Partekatu edukia
Herritar batek kexa aurkeztu du, behar zuen interbentzio kirurgiko bat Osasunbideak atzeratu duelako. Hori dela eta, Nafarroako Arartekoaren iritziz, Nafarroako Gobernuak osasun laguntzako itxaronzerrenden gaineko arautegia bete behar du atzerapenik ez sortzeko.
1999an, Foru Lege bat aldarrikatu zen. Legeak xedatzen zuen ebaluatzeko eta jarduteko programa bat, Osasunbideko ebakuntzak egiteko itxaronzerrenden gainekoa. Bertan azaltzen da osasun sare publikoko mediku batek interbentzio kirurgiko baten komenigarritasuna erabakitakoan arautegiak xedatzen duen epearen barnean egin behar dela. Aldez aurretik ezarritako epearen barnean ebakuntza eginen ez balitz, gaixoak erabaki lezake arreta jasotzea Nafarroako Erabilpen Publikoko sareko zentroetan edo Osasun Sistema Nazionaleko itundutako zentroetan.
Halaber, Foru Lege honek xedatzen zuen Osasunbideak ebaluatzeko eta jarduteko programa bat eginen lukeela ebakuntzen itxaronzerredak antolatzeko (hots; gehieneko berandutze orokorra; eskaintza malgutzeko eta eskaera erregulatzeko jarduera zehatzak; sistema publikoa lehenestea; jarraipena egiteko eta kontrolatzeko erak).
Hala ere, Foru Komunitatean 1998ko Foru Agindu bat aplikatzen da, asistentzia kirurgiko programatuaren bermeak xedatzen dituena. Bertan, ebakuntzak, gehienez, 180 egunetako epean egin behar direla arautzen da.
Horrez gainera, aipatutako Foru Aginduak horrela esaten du: "Komenentzia kirurgikoaz geroztik 120 atzeratze-egun iraganik, hurrengo 30 egunetako epearen barrenean, ospitaleetako Eriaren Arazoetarako Unitateek gaixoari, zuzenean eta banan-banan, ebakuntza egiteko eguna jakinaraziko diote". Hori 180 eguneko atzeratze-epeaz haranzkoa baldin bada, espresuki egun proposatua onartzeko edo, nahi izanez gero, ondoren aipatzen diren baldintzetan ebakuntza beste ospitale batean egiteko prozedurari ekiteko aukerak jakinaraziko zaizkio.
Agindu honek berak horrela azaltzen du: "150 atzeratze-egunak eriari ebakuntza egiteko eguna jakinarazi gabe iraganik, horrek kasuan kasuko Eriaren Arazoetarako Unitateari eskatzen ahalko dio ebakuntza beste ospitale batean egiteko prozedurari ekin diezaiola".
Foru legea indarrean sartu zenetik denbora luze iragan arren -zortzi urte-, Nafarroako Gobernuak ez du eman legea garatzeko arauketarik. Bestalde, Nafarroako Gobernuak Foru Legea baino lehenago ebatzi zuen Foru Agindua. Hori dela eta, "nekez egokitzen ahal zaio honi" esaten du Javier Enérizek.
Horregatik, Nafarroako Arartekoaren irudiko Nafarroako Gobernuak ebakuntzak egiteko itxaronzerrendak arautu behar ditu inolako atzerapenik gabe, baita kanpo kontsulta, kontsulta tekniko eta proba diagnostikoak egitekoak ere.
Partekatu edukia