; etxebizitza eskatzen denbora luzeagoa daramatenak lehenestea; erosteko diru laguntzak ezeztatzea; eta 35 urteko adinaren irizpidea aldatzea edo ezabatzea, gutxienez, zenbait urtean etxebizitza eskatzen arituta orain adin hori gainditu dutenei.
Proposamenetako beste batek baremoa egun dagoen moduan uzteko eskatzen du. Etxebizitzarekin lotutako ekimenetako azkena Nafarroan Etxebizitza Duina izateko Plataformak egina da. Hain zuzen ere, postulatu gisa proposatzen du babestutako etxebizitza guztiak alokatzekoak izatea eta Iruñerrian hutsik dauden hogei mila etxebizitzetatik batzuk babestuta alokatzeko erabiltzea.
Ikastetxea aukeratzeko puntuak emateko egun dagoen sistema aldatzea iradoki du herritar batek. Hain zuzen ere, hau proposatzen du: ikasle ohia izateagatik ematen den puntua kentzea, diskriminatzailea eta segregazionista delako eta haur atzerritarrak ikastetxe itunduetan sartzea zailtzen duelako. Eta horren ordez etxebizitza ikastetxetik gertu dagoelako puntua ematea proposatzen du, hartara, haurrak ikastetxera oinez joan daitezen mesedetuko baita eta egoneko bizimodua saihestuko baita.
Proposamenetako beste batek planteatzen du zaharren egoitza batean bizi behar duten eta baliabide gutxi dituzten pertsonek ordaindu behar dute balio erantsiaren gaineko zerga, %7koa, murriztu edo ezabatu egin behar dela.
Beste ekimen batek proposatzen du elbarritasunen bat duten pertsonek doan utzi ahal izatea autoa Iruñeko eremu urdinean.
Beste herritar batek proposatu du Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitateko tasak murritz daitezela, akuilu moduan, kontzientzia harrarazteko eta herritarrek gehiago eta hobeto birziklatu dutela saritzeko.
Beste herritar galdatzen du hiri eta herrietako kaleetan hain ugari diren sakanguneak kentzeko, ibilgailuetako suspentsio sistemei eragiten dizkieten kolpeak direla eta. Izan ere, suspentsio sistemak hondatzen dituzte eta errepideetako segurtasunerako arriskutsua da hori. Horren ordezko beste neurri batzuk har daitezela eskatzen du.
Beste herritar batek iradoki du Nafarroako Gobernurako administrazioko laguntzaile izateko oposizioetan, hori gainditu duten guztiak sar daitezela funtzionarioen multzoan, eta, beraz, lanpostu kopurua handitu dadila. Horrez gain, eskatzen du etorkizunean egingo diren deialdietan baldintzatzat jo dadila lanbide heziketan administrazio adarreko ikasketak eginak izatea, aurreko beste deialdi batzuk gainditu izana...
Jasotako proposamenak dagokion administrazio agintariari igorriko dizkio Nafarroako Arartekoaren bulegoak, hark azter eta baliozta ditzan, eta, dagokionean, horren gaineko jarrera jakinaraz dezan. Arartekoak Nafarroako Parlamentuari urtero igortzen dion txostenean sartzen dira proposamen guztiak, horien berri izan dezan.
Edonork aurkeztu ahal du zerbitzu publikoak hobetzeko ideia, iradokizun edo proposamenen bat. Horretarako, honako bide hauek ditu: edo 900 702 900 telefono zenbakira deitzea, edo Info@defensornavarra.com helbidera mezu elektronikoa bidaltzea, edo Iruñeko Emilio Arrieta kalearen 12.ean duen bulegora joatea, behealdera.
Partekatu edukia