Partekatu edukia
Babestutako etxebizitzak eskuratzeko emandako puntuazioari dagozkion hainbat kexa jaso ondoren, Nafarroako arartekoa, Francisco Javier Enériz Olaecheak, Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamendu Departamentuko kontseilaria den Carlos Esparza Sáez jaunari zuzendu zaio. Arartekoak, Etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko Foru Legea sakonean berrikusi ondoren, hura alda dezala eskatu dio kontseilariari.
Nafarroako arartekoaren irizpidearen arabera, etxebizitzak esleitzeko garaian emandako puntuazioa ondoren aipatzen diren oinarrizko bi irizpideei jarraiki eman beharko litzateke: Eskaria egiten duen pertsonak duen etxebizitza beharra (ziurtagiri baten bidez egiaztatua) eta pertsona horren errenta. Bi horien batura eginez gero, baremoaren 100 puntuetara iritsi beharko litzateke ia.
Enérizen ustetan, babestutako etxebizitza bat eskuratzeko, behar hori justifikatzen duten egoera pertsonal eta familiar guztiak kontutan hartu beharko lirateke. Errentari dagokionez, berriz, eskaera egiten duen pertsonaren edo horren familia-unitatearen egoera ekonomikoa azaldu beharko litzateke, errenta-tarteak eta azken urteetako errenta aitorpenak kontutan hartuta.
Familia-unitatean pertsona minusbaliatuak, adingabekoak edo/eta laguntza behar handia duten edadetuak edo gaixo kronikoak egoteak, esaterako, etxebizitza eskuratzeko beharra handiagotu beharko luke. Izan ere, aipaturiko pertsona mota horien zaurgarritasuna eta arreta nahiz zainketa beharra dela eta, etxebizitza gehien behar dutenak baitira.
Kenkari eskubidea duen 6.000 € baino gehiagoko etxebizitza aurrezki-kontu baten titularra izateak ez du babestutako etxebizitza bat esleitzeko datu garrantzitsurik ematen. Are gehiago, neurri hori diskriminatzailea da pertsona guztiek ez baitute aurrezteko gaitasun berdina, eta horrek bigarren mailako baldintza izan beharko luke.
Era berean, etxebizitzak esleitzeko ondorengo irizpideek ere hainbat kexa jaso dituzte: eskaera orriak aurkezteko epea amaitzean Nafarroako herri bateko edo gehiagotako erroldan antzinatasun jarraitua izatea, 35 urtetik beherako edo 65 urtetik gorako eskatzaileei ematen zaien puntuazioa edota guraso bakarreko eta seme-alaba bat edo gehiagoko familia buruari ematen zaiona. Izan ere, irizpide horiek guztiek gizartearen zati handi bat zigortzen baitute erroldatzea, adina edo familia egoera bezalako alderdiengatik.
Esandako guztia kontuan hartuta, Nafarroako arartekoak indarrean dagoen legearen berrikuspen sakona proposatu dio Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamendu Departamentuko kontseilariari. Javier Enérizen ustetan, puntuaziorako kontutan hartu beharreko irizpideak errentari (tarteka) dagozkionak eta etxebizitza baten beharrarekin lotutakoak izan beharko lirateke. Betiere, etxebizitza behar hori kalkulatzeko ondorengoen kopurua kontutan hartuta: familia kideak, adin txikikoak, ikasketa garaian edo langabezian dauden seme-alabak, gaixotasun larriak dituzten familia kideak, laguntza behar handia duten edadetuak, bizitza berri bat hasi duten dibortziatutako edo banandutako pertsonak eta abar. Bestalde, arartekoak uste du, aurrezki-kontuaren titulartasunari, errolda antzinatasun jarraituari, adinari edo guraso bakarreko familia burua izateari dagezkion irizpideak baztertzekoak direla, bai behintzat, egun, foru legea erredaktaturik dagoen moduan.
Partekatu edukia