Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Acceso a datos del registro municipal y del registro civil
Exp: 10/572/D
Nº: 187
Eskubideen sustapena
2010eko uztailaren 8an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Murillo el Cuendeko artxibo eta erregistroetarako (administratiboa eta zibila) sarbidea izateko eskubidea betetzeko moduari buruz.
Kexa-egilea ikerlaria eta aipatutako herriari buruzko argitalpen baten egilea da, eta bere izaeraz baliatuta, Murillo el Cuendeko Udalari eskatu zion baimena eman ziezaion herriko artxibo eta erregistroak ikusi ahal izateko, herriko historiaren jatorriak ezagutze aldera, hain zuzen ere beste argitalpen batzuk egin ahal izateko.
Ohartarazi zioten Erregistro Zibila ez dagoela udalaren menpean, eta, horrenbestez, behar zen eskaria egin zuen bide judizialetik, eta eskaera hartatik iritsi zen Tafallako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. epaitegiaren baimena, Murillo el Cuendeko Erregistro Zibileko artxiboak eta erregistroak ikusi ahal izatekoa (2010ko ekainaren 2ko Ebazpena).
Interesdunak, zeinaren eskarian herriko artxibo administratiboa ikusi ahal izatea ere jasotzen baitzen, bere kexan azaltzen du ezen, adierazitakoaren arabera, idazkari andreak, 2010eko uztailaren 1ean, jakinarazi zion soilik utziko ziola artxiboa ikustea “datuak kontsultatzeko edo eskuz kopiatzeko, baina ez ziola baimenik ematen beharrezkotzat jotzen zuena fotokopiatzea edo eskaneatzea”. Hori justifikatzeko, modu orokorrean, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoan ezarritakoa aipatzen zuen.
Beste ezer baino lehen, udal txostenean eta aipatutako arauetan jasotako gogoetak ikusita, hasteko esan beharra dago herritarrek artxibo eta erregistro administratiboetan sartu ahal izateko eskubidea Konstituzioko 105. artikuluan jasota dagoela, eta artikulu horrek legegilearen esku uzten duela hura erregulatzea.
Konstituzioaren aurreikuspen horren zuzeneko garapena Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean dago; izan ere, haren 35. artikuluak xedatzen du herritarrek eskubidea dutela administrazio publikoen erregistro eta artxiboetan sartzeko, Konstituzioan, lege horretan eta beste lege batzuetan ezarritako moduan. Agindu horri dagokionez, lege bereko 37. artikuluak, “Artxibo eta erregistroetara jotzeko eskubidea” izenburuaren pean, xehetasun handiagoekin arautzen da haren edukia, norainokoa eta erabilera.
Toki araubideari buruzko legediari dagokionez, adierazi beharra dago Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeko 70.3 artikuluan ere eskubide hori aitortzen dela, eta hura arautzen duela, hain zuzen ere, herritarren informazioa eta parte-hartzea arautzen dituen atalean, udalbatzetako kideen estatutuari buruzko arauetatik kanpo, beraz.
Horrenbestez, planteatutako gaiaren azterketa arau horien argitara egin beharra dago, eta, bereziki, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37. artikuluan ezarritakoaren argitara.
Legeak, lehenengo atalean, honakoa ezartzen du, izan ere: “Herritarrek erregistroetara jotzeko eskubidea dute eta, espedienteren batekoak izanik, administrazioko artxiboetan dauden agirietara irispidea izateko eskubidea, edozein dela ere agirion adierazpidea -idatzia, entzunezkoa nahiz irudizkoa- eta euskarri materiala, espedienteak ikusteko eskaera egiten den egunean espediente horien prozedurak amaituta badaude”.
Datuetan sartzeko eskubidea, Konstituzioko gainerako eskubideak bezala, ez da eskubide absolutu bat, eta kasu jakin batzuetan uka daiteke, hirugarrenen bizitza pribaturako eskubidea ukitzen duenean (bigarren atala) edo 30/1992 Legean bertan (laugarren atala) jasotako beste kasu batzuen ondorioz. Halakoetan, betiere, ukatzeko arrazoiak ematen dituen ebazpena eman beharko da. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago, halaber, pertsonen bizitza pribatuari buruzko bestelako daturik biltzen ez duten dokumentu izendunen kasuan, interes legitimoa eta zuzenekoa kredita dezaketen hirugarrenen sartzeko eskubideaz balia daitekeela (hirugarren atala).
Aurrekotik ondorioztatzen da hura eskatzen duen herritarrak datuetan sartzeko eskubidearen eta beste herritar batzuen bizitza pribaturako eskubidearen balizko talka datuetarako sarbidea eman aurretik baloratu beharreko zerbait dela, hau da, espedientea edo espedienteak aztertzeko baimena eman aurretik, edo oinarriekin eta arrazoiak azaltzen dituen ebazpen baten bitartez ukatu behar dela. Une horrexetan, dokumentazioa aztertzeko eskubidea ematen den ala ez den ematen erabaki behar denean, Administrazio Publikoak ukitutako interes eta eskubideen multzoa baloratu beharra dauka.
Eskubideaz baliatzeko moduari dagokionez, aipatutako artikuluko zazpigarren idatz-zatiak ezartzen du eskubide horretaz partikularrak baliatuk direla halako moduan non ez den zerbitzu publikoen funtzionamenduaren eraginkortasuna ukituko; horretarako, bada, kontsultatu nahi diren dokumentuen banakako eskaria egin beharko da, eta eskari hori aukeran aintzat hartu ahal izateko ez bada ere, ezin izenen da gai bati edo gai batzuei buruzko eskaririk egin. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak ikertzaile badira eta historian, zientzian edo kulturan interes handia dutela egiaztatzen badute, espedienteak zuzenean aztertzeko baimena eman dakieke, beti ere, pertsonen bizitza pribatua behar bezala bermatuta.
Argi dirudi arau horrek bilatzen duela, ikerketa-lanen garapenari dagokionez, eta ikusita Administrazio Publikoak haiek sustatzeko duen betebeharra, eskubide “aldekoago” batez baliatu ahal izatea kasu arruntetan, halakoetan dokumentuen kontsultarako banakako eskariaren arau orokorretik askatuz.
Bestalde, egia da, kasu horretan hirugarrenen bizitza pribatua babesteko beharra sartzen dela, baina babesteko betebehar hori Administrazio Publikoari dagokio, bera baita, azken batean, dokumentaziorako sarbidea baimentzen duena eta bere artxiboen edukia aldez aurretik ezagutzen duena. Gure ustez inongo logikarik ez duena da betebehar hori ikertzaileari aldatzea, Murillo el Cuendeko Udalak itxura batean ulertzen duen bezala, honakoa esaten baitu: “Datuetan sartzeko eskarian ez da jasotzen nola bermatuko den behar bezala pertsonen bizitza pribatua”. Artxiboan eta erregistroan sartzeko eskabideak aurkezterakoan, herritarrak ez du zertan zehaztasunez ezagutu artxiboetan dagoenari buruzko informazioa edo haiek antolatuta dauden modua; horrenbestez, nekez exijitu dakioke erabaki dezan intimitatea nola bermatuko duen.
Aurrekoa azalduta, atzematen dugu udal txostenean esaten dela 2010eko abuztuaren 2tik interesdunari Murillo el Cuendeko Udaleko dokumentazioan sartzeko eskubideaz baliatzeko bidea ematen ari zaiola; izan ere, dokumentazioa udalaren egoitzan aztertzen aritu baita.
Dokumentaziorako irispidea izateko eskubide hori aitortuta, gomendatu beharra dago ezen, aztertzeko baimendu diren espediente edo dokumentuei dagokienez (eta, horrenbestez, bestelako eskubideak edo interesak nagusitzen direla jo ez diren dokumentuei dagokienez), aitor dadila, halaber, kopiak egiteko eskubidea, zeren eta, arrazoitu den bezala, lehenengoak bigarrena baitakar berarekin.
Egiazki, baldin eta interesak nahi badu dokumentazioa udalaren bitartekoekin kopiatu dadila eta kopia horiek eskuratu nahi baditu, exijitzekoa izanen da behar den eskaria aurkez dezan, bere eskariaren xedea azaltzeko; eta, kasua bada, legez aurreikusita baldin badaude, tasa batzuk ordainarazi ahalko zaizkio, zeren eta modu partikularrean onura dakarkion zerbitzu publiko bat ematen ari baitzaio.
Hala eta guztiz ere, baldin eta interesdunak zerbitzu hori eman dakiola nahi ez badu eta aztertzeko baimena eman zaion dokumentazioaren eta informazioaren edukia kopiatu nahi baldin badu (hain zuzen ere, babestea gehiago merezi duten beste interes edo eskubide batzuk ez daudelako) bere bitartekoekin, erakunde honek ez du arrazoirik ikusten hori eragozteko, eta hirugarrenen eskubideak babestearen ondorioetarako, ez du inongo garrantzirik lan hori oharrak idatziz hartuz edo bestelako bide azkarrago batzuen bitartez egiten den.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Murillo el Cuendeko Udalari gomendatzea kexa-egileari bidea eman diezaion eta erraztu diezaion udaleko artxibo eta erregistro administratiboetan dagoen dokumentazioa eskuratzeko eta haren kopiak egiteko, ebazpen honen testuan aurreikusitako moduan eta norainokoarekin.
Murillo el Cuendeko Udalari bi hilabeteko epea ematea gomendio hau onartzen duen eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu lege manuan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia