Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Urriaren 28ko 195/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko matrikula egiteko prozedurari buruzko zenbait kexa ebazten dituena.

2010 urria 28

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Imposibilidad de formalizar matriculación por vía electrónica para la Escuela Oficial de Idiomas de Pamplona

Exp: 10/720/E

: 195

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko matriklua egiteko prozeduraren inguruko egunetan, zenbait kexa aurkeztu ziren erakunde honetan –goiburuan ageri dira kexa horien espediente zenbakiak– prozedura hori dela eta.

    Kexa horiek xede eta oinarri berberak dituzte, eta, bere iritziz, eskainitako ikaspostuak berdintasunez lortzeko aukera izan ez zuten herritarrek aurkeztu zituzten, aurtengo ikasturtean matrikula bide elektroniko bidez egiteko ezarri den sisteman izandako arazo teknikoen erruz.

    Interesdun horietako batzuek ikaspostua lortu zuten hasiera batean (irailaren 17an), baina egindako matrikula baliogabetu zieten gero, matrikula elektronikoaren sisteman egun horretan izandako akatsen erruz. Adierazten zutenez, matrikula egiteko gaitu zen bigarren egunean (irailaren 20an), aldiz, ezin izan zuten matrikularik egin, programa informatikoari egotzi beharreko erruz orduan ere, baina salatzen zutenez, kasu horretan ez zen bezperan bezala jokatu.

    Interesdunek orobat adierazten zuten Hizkuntza Eskola Ofizialean esan zietela matrikula bide elektronikoa baliatuta egin behar zela eta, halere, jakin ahal izan zutenez, matrikula irailaren 20an egindako pertsona askok Eskolan bertan egin zuten matrikula. Horri dagokionez adierazten zuten ez zela sistema baliatzeko modurik egon denbora-tarte luze batean, eta hartara ez zutela ulertzen nola izan zitekeen berriz ere abian jarri zenean ikaspostu guztiak beteta egotea.

  2. Aurkeztutako kexetan azaldutakoaz gain, hedabideek gaiari buruzko albisteak eman zituzten argitara, eta Hizkuntza Eskola Ofizialak berak aitortu zuen akats informatikoa gertatu gertatu zela, eta jendaurrean jakinarazi zuen ardurak eskatuko zizkiola programa taxutu zuen enpresa kontratu-hartzaileari. Halatan, sistemak “tarteka” funtzionatu zuela azaldu zuten, eta berriz diogu, aitorpen hori jendaurrean egin zen.

  3. Kexak aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eta matrikula egiteko prozedurari buruzko dokumentazioa eskatu genizkion Hezkuntza Departamentuari.

  4. 2010eko urriaren 19an, eskatutako txostena jaso zen erakunde honetan. Hartan, ondokoa adierazten da:

“Arartekoak dio ezen, interesdunen iritziz, ez dutela izan eskainitako ikaspostuak berdintasunez lortzeko aukera, aurtengo ikasturtean matrikula bide elektroniko bidez egiteko ezarri den sisteman izandako arazo teknikoen erruz.

Irailaren 17an izandako gorabeherei buruz adierazi beharra dago irailaren 17ko goizeko bederatziak izan zela alemaneko, euskarako, frantseseko, ingeleseko eta italierako oinarrizko maila eta maila ertaina ikasteko matrikularako ezarri eta iragarritako epea, eta 1.388 ikaspostu eskaini zirela.

Goizeko zortzietan ohartu ginen matrikula zabalik zegoela eta epea hasi baino lehen 522 pertsona matrikulatu zirela. Kudeatzailearen akats baten erruz gertatu zen hori, ez baitzuen ezarritako ordua programatu.

Horren ondorioz, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendaritzak matrikulak baliogabetu zituen eta beste epe bat ezarri zuen matrikula egiteko: irailaren 20ko goizeko bederatziak. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak berehala jakinarazi zuen zein zen epe berria. Sisteman irailaren 17an sartu ziren pertsonei zuzenean informatu zitzaien, sakelako telefonora igorritako mezu bidez, ezarritako ordua baino lehenago hain zuzen ere, nahi izanez gero matrikula egin ahal zezaten irailaren 20an.

Matrikula egiteko egunaren aldaketa irailaren 17ko goizeko bederatziak baino lehenago egin zenez gero, egun horretako matrikula oro baliogabetu zen. Ez zen gertatu ezarritako ordua baino lehen sisteman sartu ziren pertsonak kaltetzen zuen akatsik, aipatutako akatsak beste herritar batzuen aldean ematen zien abantailaz baliatzeko.

Aipatutako hizkuntzetan eta mailetan matrikulatzeko irailaren 20an izandako gorabeherei dagokienez, online matrikula kudeatzeko kontratatutako enpresak matrikula prozesua jendearentzat irekitzean sortutako arazoak justifikatu ditu, esanez lehen minutuetan gertatu zirela arazoak, aldi berean konexio ugari gertatu zirelako. Gorabehera horrek prozesu orokorra mantsotzea ekarri zuen, tarteka eta 12ak arte. Enpresaren esanetan, gorabehera hori online prozesu orotan gertatu ohi da, eskaintza murritza eta eskari handia duen prozesu orotan. Honetara ezkero argitu behar da eskaintza murritzari buruz aritzean ingeleserako eskaintzaz ari garela; izan ere, eskaintzarik handienea ingelesekoa izan arren, eskainitako ikasposturik gehienak beteta zeuden aurreko deialdietan.

Lehenengo ordutik, enpresak doiketak egin zituen datu-basearen aplikazioaren kodean, sistemak erabateko normaltasunez funtzionatu zuen arte.

Gorabehera horiek orokorrak izan ziren, eta ez zen esleipenik egin zerbitzu publiko hori berdintasun-printzipioaren arabera baliatzea errespetatu ez zuenik. Adierazitako arazo teknikoak ikastetxeak nahiz ordenagailua baliatu zuten herritarrek pairatu zituzten aldi berean. Ikastetxeko matrikulazioak prozesu bera jarraitzen zuen eta horren helburu bakarra zen laguntza ematea teknologia berrietan moldatzen ez diren pertsonei edo teknologia berriak eskura ez dituztenei.

Irailaren 20an 1.494 pertsonak lortu zuten matrikulatzea prozedura bakar horri jarraikiz, idazkiak sustatu dituzten pertsonek baliatutako prozedura berari jarraikiz hain zuzen ere.

Finean, inguruabarrak eta ikastetxearen jokabidea aztertuta, ez dugu ikusten kexa-egileek arrazoia dutenik edo ikaspostuen esleipena balioduna izan ez zenik. Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak, berriz, eskatua dio jada txosten bat programa informatikoaren ardura duen enpresari.

Bukatzeko, erreferentziako prozeduran izangaiak hautatzeko jarraitu den irizpideari dagokionez adierazi beharra dago matrikula egiteko hurrenkera errespetatu behar dela; txosten honi orobat erantsi diogu matrikula egiteko arauen kopia.”

AZTERKETA

  1. Aurrekarietatik ondorioztatzen denez, aurkeztutako kexak Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean matrikula egite aldera baliatutako prozeduraren emaitzaren aurkakoak dira. Halatan, argudio bertsuak erabilita, interesdunek salatzen dute egintza akastuna izan zela, matrikula bide elektroniko bidez egiteko sistemak gaizki funtzionatu zuelako, eta horrek zeharo baldintzatu zituen batzuen nahiz besteen aukerak.
  2. Edozein zerbitzu publiko baliatzeko prozedurak interesdunen aukera berdintasunaren printzipioa bete behar du zerbitzua ematerakoan. Hori da, hain zuzen ere, Konstituzioak ezarritako printzipioetatik eta manuetatik heldu dena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jardunbideari zehazki dagokionez, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 13.1 artikuluak espresuki xedatzen du hori horrela dela.

    Printzipio horren arabera, eskaintzen den zerbitzuaren berezko mugak direla-eta izangaiak gehiago baldin badira eskaintzen diren ikaspostuak baino, hautapena edo esleipena egiteko irizpide objektiboak erabili behar dira, eta desadostasunik gertatzen baldin bada, irizpide horiek bete ote diren aztertu behar da.

    Kexaren xede den prozeduran, hautapen irizpidea zen, adierazi denaren arabera, matrikula egiteko ordena, halako moduan non interesdunek matrikulak bete ahala esleituko baitziren ikaspostuak. Jakina, irizpide hori balioduna, erraza eta zalua da aplikatzerako orduan, baina gero eginen dugun gomendioaren arabera, zuzendu beharra dago, ukatu ezin den arazo bat sortzen delako eskaria eskaintza baino handiagoa den kasuetan: interesdunen pilaketa, edo bestela esanda, “ilarak” sortzea, ilara horiek han bertan gertatu nahiz elektronikoak izan.

    Matrikula egiteko moduari dagokionez, igorri zaigun txostenean adierazten denez, bide bakarra baliatu zen, bide elektronikoa, eta, halatan, txostenean esaten da “ikastetxeko matrikulazioak prozesu bera jarraitu zuela eta horren helburu bakarra zela laguntza ematea teknologia berrietan moldatzen ez direnpertsonei edo teknologia berriak eskura ez dituztenei.” Ikus dezakegunez, ordea, Hizkuntza Eskola Ofizialak berak prestatutako arauetan edo jarraibideetan adierazten zen lehentasuna izanen zuela interneten bidez eginiko matrikulak, zeina interneten bidez nahiz eskolan bertan egin ahalko baitzen (honekin batera doa horren kopia). Alegia, bi bide balia zitezkeen: elektronikoa eta presentziala.

  3. Edozein modutan ere, Administrazioak adierazten duen legez bide elektronikoa izan zenez gero baliatu zen bide bakarra, argitu behar dena da ea online matrikula egiteko sisteman izandako gorabeherek prozeduraren emaitza akastu zuten ala ez irailaren 20an.

    Horri dagokionez, Hezkuntza Departamentuak uste du arazo teknikoak orokorrak izan zirela eta, prozeduran parte hartutako herritar guztiak kaltetu zituen neurrian, emaitza balioduna izan zela. Guztira, 1.494 pertsona matrikulatu ziren. Finean, gabeziak egon egon zirela onartzen da, eta denei berdin eragin ziela adierazten da ondoren.

    Erakunde honek ez du ondorio hori bere egiten. Alde batetik, ez dira gutxi salatu dutenak ezen, matrikula egiteko izapidea hasita zegoenean programa “blokeatu” zelarik, ikaspostu guztiak beteta zeudela programa berriz ere abiaraztean, eta horrek erakusten du arazoa ez zela orokorra izan eta ez ziola mundu guztiari berdin eragin, Hezkuntza Departamentuak adierazitakoaz bestela. Administrazio Publikoak berak dio bere txostenean aldi bereko konexioek eragin zutela “prozesu orokorra mantsotzea, tarteka eta 12ak arte.”

    Matrikula elektronikoa egiteko sistemak “tarteka funtzionatzeak” zeharo eragozten du ezarritako hautapen irizpidea, hau da, lehentasuna matrikula egiteko ordenari ematea. Matrikula egiteko sistema batek, elektronikoa ala presentziala izan, ezin du ziurtatu ikaspostuak matrikula egiteko ordenaren arabera esleituko direla, baldin eta sistema tarteka soilik balia badaiteke. Irizpide hori aplikatuko bada, jarraitutasuna behar da matrikula egiteko sisteman, eta tarteka soilik baliatu ahal baldin bada ez da halakorik ziurtatzen.

    Hori guztia kontuan hartuta, etakunde honek ez du uste prozedurak interesdun guztien aukera berdintasuna ziurtatu zuenik eta gorabehera teknikoek –eragindako eragozpenak alde batera utzita– azken emaitzari eragin ez ziotenik, Administrazioak dioenaz bestela.

  4. Hori guztia gorabehera, erakunde honek ezin du alde batera utzi zein den egoera: ikasturtea hasi da, eta herritar askok legez esleitu zitzaizkien ikaspostuak bete dituzte. Hortaz, ukitutako interesak eta eskubidak aintzat hartuta, erakunde honek ez du bidezko ikusten gomendatzea matrikula bertan behera utz dadin, nahiz eta ez zen harrigarria izanen baldin eta Administrazioak matrikula baliogabetu izan balu, irailaren 17an egin zuen bezalaxe. Dena den, espero dezagun hartu beharreko neurriak hartuko direla etorkizunean halakorik berriz ere gerta ez dadin.

    Horri dagokionez, Hizkuntza Eskola Ofizialak aztertu beharra du ea matrikula egiteko prozedura berrikusi behar ote den. Horri dagokionez, harrigarria da jaso dugun txostenean adierazitakoa; izan ere, txostenean esaten da programa kudeatzeaz arduratu zen enpresaren iritziz “gorabehera hori online prozesu orotan gertatu ohi dela, eskaintza murritza eta eskari handia duen prozesu orotan”. Hori horrela balitz, eta Hezkuntza Departamentuak planteamendu hori onartzen baldin badu, bazter utzi beharko litzateke bide elektronikoa baliatuta eginiko matrikulazioa, matrikula egiteko hurrenkerari lehentasuna ematen diona, zeren herritarrei erosotasun eta zalutasun handiagoa emateko aurreikusitako sistema batek lortu nahi den emaitzaten kontrakoa ekarriko bailuke, eta ez luke behar bezala ziurtatuko zerbitzu publiko bat berdintasunez eskuratu ahal izatea.

    Gauzak horrela, erakunde honen gomendioa da Hezkuntza Departamentuak ondoko neurriak azter ditzala, kexaren helburu den prozeduran izandako gorabeherei buruzko analisia egin ostean:

    1. Egin beharrekoak egitea matrikulazio elektronikoaren programan izandako gabeziak eta akatsak ekiditeko. Halatan, begi-bistakoa da bide elektronikoa baliatuta egindako matrikulazio sistema ezartzeko baldintza izan behar duela sistema horrek behar bezala ziurtatzea eskainitako ikaspostuak eskuratzeko interesa duten herritarren eskariak. Hori ziurtatzen ez baldin bada, matrikula presentzialaren sistemarekiko aurrerabidea izan beharko lukeena zama bihurtzen da azkenean, bai herritar interesdunentzat bai Administrazioarentzat berarentzat.

    2. Matrikula egiteko hurrenkerari lehentasuna ematearen irizpidea aldatzea, arestian aipatutakoarengatik, eta epe jakin bat ezartzea interesdunek aurreinskripzioa egin dezaten; eta, ondoren, behar adina ikaspostu ez baldin badago, aldez aurretik ezarritako irizpide objektibo bati jarraikiz hautatzea izangaiak, esate baterrako zozketa bidez, zozketari buruzko publizitatea ziurtatuta. Jakina, aurrematrikula egiteko sistema hau (elektronikoa edo presentziala) horretarako ezarritako epe batean eginez gero eta hautaketa, adibidez, zozketa elektroniko publikoaren bidez eginez gero, aukera berdintasuna eta sistemaren eraginkortasuna ziurtatuko lirateke, eta ez litzateke egonen hirugarrenengan eraginen zuketen balizko akats elektronikoen mende, eta hartara ekidin eginen litzateke prozesua “lasterketa elektronikoa” bihurtzearen ikuskizun penagarria.
  5. Bukatzeko adierazi beharra dago aurkeztutako kexa askotan eskatzen dela eskainitako iksapostuen kopurua handitzea, batez ere ingelesekoak.

    Auzi horrek, logikoa denez gero orain jorratu dugun auziarekin lotuta badago ere (ikaspostuen eskaintzaren eta eskariaren arteko elkarrekikotasuna perfektua izanen balitz, gorabeherek, gogaikarriak izanagatik, ez lukete eraginik izanen hautapen-egintzaren azken emaitzan), ez dauka zerikusirik orain aztertu dugun prozeduran zehar izandako gertakari zehatzekin, eskariaren eta eskaintzaren arteko aldearen gorabehera hori berdin-berdin gertatuko zelako matrikulazio sistemak behar bezala funtzionatu izan balu ere.

    Erakunde honek, halere, bat egiten du kexen bidez adierazitako iritzi orokorrarekin eta ikaspostu gehiago paratzeari buruzko eskaerarekin, batez ere ingelesekoak, Administrazioak berak ere hitzetik hortzera aipatzen baitu hizkuntza horren garrantzia herritarren etorkizun profesionalari begira eta Nafarroaren etorkizun estrategikoari begira. Hartara, gai horri dagokionez, eta ikuspegi orokorrago batetik abiatuta, erakunde honek kexa-egileei adierazi nahi die ikerketa bat abiaraziko duela ofizioz Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikastaroen eta ikaspostuen eskaintzari eta eskariari buruz, eta beraz orain ezin duela duela horri buruzko iritzi zehatzagorik eman.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari eta, bereziki, Hizkuntza Eskola Ofizialari ondoko neurriak hartzeko gomendatzea:
    1. Egin beharrekoak egin ditzala matrikulazio elektronikoaren programan izandako gabeziak zuzentzeko, irailaren 17an eta 20an gertatutako egoerak ekidinez.

    2. Matrikula egiteko hurrenkerari lehentasuna ematearen irizpidea aldatzea, eta epe jakin bat ezartzea interesdunek aurreinskripzioa egin dezaten; eta, ondoren, behar adina ikaspostu ez baldin badago, aldez aurretik ezarritako irizpide objektibo bati jarraikiz hautatzea izangaiak, ebazpen honetako laugarren atalean adierazitakoarekin bat.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunei eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia