Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q21/515) Ochagavía/Otsagabiako Udalari gogorarazteko Ochagavía/Otsagabia izendapena erabili behar duela gaztelaniaz idatzitako testuetan.

2021 abuztua 11

Euskara

Gaia: Ochagavía/Otsagabia udalerriaren izendapena soilik euskaraz erabili izana, Udalak biztanleen artean banatzen duen osoko bilkurako aktaren gaztelaniazko laburpenean.

Ochagavía/Otsagabiako alkatea

Alkate jauna:

1. 2021eko maiatzaren 20an erakunde honek […] jaunaren idatzi bat jaso zuen eta haren bidez kexa bat jarri zuen Ochagavía/Otsagabiako Udalaren aurka, udal-idatzi eta -komunikazioetan herriaren izendapena elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz, ez zegoelako.

Idazki horretan, hauxe adierazi zuen:

a) “Otsagabiako Udalaren 21/01/06ko saioaren laburpen-akta” delakoaren goiburuan, gaztelaniaz idatzitako zutabean, udalerriaren izena soilik euskaraz dago.

b) Aurrez ere kexa bat aurkeztua da eBando aplikazioan udalerriaren izendapena elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz, agertzen ez zelako eta kexa horren ondoren izendapena aldatu egin zen.

Bi hizkuntzak ofizialak direnez eta batera bizi behar direnez, eskatzen zuen Udala premiatzeko etorkizunean egingo dituen idatzi guztietan hizkuntza-errealitatea zuzen erabiltzera.

2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Ochagavía/Otsagabiako Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:

“Erakunde honetan ARARTEKOAREN idatzi bat jaso da (…) jaunak Ochagavía/Otsagabiako Udalari aurkeztutako kexaren berri emateko, aurtengo apirilaren 6an Udal honetako osoko bilkurak egindako saioaren aktaren laburpeneko goiburuan, gaztelaniazko zutabean, udalerriaren izena soilik euskaraz zegoelako.

Horregatik guztiagatik jakinarazten dizut udal honek biztanleei banatzen zaizkien akten laburpenen idazketa zuzendu dela eta aurrez aipatutako aktaren ondorengoetan gaztelaniazko zutabean udalerriaren izena hizkuntza horretan dagoela”.

3. Adierazi denez, kexa aurkeztu da Ochagavía/Otsagabia udalerriaren izendapena soilik euskaraz erabili izanagatik, Udalak biztanleen artean banatzen duen osoko bilkurako akta baten gaztelaniazko laburpenean.

Interdunak adierazi du beste kexa bat aurkeztu zuela e-bando udal-aplikazioan udalerriaren izendapena soilik euskaraz erabili zelako (Q20/1202 espedientea) eta azkenean zuzendu zela.

Ochagavía/Otsagabiako Udalak aurrez transkribatutako txostena igorri du eta azaldu du biztanleei banatzen zaizkien akten laburpenen idazketa zuzendu dela eta aurrez aipatutako aktaren ondorengoetan gaztelaniazko zutabean udalerriaren izena hizkuntza horretan dagoela.

4. Kexa sortu duen gaiari dagokionez, Euskarari buruzko abenduaren 15ko 18/1986 Foru Legean xedatua ezarri behar da. Legezko arau honek, gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla aitortu ondoren, lehenengoa Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofiziala dela ezartzen du eta bigarrena ere hala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta aipatutako foru-legean (2. artikulua) ikusitako eran.

Euskarari buruzko Foru Legearen 5.1 b) artikuluak Ochagavía/Otsagabia udalerria eremu mistoan kokatzen du.

5. Eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko udalerrien izendapen ofizialari dagokionez, 8.1 b) artikuluak xedatzen du:

“1. Foru Komunitateko toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izango dute izendapen ofiziala, honako arau hauen arabera:

(…)

b) Eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izango da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek euskarazko izendapen desberdin, jatorrizko eta tradizionala baldin badute, biak erabiliko dira”.

Beraz, eremu mistoan izendapen ofiziala gaztelaniaz izango da, baina izendapen desberdin, jatorrizko eta tradizional bat badago (Ochagavía/Otsagabian, esaterako) biak erabiliko dira.

Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioaren tokiko erakundeen erregistroa kontsultatu da eta udalerriaren izena Ochagavía/Otsagabia ageri da.

6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du honako hau egitea:

Ochagavía/Otsagabiako Udalari gogoraraztea gaztelaniaz idatzitako testuetan Ochagavía/Otsagabia izendapena erabili behar duela.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Ochagavía/Otsagabiako Udalak jakinarazi behar du, aginduzkoa denez, bi hilabeteko epean gehienez ere, erabaki hau onartu duen ala ez, eta, hala badagokio, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Legezko agindu horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2021eko txostenean sartu ahal izango da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, horretarako aukera zuelarik ere.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia