Partekatu edukia
Aurrekontu egonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak onartutako zenbait neurri marko konstituzionalarekin bat datozen, eta zergadunen, langile publikoen eta mendetasun sistemaren onuradunen eskubideak errespetatzen ote dituzten azter dezan eskatu dio Nafarroako Arartekoak Herriaren Defendatzaile berriari, Soledad Becerrili.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko Lege Foralari esker, erakunde nafar honek eskumena du modu arrazoituan Herriaren Defendatzailearekin harremanetan jartzeko, eta, herritarren eskubideak babeste aldera, lege maila duen arau bat konstituzionala den ala ez azter dezan eskatzeko.
Lege Foral horren arabera, Nafarroako Arartekoak aipatutako lege dekretuan arautu diren hiru alderdi aztertzeko eskatu du:
BEZaren zerga tasak aldatzea
Lehenengo gaiari dagokionez, Nafarroako Arartekoak zehaztu du aipatutako lege dekretuko 23. artikuluan BEZaren abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzeko zenbait atal jaso zirela; besteak beste, zerga tasa orokorra eta zerga tasa murriztuak aldatu egingo dira.
Horren haritik, gogorarazi du Auzitegi Konstituzionalaren urriaren 28ko 182/1997 Epaiak eta uztailaren 7ko 189/2005 Epaiak adierazi zutela errege lege dekretu bidez PFEZ tasetan aplikatutako aldaketak ez zirela konstituzionalak. Izan ere, abiapuntutzat hartuta lege dekretu batek ezin duela erregimen orokorra aldatu, ez eta gastu publikoari eusteko eginbehar konstituzionalaren funtsezko elementuak ere, Auzitegi Konstituzionala arrazoi hauetan oinarritu zen:
PFEZ zerga da gure zerga sistemaren egituraren zutabeetako bat, eta dituen ezaugarriengatik, sistema horren funtsezko elementuak aldatuz gero, horren eragina berehala sumatzen da zergadunek, oro har, eutsi beharreko zerga kargaren zenbatekoan edo banatzeko moduan. Ezin da ukatu PFEZ gure zerga sistemaren oinarrizko pieza bat dela, izaera orokorra eta pertsonala duelako, eta zuzeneko ezarpenaren figura nagusia delako. Auzitegian aztertutako errege lege dekretuek ezarritako arauek, argi dago, PFEZaren zerga oinarriei aplikatu beharreko karga tasen eskalak edo tarifak igoarazi dituzte, eta horrenbestez, zerga horren eraginpean dauden zergadunek zerga karga handiagoari egin beharko diote aurre. Hortaz, zerga sistema osoarekiko herritarren egoera nabarmen aldatu da, eta Espainiako Konstituzioak 31.1 artikuluan ezarritakoa eginbeharraren funtsari eragiten dio, hain zuzen ere guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dutela finkatu baitzen artikulu horretan
.
Auzitegi Konstituzionalak ondorioztatu zuenez, auzitegian aztertutako lege horrek laguntzeko eginbehar konstituzionalean eragin nabarmena izateak urratu egiten du errege lege dekretu bidez gobernuak balia dezakeen arau ahalmena erabiltzeko muga materialetako bat, Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluan xedatutakoa.
Bestalde, Auzitegi Konstituzionalaren uztailaren 3ko 137/2003 Epaiak eta 108/2004 Epaiak ezarri zuten zenbait dekretuk eta legek alkoholaren eta garraiobide jakin batzuen gaineko zerga tasak aldatu izana Konstituzioaren aurkakoa zela. PFEZaren epaietan finkatutako doktrina gogora ekarri ondoren, Auzitegi Konstituzionalak honako hau ondorioztatu zuen:
Bada, aipatutako doktrinan oinarrituz, ondorioztatu behar dugu (Zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziaren zerga tasak gutxitzeko 12/1995 LEDko 34. artikuluari dagokionez Auzitegi Konstituzionalaren 137/2003 Epaiaren bidez duela gutxi egin dugun moduan), 12/1996 Errege Lege Dekretuko 8. artikuluko 1., 3. a) eta 4. atalek ez dutela eraginik izan guztiek gastu publikoei aurre egiten laguntzeko eginbeharrean (Espainiako Konstituzioaren 31.1 artikuluan xedatutakoa), Auzitegi honen doktrinaren arabera, Espainiako Konstituzionalaren 86.1 artikuluan debekatuta dauden inguruabarretan; izan ere, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ez bezala, Alkoholaren eta Edari Eratorrien gaineko Zerga zeharkako zerga da, unean unekoa, objektiboa eta erreala, eta errenta edo kontsumoaren gaineko zerga global gisa eratu beharrean, gaitasun ekonomikoaren adierazpen zehatz bat zergapetzen du. Ezaugarriengatik, beraz, ezin da esan gure zerga sistemaren egituraren oinarrizko zutabe bat denik, eta hala, zerga mota partzialki aldatzeak eragin arina besterik ez du zergadunen artean zerga karga banatzeko irizpidean
.
Goi Auzitegiaren adierazpen horietan oinarrituz, Nafarroako Arartekoak ondorioztatu du BEZa kontsumoaren gaineko zerga global bat dela, alegia, zeharkako ezarpenaren figura nagusia dela, PFEZaren ordaina ezarpen zuzenean: gure zerga sistemaren egituraren oinarrizko bi zutabeak izango lirateke, beraz, batetik PFEZa, errentaren gainean, eta bestetik BEZa, kontsumoari dagokionez.
Hortaz, BEZ tasak errege lege dekretu bidez aldatzea konstituzionalki posible den aztertzea egokitzat jo du Nafarroako Arartekoak.
Funtzionario publikoei 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzea
Honi dagokionez, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuko I. Tituluak zenbait neurri jaso zituen administrazio publikoak berrantolatzeko eta arrazionalizatzeko, besteak beste, sektore publikoko langileei 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzea (2. artikulua).
Lege dekretuak oinarrizko legedi izaera eman zion agindu horri, Konstituzioaren 149.1.13ª artikuluan (Jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari buruzkoa) eta 156.1 artikuluan oinarrituz (azken hori Estatuko eta autonomia erkidegoetako ogasunen arteko koordinazioari buruzko da).
2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzeko neurriak Espainiako sektore publikoko langile guztiei eragingo die.
Hala ere, Nafarroako Arartekoak gogorarazi du Nafarroako Foru Komunitateak funtzio publiko eta ekonomia eta finantza arloetan eskumen esklusiboa duela, arrazoi historiko edo foralak direla medio (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 49. eta 45. artikuluak, hurrenez hurren).
Arartekoak azaldu duenez, eskumena esklusiboa dela aintzat hartuta, Nafarroari dagozkio aipatutako arloetako ahalmen guztiak, eta foru izaerak ezartzen du ahalmen horiek baliatzeko mugak ezin duela bat egin autonomia erkidegoetan orokorrean aplika daitezkeen ahalmenen mugarekin. Horrenbestez, muga hori ez du oro har Estatuko oinarrizko legediak zedarritzen; aitzitik, estatuko oinarrizko legediak aitortzen dituen oinarrizko eskubideak eta eginkizunak errespetatzean datza.
Nafarroako Arartekoak onartu du aipatutako lege neurriekin antz handia dutenei dagokienez Auzitegi Konstituzionalak emandako jurisprudentziak onartu egin duela Konstituzioaren 149.1.13ª eta 156.1 artikuluen babesean Estatuko legeak eragina izan dezakeela aipatutako eskumen autonomikoak baliatzen; Nafarroako kasuan, eskumen horiek izaera forala dute. Hala, Konstituzioaren arabera, Estatuak, izaera orokorrarekin, enplegatu publikoen ordainsariak mugatzea posible da, langileak orokorrean, multzo gisa hartuta (funtzionario publikoen soldata masa), gastu publikoaren funtsezko osagaietako baten zabalkuntza erlatiboari eusteko neurri modura ulertzen baita. Ildo beretik, Auzitegi Konstituzionalak hainbat aldiz adierazi du Estatuko legediak enplegatu publikoen soldata masa areagotzeari dagokionez gehienezko muga globalak ezar ditzakeela (maiatzaren 21eko 63/1986 Epaia, beste ondorengo batzuetan aipatutakoa).
Bestalde, Auzitegi Konstituzionalaren maiatzaren 9ko 148/2006 Epaian eta uztailaren 6ko 222/2006 Epaian adierazi denez, oinarrien kontzeptua zentzu zabalean ulertu da, eta oinarri horietan babestuz intentsitate edo hedapen neurri aldakorrak onartu dira.
Hala ere, Nafarroako Arartekoak gogorarazi du aipatutako maiatzaren 21eko 63/1986 Epaiak zehaztu zuela gehienezko mugak ezarriz gero, Estatuak ezingo lukeela, alde bakar gisa, autonomia erkidegoetako funtzionario bakoitzaren, banaka hartuta, ordainsarien zenbatekoen gehienezko igoerak aurretik zehaztu. Nafarroako Arartekoaren iritziz, xehetasun horrek islatzen du Estatuaren eta autonomia erkidegoen eskumenak bateratu egin behar direla; izan ere, lehenengoaren irismena, intentsitatea edo eragina alda daitekeela onartuz gero ere, beti dagokion eremuan moldatu beharko da, alegia, Konstituzioak aipatutako jarduera ekonomikoaren plangintza eta koordinazioaren eremuan, berau gainditu gabe.
Aurreko ohar orokorrek azaleratu nahi dute Estatuak baduela enplegatu publikoen ordainsarietan muga globalak ezartzeko eskumena, gastu publikoaren elementu garrantzitsua den aldetik; baina hala ere, neurria konstituzionala izatea ala ez emango zaion irismen edo hedapenaren araberakoa izan daiteke. Ikuspegi horretatik abiatuta, lege dekretuan jasotakoa ezin da erabat bat etorri Estatu mailakoarekin, plangintza eta koordinazio ekonomikoena; hortaz, posible litzateke aipatutako funtzio publiko eta ekonomia eta finantzan arloetan Foru Komunitateko eskumenei eragitea, eta moduari erreparatuz gero, gerta daiteke multzo konstituzionalera ez egokitzea. Horren haritik, nabarmendu behar da neurriak ez duela arau bat inposatu nahi gastu publikoari eusteari edo, zehatzago esateko, enplegu publikoaren arloan langileen gastuari eusteari dagokionez (urteko aurrekontuaren soldata masa gutxituz, mugatuz edo izoztuz, horrelako teknikak erabili baitituzte); aitzitik, xedea (hau da, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzea) lortzeko modua erabat eta oso-osoan zehazten du, eta horrez gain, enplegatu publiko batzuk diskriminatzen ditu, lanbide arteko gutxieneko soldatan oinarritutako erreferentzia bat baliatuz.
Nafarroako Arartekoak eskabidean aipatu du onartutako lege dekretuan zehaztutako eta Estatuak baliatutako eskumen tituluek estatu-neurri hain zehatza legezkotzat jo ote duten (horien babespean plangintza eta koordinazioaren intentsitateari buruzko neurriak har badaitezke ere), Foru Komunitatean enplegu publikoaren arloan langileen gastua murriztea (2012ko abenduko aparteko ordainsaria) noiz eta nola aplikatu behar den ere dakarrena, eta halaber, neurriak Nafarroako zein enplegatu publikori eragiten dion eta zein dauden salbuetsita zehaztea (Estatuko arauan erabilitako erreferentzia kuantitatiboa jasotzen den ala ez irizpidetzat hartuta; gainera, posible da Nafarroako zerga errealitateari begira egokia ez izatea, xedea lansari baxuagoa duten langileak ez zergapetzea baldin bada). Horren ondorioz, artikulatutako neurria aztertu egin behar da Konstituzioaren testuinguruan egokitzeari dagokionez, lehenago aipatutako Foru Komunitatearen eskumenetan eraginik ez duela bermatzeko.
Esandako guztia dela medio, aztertu beharko litzateke Gabonetako aparteko ordainsaria jasotzea funtzionario publikoen funtsezko eskubide gisa hartzen den Estatuko oinarrizko legedian, Estatuak horren zehatz arautu (kentzea) eta Nafarroako funtzionario publikoei zuzenean aplikatzeko moduan. Une horretan, Estatuak har dezakeen neurri horrek Foru Komunitatearen eskumen esklusiboan eragina izango luke, eta horrek funtzionario publikoen estatutu erregimen osoa ezarri eta horiei kalte egingo lieke, nabarmen.
2012ko abenduko aparteko haborokina kentzea sektore publikoko lan kontratudun langileei
Nafarroako Arartekoak eskatzen du aztertu dadila ea lan-kontratudun langileei abenduko aparteko haborokina kentzea Konstituzioarekin bat datorren.
Gogorarazten du funtzionario publikoa izatea estatutu-harreman juridiko publiko batean oinarritzen dela eta harreman horren ondoriozko eskubideak eta betebeharrak legez ezartzen direla; beraz, legez alda daitezkeela Konstituzioak finkatzen dituen mugen barruan. Lan-kontratudun langileen harreman juridikoa, berriz, pribatua da, are herri administrazioen zerbitzuan ari direnena ere. Harreman horiek negoziazioen bidez ezartzen dira eta alderdietako batek (enpresaburuak) ezin ditu aldatu bere kabuz, ez zuzenean legeen bitartez, erabat eta berehalako ondorioekin, laneko legerian negoziaziorako ezarritako baliabideak alde batera utzita.
Lege Dekretuko 2.2 artikuluan xedatu da lan-kontratudun langileek ez dutela jasoko 2012. urteko Gabonetako aparteko haborokina, edo abenduko aparteko ordainsaria, eta murrizketa kopuru hori osatzen duten ordainsari-kontzeptu guztiei aplikatuko zaiela, kasu bakoitzean aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera.
Neurri hori Espainiako Gobernuak prestatu du eta berak aplikatuko du zuzenean, inolako bitartekorik gabe; hori argi eta garbi geratu da 2.2 artikuluko bigarren idatz-zatian, ezarri baitu neurria zuzenean aplikatuko dela 2012ko abenduko nominan. Izan ere, jarraian negoziazio kolektiboa aipatzen bada ere, ez du egiten neurria bera negoziatu daitekeela onartzeko, baizik eta adierazteko murrizketa jaso gabeko hainbat nominatan aplikatu daitekeela hainbanatuta.
Nafarroako Arartekoaren iritziz, aztertu behar litzateke ea Administrazioaren (enpresaburua) eta lan-kontratudun langileen arteko harreman juridikoa finkatzen duen lan-kontratua lege dekretu baten bidez zuzenean eta erabat aldatzea, alde batera utzita laneko legerian ezarritako mekanismo orokorrak, batez ere Langileen Estatutuko 41. artikuluan araututako negoziazioa (horren arabera ordainsarien sistema eta soldaten zenbatekoak aldatzea lan-baldintzen funtsezko aldaketa da, eta auzia konpontzeko alderdiei kontsultak egiteko eta onusteko negoziaziorako aukera eman behar zaie), Konstituzioko 35. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin bat datorren: artikulu horietan lanerako eskubidea finkatu da eta lan-negoziazioa eta hitzarmenen indar loteslea bermatu dira.
Nafarroako Arartekoak uste du Estatuak zerbitzu publikoan ari diren lan-kontratudun langileen soldata murrizteko eskumena erabiltzea erabakiz gero, kontuan eduki behar dituela Langileen Estatutuan lan-baldintzak funtsean aldatzeko ezarritako bideak (Konstituzioko 35.2 artikuluan aipatzen da Langileen Estatutua langileen eskubideen babesera eta bermerako ezarri dela).
Beraz, Errege Lege Dekretuko 2.2 artikuluak zuzenean eta erabat ezartzen badu soldata murrizketa bat eta ez badu aipatzen Langileen Estatutuan horretaz ezarritakoa, hau da, lan-baldintzak funtsean aldatzeko ezinbestekoa dela onusteko negoziazioa, Arartekoak galdetzen du ea langileen negoziazio kolektiborako eskubide konstituzionala eta Langileen Estatutuan horretaz ezarri dena errespetatzen den. Lege Dekretuan ez da ezarri Gobernuak Langileen Estatutuko 41. artikuluan ezarritako bidera joko duenik –nire ustez hala egin behar luke, baina– eta enpresa ordezkaritzaren bidez planteatu, negoziatu eta, bidezkoa bada, erabakiko duenik soldata murrizketa; aitzitik, zuzenean ezarri du murrizketa, inolako negoziaziorik gabe.
Nafarroako Arartekoak uste du Estatua ez dagoela salbuetsita Langileen Estatutuko 41. artikuluan ezarritako bidera jotzetik, eta uste du betebehar horretatik ez dutela askatzen ez uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoak, ez Enplegatu Publikoaren Estatutuko 32. eta 38.10 artikuluetan ezarritakoak, hiru arrazoi hauengatik:
Nafarroako Arartekoak ez du uste, ezta ere, lege dekretuaren isiltasunak Langileen Estatutuen 41. artikulua aplikatuz osa daitekeenik, 2. artikuluaren irakurketak argi uzten baitu lege dekretuak aldez aurretik erabaki duela, alde bakar gisa, eztabaidarik gabe eta baldintzarik gabe, langileei aparteko haborokina kentzea, eta hortaz, ez dago fede onez negoziatzeko aukera errealik.
Aparteko eta presazko beharrizanaren baldintza gaitzaileari buruz
Nafarroako Arartekoak eskatu du azter dadila ea 20/2012 Errege Lege Dekretuan betetzen denez Konstituzioan ezarritako aparteko eta presazko beharrizanaren baldintza gaitzailea funtzionarioen edo lan-kontratudun langileei aparteko ordainsaria edo haborokina ezartzeko azken bi neurrien kasuan (neurriok 2012ko abendutik aurrera aplikatzeko asmoa dago).
Gogora ekarri du Konstituzio Auzitegiak lege dekretuaren erabileraz finkatutako jurisprudentzia (esaterako, irailaren 14ko 137/2011 Epaia):
Adierazi dugu Konstituzioan soluzio malgua eta zehaztua hautatu dela lege dekretuaz: batetik, ez da erabat baztertzen, botereak zorrotz bereizita mantentzeko; bestetik, ez da ezarri aparteko kasuetan soilik erabil daitekeenik, hau da, guztiz beharrezkoa denean soilik. Horrela araugintzako tresna hau erabiltzea bidezkotzat jotzen da kasu hauetan: «inguruabar zailak edo aldez aurretik iragarri ezinezkoak direla eta, edo abagune ekonomikoak presaz jokatzea eskatzen duela eta, herrialdeko gobernuak ezarritako helburuak lortzeko ezinbestekoa denean berehalako araugintza» (Konstituzio Auzitegiaren 6/1983 Epaia, otsailaren 4koa [RTC 1983, 6] , F. 5). Beste modu batean esanda, presazko legegintza justifikatzen duen helburua ondoko egoerak onbideratzea da: «iragartzerik egon ez den inguruabarrak direla eta, legeak Parlamentuan ohiko bidetik zein presazko prozedurari helduta izapidetzeko behar izaten den baino aldi laburragoan onartu behar izatea Gobernuak bere helburuak bete ahal izateko (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 11/2002, urtarrilaren 17koa [ RTC 2002, 11] , F. 4; 137/2003, uztailaren 3koa [ RTC 2003, 137] , F. 3).
Ondorioz, Arartekoak onartzen du lege dekretua erabiltzea bidezkoa dela Konstituzioaren aldetik aparteko eta presazko beharrizana egonez gero eta, gainera –eta honek sortzen ditu zalantzak– Gobernuaren helburua ezin bada gauzatu ohiko legegintza-prozeduraren bitartez, honetan ere izapideak presaz egiteko aukera baitago.
Bila ibili arren, Nafarroako Arartekoak ez du aurkitu lege dekretuaren zioen azalpenean berariazko justifikaziorik araugintzako tresna hori erabiltzeko aurrean aipatutako neurriak onartzeko, kontuan edukita ez direla aplikatuko hainbat hilabete pasatu arte (2012ko abenduan) eta legegintzako presazko prozeduraren bitartez onartu zitezkeela, hau da, helburua, langileen gastua murriztea, berdin lortu zitekeela Diputatuen Kongresuak eta Senatuak parte hartuta. Nolanahi ere, norbaitek esan lezake aurrekontuen egonkortasunerako, hots, dekretuaren helburua lortzeko, neurriak noiz aplikatuko diren bezain garrantzitsua dela berehala txertatzea antolamendu juridikoan, zeharka ere eragina izan lezaketelako. Hala ere, esan bezala lege dekretuak legegintzako presazko prozeduraren bitartez onartu daitezke aplikatzen hasteko asmoa dagoen baino nahikoa lehenago, eta horregatik kasu honetan aztertu behar litzateke lege dekretua erabiltzea bat datorren Konstituzioak eta Konstituzio Auzitegiak finkatutakoarekin.
Mendekotasunaren sistemaren arautegiaz
Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak hainbat berrikuntza sartu ditu mendekotasunaren sistemaren arautegian.
Nafarroako Arartekoak eskatzen du aldaketa edo gehikuntza horietako batzuk aztertu daitezela Konstituzioarekin bat datozen argitzeko; izan ere, dekretu horren bidez Estatuak Nafarroako herritarren eskubideak ukitzen ditu, nahiz eta Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloko eskumen esklusiboak eduki, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44.17 artikuluan ezarri den bezala.
Adibidez, Lege Dekretuko 22.9 artikuluak 25 bis artikulua gehitu dio 39/2006 Legeari (abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa). Artikulu horretan prestazio ekonomikoen arteko bateraezintasuna arautu da, eta arautu ere hain zehatz eta xehe ezen prestazio horiek bateragarriak direnez ezarri baitu (mendekotasunaren prebentziorako zerbitzua, autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzua, telelaguntza zerbitzua, laguntza etxean emateko zerbitzua, eguneko eta gaueko zentroak).
Hori dela eta, Nafarroako Arartekoak eskatzen du aztertu dadila ea Estatuak gizarte zerbitzuen prestazioak eta haien arteko bateraezintasunak horrenbesteko xehetasunarekin arautzeko eskumena daukan. Izan ere, baliteke horretarako eskumena Nafarroako Foru Komunitateak soilik edukitzea, NFEBHLOko 44.17 artikuluaren arabera gizarte laguntzaren arloko eskumen esklusiboa dauka eta.
Halaber, Errege Dekretu Legeko 22.17 artikuluak Mendekotasunaren Legeko azken xedapenetako lehenengoa aldatu du, eta aztertu egin behar litzateke Estatuak eskumenik daukan guztiz xehatuta ezartzeko noiz sortzen den mendekotasunaren onarpenak berekin dakartzan prestazioak jasotzeko eskubidea. Kasu honetan ere, prestazioak gizarte laguntzakoak direnez, baliteke haien gaineko eskumen esklusiboa Nafarroako Foru Komunitateak edukitzea, halaxe ezarrita baitago NFEBHLOko 44.17 artikuluan.
Gainera, aztertu behar litzateke ea Estatua bere eskumenei lotu zaien lege dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian, etxeko zaintzarako prestazio ekonomikoak eta profesionalak ez diren zaintzaileentzako laguntzak, Mendekotasunaren Legeko 18. artikuluan ezarritakoak, arautu baititu: ez dira aplikatuko atzera-eraginkortasunarekin eta etendura ekar lezaketen epeak ezarri dira. Prestazio horiek ere gizarte laguntzakoak dira, eta beraz baliteke horretarako eskumen esklusiboa Nafarroako Foru Komunitateak edukitzea, abuztuaren 10eko Lege Organikoko 44.17 artikuluan ezarri den bezala, ez Estatuak.
Arrazoi beraiengatik ondokoetan ezarritakoa ere aztertu behar litzateke: Lege Dekretuko bederatzigarren, hamargarren eta hamabigarren xedapen iragankorrak eta azken xedapenetako lehena. Bederatzigarren xedapenean arautu da nola jokatu behar den Lege Dekretua indarrean jartzean ebatzi gabe dauden mendekotasuna onartzeko eskaerekin. Hamargarren xedapenean etxeko zaintzarako prestazioaren, laguntza pertsonalerako prestazioaren eta zerbitzuari lotutako prestazioaren gehieneko zenbatekoak finkatu dira. Hamabigarren xedapenean mendekotasun-gradu bakoitzari dagokion zerbitzu-babesaren intentsitatea (orduak hilean) finkatu da. Azken xedapenetako lehenengoak maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuko seigarren xedapen gehigarria aldatu du abenduaren 39/2006 Legean ezarritako prestazio ekonomikoen gerorapenei eta atzera-eraginkortasunaren ondoriozko ordainketak egiteko aldiei dagokienean.
Nafarroako Arartekoaren ustez, Estatuak prestazio hauek horren zehatz arautzea (ondorioak, epeak, zenbatekoak, intentsitateak hileko ordutan, gerorapenak edo ordainketa-aldiak…), Nafarroako Foru Komunitateko legeria baztertuta, Komunitateak NFEBHLOko 44.17 artikuluaren arabera arlo honetan daukan legegintzako eskumena urratzea izan liteke, berari baitagokio gai zehatz horiek arautzea.
Nafarroako Arartekoak azpimarratu nahi du azterketa-eskaera hau ez duela eragin Nafarroaren eta Estatuaren arteko eskumen-auzi batek; aitzitik, funts hori baino zabalagoa da: Estatuak herritarren gizarte zerbitzuak murriztu ditu eta horretarako eskumenik daukan edo ez argitu behar da. Ez badauka, Estatua herritarren bidezko eskubideak eta interesak urratzen ari da eta botere eta erakunde publiko egokiek eskubideok eta interesok babestu behar dituzte.
Laburbilduta, Nafarroako Arartekoak, bere egitekoetan ari dela, erabaki du Espainiako Arartekoari eskatu behar diola kontu hau aztertzeko, gerta bailiteke Estatuak aplikatu nahi dituen neurriek herritarren bidezko eskubideak eta interesak narriatzea, kasu batzuetan zergadunenak, beste batzuetan funtzionario publikoenak, beste batzuetan sektore publikoko langileenak, eta beste batzuetan mendekotasunean dauden pertsonenak, bai bere eskumeneko gai bat zuzenean araututa (BEZ), bai lege dekretu baten bidez, bai beste erakunde batzuen eskumenen berri ez edukitzeagatik (Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan sektore publikoko langileen eta mendekotasunean dauden pertsonen eskubideak eta interesak).
Partekatu edukia