Partekatu edukia
Nafarroan Duintasunez Hiltzeko Eskubidea (aurrerantzean, DMD) plataformako ordezkariek lan-bilera egin dute Arartekoarekin. Hala, horren bidez, bizi-amaieran herritarren eskubideen egungo egoera aztertu dute, Eutanasia arautzen duen Lege Organikoaren ezarpen-egoera ebaluatu dute eta herritarrek eskubide hori baliatzea bermatuko duten hobekuntzak proposatu dituzte.
Saioan, DMDko ordezkariek zenbait kezka eta hobekuntza-proposamen helarazi dizkiote Arartekoari. Horien artean, nabarmendu dute beharrezkoa dela Nafarroako osasun publikoan dimentsionatuta dagoen zainketa aringarrietako unitate bat abian jartzea, eta garrantzitsua dela Iruñeko San Juan de Dios Ospitalean bizi-amaierako jardunbide kliniko egokia bermatzea.
Gainera, DMDk berretsi egin du Eutanasiari buruzko Legeak eskubide teorikoa ez ezik, prestazio eskuragarria eta eraginkorra ere izan behar duela. Pazientearen babesa beharrezkoa dela nabarmendu dute, eta gogorarazi dute osasun-langileen kontzientzia-eragozpena bakarka gauzatu behar dela, eta ez kolektiboki edo modu instituzionalean. Halaber, bizi-testamentuaren balioa aipatu dute, dokumentu horretan erabaki baitaiteke zer tratamendu nahi den eta zeintzuk baztertzen diren osasunaren narriadura atzeraezina denean eta erabakiak hartzeko gaitasuna galtzen denean.
Bestalde, Arartekoak bat egin du gai horrekin lotuta erakundera iristen diren kexa edo iradokizunen jarraipen hurbila egiteko konpromisoarekin, pazienteen oinarrizko eskubideak bere osotasunean errespetatuko direla bermatze aldera.
Zehazki, hauek izan dira bileran: DMDren aldetik, Manu Eciolaza presidentea, Soco Lizarraga, Camino Oslé eta Edurne Egino, elkarteko kideak, Patxi Vera Arartekoa eta Amaia Madinabeitia kabineteburua.
Partekatu edukia