Partekatu edukia
Ilundaingo (Arangurengo Harana) zentroan Fundazioko arduradunekin egindako bilera Patxi Vera Nafarroako Hirugarren Sektoreko erakundeekin kolektibo behartsuenen premiak ezagutzeko egiten ari den kontaktu-errondan kokatzen da.
Ilundain Haritz Berri Fundazioa irabazi-asmorik gabeko gizarte entitate bat da. 1984tik zaurgarritasun egoeran dauden gazteak laguntzen ditu, gizarteratzeko, laneratzeko eta komunitatean txertatzeko aukerak eskainiz. Horretarako, hainbat prestakuntzako, laneratu aurreko, egoitzako, inklusioko eta bestelako programa garatzen ditu, pertsona horiek gaitzeko eta haien egoera hobetzeko.
Fundazioaren arduradunek bileran azaldu zutenez, entitatea profesionalizatu egin da eta gaur egun 300 langile inguru ditu. Horien artean daude hezitzaileak, gizarte-langileak, psikologoak, pedagogoak eta kultur-bitartekariaren figura.
2019ko apirilean, Ilundain lehen gizarte entitatea izan zen Bigarren Aukerako Eskola Elkartearen barruan. Bigarren Aukerako Eskola horiek, hainbat hezkuntza-programa, lan-aurreko programa eta inklusio-programaren bidez, ibilbide pertsonalizatu bat proposatzen dute, gizabanakoarenganako konfiantzan oinarritua, gazteak hezkuntza-sistema arautura itzul daitezen edo lan-ibilbidea has dezaten.
Asteleheneko bileran, Ilundain Haritz Berri Fundazioaren izenean, Manolo Sanz presidenteak, Patxi San Martín zuzendari kudeatzaileak eta Miguel Pérez Lan-Orientabideren arduradunak, Ángel Pardo Bigarren Aukerako Eskolako arduradunak eta Alfonso Fernández Babes Sistemaren arduradunak parte hartu zuten. Instituzioaren aldetik, Arartekoa, Patxi Vera, kabineteburua, Susana Galilea, eta aholkulari juridikoa, Inés Monreal izan ziren.
Partekatu edukia