Bilaketa aurreratua

Albisteak

ANAR Fundazioa Nafarroako Arartekoarekin elkarrizketatu zen, eta Nafarroari buruz egin duen urteko txostena eskuratu zion

2009 ekaina 19

Joan den ekainaren 19an, Nafarroako Ararteko Javier Enériz Olaecheak ANAR Fundazioko ordezkariak hartu zituen bere egoitzan. ANAR Fundazioak arrisku-egoeran dauden haurrei eta nerabeei laguntza ematen dihardu. Izandako elkarrizketan, fundazioko ordezkariek beren egungo eta etorkizuneko jardueren eta proiektuen berri eman zioten Arartekoari, eta 2008ko ekitaldian egindako lanari buruzko txosten orokorra eskuratu zioten, bereziki Nafarroari buruzko datuak azalduz.

ANAR Fundazioa irabazi asmorik gabeko fundazio bat da. 1970ean sortu zen, eta Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren esparruan, arrisku eta babesgabetasun egoeran dauden adingabeen eskubideak sustatzen eta defendatzen egiten du lan. Espainia eta Latinoamerika dira haren jarduera-esparrua.

Haren zerbitzu bereizgarriena “Haurrei eta nerabeei laguntzeko ANAR Telefonoa (900-20 20 10)” da. Laguntzarako doako linea bat da, konfidentziala, urteko egun guztietan, 24 orduz, nazioko lurralde osorako lan egiten duena. Linearen bidez, unean-unean laguntza psikologiko, sozial eta juridikoa ematen zaie adingabeei, arazoak dituztenean nahiz arrisku egoeran daudenean.

Fundazioak, gainera, “Helduaren eta Familiaren ANAR Telefonoa (600 50 51 52)” ere badu. Haren bidez, doako laguntza ematen die adingabeekin lotutako gaietan orientabideak behar dituzten helduei.

2008an, ANAR Fundazioak 105.6164 dei jaso zituen Espainia osoan. Horietatik, 3.184 Nafarroatik egin ziren. Datu hori benetan aipagarria da, Nafarroak daukan gazteen populazioari erreparatuta. Gure erkidegotik eginiko deietatik, 3.170 Adingabearen Telefonora egin ziren eta 14, berriz, Helduaren eta Familiaren Telefonora. Horrenbestez, adingabeak dira modu desinteresatuan kudeatzen den doako telefono-zerbitzu hori gehien erabili dutenak, aholkua eta laguntza eskatzeko, beren intimitaterako behar den diskrezioa eta errespetua gordeta.

Nafarroako Arartekoak eskerrak eman zizkion fundazioari emandako informazioarengatik eta, halaber, zorionak eman zizkion gizartearekin duen inplikazioarengatik eta adingabeen eskubideak babestearen eta hobetzearen arloan eta haien arazo bereziei –batzuetan beste pertsona batzuei edo familiari jakinarazten ez dizkietenak– erantzuna emateko egiten duen lan handiarengatik.

Partekatu edukia