Bilaketa aurreratua

Albisteak

Arartekoak agerraldia egin du Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Parlamentuko Lan-taldean.

2009 iraila 29

Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheak agerraldia egin du gaur –Parlamentuak eskatuta– Nafarroako Toki Administrazioaren administrazio- eta eginkizun-berrantolamendua aztertzeko sortu den lan-taldean.

Lan-talde horren helburua da txosten bat prestatzea, non ezarriko baitira Toki Administrazioaren administrazio- eta eginkizun-berrantolamenduaren oinarriak, helburuak eta proposamenak, proposamen eta jarraibide gisa balio dezan Parlamentuarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat.

Lan-taldeak, ekainaren 15ean eginiko bilkuran, erabaki zuen agintari eta arloko aditu batzuen agerraldia eskatzea –horien artean Javier Enériz dago–, aztertu nahi duen gaiari buruzko informazioa eta aholkua biltzeko.

Agerraldian, Nafarroako Arartekoak toki mapa aztertu zuen, eta hari buruzko zenbait gogoeta egin zituen.

Lehena. Askotan, fede-dogma baten gisara finkatutzat eman dugu 272 udal izatea, berez, garestia edo disfuntzionala dela. Baieztapen hori, ordea, erlatiboa izan daiteke. Espainiak 8.000 udal dauzka eta Frantziak, berriz, 28.000, portzentajean askoz handiagoa den kopurua, eta Frantzian ez dute sekula serioski planteatu horren inguruko berrantolamendu administratibo bat egitea. Azkenean, Nafarroako udal mapa gutxitu nahi izateagatik, gerta daiteke aurretik uste ez genuen bezalako tamaina izan dezakeen gatazka politiko bat topatzea; hain zuzen ere populazio gehiagoko ondoko beste udal batzuek xurgatuko edo fusionatuko dituztela uste duten udaletan sortutako arazoa.

Biztanle gutxi dituzten udalen kasuan –eta halakotzat hartzen ditugu ehun biztanle baino gutxiago dituztenak (hogeita hamarreko bat)– komenigarriago dirudi Nafarroako Gobernuak lehentasunezko laguntza-araubide bat eskaintzea (juridikoa, administratiboa, oinarrizko eskumenei buruzkoa, ekonomikoa eta teknikoa eta behar den erakoa, horretan berez tutoretza administratiboan erori gabe, orain dela hogeita hamar urte ulertzen zen bezala, baizik eta lankidetzaren printzipioa zabalduz) eta haien zamak eta legezko betebeharrak gutxitzea.

Besterik da udalak arrazionalki integratzea behartutako multzoetan, zerbitzu publiko edo administratibo batzuk eman ahal izateko. Horretarako, izan ere, Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak legegintzazko konponbide batzuk eskaintzen ditu, eta konponbide horiek baliagarriak dira eta baliagarri izan daitezke idazkari eta kontu-hartzaile zerbitzuetarako eta beste zerbitzu administratibo batzuetarako. Hain zuzen ere, langile horiekin –eta udalek behar duten gainerakoekin– lortzen da eskumen batzuk batera betetzea, kasuan kasu, eta lurralde-eredu itxirik gabeko esperientziak gomendatzen duenaren arabera, eta jarduteko eta jokatzeko batasun erreala eskaintzen da. Formula hori bera egokiena izan daiteke udal hauteskundeetan zerrendarik aurkezten ez den udal txikien kasurako.

Bigarrena. Dirudienenaren arabera, egokia da, halaber, ezaugarri komunak dituzten udal batzuen hirigintza-antolamendua, landa alorreko udalak izan nahiz hiri izaerakoak izan, Hirigintza Plan Orokor bakarraren bidez ezartzea. Plan hori guztien artean eginen da, Nafarroako Gobernuaren eta ukitutako udalen laguntzarekin. Udal horiek, izatez, batasun baten modura jokatzen dute eta hirigintza-batasun horren isla izanen litzateke plan orokor bakarra edo batasunekoa izatea –Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak bideratzen duen bezala; eta beharrezkoa bada, aldatu egin beharko litzateke–. Ia Nafarroa osoak azpi-eskualdeen edo udalez gaindiko unitateen arabera funtzionatzen du. Horietan, jatorri naturaleko edo hiri-jatorriko sentimendu batzuk erdietsi dituzte biztanleek, batez ere Nafarroako iparraldean eta erdialdean, nahiz eta hegoaldeko udal garrantzitsu batzuetan ere funtzionamendu hori badagoen. Hona adibide batzuk: Leitzaran, Bortziriak, Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi, Sakana-Burunda, Iruña eta haren inguruko herriak, Lizarra eta harekin lotutako udalak, Tafalla eta harekin lotutako udalak, Valtierra eta ingurukoak, Tutera-Fontellas eta abar.

Erakunde honek Foru Araubideko Batzordean azken urteetako kexen jatorriari buruz aurkeztu zuen lan batean, udalen berrantolamendu bat diseinatu zuen, baterako udal plangintza bat aztertzeko balia zitekeena. Haren emaitzaren arabera, nahikoa litzateke udalez gaindiko 33 hirigintza-plan egitea eta plan bakoitza plan partzialen bitartez, lursailen birzatitzeen, lizentzien eta abarren bitartez garatzea 272 udaletako bakoitzean. Nolanahi ere, 272 udaletako bakoitzaren eskumena izanen litzateke planeamendua exekutatzea eta lizentziak ematea, eta horrekin haien autonomia bermatuko litzateke.

Hirigintzaren eta ingurumenaren diziplinak ere hirigintza-elkarteei esleitu lekieke (horiek, betiere, Nafarroako Gobernuaren behar den laguntza teknikoa edukiko lukete), udalei –alkateari edo zinegotzi delegatuari, gehienetan– hirigintzaren edo ingurumenaren arloko lege-hausteen zama pisu eta estugarria kenduta.

Aipatutakoak bezalako ekintza gutxi batzuk –esate baterako, udalen arteko plan orokorrak edukitzea, exekuzioa udalen eskuetan utzita–, guztiz konstituzionalak direnak eta udalen autonomia urratzen ez dutenak, nahikoak izanen lirateke zerbitzu publiko guztiak berrantolatzeko orain hain atomizatuta dagoen eskala gaindituta. Horrekin lortuko lirateke, erabateko efizientziarekin, gastu publiko arrazionalagoa, zerbitzu publikoen banaketa orekatua eta herritarrak, epe laburrean, populazio handiagoko udalen zerbitzuetatik benetan hurbil egotea.

Hirugarrena. Toki Administrazioari buruzko Foru Legean sorturiko administrazio-barrutien figurak, iragan diren hogei urteetan, erabateko porrota izan du, bakarra ere ez baita sortu. Hori dela eta, hobe da hura eredu gisa alde batera uztea eta jotzea, guztizko gardentasunarekin eta ukitutako udalen parte-hartzearekin, legez edo foru dekretuz zerbitzu publiko batzuk “derrigorrez” batzera. Derrigorrezko batasunak baliagarriak izanen dira baterako zerbitzuak eskaintzeko plangintza bakar eta koherente batez. Plangintza horren bitartez, ekintza publikoa lurraldean zabalduko litzateke, udalen arteko berrorekatzea lortuz, haien artean zamak eta etekinak banatuz eta zerbitzu publikoak koherentzia funtzionalez eta lurralde- eta gizarte-koherentziaz ezarriz. Batasun horietan sartu beharko lirateke legegintzaldiz legegintzaldi beren buruari udal edo gobernu-araubide arrunta emateko gauza izan ez diren udalak eta Nafarroako Gobernuak udaleko kudeaketa batzordeak izendatzeaz baliatu izan direnak, zuzeneko legitimazio demokratikotik aldenduta.

Laugarrena. Mankomunitateek lan egin izan dute, inongo euforiarik gabe, zuzentzat jo daitekeen modu batez. Zerbitzuak elkarrekin emateko udalek berek hautatu eta Nafarroako Gobernuak bultzatu duten bidea izan da mankomunitateena. Mankomunitateek zerbitzu batzuk emateko eta haien lurralde-esparrua mugatzeko izan duten malgutasuna arrakastaren gakoetako bat izan da, baina, era berean, lurralde-mapa desberdinak ekarri ditu, hautatu den ikuspegi sektorialaren arabera: hondakinak, urak, euskara eta abar. Hala eta guztiz ere, figura horri juridikoki indar handiagoa eman behar zaio, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean behar den aldaketa eginez. Mankomunitatearen figura eskumenetan hazi daiteke eta hazi beharra dauka; esate baterako, hirigintza diziplinak; nahitaezko desjabetzapenak; eskuordetze bidez udal eskumenak hartzea; administrazioari buruzko foru legediak haien autonomiarako ezartzen dituen tutoretzak edo oztopoak kentzea; lurralde-homogeneotasun handiagoa izatea; gaitasun juridiko eta ekonomikoa eta giza baliabideen arloko gaitasun handiagoak edukitzea; indar handiagoko tresna juridikoak izatea –muga-kasuetan– haietan dauden udal menderakaitzen aurrean, gehiengoak atzerarazten dituztenak; eta, azken batean, beren funtzionamenduan, behar den kasuetan, zerbitzuen elkarteen berezko ahalmenetatik hurbilago egotea. Mankomunitateek ezin dute izan hura osatzen duten udalen tresna bat. Aitzitik, bizitza propioa eta goi mailakoa erdietsi behar dute, behin sortu ondoren eta haiei eskumenak eta zerbitzuak esleitu ondoren.

Bosgarrena. Kontzejuei dagokienez, 2008an, txosten berezi bat aurkeztu zen Foru Araubideko Batzordean. Txosten hori egiteak bi gauza egiaztatzeko balio izan zuen: lehenengoa, txosteneko proposamenek izan zuten erresistentzia txiki-txikia, ia deuseza –horrek adierazten du kontzejuak, zalantzarik gabe, ahulak direla gaitasun errealeko toki entitate publikoak izateko–; eta bigarrena, kontzejuek, sakonean, erakundearen txostenean proposatutakoa gehiago ikusten zutela beren arazo errealetarako konponbide baten gisara, mehatxu baten moduan baino –izan ere, hautatutako nahiz izendatutako kudeatzaileak (bokaziozkoak eta ez batere profesionalak) liberatzen zituen baliabide ekonomikorik, giza baliabiderik eta gauza baliabiderik gabeko erakunde bat zuzentzeko erantzukizunetik.

Denborarekin, gero eta argiago geratu da kontzeju gehienek zailtasunak dituztela XXI. mendeko erronkei aurre egiteko, ezertan kendu gabe haien sinbolismoa eta Nafarroako toki entitate juridikoak izatearen sentimendu historikoa.

Ideia horrekin ez dugu nahi ez kontzejua desagertzea, ez nortasun juridikoa galtzea, ez eta bere kontzeju-interesak ezin defendatzea edo defentsa legitimoan ezin parte-hartzea ere, horretarako erabateko eskubidea izanen baitu existitzen den bitartean. Soilik iradokitzen dugu kontzejuei eskumen batzuk ematea –arautzea eta antolatzea bere ondarearen (herri-lurrak barne) aprobetxamendua eta erabilera, kontzejuaren artxiboa eta herriko jaiak– eta gainerako eskumenak (besteak beste, hirigintza lizentziak eta obretarako lizentziak) udalen esku uztea. Eta Arartekoak iradokitzen du, halaber, kontzejua gorde dadin Nafarroako entitate tradizional gisa, haren nortasun juridikoari eutsiz, baina bere baliabideetan arrazionaltasun handiagoa jarriz eta beti udalaren laguntza teknikoa edukiz.

Seigarrena. Azkenik, udalek osatutako entitate administratibo tradizionalei dagokienez, mankomunitate bihur litezke, edo, hobeagoa litzatekeena, udalen derrigorrezko batasun, jada daukaten batasun-sentimendu handia dela eta. Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko batzarretako kasua da, zeina esperientzia gisa balia liteke, hain zuzen ere ondoko arloei dagokienez, besteak beste: baterako hiri-plangintza, hirigintzaren legezkotasunaren kontrolaren gaineko eskumenak, ingurumenaren eta kulturaren arloko eskumenak eta beste arlo batzuetako eskumenen baterako antolakuntza. Hau da, benetako udal berriaren ernamuina.

Partekatu edukia