Bilaketa aurreratua

Albisteak

2015eko Urteko Txostena.

2016 maiatza 19

NAFARROAKO PARLAMENTUAREN AURREKO AGERRALDIA

2015eko URTEKO TXOSTENA

Iruñean, 2016ko maiatzaren 19an.

Aurkezpena.

Eskerrik asko, Nafarroako Parlamentu Lehendakari andrea, Nafarroako Gobernako Lehendakari andrea, jaun-andreak, egun on denori.

Ganberako Araudiak ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Parlamentuaren aurrean agertzeko ohorea dut, 2015. urteari dagokion Nafarroako Arartekoaren erakundearen txostenaren laburpena aurkezteko.

Txostena apirilaren 13ko Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Arartekoaren web orrian argitaratu da, eta zehatzago aurkeztu nuen pasa den apirilaren 22an Foru Erregimeneko Batzordean.

Laburbiltzeko, aurkezpena datu gutxi batzuetara murriztuko dut.

2015ean zehar, erakundeak 2.791 jarduketa egin ditu.

Kopuru horretan, honakoak sartzen dira:

  • Aurkeztutako 1.546 kexa (kudeatutako 972 kexa-espediente sortu dituztenak).
  • Artatutako 1.193 kontsulta.
  • Kudeatu diren 31 ofiziozko jarduketa (horietatik 30, 2015ean egin ziren).
  • Zerbitzu publikoak direla-eta kudeatutako 13 hobekuntza-proposamen (horietatik 6 urte horretan aurkeztuak).
  • Nafarroako Parlamentuan egindako 5 agerraldi.
  • 3 txosten, horietako bat Nafarroako Parlamentuak eskatua eta beste biak erakunde honen ekimenez.

Erakundera zuzendu den herritar kopurua 7.933 pertsona dira. Kopuru horretan ez daude sartuta kexa baten sustatzaileen esanetan change.org plataformaren bitartez lortutako 108.091 sinadurak, Iruñeko Udalak baimendu eta haren lokal batean, gaur egun Askatasunaren Plaza deitutakoan, egin den erakusketa batengatik.

Nafarroako Arartekoak Nafarroako herri-administrazioetan herritarren eskubideak babesteko eta hobetzeko egindako berrikusketak guztira 652 ikerketa eta 396 ebazpen izan dira, tartean 338 gomendio izan dira, 86 lege-betebeharren oroigarri, 104 proposamen eta 32 bitartekaritza.

Herritarren kexak.

Handitik txikirako hurrenkeran, 2015ean herritarren kexa gehien jaso dituzten hamaika arloak honako hauek izan dira: euskara, trafikoa, enplegu publiko bat eskuratzea, gizarte ongizatea, funtzio publikoa, hezkuntza, osasuna, ingurumena, ogasuna, hirigintza eta etxebizitza.

Espediente kopuruari dagokionez, handitik txikirako hurrenkeran, espediente gehien dituen arloa enplegu publiko bat eskuratzeari dagokiona da, jarraian gizarte ongizatea, funtzio publikoa, hezkuntza, osasuna, hirigintza eta trafikoa.

Arlo horietako lehenengoari, euskarari, dagokionez, 610 kexa aurkeztu ziren. Horien artean, nabarmentzekoa da 592 kexatan eskatu zela Etxarri Aranatzen ematen diren osasun zerbitzuak eremu euskaldunean koofiziala den beste hizkuntza horretan ere eman dakizkiela hala nahi duten euskaldunei.

Bigarren tokian, trafikoari buruzko kexak daude: 188 dira. Horietatik, 146 kexa Nafarroako Trafiko-buruzagitzan gidabaimena lortzeko aztertzaile gutxi izateari buruzkoak eta azterketa horiek egiteko gehiegi geroratzeari buruzkoak dira.

Hirugarren tokian, enplegu publiko batera sartzeari buruzko kexak daude daude. Enplegu publiko batera berdintasun, merezimendu eta gaitasun baldintzetan sartu nahi duten herritarrek aurkeztutakoak dira. Aurkeztutako kexak, nagusiki, honako hauei buruzkoak dira: aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenden kudeaketa, eta Hezkuntza Departamentuak ingeleseko C1 maila maisu-maistren kidegorako irakasleen oposizioetan parte hartzeko baldintza gisa eskatzearen aurkakoak.

Laugarren tokian, gizarte ongizatearen, gizarte gaien edo eskubide sozialen arloetako kexak daude. Aurten, jasotako kexa gehienek zerikusia izan dute haurren eta nerabeen eta adineko pertsonen babesarekin. Halaber, gizarteratze errentari buruzko kexak aurkezten jarraitu da, bai eta desgaitasuna duten pertsonen babesari buruzkoak ere.

Enplegu publikoa lortzeari eta eskubide sozialei buruzko kexek agerian uzten duten herritarrek soldata nahikoa duen lanpostu egonkor bat dela Nafarroak duen erronketako bat. Ordezkatzen dudan erakundearen ustez, egokia litzateke Foru Autonomiako botere publikoek langabezia murrizteari begirako enplegua sortzeko sustatzeko beharrezkoak diren ekimenak bikoiztea, beharrezko legegintza neurriak, neurri administratiboak, fiskalak, finantzazkoak edo burokrazia ezabatzekoak hartzea.

Bosgarren tokian, funtzio publikoari buruzko kexak daude, zeinak baitira jada enplegatu publikoak direnek Nafarroako administrazio publikoekiko beren funtzionario- nahiz lan-harremanak direla-eta aurkeztutakoak. Aurkeztutako kexak, nagusiki, zenbait osagarri ez aitortzeari eta ez ordaintzeari buruzkoak izan dira, bai eta Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioak Osasun Sistema Nazionalean sartzeari buruzko desadostasuna agertzekoak ere.

Seigarren gaia hezkuntzarekin lotutakoa da. Arlo horretakoen artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arreta; ikasleei eskolako bizikidetasuna dela-eta ezarritako diziplina-zehapenak; eta Hezkuntza Departamentuak ikasteko, garraiorako edo egoitzarako bekak ukatzea. Halaber, aipatzekoa da gurasoen talde batek adierazitako desadostasuna, Sarrigurengo ikastetxe publikoko zuzendaritzak instalazio berrietan, haur hezkuntzako bigarren mailako taldeetan, datorren ikasturterako egindako banaketa dela eta, zeren eta uste baitute ikasturtearen martxa arrunta oztopatzen duela eta ez duela ikasleen segurtasun fisikoa bermatzen. Kexa hori dela eta, 4.142 sinadura aurkeztu ziren change.org plataformaren bitartez.

Osasunean, nabarmentzen diren kexak itxarote-zerrendei lotutakoak dira, hala espezialitate kontsultei dagozkienak (traumatologia, oftalmologia eta dermatologiakoak batez ere), nola ebakuntzei dagozkienak, bestalde, jasotako arreta klinikoari lotutakoak edo arreta desegokiaren ondoriozko ondare erantzukizun kasuak ere bai.

Ingurumena dela eta, nagusi dira gisa askotako jarduerek sortutako zaraten ingurukoak, eta, bereziki, herritar batzuek beren etxebizitzetan pairatzen dituzten eragozpenak, gazteen etxabeek eta ostalaritza-negozioek eragindako kutsadura akustikoaren ondoriozkoak. Halaber, hondakinei eta ingurumenari buruzko informazioa ukatzeari buruzko kexak aurkeztu dira, bai eta herritarren parte-hartzea mugatzeari buruzkoak ere.

Bederatzigarren tokian, ogasunaren arloa dago. Arlo horretan, nagusi izan dira Nafarroako Foru Ogasunaren zergei buruzko kexak (batez ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekin lotutakoak), bai eta hiri-kontribuzioak gora egin izanari buruzkoak ere, katastro-balioen aldaketaren ondoren.

Hamargarren gaia hirigintzarena da, non nabarmentzekoak baitira herritarrek salatutako hirigintza-araudiaren balizko ez-betetzeen aurrean udalek, legezkotasuna babesteko neurriak hartzeari dagokionez, ezer ez egiteari buruzko kexak; eta, bestetik, jabe batzuek adierazitako desadostasuna, beraiengan eragina duten hirigintza-antolamenduko zenbait erabaki udalek hartu izateagatik.

Hamaikagarren tokian, etxebizitzaren arloa dago. Horren inguruko kexak, gehien bat, etxebizitza erosteko edo errentan hartzeko laguntzak ukatzeari buruzkoak izan dira. Horien artean, nabarmentzekoak dira zenbait herritarrek aurkeztutako kexak, Sustapen Departamentuak erreklamatu baitizkie etxebizitza babestu bat erosteko diru-laguntza bati dagokion kopurua itzultzeko. Diru-laguntza, ordea, ez zitzaien kexa-egileei zuzenean ordaindu, baizik eta etxebizitzaren sustatzaileari.

Ikuspuntu kualitatibotik daukaten garrantzia dela eta, herritarrek aurkeztutako zenbait kexa nabarmendu behar ditugu: Honako hauek dira:

  • Administrazioek aplikatzekoa den araudia ez betetzeagatik aurkeztutakoak. Horixe da gizarteratze-errentaren bahiturekin gertatzen dena, zeren eta prestazio hori, Nafarroako Parlamentuak hala erabakita, bahiezina baita. Horrekin herritar ahulenak babesgabetasun ekonomikoko egoeran uzten dira. Berdin gertatzen da trafikoaren arloko edo beste arlo batzuetako zehapen-prozeduretan; edo zerbitzu publikoen funtzionamendu ez-ohikoaren ondoriozko ondare-erantzukizuneko prozeduretan, zeinetan jokabide oker sistematiko bat gertatzen baita, alegia, erreklamazio ia bakarra ere ez onestea eta konponbidea bide judizialaren esku uztea, diru-arrazoiak tarteko.
  • Egoera pertsonal eta familiar larrialdiko edo apartekoetan administrazioek izaten duten jokabidea dela-eta aurkeztutakoak. Izan ere, erantzun azkar eta baliozkoa ematen geroratzen da edo, berdin baliozkoak diren eta kasu partikularrari egokitzen zaizkion legezko konponbideak eman beharrean, eskatzaileen asmoei ezezkoa ematen diete, sendotasun gutxiko argudioekin; esate baterako, justifikaziorik gabeko tratu desberdina edo hala jokatuz gero prebarikazioa gertatzea. Alabaina, ordenamendu juridikoak administrazioak behartzen ditu justiziaren eta ekitatearen alde lan egitera eta nori berea ematera.
  • Administrazioek babesa araudian bilatzearen aurka aurkeztutakoak, araudi horrek partikularrentzako emaitza zuzengabeak dakartzanean. Horixe gertatzen da ikastetxeetan matrikulak baliogabetu ondoren ordaindutako prezio publikoak itzultzen ez direnean; norberaren etxebizitzan lanbide-jarduera bat izateagatik zaborren tasa bikoitza kobratzen denean; higiezinen erosleei plusbalioaren zerga ordainarazten zaienean zergadunaren ordezkotzat jota...; Administrazioak babesa bilatzen duenean herritar batek kanpoko organo administratiboetan aurkeztutako errekurtso bat egotean, Nafarroako Arartekoari aginduzkoa den txostena ukatzeko edo haren ebazpenak ez onartzeko, horrekin kexa aurkeztutako herritarrari kaltea eraginez.
  • Herritarrek beren gaien administrazio egokirako daukaten eskubidea administrazio publikoek ez artatzearen aurka aurkeztutakoak, herritarrei informazioa emateko legezko betebeharra ez betetzeagatik; haien eskaerak eta errekurtsoak behar den epean ez ebazteagatik; errespetuzko eta gizalegezko tratua ez emateagatik; edo eskatutako informazioa ez emateagatik, dela hori publikoa denean, dela informazio horrek herritarra zuzenean interesdun gisa ukitzen duenean.
  • Ukitu nagusiak pertsona ahulenak direneko kexak. Beren burua defendatzeko aukera eskasak dituzten pertsonen kasuak dira, nola baitira babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, are Administrazioaren zaintzaren eta jagoletzaren pean daudenean ere, egoitzetan dauden adineko pertsonak, espetxeetan daudenak eta abar.
  • Administrazioek egitateen eta inguruabarren banakako baloraziorik egin gabe edo modu desproportzionatuan jarduten duteneko kasuak. Halaxe gertatzen da honako hauetan: egoitzen tarifen igoera; gizarte-laguntzak alde bakarretik eta ofizioz gutxitzea, inguruabar pertsonalak eta familiarrak aldatu ez diren arren; garabiak aparkatze mugatuko eremuetan dauden ibilgailuak erretiratzea; edo merkatariei tarifak kobratzea aparkatze mugatuko eremuari dagokion jabari publikoa erabiltzeagatik.

Ofizioz abiarazitako jarduketak.

Erakunde honek, aurten, ofiziozko 30 jarduketa egin ditu.

Ofiziozko jarduketa horietatik, bost gizarte-ongizateari buruzkoak izan dira. Horien artean nabarmentzekoak dira adingabeen funtzionamenduari buruzko konprobaketa (behaketa eta harrera zentroak); familia ugariaren kontzeptua aldatzea; gizarteratze-errentari buruzko urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legean legezko egoitzaren baldintza kentzea; eta zahar-etxe batean emandako arretaren gainbegiratzea.

Ofiziozko jarduketetatik, lau osasunari buruzkoak izan dira: bat hartutako kalte zerebrala duten haurren arretari buruzkoa; beste bat C hepatitiseko gaixoentzako tratamenduei buruzkoa; beste bat, ospitaleetako larrialdiei buruzkoa; eta azkena koordainketa farmazeutikoari buruzkoa.

Justiziaren arloan, hiru jarduketa egin ziren: bat, adingabe baten bortxazko heriotzaren aurrean erakundeek babesik ez emateari buruzkoa; beste bat, beste adingabe baten heriotza dela-eta balistikako peritu-proba egiten geroratzeari buruzkoa; eta azkena, konstituzio-eskubideen balizko urraketa edo koherentzia-eza estatuko araudiaren eta Europako araudiaren artean zigor arloko ebazpen judizialak direla eta.

Beste hiru jarduketa ingurumenari buruzkoak izan dira: bat hegazti harraparien erakusketarako baimena falta izateari buruzkoa; beste bat zaraten inguruko Europako araudia urratzeari buruzkoa; eta azkena Ezkaba mendia natur-eremu babestua dela deklaratzeari buruzkoa.

Halaber, ofiziozko beste jarduketa batzuk egin ziren, honako gai hauek direla eta:

  • Desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zerga aldatzea.
  • Liburu-dendak, argitaletxeekin alderatuta, baztertzea, ikastetxeek liburuak erosterakoan.
  • Funtzionario publikoen montepioetako osasun laguntzaren zerbitzua bertan behera uztea.
  • Funtzionarioek erretiroa nahitaez hartzeko adina luzatzea.
  • Nafarroako Zerga Ogasunak premiamenduko probidentziak bidegabeki igortzea.
  • Espetxetan zigorra betetzen ari diren bi pertsonaren damua.
  • Fideltasunaren legezko usufruktuaren inbentarioan exijentzia formalista eta gehiegizkoa izatea.
  • 2015eko abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan botoa emateko eskubideaz baliatzeko zailtasunak.
  • 112, 091 eta 092 telefonoak doakoak izatea.
  • 2009-2012 urteetarako Estatuko etxebizitza plana.
  • Autonomia erkidegoetako Arartekoei forudun izaera kentzeko eskaria.
  • Etxebizitza publikoaren egoerari buruzko gogetak.
  • Zentroen ikuskatzeak.

Aurreko urteetan bezala, erakundeak Nafarroako haurren eta nerabeen egoera baloratu du. Ez da balorazio orokor edo soziologiko bat izan; izan ere, bideratu da egiaztatzera egoera hori bat datorrela Nafarroako administrazio publikoei Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak ezartzen dizkien betekizunekin.

Erakundeak berriz ere aipatu du Haurtzaroari Arreta Emateko III. Plana burutzea azkartu behar dela, gaur egungo adingabeak babesteko sistemaren errekurtsoak ebaluatu behar direla, nahikoak ez direnak, posible denean adingabeak instituzioetatik atera eta euren jatorrizko familiarekin itzultzea erraztu behar dela, lehendabiziko arreta sistemaren eta lehentasunezko prebentziorako Nafarroako Gobernuko zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko edo familia harrera modalitatea egoitza harreraren aurretik sustatu behar dela.

Proposamenak.

Nafarroako Arartekoak hiritarren parte-hartzea sustatzen du zerbitzu publikoen hobekuntzarako, proposamenak egin ditzaten animatuz, eta proposamen horiek administraziora eramanez eta arrazoia badute lagunduz edo, behintzat, ikertuz.

2015ean herritarrek aurkeztutako 6 hobekuntza-proposamenekin, 287ra iritsi da ekimen hau abian jarri zenetik herritarrek egindako proposamenen kopurua. Ekimenaren xedea herritarren parte-hartzea eta lankidetza zen.

Besteak beste, herritarrek proposamenak egin dituzte honako arloetan aldaketa batzuk egiteko:

  • Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua aldatzea, etxebizitzen zaharberritzerako laguntzak eskuratzeko baldintzei dagokienez.
  • Etxabeetako jabeek bizilagunen erkidegoaren obretarako egin beharreko ekarpena gutxitzea.
  • Haurtzaindegiaren kostua kenkaria izatea bi gurasoek lan egiten dutenean eta laguntzarik ez dutenean edo familia eta lana uztartzeko aukerarik ez dutenean.
  • Amatasunarengatiko laguntza ezartzea hiru urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeentzat, besteren konturako nahiz beren konturako jarduera bat egiten dutenean.
  • Desgaitasuna duten pertsonak unibertsitate-ikaskuntzetan salbuestea tituluak emateko prezio publikoen eta idazkaritza-eskubideen ordainketatik.
  • Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak egiten dituen azterketak desgaitasuna duten ikasleen mugen arabera egokitzea.

Kontsultak.

Gure erakundearen Herritarrentzako Arreta Bulegoak herritarren 1.193 kontsulta artatu ditu.

Gizarte ongizatearen arloko kontsultak nagusitu dira. Herritarrek honako gaiei buruzko kontsultak egin dituzte: adingabeen babesa, gizarteratze errenta eta adineko pertsonentzako zentro eta egoitzetara sartzea eta haietako egonaldi-baldintzak.

Kontsulten bigarren multzoa osasunarekin lotutakoena da. Nagusiki, itxaron zerrendei buruz eta emandako osasun-laguntzarekin ados ez egoteko kasuei buruz kontsultatu zen.

Hirugarren tokian, Ogasunari buruzko kontsultak daude; bertan, nagusi dira Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen tributuei buruzko kontsultak.

Halaber, handitik txikirako hurrenkeran, honako gaiei buruzko kontsultak egin dira: hezkuntza, hirigintza, eskubideen bermeak (erantzun bat jasotzeko eskubidea, informazioa eskuratzeko eskubidea, gardentasuna...), justizia, ingurumena eta kontsumoa.

Txosten monografikoak.

2015ean, hiru txosten monografiko egin dira:

  • Bi erakundearen beraren ekimenez izan dira: bata, kostu bidezko eskualdaketan, eskuratzailea hiru-lurren balio-gehikuntzaren (plusbalioaren zerga) gaineko zergaren subjektu pasiboa izateari buruzkoa; eta bestea izaera pertsonaleko datuen babes orokorrari buruzkoa eta, bereziki, segurtasun indar eta kidegoen fitxategiei dagokienean.
  • Bat, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarraren ekimenez egin da, eta gizarte zerbitzuen babes-sistema osoak zailtasun sozialetan dauden haur eta nerabeei ematen dien arretari buruzkoa izan da.

Bestelako edukiak.

Txostena ixteko gutxien laguntzen duten erakunde eta autoritateen artean (bost) aipatzen dira: Azagra, Burlata, Cabanillas, Los Arcos eta Murugarengo Kontzejua. Azkenik, erakundearen 2015eko aurrekontuaren likidazioa erantsi da.

Agurra.

Jaun-andreak, hau izan da 2015. urteari dagokion urteko txostenaren laburpena. Bertan, erakundearen jardunaren alderdi garrantzitsuenak islatzen saiatu naiz.

Berriz eskerrik asko denei zuen adieragatik, eta beharrezkotzat hartzen duzuenerako zuen mesedetara jartzen naiz.

Francisco Javier Enériz Olaechea

Nafarroako Arartekoa

Partekatu edukia