Partekatu edukia
Patxi Vera Nafarroako Arartekoak, erakundearen ordezkaritza batekin batera, tartean Carlos Sarasibar idazkari nagusia eta Amaia Madinabeitia kabineteburua izanik, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako 39. Jardunaldietan parte hartu du, "Etxebizitzaren etorkizunari ateak irekitzen" lelopean.
Hiru egunez, honako hauek aztertu dituzte defentsa-erakundeetako ordezkariek: etxebizitzarako eskubide subjektiboaren irismen juridikoa, bizitegi-larrialdia, lurzoruaren eskuragarritasuna, parke publikoaren hazkundea, gizarte-erakundeek bizitegi-irtenbideak bilatzeko duten zeregina eta etxebizitzaren eta osasun mentalaren arteko harremana, eta, jakina, administrazio publikoek Espainiako Konstituzioaren 4. artikuluan jasotako eskubidea bermatzeko duten erantzukizuna.
Defendatzaileek dekalogo bat onartu dute ondorioekin, "herritarrek etxebizitza duin eta egoki bat izateko duten eskubidea eraginkorra izan dadin".
Defendatzaileek adierazi dute etxebizitza eskuratzeko arazoa dela herritarren kezka nagusietako bat, eta uste dute "arreta berezia eta nabarmena eskaini behar zaiela etxebizitza hori arautzeko eta asebetetzeko eskumenak dituzten administrazio publikoei".
Hala, "beharrezkoak diren lege-erreformak" bultzatzea eta "etxebizitzarako eskubidea erreal bihurtzeko politika publiko egokiak irmo gauzatzea" eskatu diete administrazioei.
Horretarako, etxebizitza-politika behar adina funtsez hornitzea proposatu dute, "etxebizitza-parke publiko bat sortu eta mantendu ahal izateko, Europar Batasuneko herrialdeen errealitatearekin parekatzeko".
Era berean, defendatzaileek gogorarazi dutenez, etxebizitza "pertsonen eskubidea da, oinarrizko premia bati erantzuten dio, eta gizartean garrantzi handia du". Eta adierazi dutenez, "etxebizitza egokia eta eskuragarria izateak pobrezia-egoeren aurrean babesten du, eta elementu erabakigarria da pertsonak kalteberatasun- eta/edo gizarte-bazterkeriako egoeretara behartuak ez izateko; errealitateak erakusten digu egoera horiek, gertatu ondoren, iraultzeko oso zailak direla".
Jardunaldietako ondorioen dekalogoan jasotako neurrien artean, honako hauek daude: etxebizitza sozial eta babestuen parkea handitzea; hirigintza-planak eguneratzea, biztanleria handitzearen ondoriozko etxebizitza-premia berrien arabera; aurrekontu-zuzkidura handitzea; etxebizitza alokatzeko laguntzak; erabilera turistikoko etxebizitzak alokatzeko jarduerak gainbegiratzea eta kontrolatzea; eta araudia sinplifikatzea, kalteberatasun handiko pertsonei lehentasunezko arreta eskainiz.
Jardunaldiotan honako hauek hartu dute parte: Angel Gabilondo Herriaren defendatzailea; Jesús Maeztu Andaluziako defendatzailea; Silvia Giménez-Salinas Kataluniako Greuges sindikoa; Dolores Fernández Galiziako Valedora do Pobo; Dolores Padrón Kanariar Uharteetako Herriaren defendatzailea; Concepción Gimeno Aragoiko Justizia (Gabineteak ordezkatua); Ángel Luna Valentziako Erkidegoko Síndic de Greuges; Tomás Quintana Gaztela eta Leongo Herriaren defendatzailea; Mikel Mancisidor Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoa eta Patxi Nafarroako arartekoa.
Gainera, hainbat unibertsitatetako katedradunen eta irakasleen, gizarte-langileen eta etxebizitzaren aldeko aktibisten, ingeniarien, arkitektoen, psikiatren eta psikopedagogoen, Hirugarren Sektoreko eta administrazio publikoetako ordezkarien, defentsa-erakunde desberdinetako teknikarien eta adingabeen talde baten esku-hartzeak izan dira, Andaluziako, Kanarietako, Kataluniako eta Euskal Autonomia Erkidegoko defendatzaileen erakundeek gonbidatuta, jardunaldien gai monografikoari buruzko ikuspegia emateko.
2026an, Nafarroako Arartekoak 115 kexa jaso ditu etxebizitzaren arloan, eta 102, berriz, 2025ean.
Kontsultatu dekalogo osoa
Partekatu edukia