Bilaketa aurreratua

Albisteak

Autonomia-erkidegoetako arartekoek ahotsa goratu dute Europako iheslariei eragiten dien krisi humanitarioaren aurrean.

2017 otsaila 03

Autonomia-erkidegoetako arartekoak otsailaren 2an bildu ziren Gasteizen; bilera haren emaitza gisara plazaratutako adierazpenean, aho batez adierazi dute haien atsekabea Europan asiloa eta babesa eskatzen duten iheslarien krisi humanitario sakonaren aurrean, Europar Batasuneko estatu kideetan harrera-prozedurak oso apurka-apurka izapidetzen ari diren bitartean.

Elkarte sozialek eta autonomia-erkidegoetako biztanleriaren zati handi batek egindako aldarrikapenarekin bat egin dute, eta arartekoek krisi hau kudeatzeaz arduratzen diren erakundeei eskatu diete berehala har daitezela neurriak gatazka suntsigarrietan murgildutako jatorriko herrialdeetatik ihes egin behar izan duten milaka eta milaka gizon, emakume eta haurren bizia, segurtasuna, eskubideak eta duintasuna eraginkortasunez babesteko, guztiek merezi baitute nazioarteko babesa.

Arartekoek deitoratu dute EBko estatu kideek (eta Espainiak, bereziki) oso neurri apalean bete dituztela EBko beste estatu batzuetan zein EBtik kanpoko herrialdeetan dauden iheslariei bizilekua aurkitzeko konpromisoak, eta, horren ondorioz, autonomia-erkidegoek ezin izan dituztela beren harrera-funtzioak bete babesa eskatzen duten pertsonei dagokienez.

Autonomia-erkidegoetako arartekoek jakinarazi dute iheslarien arazoak zuzenean EBko estatu kideei ez ezik, Espainiako autonomia-erkidegoei ere eragiten diela.

Horrez gainera, uste dute krisi humanitario hau hain salbuespenezkoa, premiazkoa eta larria izanik, egungo harrera-sistema gainditu behar dela –eraginkorra ez izateaz gainera mantsoegia ere baita– eta koordinazio-mekanismoak bideratu behar direla administrazio zentralaren eta autonomia-erkidegoen artean, horrela arazoaren handitasunari aurre egiteko gai izango den kudeaketa bat lortu ahal izateko.

Arartekoentzat ezinbestekoa da aztertzea zer arrazoik eragotzi duten orain arte Europan asiloa eta babes subsidiario humanitarioa eskatu duten iheslariei harrera eman ahal izatea, eta, Europa bizitzen ari den giza hondamendi horren aurrean, salbuespenezko beste estrategia batzuk diseinatzera deitzen dute.

Adierazpena sinatzen dute: Andaluziako herriaren defendatzaileak, Kataluniako eta Valentziako Erkidegoko síndic de greugesek, Galiziako valedor do pobok, Kanarietako arrunten diputatuak, Aragoiko justiziak, Gaztela eta Leongo arrunten prokuradoreak eta Nafarroako arartekoak.

Partekatu edukia