Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q22/311), Orbaizetako Udalari iradokitzen diona bere instalazioetan sortutako ihesaren ondorioz kexaren egileari eskatutako zenbatekoa murriztea.

2022 maiatza 09

Ogasuna

Gaia: Orbaizetan kokatutako etxebizitza batean ekoitzitako etxeko uraren kontsumoaren gehiegizko fakturazioa, kexa-egileak ezezaguna zuen ihes baten ondorioz.

Orbaizetako Alkatea

Alkate jauna:

1. 2022ko martxoaren 29an, instituzio honek [...] idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Orbaizetako Udalaren aurka,  ezkutuko ur-ihesak eragindako  fakturazio handiagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) Bigarren etxebizitza baten jabea da Orbaizetan.

b) 2022ko otsailaren 4an, 2021eko bigarren seihilekoko ur-zerbitzuari zegokion faktura bidali zion Udalak. Faktura 308,92 eurokoa izan zen kontagailuaren ondorengo hoditeriako errakor-lotura batean izandako ezkutuko jario baten ondorioz.

c) Lehen gertatzen ez zen bezala, COVID-19aren pandemiaz geroztik, kontagailuen irakurketa urtekoa da, eta ez seihilekoa, eta, konfinamenduen ondorioz, ezin izan zen bere bigarren etxebizitzara joan. Gainera, kontagailuak barruan hezetasuna zuen eta lauso zegoen; beraz, baliteke irakurketa okerra izatea.

d) 2022ko otsailaren 10ean, bere lagun abokatu baten bidez, mezu elektroniko bat bidali zuen egoeraz interesatzeko. 2022ko otsailaren 16an erreklamazio bat bidali zuen.

e) Martxoaren 15ean, Orbaizetako Udalak idazki bat bidali zion, uraren 2021eko tasen ordenantza helarazteko. Ordenantza horretan ikusi ahal izan zuen ez zegoela ezkutuko jarioen inolako erregulaziorik, ez eta tarifa murrizturik ere.

f) Nafarroako Arartekoak jada eman du iritzia antzeko beste kasuetan.

Horregatik guztiagatik, eskatu zuen Orbaizetako Udalak uraren faktura murrizteko edo bertan behera uzteko.

2. Ondoren, erakunde honek Orbaizetako Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“[..]

Egiaz, 2021eko ekitaldi osoko ur hornidurari eta saneamendu kanonari dagokie 308,92 euroko faktura.

Kontagailua ondo irakurtzen da eta irakurketa zuzena da.

Jarioa kontagailutik etxebizitzaren barrurantz dago. Hodi-zati hori etxebizitzaren titularraren jabetzakoa da, eta hari dagokio behar bezalako arreta jartzea hura kontserbatzeko eta mantentzeko, eta beraz, kasu honetan, etxebizitzaren titularrari egotz dakioke uraren kontsumoa. Hala egin da jarioak izan diren beste kasu batzuetan, eta, beraz, (…) jaunari tratamendu berezia emateak beste zergadun batzuekiko konparaziozko bidegabekeria ekarriko luke, berdintasun-printzipioa urratuz.

Egiaztatu ahal izan da (...) jauna hainbat alditan egon dela etxebizitzan pandemiak iraun duen bitartean.

 (...) jaunak Orbaizetako Udalari 2022ko otsailaren 10eko posta elektronikoan benetan eskatu ziona izan zen ordainketa zatitzea eta atzeratzea. Horri 2022ko martxoaren 15ean erantzun zitzaion, eta Orbaizetako Udalak 308,92 euroko faktura zatika ordaintzea onartu zuen, honako epe hauetan:

1. 108,92 euroko ordainketa, 2022/03/20an amaituko den epean.

2. 100 euroko ordainketa, 2022/04/20an amaituko den epean.

3. 100 euroko ordainketa, 2022/04/20an amaituko den epean.

 (…) jaunak, gaur egun, ez du mugaeguneratutako zenbateko bakar bat ere ordaindu”.

3. Argi geratu denez, kexa aurkeztu da Orbaizetan dagoen etxebizitza batean etxeko ur-kontsumoa dela eta fakturazio handiegia egin delako, interesdunak ezagutzen ez zuen ur-jario baten ondorioz.

Kexaren egileak faktura bat jaso zuen 2022ko otsailaren 4an. Faktura horretan 308,92 euro ordaintzeko eskatu zitzaion, 2021eko ekitaldi osoko ur hornidurari eta saneamendu kanonari zegokiona, ezkutuko jario baten ondorioz.

Adierazi du, bere bigarren egoitza denez eta COVID-19aren pandemiaren ondorioz  konfinamenduengatik ezin izan zela bertara joan. Gainera, lehen, fakturazioa sei hilabetekoa zen eta ez urtekoa. Egiaztatu ahal izan duen bezala, Orbaizetako Udalaren Ur Ordenantzan ez dago ezkutuko jarioen arauketarik, ez eta tarifa murrizturik ere.

Orbaizetako Udalak aurretik transkribatutako txostena bidali du. Txosten horretan, besteak beste, adierazi du jarioa etxebizitzaren titularraren jabetzako hodi-zatian dagoela eta hari dagokiola hura kontserbatzeko eta mantentzeko behar bezalako arreta jartzea, eta beraz, kasu honetan, etxebizitzaren titularrari egotz dakioke uraren kontsumoa. Era berean, adierazi du kexaren egileari zorra hiru epetan ordaintzeko aukera eman zaiola, baina orain arte ez dela ordainketarik egin.

4. Orbaizetako ur horniduraren eta saneamenduaren zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 4. artikuluak dio kontagailuaren arabera kontsumitutako metro kubikoen kopurua dela kuota kalkulatzeko oinarria.

Era berean, 9. artikuluak xedatzen du ordenantza honetan araututako prezioak lau hilean behin ordainaraziko direla.

Orbaizetako Udalaren txostenean adierazten den bezala, jabetza partikularreko instalazioen mantentze-lana jabearen kontura izango da eta, beraz, jabeak zaindu beharko du egoera onean daudela.

Interesdunak adierazi duenez, eta Orbaizetako Udalak bidalitako txostenean ez da ezer esaten, Covid-19aren pandemiaz geroztik kontagailuen irakurketa urtekoa da, eta ez lauhilekoa. Eta, gainera, bere bigarren egoitza denez eta beste autonomia-erkidego batean bizi denez, ezin izan zen bertara joan konfinamenduengatik.

Inguruabar horiek, batez ere ordainarazpena urtean egin izanak eta ez lauhilean behin, eragina izan dezakete azkenean izandako emaitzan, atzeratu egin baita gehiegizko kontsumoa eragiten duen anomalia detektatzea.

Horregatik, kasuaren inguruabarrak ikusita, kontagailuaren irakurketa urtekoa izan zela eta une horretara arte kexaren egilea ez zela ohartu bere instalazio partikularrean jarioa zegoela, ordaindu behar duen fakturaren zenbateko handia eta kexaren egilearen diru-sarrerak kontuan hartuta, erakunde honek egokitzat jotzen du Orbaizetako Udalari iradokitzea murriztu dezala ur-jarioak eragindako kontsumoagatik kexaren egileari eskatu zaion zenbatekoa.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Orbaizetako Udalari iradokitzea murriztu dezala kexaren egileari bere instalazioetan izandako jarioaren ondorioz erregistratutako kontsumoagatik eskatu zaion zenbatekoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Orbaizetako Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia