Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Herri Arartekoaren Ebazpena (22/204 Q), Mairagako Mankomunitateari beharrezko neurriak hartzea gomendatzen duena herritarrek administrazioari euskaraz zuzentzeko eskubidea bermatzeko.

2022 apirila 25

Euskara

Gaia: Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoan profil elebiduna duen pertsonal falta

Mairagako Mankomunitatearen Presidentea

Presidente jauna:

1. 2022ko otsailaren 23an, instituzio honek idazki bat jaso zuen, [...] jaunarena, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez. Bertan kexa bat aurkeztu zuen Mairagako Mankomunitatearen aurrean, bere plantilla organikoan profil elebiduna duen langilerik ez izateagatik eta euskara merezimendu gisa ez baloratzeagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2022ko urtarrilaren 17an Mairagako Mankomunitatearen plantilla organikoa argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

b) Txantiloi hori 31 lanpostuk osatzen dute, eta horietako bakar batek ere ez du hizkuntza-eskakizunik, eta ez da euskara merezimendu gisa aipatzen.

c) 2017. urtetik, Mairagako Mankomunitatea osatzen duten hainbat udalerri eremu mistoaren barnean daude, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

d) 2022ko urtarrilaren 28an, interesdunak eskaera bat aurkeztu zuen Mairagako Mankomunitatean. Eskaera horretan, herritarrek mankomunitatearekin euskaraz egin ahal izatea bermatze aldera, plantilla organikoa aldatzeko eta kontu-hartzaile lanposturako C1 euskara-eskakizuna galdegiteko eskatu zen. Mankomunitateak 2022ko otsailaren 21ean ezetsi egin zituen bi eskaerak.

e) Interesdunaren iritziz, plantilla organikoak urratu egiten du herritarrek herri-administrazioarekin euskaraz egiteko duten eskubidea.

2. Ondoren, erakunde honek Mairagako Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

a) Mairagako Mankomunitatearen plantilla organikoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2022ko urtarrilaren 17an. Guztira, 12 lanpostu funtzionarioei dagozkie, eta 11 langile lan-kontratudun finko dira.

b) Mairagako Mankomunitateak onartzen eta babesten du mankomunitatea osatzen duten eta eremu mistoan dauden udalerrietako herritarrek herri-administrazioekin euskaraz zein gaztelaniaz aritzeko duten eskubidea; hala erakusten du interesdunak 2022ko urtarrilaren 28an aurkeztutako eskabidea behar bezala izapidetu eta euskaraz ebatzi izanak.

c) Gaur arte, eta interesdunak aurkeztutako erreklamazioa izan ezik, Mairagako Mankomunitatean ez dago jasota herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea behar bezala betetzen ez denik erakusten duen eskaera, erreklamazio edo kexarik.

d) Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuko 32. artikuluaren arabera, Mairagako Mankomunitatea, bere burua antolatzeko dituen ahalmenak erabiliz, gaituta dago zehazteko euskara jakitea zein lanpostutan den nahitaezkoa, eta, horretarako, kontuan hartu beharko ditu erakundearen inguruabarrak eta zein errealitate soziolinguistikori erantzun behar dion.

e) Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoa osatzen duten lanpostuetatik 5ek bakarrik dute beren gain jendeari arreta zuzena emateko eginkizuna; horietatik 2k dakite euskaraz. Horri nahikoa irizten zaio indarrean dagoen arau-esparruan jasotako aurreikuspenak betetzeko.

f) Lanpostu horiei hizkuntza-eskakizun zehatz bat ez esleitzea arazo formal hutsa da, eta ez du esan nahi herritarrek euskaraz egiteko duten eskubidea behar bezala betetzen ari ez denik.

g) Justizia Auzitegi Nagusiak hainbat epaitan ezarritakoaren arabera, euskararen nahitaezko ezagutza eskatzen ez duten lanpostuetan euskara merezimendu gisa ezartzea ez da administrazioarentzat erabateko betebeharra, lanpostuaren ezaugarrien arabera gauzatu beharreko gaikuntza baizik, gauzatuz gero.

i) Nafarroako Administrazio Auzitegiak martxoaren 11ko 495/2021 Ebazpenean eta Administrazioarekiko Auzietako Iruñeko Epaitegiak martxoaren 30eko 67/2020 epaian aitortu dutenari erreparatuta, kontu-hartzaile batek administratuekin zuzeneko harremaneko eginkizunik ez duen heinean, C1 mailako hizkuntza-eskakizuna eskatzea neurriz kanpokoa da, egiten dituen lan-moten edo lan-mailen arabera.

3. Adierazi den bezala, kexa aurkeztu da Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduna duten lanpostuak aurreikusi ez direlako.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2022ko urtarrilaren 17a) jasota dagoenez, Mairagako Mankomunitateko plantilla organikoa, 2022. urterako, 12 funtzionariok eta 11 lan-kontratuko langilek osatzen dute, eta horietako bakar bati ere ez zaio esleitzen euskara jakitea edo merezimendu gisa baloratzea.

4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1.2.a) artikuluaren helburuetako bat da “herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipatu Foru Legeko 17. artikuluak eskubide hau aitortzen du: “herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatze aldera, herri-administrazioek honako hauek egin ahal izanen dituztela aurreikusten du: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezko euskaraz jakitea zehaztu; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu”.

Arau horien garapenean, Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuko 3.1.b) artikuluaren funtsezko helburuetako bat da eremu mistoan “gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”. mistoan

5. Mankomunitateak arlo horretan bere burua antolatzeko duen gaitasunari kalterik egin gabe, eta, gaur egun, euskaraz dakiten bi funtzionariok herritarrei euskaraz eman ahal dieten arretari kalterik egin gabe, ukaezina da, kontuan hartuta plantilla organikoko lanpostu bakar baterako ere ez dela euskara jakitea berariaz eskatzen eta ez dela merezimendu gisa baloratzen, bi funtzionario horiek ez daudenean arriskua dagoela herritarrei euskaraz behar bezalako arreta emateko.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Mairagako Mankomunitateari gomendatzea beharrezko neurriak har ditzala herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Mairagako Mankomunitateak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia