Bilaketa aurreratua

Albisteak

El Defensor del Pueblo presenta ante el Pleno el Informe Anual correspondiente al año 2021

Arartekoak 2021eko txostena aurkeztu du Osoko Bilkuran

2022 maiatza 19

COVID-19aren pandemiarekin lotutako kexa eta kontsultak nabarmentzen dira, bai eta Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ikasleak onartzeari buruzkoak ere.

Foru Komunitateko Arartekoak, Patxi Verak, Osoko Bilkuran aurkeztu du gaur 2021eko ekitaldiko urteko txostena. Dosier horretan 3.547 jarduketa jaso dira, 2020an baino 154 gehiago; hau da, % 4,54ko igoera izan da.

2021ean egin den gainbegiratze lanaren bitartez, 128 iradokizun (beste 20 arauen inguruan), 287 gomendio, eta legezko betebeharren 55 oroigarri helarazi zaizkie Nafarroako administrazio publikoei (490 erabaki, guztira). Hori guztia erakundearengana jo duten 6.034 herritarren ekimenaren emaitza izan da; 1.923 kontsulta egiteaz gain, 1.408 kexa aurkeztu dituzte, besteak beste (1.540 kudeatu dira, 2020tik kudeatzeko zeudenak barne), eta horietatik % 82 onartu dira izapidetzeko. Bestalde, 1.000 ikerketa egin dira; horietatik 965 jasotako kexen ondoriozkoak izan dira, beste 21 ofizioz egin dira eta 14 herritarren proposamenei lotuta.

Kexa gehien eragin dituzten hamar arloak honako hauek dira, kopuruaren araberako ordenan: COVID-19a (200), hezkuntza (128), gizarte ongizatea (118), enplegu publikorako sarbidea (86), etxebizitza (83), trafikoa eta bide-segurtasuna (79), Ogasuna (74), funtzio publikoa (73), osasuna (73) eta ingurumena (63).

Lehendabiziko arloari dagokionez –COVID-19ak eragindako pandemia–, aurkeztu diren 200 kexetatik 42 txertaketari buruzkoak dira, 24 kexa EBko COVID ziurtagiri digitalarekin lotutakoak dira, eta 21 kexa polizia-kidegoek ezarritako zehapenen kontrakoak izan dira. Hezkuntzaren arloan 20 kexa aurkeztu dira, osasun laguntzari buruz 10, eta COVID-19ak ekarritako ondorio ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak nahiko ez zirela-eta, 9.

Etxebizitzarekin lotuta 8 kexa aurkeztu dira, beste 7k zerikusia dute pertsonek zirkulaziorako eta elkartzeko dituzten eskubideen murrizketekin, eta beste 6 aisia eta kirol jardueren murrizketei buruzkoak dira. 5 kexaren egileak ez zeuden ados eremu publikoan eta ikastetxeetan maskara erabiltzeko derrigortasunarekin, neurri horri gehiegizkoa edo justifikaziorik gabekoa iritzita.

Administrazioko bulegoetan hitzordua lortzeko edo arreta jasotzeko zailtasunek hainbat kexa eragin dituzte (5 atzerritartasuna dela-eta, 4 enpleguari dagokionez, 3 Gizarte Segurantzari buruz). Kontsumitzaile eta erabiltzaileen lau kexa jaso dira, eta tabernetako terrazetako zaratak sortutako eragozpenengatik 3 kexa jarri dira.

Hezkuntzarekin lotutako kexak bigarren tokian daude, 128 aurkeztu baitira. Horietatik 45 Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan onartuak izateari buruzkoak dira eta 19 garraio eta jantoki zerbitzuari buruzkoak. 10 kexa unibertsitate ikasketei buruzkoak dira, 8 Haur Hezkuntzako lehen zikloari buruzkoak, eta beste 8 hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei emandako arretari buruzkoak.

Bost kexa izan dira eskola jazarpenarekin eta bizikidetzarekin lotutakoak, beste bost kexa beka eta laguntzei buruzkoak dira, eta lau kexa eskola jardunaldiari buruzkoak; horietatik hiruren egileak ez zeuden ados eskola jardunaldia aldatzeko erabilitako prozedurarekin. Beste bat jarri dute seme-alaben ikastetxe publikoak ez zuelako familien arteko bozketarik egin nahi izan lanaldia aldatzeko.

Hirugarren postuan gizarte ongizateari buruzko kexak daude, guztira 118 kexa; horietatik 30ek zerikusia dute errenta bermatuarekin, 10ek haur eta nerabeen babesarekin, eta 16 kexa aurkeztu dira desgaitasuna duten pertsonek jasaten dituzten arazoak azaltzeko. Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eta beste laguntza batzuk direla-eta 12 kexa jarri dira, beste 9 kexa aurkeztu dira adin nagusikoen babesari buruz, eta 8 kexak zerikusia dute familien babesarekin. Mendekotasuna duten pertsonen babesari buruz 7 kexa aurkeztu dira, eta beste bost Helduen Tutoretzarako Nafarroako Fundazioak pertsona ezgaituen tutoretza kudeatzen duen moduagatik. Hiru kexa LGTBI+ kolektiboaren ingurukoak dira, eta 9 pertsonak desadostasuna agertu dute gizarte zerbitzuetan jasotako tratuagatik.

Laugarren tokian dago “enplegu publikorako sarbidea” delako gaia, 86 kexarekin; horietatik gehienak Foru Komunitateko Administrazioari dagozkio. Nabarmentzen dira zerikusia dutenak Psikologia, Pedagogia edo Psikopedagogiako lizentziadun edo gradudun titulua eskatzearekin Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako Enpleguko goi mailako tituludunentzako lanpostuak eskuratu ahal izateko, eta administrari laguntzaileentzako lanpostuak betetzeko deialdian aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu direnek Batxilergo titulua aurkeztu beharrarekin, eskola gradudunaren titulua eskatu baitzitzaien deialdian parte hartzeko.

Gainera, kolektibo batek kexa aurkeztu du Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin lan egiten dutenen egoerarengatik. Talde horrek eskatu du neurriak har daitezela enplegua egonkortzeko, aldi baterako egoera ez luzatzeko eta iraupen mugatuko lan kontratuak gehiegi ez erabiltzeko, kontuan izanik Europar Batasuneko jurisprudentziak eskakizun horien alde egin duela.

Bosgarren tokian daude etxebizitzari buruzko kexak (83). Arlo horretako aurkaratzeak (39) errentamendu-araubideko etxebizitza babestuak ez esleitzeari buruzkoak dira gehienbat, alokairu-parkearen urritasunaren ondorioz; arlo horretako eskumena duen departamentuak berak onartu du, Arartekoaren bulegoak aurkeztu zaizkion kexen nahi ofizioz izapidetutako jarduketen analisia egitean, hori horrela dela.

Beste 12 kexa etxebizitza erosteko eta alokatzeko laguntza publikoei buruzkoak dira; 8 kexak zerikusia dute etxebizitza babestuen eskatzaileen erroldarekin; 6 pertsona kexatu dira beren etxebizitzen bizigarritasun-zedula berritzea ukatu zaielako, eta beste sei kexa etxebizitza babestuen eraikuntza-akatsengatik jarri dira.

Kexak eragin dituen seigarren arloa trafiko eta bide-segurtasunarena da (79), non auzitan jarri baitira trafikoaren antolamenduari eta bide-segurtasunari eragiten dieten zenbait kontu (14), baita zehapenak eta garabiaren esku-hartzeak ere (48). Baimenei buruz 11 kexa aurkeztu dira, eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuei buruz 5 kexa.

Zazpigarren tokian daude Ogasunari buruzko kexak (74). Nafarroako Foru Ogasunari dagokionez, kexa gehienak PFEZaren ingurukoak dira. Nabarmentzekoak dira PFEZaren aitorpena egiteko aurrez aurreko laguntza zerbitzua ukatu zaien herritarrek aurkeztutako lau kexak. Ukatzeko arrazoia izan da 2020an 10.000 eurotik gorako balioa duten akzioak edo bestelako balore higigarriak eskualdatu izana, edo eguzki plaka bat eduki eta Ogasunak hori enpresa jardueratzat jo izana.

Nafarroako toki ogasunei dagokienez, berriz ere kexak aurkeztu dira hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioengatik, lurraren balioa handitu ez den kasuetan udalek likidazio horiek igorri dituztela-eta. Beste hiru kexa aurkeztu dira Lurralde Kohesiorako Departamentuak ez zuelako Atarrabia sartu 2019ko abenduaren 13ko uholdeek kaltetutako udalerrien zerrendan eta, ondorioz, Atarrabiako Udalak 2019ko lurraren kontribuzioa ez ordaintzeko salbuespena ukatu dielako kexen egileei.

Zortzigarren postuan funtzio publikoari buruzko kexak daude (73). Horietatik 12 lanaldi, opor, lizentzia eta baimen kontuengatik aurkeztu dira, eskaerak ukatu egin direlako, gehienetan; 20 kexak zerikusia dute langile publikoen ordainsariekin, beste hamar kexa lanpostuak betetzeari buruzkoak dira, eta 7 kexak zerikusia dute laneko jazarpenarekin.

Bederatzigarren tokian dago osasungintza (73), non kexarik gehienak itxarote-zerrendei buruzkoak baitira (batik bat, traumatologian, errehabilitazioan eta oftalmologian). Beste 18 kexatan egileek adierazi dute ez daudela ados Osasunbidean jasotako arreta sanitario eta kliniko zehatzarekin; bost kexa osasun arretarako eskubideari buruzkoak dira, hiru prestazio sanitarioei eta gastuen itzulketari buruzkoak, beste hiruk desadostasuna azaltzen dute garraio sanitarioko zerbitzuaren zenbait alderdirekin, eta bi kexa osasun mentaleko arreta faltari buruzkoak dira.

Hamargarren lekuan daude ingurumen arloko kexak (63), eta gehienek (63tik 33k) salatu dute, beste behin, era guztietako jarduerek eragindako zarata; bereziki, zarata iturri hauek: gaueko zabor-bilketaren zerbitzua, ostalaritzako negozioak, hirietako autobus geltokiak, txakurren zaunkak eta obrak. Beste sei kexa jarduera sailkatuetako lizentziekin lotutakoak dira, dela lizentzia ukatu delako, dela ez ikuskatzeagatik, dela beste arrazoiren batengatik. Ingurumen informazioa ukatzeagatik edo berandu emateagatik ere aurkeztu dira zenbait erreklamazio (6), bai eta hondakinen bilketagatik ere (6), ika-mika sortu baita kokalekua dela-eta, hondakinak pilatzeagatik edo egindako zaratagatik (kasu horretan, gaueko zabor-bilketaren zerbitzuak eragindakoa).

2021ean aurkeztutako kexa gehienak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoak izan dira, haren erakunde publikoak eta sozietate publikoak barne. 711 kexa aurkeztu dira, guztizko kopuruaren % 50,5.

Toki entitateei eta horien mendeko erakundeei zuzendutako kexak 372 izan dira, hau da, kexa guztien % 26,4.

Ondoren, Foru Komunitateko Administrazioak eta toki entitateren batek batera egindako lanari buruzkoak datoz, eta alor horretan 91 kexa daude.

Estatuko Administrazioari dagozkionak, berriz, 167 dira, hau da, kexa guztien % 11,9.

Kexak aurkezteko erabilitako baliabideari dagokionez, nagusia telematikoa izan da (% 76), posta elektronikoaren edo erakundearen webguneko formularioen bidezkoa. Bigarrenik, aurrez aurreko kexak daude (% 22), eta azkenik, posta arruntaren bidez bidalitakoak (% 2).

Kexak aztertuta, 396 ebazpen eman dira, 2020an baino 80 gehiago. Administrazio publikoen aldetik Arartekoaren erabakien onarpen-maila % 52,3koa izan da, aurreko ekitaldikoa (% 57,1) baino apur bat baxuagoa.

Erakundearekin lankidetzan aritzeko betebeharra guztiz bete ez duten administrazio publikoen artean txostenean aipatzen dira, besteak beste, departamentu hauek: Landa Garapena eta Ingurumena; Migrazio Politikak eta Justizia; Kultura eta Kirola; Lehendakaritza; Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barnea; Eskubide Sozialak; eta Osasuna. Ez dira lankidetzarako gogotsu agertu, hurrenkera honetan, uzkurrenetik hasita, departamentu hauek: Ekonomia eta Ogasuna; Garapen Ekonomiko eta Enpresariala; Hezkuntza; Lurralde Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoak; eta Lurralde Kohesioa.

Bestalde, toki entitate hauek izan dute Nafarroako Arartekoaren ebazpenak onartzeko jarrera irekiena: Iruñeko Udala, Iruñerriko Mankomunitatea, eta Barañain, Aranguren, Zizur Zendea, Torres del Río eta Atarrabiako udalak. Burlata, Eguesibar, Antsoain eta Tuterako udalek izan dute jarrera itxiena.

2021eko urriaren 1ean indarrean jarri da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko Foru Legearen 29 bis artikulua, eta bidea eman du 1.500 euroko hertsapen-isunak ezartzeko administrazio edo entitate erantzuleei, baldin eta eskatutako informazio edo dokumentazioa bidaltzen ez badute edo ebazpenei erantzuten ez badiete, behar duten bezala, horretarako errekerimenduak behin eta berriz jaso arren; izan ere, jokabide horrek eragotzi egiten du herritarren eskubideak zaintzeko sortutako Ararteko erakundearen gainbegiratze lana.

Nafarroako Arartekoak 2021ean hiru ebazpen eman ditu zehapen prozedura abiarazi dutenak honako administrazio hauei lehenbiziko hertsapen-isuna ezartzeko, ez bazuten informazioa edo erantzuna igortzen horretarako ematen zitzaien 10 egun balioduneko epe berrian: Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua, Corellako Udala eta Mairagako Mankomunitatea. Administrazio horiek, azkenik, epe horren barnean bete zituzten beren legezko eginbeharrak, eta ez zen inongo hertsapen-isunik ezarri.

Administrazio publiko batzuk gehiegi atzeratu ziren informazioa igortzeko edo gomendioei, iradokizunei eta legezko eginbeharrak oroitarazteko oharrei erantzuteko. Txostenean hauek aipatzen dira: Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua, Corellako Udala, Nabaskozeko Udala, Arangurengo Udala, Torres del Rioko Udala eta Mairagako Mankomunitatea.

Ikus daitekeenez, sei baino ez dira Nafarroako Arartekoarekin lankidetzan aritzeko gehiegi atzeratu diren administrazioak, aurreko urteetan baino nabarmen gutxiago.

Kontsultei dagokienez (1.923), nagusi izan dira gizarte ongizatearen arloko kontsultak. Oro har, arlo horretako kontsulta gehienak pobreziarekin eta gizarte-bazterketarekin lotutakoak izan dira, barnean hartuta errenta bermatuarekin eta adingabeen eta desgaitasuna duten pertsonen babesarekin zerikusia dutenak.

Bigarrenik, COVID-19ari buruzko kontsultak nagusitzen dira. Hain zuzen ere, mugikortasunaren murrizketen kontrako arau-hauste astunengatik herritarrei ezarritako zehapenen gainekoak dira kontsulta gehienak. COVID-19aren kontrako txertoa eta hitzordua eskatzeko zailtasunak ere aipagai izan dira herritarren kontsultetan. Osasun arloan, kontsulta gehienen gaiak izan dira osasun-zentroekin telefonoz harremanetan jartzeko ezintasuna eta arakatzaileen jarduna. COVID-19 ziurtagiri digitalaren ezarpenak, haren derrigortasunak eta hura eskuratzeko baldintzek ere hainbat kontsulta eragin dituzte.

Etxebizitzaren arloan, kontsultak aurkeztu dira osasun krisialdian alokairu-kontratuak hutsaltzeari buruz eta maizter-botatzeak eteteko edo luzapena emateko aukerari buruz. COVID-19ak sortutako ondorio ekonomikoak konpentsatzeko ezarri diren laguntzei dagokienez, kontsultak egin dira laguntzak atzeratzeagatik eta zenbait sektoreri laguntzarik ez emateagatik. Lan arloko gaiak ere kontsultatu dira, hala nola ABEEEetako prestazioa atzeratzea edo ukatzea, edo Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) bulegoetan arreta jasotzeko hitzorduen atzerapena. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren bulegoetan zenbait pentsio izapidetzeko aurrez aurreko arreta jasotzeko hitzorduaren atzerapenak eta erakunde horrekin telefonoz harremanetan jartzeko zailtasunek zenbait zalantza eragin dizkiete herritarrei.

Hirugarren lekuan daude etxebizitzari buruzko kontsultak. Batez ere, gai hauek aztertu dira: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozesuak, babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko laguntzak, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza-akatsak, bizilagunen arteko bizikidetza-arazoak, etxebizitzak uzteko errekerimenduak eta utzarazpenak, eta bizigarritasun-zedula.

Era berean, Nafarroako Arartekoak bost aldiz egin du agerraldia Nafarroako Parlamentuan, lehenengoan Nafarroako Arartekoaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren 20.3 artikulua aldatzeko proposamenaren harira, Bitartekotza Zerbitzua zela eta. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko mediku batek aurkeztutako kexak eragin zuen bigarren agerraldia. Mediku hori kexu zen bere egoera pertsonalarengatik, lan-egoeragatik eta egoera profesionalarengatik, Nafarroako Ospitalegunean izandako gertaera bere ustez oso larri batzuk salatu ondoren. Hirugarren agerraldia egin zen Tuterako San Francisco de Javier ikastetxean onartu gabeko ikasleen guraso talde baten eskaerari erantzunez, eta laugarrenean eta bosgarrenean Arartekoak ahoz azaldu zuen 2020ko txostenaren laburpena Foru Araubidearen Batzordean eta Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran.

Bestalde, herritarren 15 hobekuntza-proposamen jaso dira (344 dira dagoeneko, 2008an ekimen hori abian jarri zenetik), honako hauei buruzkoak: zerbitzu publikoak (4), lanpostu publiko baterako sarbidea (4), osasuna (2), gizarte ongizatea (1), toki entitateen funtzionamendua (1), COVID-19a (1), justizia (1) eta etxebizitza (1).

Kudeatutako hamazazpi proposamenetatik (2021ean aurkeztutako hamabostak eta 2020tik kudeatzeko gelditzen ziren biak), bat Espainiako Herriaren Defendatzaileari helarazi zitzaion. Bi ez zitzaizkion inongo administraziori helarazi, ez zutelako asmo zehatzik azaltzen. Gainerako hamalauetatik, sei zuzenean onartutzat jo ziren, beste sei ez-onartutzat jo ziren, eta beste bik iradokizun bana egiteko bidea eman zuten (iradokizunetako bat arauen ingurukoa izan zen); Administrazioak iradokizunetako bat onartu zuen eta bestea ez.

Haur eta nerabeen egoeraren balorazioari dagokionez, bildutako datuek agerian jartzen dute hobera egin duela adingabeak babesteko sistemak, azken urteetako joerari eutsiz. Horren ildotik, esaterako, 2011-2021 bitarteko hamar urteetan artatutako adingabeen kopurua % 100 baino gehiago hazi da, eta garrantzitsuak dira, halaber, zaintzapeko edo tutoretzapeko adingabeen kopurua bezalako adierazleen igoerak.

Araugintzaren arloan, ekitaldian nabarmendu behar da Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko Foru Lege aurreproiektua egin dela. Behin Nafarroako Parlamentuak onesten duenean, abenduaren 5eko 15/2005 Foru Lege indarduna ordeztu behar du.

Bestalde, 2019an babes sisteman eragin handia izan dute bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren helduerak, haien artapenak eta arreta horretarako berariazko baliabideak jarri beharrak, baina 2020an eta 2021ean egonkortasuna sumatu da adingabe horien presentziari dagokionez. Azken fase honetan, babesaren premiak bere horretan dirauen arren, sistemaren baliabide arrunten bitartez bideratzen da arreta.

2021ean 2.346 adingabe artatu dira. Zifra 2020koa (2.243) baino handiagoa da, eta aurreko urteetan, oro har, ikusi den goranzko joera ez da eten (1.744 adingabe 2018an, 1.705 adingabe 2017an, 1.446 adingabe 2016an, 1.413 adingabe 2015ean eta 2014an, 1.267 adingabe 2013an eta 1.206 adingabe 2012an).

Horrenbestez, babes sistemak artatutako adingabeen kopuruek eta, bereziki, eskaini den datu sailean hautematen den hazkunderako joerak berriz ere erakusten dute behar adina baliabide eman behar zaizkiela arlo horretan diharduten administrazio-organoei eta esku-hartze taldeei.

Oro har, igo egin dira adingabeen babesgabetasun deklarazioen kopurua (227 izan dira, eta 2020an 197), tutoretzapekoena (549/512) eta zaintzapekoena (1.108/1.081).

Azkenik, jasota geratu da Arartekoak Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren hamar bilkuratan parte hartu duela, eta organo horrek hartutako erabakietako hemeretzitan berak egin duela txostena. Kontseilu hori herritarrek informazio publikoa eskura izateko eskubidea bermatzeko sortu zen, bai eta Nafarroako administrazioei eta entitateei dagokienez publizitate aktiboaren arloko legezko betekizunak betetzen diren zaintzeko ere.

Partekatu edukia