Partekatu edukia
Honako adierazpena sinatu dute gaur Herriaren Defendatzaileak eta bederatzi defendatzaile autonomikoek:
Bada denbora gerrak, goseak, intolerantziak eta elkartasunik ezak dakarten zorigaitzaren lekuko zuzena izaten ari dela Europa. Gure mugak etsi-etsian gainditu nahi dituzten pertsonengan eta itxaropenak bidean utzi zituztenen gorpuetan ikusgarri egiten diren pairamenak dira horiek.
Egoera hori, gainditu baino, izugarri okertu da hainbat gatazka beliko lehertu direnean, eta gatazka horiek eragin dute Europak II. Mundu Gerratik bizi izan duen errefuxiatuen krisirik handienatzat jo dena.
Gauzak horrela, azpian sinatu duten Herriaren Defendatzaileak ezin daitezke ezer egin gabe geratu milaka pertsonaren giza eskubideen kontrako atentatu horren aurrean. Arrazoi horrengatik, beharrezkotzat eta betebehartzat jo dute:
Europar Batasuneko Itunaren 3.5. eta 21. artikuluetan jasotako aurreikuspenak gogoraraztea Europako eta Espainiako autoritate publikoei. Europar Batasunak munduko gainontzekoekin dituen harremanei eta nazioarteko agertokian duen jarduerari buruzkoak dira aipatu aurreikuspenak. Horietan, komuneko politikak eta jardunbideak gidatu behar dituzten printzipioak zehaztu dira, eta, besteren artean, honakoak daude: giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen unibertsaltasunaren eta zatiezintasunaren sustapena, giza duintasunarekiko errespetua, berdintasun eta elkartasun printzipioak eta Nazio Batuen Gutuneko printzipioekiko eta nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua.
Era berean, Europar Batasunak bere gain hartutako konpromisoak gogoraraztea; hala nola, xedetzat bakea iraunaraztea, gatazkak prebenitzea eta nazioarteko segurtasuna indartzea duten politika komunak zehaztea eta betearaztea; lankidetza aldeaniztun solidoan eta munduko gobernamendu onean oinarritutako nazioarteko sistema sustatzea; eta hondamendi naturalei edo gizakiak sortutakoei aurre egin behar dieten herriei, herrialdeei eta eskualdeei laguntzea.
Horrek guztiak iheslariek egindako eskaerei arreta ematea du helburu, eta, bereziki, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 14. artikuluan eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 18. artikuluan ezarritakoaren babespean egindako asilo-eskaerei arreta ematea.
Partekatu edukia