Bilaketa aurreratua

Albisteak

El Defensor del Pueblo de Navarra Patxi Vera y la presidenta de CERMIN, MariLuz Sanz.
Patxi Vera Nafarroako Arartekoa eta MariLuz Sanz CERMINeko presidentea.

CERMIN, 25 urtez elkarrekin lanean desgaitasuna duten pertsonen eskubideen defentsan

2026 azaroa 19

Mariluz Sanz CERMINeko presidenteak eta Carmen Burgui erakundeko zuzendariak bilera instituzionala izan zuten duela gutxi Patxi Vera Nafarroako Arartekoarekin eta Amaia Madinabeitia Kabineteko arduradunarekin, CERMINen 25. urteurrenaren harira. Data hori bereziki garrantzitsua da Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen elkartearentzat.

Bileran zehar, CERMINeko ordezkariek oroitzapenezko oparia eman zioten Arartekoari, erakundeak urte hauetan zehar desgaitasuna duten pertsonen eskubideen defentsan izandako konpromisoa eta lankidetza eskertzeko.

2001ean sortu zenez geroztik CERMINek izandako ibilbidearen garrantzia nabarmendu, eta Nafarroako desgaitasuna duten pertsonen elkarteak 25 urteotan sustatutako aurrerapenak azpimarratu zituzten funtsean bilera horretan. Horien artean, irisgarritasun unibertsalaren arloan, osasun-arretaren hobekuntzan eta desgaitasuna duten pertsonen beharrekiko sentsibilizazio handiagoan, hezkuntza inklusiboan, enpleguaren eta parte-hartze sozialaren sustapenean, eta pertsona horiek dituzten eskubideen eta haien bizitzen gaineko erabakiak hartzeko gaitasunen pixkanakako aitortzan egindako aurrerapausoak nabarmendu zituzten.

Aurrerapen horiez gain, inklusio erabatekoa eta eraginkorra lortzeko erronken gaineko gogoetak partekatu zituzten bi aldeek. Lehentasunen artean hauek aipatu zituzten: oztopo fisikoak, kognitiboak eta komunikaziokoak desagerraraztea; osasun-arreta irisgarria eta egokia bermatzea; hezkuntza inklusiboa eta enplegu duina lortzeko aurrerapausoak ematea; bizi-proiektu independenteak garatu ahal izateko etxebizitza eta baliabideak eskuratzea; eta irisgarritasuna eta parte-hartzea indartzea gizarteko arlo guztietan.

Horrez gain, nabarmendu zuten desgaitasuna duten pertsonei eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeei parte-hartze aktiboa bermatu behar zaiela haiei eragiten dieten erabakietan eta politika publikoetan, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenaren 4.3 artikuluak jasotzen duen moduan. Hain zuzen ere, hitzarmen horren 20. urteurrena da aurten. Hitzarmen horrek funtsezko aldaketa ekarri zuen, desgaitasuna duten pertsonak eskubidedun subjektu gisa eta haien bizitza propioen protagonista gisa aitortu zituelako.

CERMINek nabarmendu zuen ez dela nahikoa desgaitasuna duten pertsonentzako politikak diseinatzea, ezinbestekoa dela horiek haiekin batera diseinatzea, pertsona horiek ordezkatzen dituzten erakundeak administrazioen eta erakundeen hizlari legitimo eta beharrezko gisa aitortuz.

CERMINeko ordezkariek eskerrak eman zizkioten Nafarroako Arartekoari egindako harrerarengatik eta sektorearen eskariak eta proposamenak entzuteko izandako prestutasunagatik, baita herritarren eskubideen sustapenean eta babesean duen egitekoarengatik ere.

Partekatu edukia