Bilaketa aurreratua

Albisteak

DIANOVA Elkarteak proposatu du Zanduetako ikastetxeko adingabeei irakaskuntza arautua eskaintzea

2010 maiatza 14

Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheak DIANOVA Elkartearen proposamen herritarra jaso du; haren bidez, aditzera ematen da beharrezkoa dela Zanduetako hezkuntza- eta terapia-programan dauden adingabeei irakaskuntza arautua eskaintzea, adingabeak babesteko beste zentro batzuetan egin den bezala; esate baterako, Madrilgo “Santa Lucía” zentroan.

Nafarroako Arartekoarekin joan den martxoaren 26an izandako elkarrizketan, zentroko ordezkariek adierazi zituzten, batetik, zentroaren proiektua eta, bestetik, zein eginkizun dituzten jokabide-arazoak eta substantzia toxikoen gehiegizko kontsumoarengatiko arazoak dauzkaten adingabeentzako beren hezkuntza eta terapiako egoitza-programa garatzerakoan.

Bilera Gorte Nagusietako Ararteko Enrike Múgica Herzogen ekimenez egin zen. Izan ere, interes berezia erakutsi du hezkuntza-esperientzia hori dela eta.

Nafarroako Arartekoak gai horri buruzko txostenak eskatu zizkien Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eta Hezkuntza Departamentuari, Zanduetako zentroan bizitzen dauden bitartean adingabe horien irakaskuntza arautuari jarraipena emateko hezkuntza programa diseinatze aldera.

Erantzunean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak honakoa adierazi zuen: “...zalantzarik gabe DIANOVA Elkartearen proposamena interesgarria da, zeren eta zalantzarik gabeko osagarri bat baita Zanduetan, egoitza-harreraren bidez adingabeekin egiten duen programarako. Horrenbestez, positiboa da departamentu honek proposamen horri buruz egiten duen balorazioa”.

Bestalde, Hezkuntza Departamentuak honakoa adierazi zuen: “...Kontuan izanda zentroko egonaldia batzuetan ikasturtearen zati luze batean gertatzen dela, eta gaiaren garrantzia ikusita, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzua zehatz-mehatz aztertzen ari da proiektua, eta erabaki behar du zein diren adingabe horiek dauzkaten hezkuntza-premiak, erantzunik egokiena diseinatze aldera, hain zuzen ere adingabe guztien hezkuntza-prozesuaren jarraipena bermatu ahal izateko”.

Aipatutako departamentuetatik igorritako erantzunetatik ondorioztatzen da –Javier Enérizen esanetan–, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak positiboki baloratzen duela proposamen hori, eta Hezkuntza Departamentua DIANOVAk aurkeztutako proiektua aztertzen ari dela, Zanduetako zentroko adingabeei hezkuntza-erantzun arautua emateko.

Hori dela eta, Nafarroako Arartekoak departamentu horri iradoki dio “ahal den bezain laster erabaki ditzan Zanduetako zentroan bizi diren adingabeen hezkuntza premiak eta zehatz dezan zentroak garatu beharreko proiektua, halako moduan non 2010/2011 ikasturtean zentroko adingabeak irakaskuntza arautua jasotzeko moduan egonen diren”.

Partekatu edukia