Bilaketa aurreratua

Albisteak

Adingabeei eman beharreko babesaren gaineko txostena aurkeztu du Nafarroako Arartekoak Parlamentuan

2008 otsaila 22

Adingabeen gaian administrazio publikoek duten jardunbidearen gainean egindako txosten berezia aurkeztu dio Francisco Javier Eneriz Olaecheak Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordeari. Adingabeak babesteko funtzio publikoa Nafarroan nola gauzatzen den balioztatzea da txosten berezi horren helburu nagusia.

Nafarroako administrazio publikoek haurren eskubideak urratzen diren egoerei aurrea hartu eta egoerok (indarkeria fisikoa, utzikeria fisikoa edo emozionala, eta abar) goiz detektatzeko ekimenak behar bezala gauzatzen dituzten aztertzen du lehenbizi txostenak.

Modu bereziagoan, jarduera hauen bidez honako hauek egiaztatu nahi dira: kasu horietan jarraitu beharreko prozedurak, jarraibideak edo protokoloak existitzen diren eta egokiak diren; nahasita egon ahal diren zerbitzuak edo mailak (gizarte zerbitzuak, hezkuntzakoak, osasun arlokoak, polizia zerbitzuak...) egoki koordinatuta dauden; estatistika informaziorako, kontrolerako eta ebaluaziorako sistema egokia den; eta baliabideez hornitzea egokia den eta baliabide horiek aski diren.

Administrazio horiek esku hartu edo babesteko prozedura egin bitartean egiten duten jarduera egokia ote den balioztatzea da txostenaren bigarren helburua. Hain zuzen ere, jarduera horretan honako hauek balioztatzea: ikertzeko eta zuzemenak egiteko fasea edo erabakiak hartzeko sistema; erabakiak hartzeko irizpide teknikoak, protokoloak... egotea; babesteko neurriak aplikatzeko eta gauzatzeko plangintza; zenbait arlori, besteak beste, familia esku-hartzeari, familia eta egoitzetako harrerari, eta zerbitzuen kontrolari eta ebaluazioari dagozkien neurrien jarraipena, laguntza teknikoa, baliabideak eta gauzatzen diren planak.

Txosten honetan ez dira landu adingabeei era berean eragiten dieten beste arazo espezifiko batzuk, besteak beste, neurri judizial penalak dituzten adingabeenak, lagunduta ez dauden adingabe atzerritarrenak eta nazioarteko adopzioa egiteko prozesuekin lotutakoak.

Funtsean 2006ko bigarren seihilekoan lortutako datuetatik abiatuta egin da txosten hau. Orduan Gizarte Ongizate Departamentua zeneko Familia Zuzendaritza Nagusia 2005-2006 denbora tartearen ebaluazioa eta Haurrak eta Nerabeak Nafarroan Laguntzeko Planaren ebaluazio osoa ari zen prestatzen garai horretan.

Txostena bederatzi puntutan egituratuta dago. Lehenbiziko bietan txostena egiteko arrazoiak, dituen helburuak eta hedadura azaltzen dira. Hirugarrena eta laugarrena metodologiaren alderdiei dagozkie. Bosgarrenak luze eta zabal aztertzen du haurrei dagozkien arauen esparrua eta eskubideak. Haurrak eta nerabeak babesteko sare publikoa aztertzen du seigarren puntuak, bai oinarrizko sarean eta bai sare espezializatuan ere. Zazpigarren eta zortzigarren puntuetan, lehen mailako prebentziorako eta esku-hartzerako neurriak eta babesgabetasun larriko egoerei aurre egiteko administrazioaren jardunbidea deskribatzen eta aztertzen dira. Bederatzigarren eta azken puntuan, ondorioak eta gomendioak ageri dira.

Iritzi nagusia

Adingabeen babesa dela-eta, Nafarroako administrazio publikoen jardunbidea, oro har, -arartekoaren beraren hitzetan- arrazoizko moduan nahiko eta positibotzat jo daiteke.

Jardun publikoaren beste arlo batzuetan bezala, hobetu daitezkeen alderdiak daude, baina horiek ez gaituzte eraman behar, erabateko ikuspegian, Nafarroan adingabeak babesteko funtzio publikoa negatiboa edo aski ez dela modu bidegabean pentsatzera.

Enerizek nabarmendu zuen hobetu daitezkeen alderdien artean Foru Komunitatearen lurralde osoan adingabeen babesa sustatzeko eta kudeatzeko ardura zuzenean duten administrazio unitateak giza baliabideez hornitu beharra dagoela, bereziki. Hain zuzen ere, Gizarte Gaietarako Departamentuak egun duen Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babes Zerbitzua. Partikularki azpimarratu zuen babesgabetasun egoerei aurre egiteko esku-hartzeen alorra.

Era berean, Haurrak eta Nerabeak Laguntzeko Taldeak eratzea eta ezartzea bizkortu behar da. Haurrak babesteko ezarrita dauden planetara eta programetara bideratuta dagoen aurrekontua modu eraginkorrean erabiltzearekin lotuta dauden alderdiak ere hobetu behar dira, hasieran aurreikusi diren helburuak azkenean lortzen direla bermatzeko asmoz.

Kalte egindako subjektu guztiek parte hartzeko eta entzunak izateko administrazio prozedura egiazkoak ere (ez bakarrik juridiko-formalak) hobetu behar dira. Subjektu horiek adingabea bera, gurasoak, edo zuzenean nahasita dauden profesionalak izan daitezke (gizarte langileak, hezitzaileak, psikologoak eta, dagokionean, medikuak).

Era berean, beharrezkoa da adingabearen babesaren inguruan edo babes hori dela eta lan egiten duten zerbitzu publiko guztien arteko koordinazioa hobetzea.

Azkenik, iradoki da adingabea babesteko politika publikoa balioztatzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko teknikak sartzea, batetik, eta haurraren eta nerabearen oinarrizko eskubideek arrisku handiagoa dutela detektatu ahal den egoerak ikuskatzeko berariazko plan bat egitea eta gauzatzea, bestetik.

Gomendio partikularrak

Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietarako Departamentuari gomendio partikular batzuk ere egin zizkion arartekoak. Besteak beste, honako hauek: Adingabearen Foru Legeak ezartzen dituen arauak gauzatzea bultzatzea eta haurrak eta nerabeak laguntzeko plan berria egitea.

Halaber, gomendio horien artean honako hauek nabarmendu behar dira: adingabeak hartzen dituzten familiei laguntza ematen jarraitzea; neurri judizialak betetzeko zentroa egitea Nafarroan; lagundutako familia kopurua handitzeko baliabide hobeez hornitzea; egoitzan hartzeko zentroak eta elkarguneak arautzea; irabazteko asmorik ez duten elkarteei sostengua ematea; 18 urte betetzen dituztenean adingabeen zentroetatik irteten diren gazteak lan arloan sarraraztea; laguntzarik gabe Kanarietara heltzen diren Adingabe Atzerritarren Erabakia jarraitzea; eta ikuskatze plan bat egitea eta gauzatzea adingabeen eskubideak ez direla urratzen bermatzeko.

Partekatu edukia