Berrikuntza, Enpresa eta Enplegurako Departamentuko, Hezkuntza Departamentuko, Osasun Departamentuko, eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietarako Departamentuko kontseilariei gutuna bidali die arartekoak, arreta falta hiperaktibitatearekin izatearen ondoriozko nahasmendua hautemateko, diagnostikatzeko eta tratatzeko erakunde honetako titularrak planteatutako zenbait neurri aurkezteko.
Arreta falta hiperaktibitatearekin izatearen ondoriozko nahasmendua duten pertsonei laguntzeko Nafarroan dagoen elkartearekin (ANDAR) izandako bileran, elkarte horretako kideek adierazi zuten erantzun eta arreta nahikoa ez diotela ematen dagokien administrazio publikoek nagusiki haur eta nerabeei, eta, bereziki, ikasteko adinean daudenei, eragiten dien nahasmendu hau hauteman, tratatu eta horren jarraipena egiteari.
Elkarteak adierazitakoaren arabera, haurrek duten psikopatologia arruntena da hiperaktibitatea, gutxi gorabehera haurren %3-5i eragiten baitie, eta ohikoagoa da mutikoek izatea neskatoek baino. Nahasmendu hau duten haurrek zailtasunak izan ohi dituzte garrantzitsuak diren gauzetan arreta biltzeko, estimulu hutsalek arreta ez galarazteko eta beharrezkoa den arretari eusteko. Etengabe mugitzeko premia duten neska-mutikoak dira, eta beren burua kontrolatzeko gaitasun eskasak zailtasunak ekartzen dizkie bai lanak egiteko eta bai besteekin harremanak izateko ere.
Neska-mutiko hauek aukera gehiago izaten dute ikasteko zailtasunak izateko -ondorioz, laguntza eskolak hartu behar izaten dituzte ikasitakoa edo jokaerak indartzeko-, maila errepikatzeko edo bigarren hezkuntzako ikasketak ez amaitzeko. Bestalde, atzerapen ugari izaten dute, heldugabeak izaten dira, ez dira egokitzen, baztertuta egoten dira, depresioak izaten dituzte eta arazoak izaten dituzte familia, gizarte eta eskola inguruarekin (kontrolik eza, tirabirak, estresa, kideen arbuioa dira nagusi).
Oso garrantzitsua da nahasmendu hau azkar detektatzea, eta horretarako funtsezkoak dira irakasleak. Gainera, farmakologia, pedagogia eta psikologia sendabide espezifikoa behar da, eta horrek agerian uzten du hezkuntza, osasun eta gizarte gaietako espezialista ugari behar direla, batik bat, gai honetan aditu direnak.
Haur eta gazteen artean hain zabaldua (heltzen direnean oraindik ere hor nahasita egoten dira) dagoen nahasmendu honen gainean ANDAR izeneko elkarte horrek emandako informazioak horren gaineko hainbat neurri hartzeko iradokitzera bultzatu du Nafarroako arartekoa.
Neurri nagusiak eta multidiziplinarioak
- Nahasmendu honen gainean gizarte osoa sentibera bihur dadin lortzera bideratutako kanpainak egitea: zer den, nork izaten duen, zein sintoma, kausa eta ondorio izaten dituen, zerk eramaten gaituen nahasita dagoela susmatzera, nola eta non detektatzen den, gurasoek, ikaskideek eta inguruko gainerakoek izan beharreko jarrera arduratsua zein den... azaltzea.
- Prozedura multidiziplinarioa eta departamentuen artekoa giltzatzea. Hain zuzen ere, nahasmendua bera hautematea eta sendabide (dagokionean, botika bidezkoa) eta jarraipen egokia lortzea bera hartzen dituen prozedura. Prozedura hori hezitzaileek, psikologoek eta mediku espezializatuek jarraitu behar dute fase guztietan.
- Nahasmendua duten pertsonekin harreman zuzena duten zerbitzuak eta administrazio unitateak koordinatzea.
Hezkuntza Departamentuarekin lotura duten neurriak
- Hiperaktibitatea izatea litekeena den kasuetan, hori detektatzeko eta haur eta nerabe horiei heziketa eta psikopedagogia laguntza emateko programa edo plan berezia egitea.
- Neurri eraginkorrak ezartzea nahasmendu hau duten haurrak ikastetxeetan hautemateko, eta, bereziki, nahasmendu hau duten adingabeak eta gazteak detektatzen eta tratatzen jakiteko protokoloak ezartzea. Haurra modu egokian laguntzeko eta tratatzeko neurri nagusi eta eraginkorrena nahasmendua goiz detektatzea da, eta, gainera, sendabide psikopedagogikoa eta, zenbaitetan, botika bidezkoa behar duen haur hiperaktiboa dela ez ulertzetik eratortzen diren gatazka guztiak saihesten ditu.
- Nahasmendu hori duten ikasleek ikasteko prozesuan, nahasmendu hori dela eta profesionalen artean egin beharreko koordinazioan eta familia dela-eta behar duten laguntza berezia izan dezaten ikastetxeetan baldintza egokiak izan ditzaten lortzea.
- Irakasleei, hezitzaileei eta aholkulariei prestakuntza emateko mintegi eta ikastaro gehiago antolatzea. Hartara, nahasmendu hori duten haurrak hautematen jakin dezaten, nahasmenduaren berri izan dezaten eta ikasle batek nahasmendua duela susmatzen den kasuetan edo ziurra den kasuetan egoki nola kudeatu jakin dezaten.
- Nahasmendua hautematen zaion haur edo gaztearen familiei informazioa emateko ikastaroak antolatzea, egoerari nola aurre egin jakin dezaten.
- Eskola porrota azaleratzen denean heziketa mailako ordezko bideak aztertzea eta, dagokionean, abian jartzea, heziketa, lan, osasun eta gizarte ongizateko gaietan dagokien departamentuak nahasi eta koordinatuta. Hain zuzen ere, ANDAR elkarteak Cascanteko La Ribera curriculum egokituko unitatearen esperientzia gomendatzen du, beste heziketa arreta forma batzuetan aplika baitaiteke. Beste heziketa hautabide horiek egitura argia izan beharko lukete; sistema ofizialen barnean, profesional gaituez hornituak egon beharko lukete -profesional horiek koordinatuta egon beharko lukete pertsonekin eta familiekin-; jarraipen pertsonalizatua eta gertukoa egin beharko lukete eta lanbide hastapenak lanerako ohiturak sor ditzala eta lan arlorako bidea ireki dezala egin beharko lukete.
Osasun Departamentuarekin lotura duten neurriak
- Hiperaktibitate nahasmendua duten haur eta nerabeei laguntza psikosanitarioa eta botika bidezkoa emateko programa edo plan berezia egitea.
- Nafarroako Ospitalean Nafarroa osorako Neuropediatria Zerbitzua jartzea, eta Tuterako eta Lizarrako ospitaleetako pediatria zerbitzuak neuropediatra lanpostuaz hornitzea.
- Buru osasuneko zentroetan haur psikiatrak eta psikologoak eta profesional nahikoak egotea, diagnostikoak arreta handiarekin egin daitezen eta jarraipena gertuagokoa eta jarraituagoa izan dadin, bai nahasmendua duenarentzat eta bai haren familiarentzat ere.
- Nahasmendu horretarako sendagaiak ematea kronikotzat jotzea eta, horrenbestez, gaixoak ordaindu beharrekoa ahalik eta kopuru txikiena izan dadila lortzea.
Familia eta Gizarte Gaietarako Departamentuarekin lotura duten neurriak
- Farmakologia sendabidea behar duten seme-alaba hiperaktiboak dituzten familiei diru laguntzak ematea antolatzea, dela laguntzak zuzenean emanda, dela zergak arinduta.
- Arreta falta hiperaktibitatearekin izateak duen nahasmendua elbarritasunerako kausatzat hartzeko aukera aztertzen duen ikerketa egitea, eta, aukera horrekin ados egonez gero, dagozkion lege eta administrazio neurriak hartzea.
- Nahasmendu hau duten pertsonei eta familiei laguntzeko Nafarroan dauden elkarteei laguntza eta lankidetza ematea.