Egun on denoi:
Lehenik, eskerrak eman nahi dizkizuet hemen egoteagatik, eta, batez ere, gai bakarreko txosten hau azaltzeko agerraldi eskaerari hain azkar erantzuteagatik.
Dakizuen bezala, Nafarroako Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaidan, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak 2008ko azaroaren 7an, honakoa erabaki zuen: “Nafarroako Arartekoari eskatzea txosten bat egin eta aurkez dezan, eta, bertan, lege- edo erregelamendu-aldaketak proposa ditzan, bere eskumenak guztiz garatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek adingabeak babestearen alorrean egiten dituzten politikak hobeki kontrolatze aldera”.
Ebazpen horretatik heldu da txosten hau, eta haren bidez Osoko Bilkuraren aipatu agindua bete nahi dugu.
Orain laburbilduko dizuedan txostenak dioen bezala, antolamendu juridiko indardunak ez ditu zehaztasunez biltzen Nafarroako Arartekoak adingabeak babestearen arloan izan ditzakeen eskumenak eta ahalmenak.bete Alde batetik, Nafarroako Arartekoaren erakundea arautzen duen 4/2000 Foru Legeak haren eginkizunak modu orokorrean jasotzen ditu, eta ez arloz arlo. Bestalde, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak, 14. artikuluan Nafarroako Arartekoa Nafarroako adingabeen ararteko gisa jasotzen du, eta ez dio inongo eginkizun berariazkorik ematen, jada erakundea arautzen duen legean jasota ez dagoena.
Bestalde, txostenak Nafarroako Parlamentuak adierazitako borondateari erantzun nahi dio, honakoa adierazi baitzuen hitzez hitz: Nafarroako Arartekoak adingabeen arloan dauzkan “eskumenak guztiz garatu eta zabal daitezen”.
Txostenaren amaieran eranskin bat dago, lege-testuaren taxuera duena. Lanerako dokumentu bat baizik ez da, erakundeak txosten hau egiteko erabili duena. Adingabeen babesari dagozkion eginkizunak ere hartze aldera, Nafarroako Arartekoaren eginkizunak zabaltzeko arauak izan beharko lukeen edukia –ahal den zabalena– jasotzen da bertan. Berriz nabarmendu nahi dut, nahasbiderik ez sortzeko, parlamentarien lana errazteko zirriborro bat baizik ez dela, eta parlamentariek –esateko beharrik ere ez dago– askatasun osoa dutela hura erabiltzeko edo ez erabiltzeko, eta kasua bada, bertan bidezkotzat jotzen dituzten aldaketak egiteko.
Txostenaren funtsezko edukiari ekinen diot orain, eta deigarrien gerta daitezkeen ekarpenak edo ondorioak azaldu nahi ditut:
Lehenengoa.
Maila formaleko gogoeta bat da. Ez du zalantzazkoa ematen, bai erakundearen parlamentu-jatorriarengatik, bai lege-erreserbaren printzipiotik eratorritako betebeharrengatik ere, Arartekoak adingabeen arloan izanen dituen eginkizunak aldatzeko eta zabaltzeko arauak foru legearen maila eduki behar duela.
Bigarrena.
Aurreko gogoeta abiapuntu hartuta, foru lege bat egiteko balizko hiru aukera aztertu ziren:
- Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea aldatzea, eta bertan beste agindu bat sartzea, bertan adingabeen babesaren arloko eginkizunak jasotzeko.
- Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko 15/2005 Foru Legea aldatzea, bereziki 14.3 artikulua, zeinak azpimarratzen baitu Nafarroako Arartekoak adingabeen eskubideak zaintzeko duen eginkizuna.
- Foru lege bat onestea, berariaz arautuko duena Nafarroako Arartekoaren eginkizunak zabaltzea, Nafarroako Adingabearen Arartekoa ere izan dadin, lehendik dauden arauak funtsean aldatzeko beharrik izan gabe.
Erakunde honen iritziz, aurkezturiko hiru aukerak teknika juridikoaren ikuspuntutik zuzenak diren arren, azkena da gomendagarriena. Bestalde, ez du egokia ematen 4/2000 Foru Legea aldatzea, lege orokorra baita, eta bertan sartzea esparru sektorial jakin bati dagozkion arauak; izan ere, esparru hori oso garrantzitsua izanik ere, erakundeak jarduteko dauzkan esparruetan beste bat baizik ez baita.
Ez zitzaigun egokia iruditu, ezta ere, arau berria 15/2005 Foru Legearen 14. artikuluaren edukian txertatzea. Izan ere, lege horrek adingabeen estatutu juridikoaren zenbait alderdi arautzen ditu, baina ez hainbeste eskubideen bermerako bide instituzionalak, Nafarroako Arartekoa berariaz aipatzen duen arren.
Bai iruditzen zaigu egokiagoa, ordea, 4/2000 Foru Legearen izate orokorrari eustea, eta Parlamentuaren borondateari jarraituz, Nafarroako Arartekoaren figura nabarmentzea, Adingabearen Arartekoa ere izan dadin, horretarako foru lege berezi bat onetsita.
Gisa horretara, foru lege berriaren abiapuntua izanen litzateke Nafarroako Arartekoaren erakundeari berariaz ematea “Nafarroako Adingabearen Arartekoaren” izaera, haurren eta nerabeen eskubideak defenda ditzan eta haietaz hobeki baliatzeko bideak jar ditzan, betiere gaur arloari buruz dauzkan eginkizunak zabalduta.
Hirugarrena.
Foru legearen berritasunetako bat jarduera-esparrua da; izan ere, ez litzateke mugatuko Nafarroako administrazio publikoen jarduera eta haiek zaindutako zerbitzu publikoak ikuskatzera. Izan ere, Madrilgo Adingabearen Arartekoaren kasuan edo Unión, Progreso y Democracia parlamentu-taldeak Gorte Orokorretan aurkeztutako Adingabearen Arartekoaren Lege Organikorako proposamenean jasotako Adingabearen Arartekoaren kasuan bezala, Nafarroako Arartekoak bere eginkizun bermatzailea “haurren eta nerabeen arloan zerbitzuak ematen dituzten entitate pribatuetara” ere hedatuko luke.
Funtsezko berritasun bat da hori proposatzen den araugintzako aldaketan, zeren eta gaitasuna emanen balioke erakundeari ikuskatzeko eta kontrolatzeko –organo exekutibo bat balitz bezala– adingabeen eskubideak urra ditzaketen edozein pertsona edo entitateren jarduera publiko edo pribatu guztiak, ez soilik administrazio publikoen edo zerbitzu publikoen emakida-hartzaileak edo kontratistak direnen jarduerak. Nafarroako Arartekoa, hartara, Nafarroako Parlamentuak sortutako erakunde publiko bat izanen da, ekimen pribatuaren gaineko polizia, ikuskapen eta kontrol ahalmen orokorrak edukiko dituena, gaur egun jarduera publikoa kontrolatzeko duen parlamentu-ikuskapeneko eginkizun orokorraz harantzago.
Laugarrena.
Ondoren aipatzen ditugun eginkizunak jada Adingabearen Arartekoak bete ditzakeenak dira, xehetasun gehiagorekin edo gutxiagorekin, Nafarroako administrazio publikoen eta administrazioaren zaintzapekoak diren zerbitzuen ikuskapenari dagokionez, Arartekoari buruzko Foru Legetik edo 14/2005 Foru Legetik ondorioztatzen denari jarraituz:
- Egokitzat jotzen dituen ikerketa guztiak egitea eta bere kabuz nahiz alde batek eskatuta –kexa bat aurkeztuz– jardutea haurren eta nerabeen eskubideak arriskuan, mehatxatuta edo urratuta dauden egoeretan.
- Haurrentzako eta nerabeentzako zerbitzu publiko eta pribatuak hobetzera eta modernizatzera bideratutako neurriak proposatzea.
Deigarri gerta daiteke zerbitzu pribatuei buruzko proposamenak egitearena. Baina ez da gauza berria. Ez dugu ahaztu behar horien kontrola botere publikoei dagokiela, zeren eta horrela ezarrita baitago Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean eta Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko Foru Legean. Horrenbestez, Nafarroako Arartekoak gaur egun hobekuntzak proposa ditzake zerbitzu publikoen arloan eta zerbitzu pribatuen arloan, haien jarduerak adingabeen eskubideetan eragina dutenean. Hobekuntza horien xedea izanen da adingabeak hobeki babestea eta eginkizun hori administrazio eskudunaren bitartez gauzatzea. - Presako izaeraz edo berehala salaketa aurkeztea Ministerio Fiskalean, atzematen denean egitate batzuetan adingabe bat delitu nahiz hutsegite baten biktima izan dela.
- Presako izaeraz edo berehala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunari jakinaraztea adingabe bat arau-hauste administratibo baten biktima dela edo izan daitekeela uste denean.
- Adingabeen eskubideak ezagut eta zabal daitezen sustatzea, eta haurren eta nerabeen eskubideei buruzko zabalkundeko eta sentsibilizazioko kanpainak egitea.
- Gatazka batek ukitutako aldeen arteko bitartekaritza edo arbitraje eginkizunak betetzea, gutxienez ere alde horietako bat adingabe bat denean, betiere aldeek eskatuta eta onartuta.
Bitartekaritza eginkizuna ere ez da arrotza erakunde honetarako. Izan ere, axaletik bada ere, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko Foru Legeko 17 c) artikuluan jasota ageri da. Erakundearen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduan aipamen zehatzagoak daude. Aurreikuspenaren arabera, bitartekaritza- edo arbitro-eginkizuna hemen aztertzen ari garen esparru materialean sartuko litzateke, eta aukera emanen luke gatazkei arlo judizialaz kanpoko konponbidea emateko, hain zuzen ere gatazka horiek kroniko bihur daitezen saihestuz. Bitartekaritza-erakunde batean nabarmena eta berezkoa den bezala, beharrezkoa da ukituriko aldeek bitartekaritza horri baiezkoa ematea. - Nafarroako administrazio publikoetako organo eskudunei eskatzea haurren eta nerabeen arloko babes-legediarekin loturiko arloetan jardun dezaten. Zehazki, Arartekoak zainduko du modu eragingarrian bete ditzaten Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean aurreikusitako programak eta jarduerak.Transkribatu berri dugun atal hori ez da kontu berria, zeren eta jada Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko Foru Legean aurreikusitako bi eginkizun jasotzen baititu [14. artikulua, b) eta d) letrak].
- Era guztietako azterlanak eta ikerlanak egitea haurren eta nerabeen arazoak eta eskubideak hobeki ezagutzeko. Horretarako, Nafarroako Arartekoak hitzarmenak egin ahalko ditu entitate publiko eta pribatuekin.
- Nafarroako haurren eta nerabeen egoera baloratzea urtero Nafarroako Parlamentuan aurkezten duen txostenean.
Bosgarrena.
Egungo markoaren aldean berritasun bat diren eginkizunen artean, ondoren aipatuko ditugunak daude. Izan ere, haiek zehaztea, azken batean, Nafarroako Parlamentuak, bere irizpide egokiaren bitartez, hartzen duen erabakiaren baitan egonen da. Eginkizun horiek hemen agertzearekin, haiek islatu beste helbururik ez dugu; izan ere, gure asmoa ez da inolaz ere haiek beharrezkotzat edo ezinbestekotzat aldarrikatzea. Nafarroako Parlamentuak zuzenketak aurkezteko epean edo eginkizun horiei eusteko, haiek aldatzeko edo haiek kentzeko hartzen duen edozein erabaki egokia izanen da zuzentzeko ohorea dudan erakundearen ikuspuntutik.
- Adingabeei buruz Nafarroako Gobernuak –legegintzako nahiz araugintzako ahalmenaz baliatu nahi denean– eskatzen dizkion txostenak egitea. Txosten horiek aginduzkoak izanen dira, baina ez lotesleak, eta eskatzen direnetik hogei eguneko epean eginen dira, beranduenez.
Horrekin proposatzen duguna da Nafarroako Gobernua adingabearen arloko arauak emateko eginkizunaz baliatzen denean, dela foru lege proiektuak eginez, dela erregelamendu mailako arauak emanez, aginduzkoa izatea Nafarroako Arartekoak aholku emateko esku hartzea. Esku-hartze hori txosten baten bidez gauzatuko da. Izan ere, txostenean baloratuko da ea izapidetzen ari den arauak adingabeen eskubideak errespetatzen dituen; eta hala baldin bada, egokitzat jotzen diren gomendioak eta iradokizunak jasoko ditu. Nafarroako Arartekoaren txostena aginduzkoa izanen da, hau da, nahitaez eman beharko du, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuak eskatu egin beharko dio. Hala eta guztiz ere, txostena ez da loteslea izanen, eta Arartekoaren jardueraren ezaugarri den iradokizunaren eta gomendioaren izaera edukiko du. Horrenbestez, txostenaren aginduzko izaera haurren eta nerabeen eskubideetarako bermea izanen da, baina, aldi berean, gorde eginen da botere exekutiboak legegintzako ekimenaz eta arauak emateko ahalmenaz baliatzeko eduki behar duen autonomia. - Adingabeei jarduera nagusi gisa nahiz jarduera osagarri gisa, modu iraunkorrean nahiz aldian behingoan, zerbitzua ematen dieten pertsona fisikoen, entitateen, enpresen, elkarteen, fundazioen edo beste edozein pertsona juridikoren, publikoren edo pribaturen jarduera ikuskatzea. Ikuskapen jarduera hori zabalduko da bai ekintzetara, bai ekintza horien ez-egiteetara ere.
- Ikuskapena egiten ari denean, atzematen bada delitu edo arau-hauste administratiboren bat gertatu dela, Ministerio Fiskalari edo administrazio publiko eskudunari jakinaraziko dio, behar den zigor prozedura edo zehapen prozedura abiaraz dezan.
- Nafarroako Arartekoak edo haren aholku-langileek egiaztatutako egintzek, legeak eskatzen dituen betekizun guztiak eginda agiri publikoen bidez aurkezten badira, frogen balioa izanen dute; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen interesdunek beren eskubideen edo interesen alde frogak izendatzeko edo aurkezteko.
Helburua da ikuskapen eginkizunez baliatzen diren eta agintari publikoen izaera duten langileek egindako dokumentuen froga-balioari buruz lege orokorretan jasotakoa hemen ere jasotzea (besteak beste, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeko 137.2 artikulua edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 69.3 artikulua). Errugabetasunaren presuntzioari buruzko printzipioa ez da zalantzan jartzen, zeren eta onartzen baita interesdunek beren eskubideetarako egokitzat jotzen dituzten frogak aurkeztu edo proposatu ahalko dituztela. - Adingabeekin eta nerabeekin harremana duten administrazioei, agintariei, Administrazioaren zerbitzuko langileei eta entitate publiko eta pribatuei gomendioak, ohartarazpenak, iradokizunak eta legezko betebeharren gogorarazpenak egitea. Ahalmena izanen du, halaber, eskatzeko erabilitako prozedurak eta jardute-irizpideak aldaraz daitezen, neurriak har daitezen eta bestelako urrats batzuk egin daitezen.
Gomendioak, ohartarazpenak, iradokizunak eta legezko betebeharren gogorarazpenak egitea dira Nafarroako Arartekoaren adierazpide naturala, izan ere izen horiek baitituzte haren ebazpenek (uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikulua). Oraingoan, ordea, berritasuna da horiek administrazio publikoari ez ezik, adingabeen arloan lan egiten duten edo erantzukizunak dituzten beste edozein entitateri, pribatuei ere, zuzentzen ahal dizkiola. - Adingabeen eskubideak babesteko arau-mailako aldaketak egin daitezen iradokitzea, eta izapidetzen ari diren legegintza-ekimenetan xede horretarako proposamenak egitea, kasuko parlamentu-batzordeak haiei buruzko irizpena eman aurretik.
Aipatutako aginduzko txostena emateaz gainera, Nafarroako Gobernuak legegintza prozedurari hasiera ematen dion kasuetarako edo araugintza-ahalmenaz baliatzen denerako, egokia izan daiteke Nafarroako Arartekoari aitortzea antolamendu juridikoan berrikuntzak egin daitezen iradokitzeko aukera izatea, hartan atzeman ditzakeen balizko gabezien aurka erreakzionatzeko, betiere adingabeen eskubideak babeste aldera. Kontuan hartu behar da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 16.c) artikuluak ahalmena ematen diola Arartekoari legediaren gabeziak adierazteko eta behar diren gomendioak egiteko, zerbitzu publikoei behar den objektibotasuna eta eraginkortasuna emate aldera, betiere herritarren eskubideak bermatzeko.
Adingabeen eskubideak defendatzearen xede berarekin, arauetan aldaketak egin daitezen iradokitzeaz gainera, desiragarria litzateke aurreikustea aukera bat Arartekoak, Parlamentuaren goi ordezkaria den aldetik, proposamenak egin ahal izan ditzan Nafarroako Parlamentuan izapidetzen ari diren legegintza-ekimenei buruz, betiere testua Osoko Bilkuran eztabaidatu aurretik kasuko parlamentu-batzordeak eman behar duen irizpena amaitutzat eman baino lehen. - Beharrezkoa bada, antolamendu jurisdikzional eskudunaren aurrean, behar diren errekurtsoak eta ekintzak aurkeztea, adingabeen eskubide eta interes legitimoak defendatzeko, bai kasu partikularretan, bai xedapen eta ebazpen administratiboek haiek kaltetu dituztenean ere.
Horixe da, zalantzarik gabe, aldaketaren berritasun adierazgarrienetako bat, eta, agian, eztabaidagarrienetako bat ere bai. Hori dela eta, puntu honetan, nahitaez arreta-dei bat egin beharrean gaude. Antolamendu indardunak ez dio berariaz Nafarroako Arartekoari auzibideetarako legitimaziorik aitortzen (ezta Gorte Orokorrek edo haren antzeko erakunde autonomikoek izendatutako arartekoei ere). Hori dela eta, pertsona baten –adingabea, kasu honetan– eskubide bat larriki urratu dela egiaztatzen den kasuetan, gomendioak edo iradokizunak egin beste biderik ez du. Horiek, jakina den bezala, indar exekutiborik ez dute. Aintzat hartzen ez badira, Arartekoak ez-betetzea Nafarroako Parlamentuan salatuko du, kasua urteko txostenean sartuz; hala eta guztiz ere, ez du inolako ahalmenik izanen Administrazioaren ekintza bide judizialean aurkatzeko, nahiz eta hori izan eskubideen berme naturalerako edo arrunterako bidea.
Muga hori egiaztatuta, proposatzen dugu Nafarroako Arartekoari legitimazioa ematea maila jurisdikzional eskudunean adingabeen eskubide eta interes legitimoak defendatzeko behar diren errekurtsoak eta ekintzak aurkezteko. Jakina da adingabeek, askotan, zaurgarritasuneko egoera penagarrian egon daitezkeela. Horren xedea da adingabe horiek babestea bai kasu partikularretan, bai administrazio publikoen jardunak haien eskubideak kaltetzen dituenean ere, dela ekintza administratiboen bidez, dela xedapen orokorren bidez.
Hori eginez gero, Nafarroako Arartekoa “adingabeen abokatua” ere izanen da, eta abokatu pribilegiatua, gainera, zeren eta giza baliabideak eta baliabide materialak izanen bailituzke Konstituzio Auzitegiak edo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak oinarrizko eskubideen babesari buruz finkatu dituen jurisprudentziak praktikara eramateko.
Are gehiago, inolako oztoporik ez badago administrazio-legeek legitimazioa gehiago heda dezaten hain zuzen ere administrazioen ekintzak aurkatu ahal izateko, halako punturaino non ekintza publikoa ezartzen baita arlo batzuetan –esate baterako, hirigintzakoetan edo ingurumenekoetan– eta bizilagunen ekintza, berriz, toki entitateen ondasunak babestearen arloan, ez luke inolako oztoporik egon behar Nafarroako Arartekoari adingabeen eskubideak zaintzearekin lotutako guztian legitimazioa emateko.
Hala eta guztiz ere, ohartarazi den bezala, argi daukagu konstituzionaltasunari buruzko arrazoizko zalantzak eduki daitezkeela eskumen hori foru lege baten bidez aitortzea dela eta, eta ez Estatuko lege batez. Espainiako Konstituzioaren 149.1.6.a artikuluak Estatuari aitortzen dio legedi prozesalen arloko eskumen osoa; horrenbestez, uler daiteke Estatuko lege bat beharko litzatekeela Nafarroako Arartekoari bide judizialean jarduteko ahalmena aitortzeko. Baina, bestalde, jakin beharra dago Konstituzioaren agindu horren muga “Autonomia erkidegoetako funtsezko zuzenbidearen berezitasunetatik heldu diren berezitasunak izanen direla”. Hori dela eta, ez da arrazoigabea adingabeen konstituzio-eskubidea bermatu behar dituen erakunde batek berezitasun prozesal hori edukitzea, alegia, legitimazioa izatea organo judizialetan errekurtsoak aurkezteko eta ekintzak gauzatzeko. - Administrazio publiko eskuduna premiatzea bere kabuz ondare-erantzukizunari buruzko ofizio bat abiatzeko, atzematen duenean adingabe baten edo batzuen eskubideak urratu direla zerbitzu publiko baten funtzionamenduaren ondorioz, eta jasan duten kaltea, lege indardunen arabera, kalte-ordaina jasotzeko modukoa dela.
Orain aipatzen dugun eginkizunak lotura du Konstituzioaren 106.2 artikuluan ezarritakoarekin. Izan ere, hartan aitortzen da partikularrek eskubidea dutela kalte-ordainak jasotzeko beren ondasun eta eskubideetan jasandako kalteengatik, salbu eta arrazoi nagusiren bat dagoenean, betiere eskubideen urratzea zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioa denean. Hori guztia suposaturik eta ikusita Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuna aitortzeko prozedura Administrazioak bere kabuz edo interesdunaren erreklamazio baten bidez abiaraz daitekeela, bidezkoa da Arartekoari gaikuntza ematea adingabe baten eskubideak urratu direnean Administrazioa premia dezan, hertsapen indarrez, kalte-ordainetarako kasuko espedientea irekitzeko.
Seigarrena.
Esleitutako eginkizunak aurrera eramateko ekintzak edo bitartekoak.
Logikoa den bezala, adingabeen arloan esleituriko eginkizun edo eskumenak eraginkortasunez gauzatzeko, Arartekoak zenbait ekintza aurrera eramateko gaikuntza eduki beharko du. Ekintza horietatik gehienetan, izan ere, Arartekoaren gainbegiratze eta ikuskapen boterearen menpe dauden entitateen aurka jo beharko da. Atal honetan, araua onetsiko balitz kontuan hartu beharreko alderdi batzuk agertzen ditugu:
- Haurrei edo nerabeei laguntza edo zerbitzu motaren bat ematen dieten Nafarroako administrazio publikoen eta entitate publiko nahiz pribatuen zerbitzuak eta egoitzak ikuskatzea.
Aipatzeko moduko berritasun gisa, azpimarratu beharra dago ikuskatzeko ahalmena ez dagokiola soilik Administrazio Publikoaren edo publikotzat jotzen diren zerbitzuen jardunari (uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean jasotako araupetze orokorrean gertatzen den bezala). Aitzitik, zabaldu beharra dago haurrei edo nerabeei edozein laguntza edo zerbitzu ematen dieten pertsona publiko nahiz pribatuei. Horren bidez, Nafarroako Arartekoak eginkizun exekutiboak hartuko ditu bere gain. - Elkarrizketak egitea haurrei edo nerabeei laguntza edo zerbitzuak ematen dizkieten entitate publiko nahiz pribatuetako langileei, edo zitazio bidez haien agerraldia eskatzea.
Aurrekoarekin hertsiki lotuta dagoen ekintza bat da. Gainbegiratzeko eginkizunaz baliatzeko, stricto sensu harturiko ikuskapen ekintzez gainera, komenigarri gerta daiteke elkarrizketa pertsonalak izatea adingabeei zerbitzuak ematen dizkieten entitateetako arduradunekin. Are gehiago, inguruabarrengatik gomendagarria bada, bidezkoa den zitazioaren bitartez, Nafarroako Arartekoak bere aurrean ager daitezen hitzordua eman ahalko die, haiengandik behar duen informazioa jasotzeko. - Aipaturiko administrazio edo entitateei txostenak eskatzea eta espedienteak eta dokumentazioa erreklamatzea. Inoiz ere ezin izanen da alegatu datu pertsonalen babesari buruzko legedia nahiz beste edozein, Nafarroako Arartekoak, bere eginkizunetan diharduela, eskatutakoei ezezkoa emateko.
Komenigarri gerta daiteke, okerrak izanda ere antolamenduari buruz egin izan diren interpretazioak saihesteko, nabarmentzea ez dela bidezkoa bere ikerketak egiten ari denean Nafarroako Arartekoak eskatutako informazioa edo dokumentazioa emateari ezezkoa ematea. Berariaz jaso behar da ezinezkoa dela adingabearen arloan lan egiten duten administrazio publikoek edo gainerako entitateek beren burua ezkutatzea datu pertsonalen babesari buruzko legeetan nahiz bestelako legeren batean.
Lege horiek, izan ere, jasotako datuei buruzko sekretua gordetzeko betebeharra ezartzen dute, eta, arau gisa, haiek hirugarrenei komunikatzea eragozten du. Ulertu behar da komunikatzeko debeku hori ez dela aplikatu behar informazioa eskatzen duena Parlamentuaren goi-ordezkaria den kasuetan, zeinak, hain zuzen ere, herritarren eskubideak eta askatasuna babesteko eginkizuna baitu, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 11.2.d) artikulutik eta bosgarren xedapen gehigarritik ondoriozta daitekeen bezala; izan ere, horietan, berariaz aitortzen baita hori. - Administrazioekin eta entitate publiko eta pribatuekin lankidetza hitzarmenak egitea, edo haiekin hitzarmenak sustatzea, delituen edo arau-hauste administratiboen biktima izan diren adingabeek behar duten laguntza doan jaso dezaten, eta presako izaeraz, beharrezkoa bada. Laguntza hori psikologikoa, osasun arlokoa, hezkuntzakoa, soziala, juridikoa nahiz bestelakoa izan ahalko da.
Beren eskubideen urratzea pairatu duten adingabeek era askotako laguntza beharko dute, diziplina anitzekoa, pairatutako kalteak arintzeko. Laguntza hori errazte aldera, eta hain zuzen ere laguntza hori modu koordinatuan eman dadin, Nafarroako Arartekoak lankidetza-hitzarmenak sinatu ahalko ditu administrazio publikoekin edo entitate pribatuekin, eskubideen urratzea pairatzen duten adingabeen babes integrala bermatzeko. - Haurren eta nerabeen arloko iradokizunak eta, bereziki, adingabeek berek egindakoak, jasotzeko prozedura bat ezartzea eta hura erraztea.
Ez da, horrenbeste, ekintza erreaktibo bat, baizik eta adingabeei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzekoa. Haurren eta nerabeen arloko iradokizunak jasotzeko mekanismo bat ezartzeak, hasiera batean, balioko luke herritarrek interes publikoko gaietan parte hartzeko, eta, bereziki erraztuko luke zuzenean ukitutako pertsonek, adingabeek berek, eginiko proposamenak bideratzea. - Agintari eta entitate publiko nahiz pribatuak premiatzea antolamendu juridikoak adingabeei aitortzen dizkien eskubideak urra ditzaketen ekintzak eta jokabideak berehala bertan behera utz ditzaten.
Eskubide bat urratu dela atzemanda, antolamenduak eskatzen du arau-haustearen ondorioak ahal den guztian gutxitzea. Hori dela eta, kautelazko neurri gisa eta zaintza judizial efektiborako eskubidearen agerkari gisa, ekintzen eta jokabideen ondorioak bertan behera uztea aurreikusten da.
Arartekoaren eginkizuna bertan behera uzte hori premiatzera mugatzen da, eta ez ezartzera. Aztergai dugun arloko kontrola administrazio publikoen aurrean nahiz entitate pribatuen jarduera batzuen aurrean gauzatuko denez, batzuei nahiz besteei zuzendu ahalko zaie, bidezkoa denaren arabera. - Foruzaingoaren eta Nafarroako gainerako polizia-kidegoen lehentasunezko eta presazko laguntza eskatzea, eginkizunak hobeki bete ahal izateko eta adingabeen eskubideak eta interes legitimoak hobeki defendatzeko.
Litekeena da zenbait gatazka kasutan, adingabeen eskubideak eraginkortasun handiagoz babesteko, Arartekoak segurtasun indar eta kidegoen laguntza eskatu nahi izatea. Horrenbestez, proposatzen dugu legearen testuan sartzea Foruzaingoaren eta Nafarroako beste polizia-erkidegoen laguntza eskatzeko ahalmen hori, lehentasunez eta presaz, betiere ohiko bideen eta kasuko agintari administratiboaren bitartez. Kontua ez da polizia judizial bat edo agintaritza paralelo bat sortzea. - Bere kabuz edo aholkularitzarako langileen bitartez, idatziz besteko zuzeneko kudeaketak egitea, adingabearen egoeraren larritasunak hala eskatzen duenean, betiere espedientean egindako kudeaketak berariaz jasota.
Aipagai dugun arlo materialean, batzuetan, egoeraren larritasunarengatik edo premiarengatik, beharrezko gerta daiteke berehala esku hartzea. Halakoetan, egoeraren larritasunak hala eskatzen duenean, gaur egun Arartekoak egin dezakeen zerbait hobeki zehaztu nahi dugu, beharrezkotzat jotzen baitugu hura nabarmentzea: Arartekoak, edo hark aginduta bere aholku-langileek, aukera izatea zuzenean eta idatziz besteko modu batez jokatzeko, ezertan kendu gabe egindakoa gero kasuko espedientean jaso behar izatea. Konponbide hori ez da arrotza antolamendu juridikoan, zeinak zuzeneko jarduerak eta inolako formaltasunik bete behar ez dutenak aurreikusten baititu presa edo larritasun egoeretan.
Zazpigarrena.
Administrazio publikoek eta adingabeei laguntza eta zerbitzua ematen dieten gainerako entitateek laguntza emateko betebeharra dela eta, planteatu behar dugu beharrezkoa den beste arau-hauste bat ezartzea betebehar hori betetzen ez dutenentzat Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legean. Izan ere, haren 99. artikuluan arau-hauste larriak ezartzen dira, eta haien artean honakoa ere egon liteke: “Nafarroako Arartekoak adingabeen babesaren arloan egiten dituen ikerketak eta jarduerak oztopatzea. Zehapen prozedura Nafarroako Arartekoaren ekimenez izapidetuko da eta zehapena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kasuko departamentuaren eskumena izanen da. Hori guztia ezertan kendu gabe arau-hausleari zigor arloan eska lekizkiokeen erantzukizunak”.
Arau-hauste horren tipifikazioaren arrazoia erraz ulertzeko modukoa da. Legegileak ezarri baldin badu arlo material horretan diharduten entitateek Nafarroako Arartekoarekin lankidetzan jarduteko betebeharra dutela, Arartekoa haurren eta nerabeen eskubideak zaintzeko eginkizunaz baliatzen ari denean, zigortu egin beharko da erakundearen ikuskapen-jarduera oztopatu eta betebehar hori betetzen ez duena. Kontuan hartuta zehapen ahalmena administratiboa dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kasuko departamentua izanen da ahalmen horretaz baliatu beharko duena, betiere Nafarroako Arartekoaren ekimenez.
Zortzigarrena.
Erakundea arautzen duen foru legearekin koherentea izatea.
Arauen arloko kongruentziaren printzipioa dela eta, defendatu beharra dugu ezen Nafarroako Arartekoari eginkizun gehiago esleituz gero –hain zuzen ere orokorrean ez dauzkan eginkizunak–, Adingabearen Arartekoa ere izan dadin, eginkizun horiek ikuskapen jarduera osorako zabaldu beharko direla. Esate baterako, legitimazio prozesala, erantzukizun administratiboa premiatzea, zehapen ahalmena premiatzea... Hori guztia xedapen gehigarri batean jaso beharko da.
Bederatzigarrena.
Bitarteko pertsonalen eta materialen balizko beharrari buruzko erreferentzia.
Aipatu beharra dago litekeena dela baliabide pertsonal eta material gehiago behar izatea legegilearen agindua ahal den modu eraginkorrenean bete ahal izateko. Erakundeari adingabearen arloko eskumen gehiago aitortzeak eraginen lituzkeen berritasunek eskatuko lukete –arau baten aplikazioaren aukera guztiez baliatu nahi izatekotan– egun dagoen jarduera handitzea.
Hori dela eta, eta kontuan izanda egungo plantilla diseinatuta dagoela gaur Nafarroako Arartekoak garatzen duen jarduerarako eta jarduera hori 2008an, 2007rekin alderatuta, nabarmen hazi dela (kexek % 40 inguru egin dute gora eta kontsultak lehengoen bi halako izan dira), komenigarri izan liteke plantillan aholkulari tekniko bat sartu ahal izatea, aitortutako eskumen berriak zuzen bete ahal izateko; horrek, aldi berean, aukera emanen luke giza baliabideak behar adinako espezializazioarekin antolatzeko. Halaber, administrari lanpostu bat ere beharko litzateke, lan administratiboetan jarduteko. Horretarako guztirako, plantilla organikoa handitzeko eta aurrekontua handitzeko izapideak eginen lirateke.
Aurrekoarekin bat, ohartarazi nahi da erakundeko langileek lan egiteko duten toki fisikoak nekez onartuko lukeela plantilla handitzea; hori dela eta, beharrezko izan liteke (errenta bidez edo egokitzat jotzen den beste bideren bat erabiliz) gure egoitzatik hurbil beste bulegoren bat hartzea, horrek dakarren gastuarekin.
Azken batean, jaun-andreok, hauxe izan da txostenaren laburpena. Hasiera batean irudi lezakeena baino konplexuagoa da, baina, nolanahi ere, haren bidez lortu nahi izan dugu parlamentu-ordezkaria naizen aldetik ahal bezain laster, gustu handiz eta ahal bezain ongi erantzutea Nafarroako Parlamentuak adierazitako borondateari. Beti bezala, zuen esku nago egin dudan azalpena edo igorri dizuedan txostena dela-eta nahi dituzuen zalantzak edo hutsak argitzeko.
Eskerrik asko zuen arretarengatik.
Iruñean, 2009ko otsailaren 25ean