Partekatu edukia
Kulturarteko Gizarte eta Hezkuntza Zerbitzua (SEI) irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Iruñean laguntza zerbitzua eskaintzen die hamabi eta hamazazpi urte bitarteko gazte migratuei eta beren senideei. 2021ean 177 adingabe eta 483 senide artatu zituzten.
Lehenengo bileran, ordezkariek SEI elkartean egiten duten lana azaldu dute. Eskaintzen dituzten programen artean, migrazio doluaren prozesuan laguntzeko zerbitzua (SERADU) dago. Horren bidez, migratu duten gazteei laguntza ematen diete migrazioak eragiten dituen aldaketei eta galerei moldatzeko. Bestetik, familia berriz elkartzeko prozesuetan laguntza emateko zerbitzua (SERFAM) dago, migratzearen ondorioz hainbat urtez banatuta egon diren familiak batzeko.
SEI elkarteak nerabeei eta senideei arreta ematen die, bereziki, gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean eta soziokulturalean, bazterketa eta gizarte gatazka egoerak prebenitzeko eta garapen autonomoa sustatzeko. Helburu hori betetzeko, kasu askotan, aurretik zerbitzuaren erabiltzaile izandako profesionalak eta boluntarioak daude, eta horien esperientzia gakoa da. Gainera, senideek parte hartzea sustatzen da eta sarean lan egiten da esparru bereko GKE eta erakundeekin, Nafarroako Gobernuko hainbat Sailekin (Hezkuntza, Gizarte Zerbitzuak, Migrazio Politikak eta Justizia, etab.), bai eta abegi zentroetan ere, lagunduta ez dauden adingabeen kasuan.
Herriaren Defendatzaileak SEI elkarteak behar duen horretan laguntza emateko prest dagoela adierazi zuen, baita erakundeek edo erabiltzaileek aurkezten dituzten kexa guztiak izapidetzearen aldeko konpromisoa ere, bereziki, ahulenen kasuan.
Atzoko bileran, SEI ordezkatzen Oskia Azcárate Gárriz, jarduera koordinatzailea, eta Maite Ziganda San Martín, proiektuak kudeatzeko arduraduna izan ziren. Erakundea ordezkatzen, Herriaren Defendatzailea, Patxi Vera, Idazkari nagusia, Carlos Sarasíbar, eta Kabinete burua, Susana Galilea izan ziren.
Partekatu edukia