Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Queja por la no instrumentación de un cauce de participación ciudadana en el proyecto de implantación del Tren de Alta Velocidad en Navarra
Exp: 08/643/M
Nº: 22
Ingurumena
1. 2008ko abenduaren 19an, [?] jaunak eta beste batzuek izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa bat aurkezten zuten Nafarroan Abiadura Handiko Trena ezartzeko proiektuan herritarrek parte hartzeko biderik ez jartzeagatik.
Azaltzen dute Herri-lan Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2008ko ekainaren 26ean eta Kontratazio Atariaren bitartez, lizitazio-iragarki bat jarri zuela aztertzeko zein izanen zen Nafarroan Abiadura Handiko Sarea ezartzeak izanen lukeen eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa, bai salgaien garraioari dagokionez, bai pertsonen garraioari dagokionez. Proiektu hori, 2008ko irailaren 16an, [?] enpresari esleitu zitzaion.
Adierazten dute enpresa horrekin harremanetan jarri zirela parte hartzeko moduak antolatu ahal izateko eta hari dokumentuak eta txostenak aurkeztu ahal izateko, baina enpresa horrek Nafarroako Gobernuarengana bidali zituela zuzenean. Nafarroako Gobernuak, berriz, eta zehazki Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ez du herritarrek parte hartzeko inongo biderik ezarri, gizarteak, bere osotasunean, hain garrantzitsua den gai batean erabaki egokienak hartzen lagun dezan.
Argudiatzen dute Ingurumen gaietako informazioa eskuratzeari eta parte hartze publikoari buruzko uztailaren 16eko 27/2006 Legeko 1.b) eta 3.2.a) artikuluak ezartzen dutela herritarrek eskubidea dutela ingurumenean eragina izanen duten erabakiak hartzeko prozeduretan parte hartzeko.
Azkenik, eskatzen dute [?] enpresa egiten ari den erreferentziako azterlanean herritarrek parte hartzeko bide eraginkor bat ezar dadin.
2. Kexa aztertuta, Nafarroako Gobernuko Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentura jo genuen, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.
2009ko urtarrilaren 15ean, Herri-lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak igorritako lehenengo txosten bat sartu zen erakunde honetan. Zehaztapen batzuk argitzeko txostena eskatuta, 2009ko otsailaren 2an honakoa dioen txotena sartu zen gure erakundean:
1. 2008ko ekainaren 26an, Nafarroako Kontratazio Atarian lizitazio-iragarki bat argitaratu zen, aztertzeko zein izanen zen Nafarroan Abiadura Handiko Sarea ezartzeak izanen lukeen eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa, bai salgaien garraioari dagokionez, bai pertsonen garraioari dagokionez ere.
Baldintza teknikoen orrietako 3. atalean, azterlanaren edukia zehazten da, eta honako etapak bereizten dira:
1. etapa: Oinarrizko datuak lortzea, hasierako diagnosia eta azterlanaren azterketa orokorra.
2. etapa: Eragin ekonomikoari buruzko kalkulua.
3. etapa: Eragin sozialari buruzko kalkulua.
4. etapa: Ingurumen eraginari buruzko kalkulua.
Ingurumen eraginari dagokionez, baldintza-orrien 3.4.1 atalak honakoa dio hitzez hitz:
“Ingurumen eraginari dagokionez, honako oinarrizko bi alderdi hauek hartu beharko dira kontuan azterlanean zehar:
1. Abiadura handiko tren berria garraio publiko gisa finkatzeak, bidaiarientzako beste modu kutsagarriago batzuen kaltetan, sorrarazitako emisioen gutxipenari buruzko kalkulua.
2. Salgaiak garraiatzeko ahalmena eta beste garraio modu batzuetatik salgaien garraioa trenbidera aldatzea. Eragin hori ondokoengatik gerta daiteke:
-Ohiko trenbide azpiegiturak salgaien trafikorako uztea, bidaiarien garraioa abiadura handiko sarera aldatzearen ondorioz.
- Abiadura handiko sare berrian bidaiarien eta salgaien trafiko mistoak garatzea.”
Baldintza orrien arabera, enpresa esleipen-hartzaileak bere eskaintza teknikoan adierazten du ingurumen eragina zenbatesteko AHTerako aurreikusi diren emisioak kalkulatuko direla, bai eta kalitate handiko erregio-zerbitzuarenak ere, eta kontuan hartuko dela beste garraio modu batzuen emisioetan gertatuko den murrizketa, hain zuzen ere AHTak hartutako bidaiariak galtzearen ondorioz.
Azken batean, ingurumenaren ikuspuntutik, laguntza-kontratu honen xedea mugatzen da AHTa Nafarroan ezartzeak ingurumenean eraginen lituzkeen balizko onurak kalkulatzera. Baldintza-orriek ez dute aurreikusten balizko trazadurak zehaztea.
2. 2009ko urtarrilaren 14an igorritako txostenean adierazi bezala, kexaren balizko xedea ez da Nafarroan Abiadura Handiko Trena ezartzeko proiektua, zeinaren eskumena Estatuaren Administrazio Orokorrari baitagokio eta zeinaren izapidetze administratiboa lege indardunetan ezarritakoa betez egin baitaiteke, horretarako aurreikusten diren informazio publikoak barne direla.
Ingurumen gaietan informazioa eskuratzeko, parte hartze publikorako eta justizia lortzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 16eko 27/2006 Legeko 1.b) artikuluak aitortzen du herritarrek eskubidea dutela ingurumenean zuzeneko edo zeharkako eragina duten gaiei buruzko erabakiak hartzeko prozeduretan parte hartzeko, gai horiek lantzea edo onestea administrazio publikoei dagokienean.
Bestalde, 3.2.a) artikuluak aitortzen du legearen aplikazio-esparruan sartzen diren eta ingurumenarekin lotuta dauden plan, programa eta xedapen orokorrak lantzen, aldatzen eta berrikusten parte-hartze eraginkor eta erreala edukitzeko eskubidea.
Nafarroan Abiadura Handiko Sarea ezartzeak izanen lukeen eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa aztertzeko kontratua, salgaien eta pertsonen garraioari dagokionez, ez dago sarturik administrazio-erabaki bat hartzeko inongo prozeduretan.
Ez da, horrenbestez, inongo plan, programa edo xedapen orokor onestera bideraturiko tramite bat.
Horrenbestez, aurrez aurre jarrita, batetik, izaera orokorreko plan, programa eta xedapenak lantzen, aldatzen edo berrikusten parte hartzeko eskubideari buruzko legezko arautzea, eta, bestetik, Nafarroan Abiadura Handiko Sarea ezartzeak izanen lukeen eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa, salgaien eta pertsonen garraioari dagokionez, aztertzearen xedea –gai honi buruz dagoen informazioa zabaldu eta gaurkotzea beste xederik ez du–, ez dugu jotzen exijitzekoa denik herritarrek kontratu hori gauzatzerakoan parte hartzeko bide bat ezartzea.
1. Kexaren xedea da herritarrek parte hartzeko bide bat artikulatu ez izana ingurumen eraginari buruzko gai batean, hain zuzen ere Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak kontrataturiko “Nafarroan Abiadura Handiko Sarea ezartzeak izanen lukeen eragin ekonomiko sozial eta ingurumenekoa, salgaien eta pertsonen garraioari dagokionez” azterlanean.
Kexa-egileek argudiatzen dute Ingurumen gaietan informazioa eskuratzeko, parte hartze publikorako eta justizia lortzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 16eko 27/2006 Legeko 1.1.b) artikuluak aitortzen duela herritarrek eskubidea dutela ingurumenean zuzeneko edo zeharkako eragina duten gaiei buruzko erabakiak hartzeko prozeduretan parte hartzeko, gai horiek lantzea edo onestea administrazio publikoei dagokienean.
Bestalde, Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak uste du ez dagoela legez behartuta kasu honetan herritarrek parte hartzeko bide bat ezartzera, zeren eta azterlana ez baitago sartuta erabaki administratibo bat hartzera bideraturiko inongo prozeduretan; izan ere, besterik gabe, gai honen inguruan eskura dagoen informazioa zabaltzea eta gaurkotzea beste xederik ez du.
2. Ingurumen gaietan informazioa eskuratzeko, parte hartze publikorako eta justizia lortzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 16eko 27/2006 Legeko 1,1.b) artikuluak aitortzen du, besteak beste, herritarrek eskubidea dutela ingurumenean zuzeneko edo zeharkako eragina duten gaiei buruzko erabakiak hartzeko prozeduretan parte hartzeko, gai horiek lantzea edo onestea administrazio publikoei dagokienean.
Xedapenaren hitzez hitzekotasunaren eta teleologiaren arabera, parte hartzeko eskubidearen eraginkortasunerako funtsezko elementua edo baldintza da ingurumenaren arloan erabakiak hartzeko prozedurak izatea, hau da, ingurumenean eragina izanen duten jardueren edo lanen gainean zuzeneko ondorio edo eragin juridikoak dituen erabaki administratibo batean (baimena, onespena eta abar) amaitzen diren prozedurak (planak, programak, proiektua eta abar egitea).
Eta egia da eskuartean dugun azterlanak ez daukala definizio-ezaugarri hori. Izan ere, haren xedea da mugatzen dela AHTa Nafarroan ezartzeak ingurumenean eraginen lituzkeen balizko onurak kalkulatzera. Kontraturako baldintza-orriek berek ere ez dute aurreikusten balizko trazadurak zehaztea. Ez da, horrenbestez, obren edo instalazioen proiektu bat, prozedura jakin baten bidez eta organo eskudunak onetsi ondoren exekutatu beharrekoa. AHTa ezartzeak izanen lituzkeen abantailak eta eragozpenak aztertuko dituen azterlan bat besterik ez da; hau da, haren xedea da informazio gehiago eta informazio hobea lortzea.
Trazadurei, obrei, instalazioei eta abarrei buruzko proiektuak eta haiei dagokien ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, AHTa Nafarroan ezartzeko, Estatuko Administrazio Orokorrak egin behar ditu. Horretarako ezartzen diren prozedurek bai inplikatuko dute edo inplikatu beharko lukete “ope legis” ingurumenean eragina izanen duten erabakiak hartzea. Horrenbestez, haren tramitazio administratiboa lege indardunetan ezarritakoa betez egin beharko da, horren barne dela uztailaren 16ko 27/2006 Legean araututako parte-hartze publikoa. Une horretan parte hartu ahalko dute kexa-egileek proiektu horietan, Estatuko aipatu legean araututako moduan.
Horrenbestez, aplikatzekoak diren arauen ikuspuntutik, Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren jarduera –kontratatutako azterlana egiterakoan parte-hartzeko bide bat ez ezartzea– ezin da irregulartzat edo legez kanpokotzat jo.
3. Aurrekoa ezarrita ere, egokia dirudi aipatzea 1978ko Konstituzioaren 45. artikuluak eta, oro har, ingurumenaren arloko legediak (nazioartekoa, Europar Batasunekoa eta Espainiakoa) xedatzen dutela herritarrak ingurumen egokiaz gozatzeko eskubide kolektibo baten titularrak direla. Aitorpen horien korolario logiko gisa, uztailaren 16ko 27/2006 Legeko 2.1 artikuluak “publiko” kontzeptua barneratzen du, eta honela definitzen du: “edozein pertsona fisiko nahiz juridiko, bai eta haien elkarte, antolakunde eta eratutako taldeak ere, aplikatzekoak zaizkien arauen arabera eratutakoak”. Doktrina zientifikoak adierazten duen bezala, “publiko” kategoria beste batzuekin batera sartuz, 2006ko legegileak “interesdunak” eta “herritarra” kategorietatik bereizi eta independizatu nahi du, nazioarteko eta Europako arauei jarraituz hura inongo interesik edo afektaziorik ez duen nozio zabalago baten moduan ulertzeko. Kontzeptu zabala da, publikoa gizakiarekin –banaka nahiz talde batean bildua– identifikatzen duena.
Egia da uztailaren 16ko 27/2006 Legeko 16.2 artikuluak muga bat ezartzen duela, alegia, ingurumen arloko erabakitzeko prozeduretan parte hartzeko aukera izanen dutela Administrazio eta Prozedura Legeko 31. artikuluari jarraituz “interesdunak” diren pertsonek, baina ez da ahaztu behar 31. artikulu horrek interesdunari buruzko kontzeptu zabal bat aurreikusten duela, halako moduan non banakako interesak ez ezik, interes kolektiboak ere aintzat hartzen baititu, eta interes kolektibo horietan sartu behar dira, halaber, interes lauso deitu izan direnak. Era berean, ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeari dagokionez, uztailaren 16ko 27/2006 Legeak legitimazio oso zabal bat aurreikusten du, zeren eta pertsona fisiko nahiz juridiko ororentzat zabaltzen baitu, interes edo afektaziorik egiaztatzeko beharrik gabe ere.
4. Horrenbestez, entitate publikoek edo haren izenean beste subjektu batzuek ingurumenaren arloari buruz daukaten informazioa eskuratzeko eskubideari dagokionez, uztailaren 18ko 27/2006 Legeko 1. artikulutik 14. artikulura irakurrita, eta lege-agindu horien argitasuna ikusita, baieztatu behar dugu eskatzaileek eskubidea dutela ingurumenaren arloari buruz eskatzen duten eta Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak –AHTa dela-eta agintari publikoa baita– edo haren izanean beste pertsona juridiko batek daukan informazioa eskuratzeko eta lortzeko, nahiz eta departamentuak eskumenik ez izan AHTa Nafarroan ezartzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Ulertzea Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erabakia, “Nafarroan Abiadura Handiko Sarea ezartzeak izanen lukeen eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa, salgaien eta pertsonen garraioari dagokionez” azterlanean parte hartzeko biderik ez ezartzearena, aplikatzekoa den legediaren araberakoa dela, eta, horrenbestez, ez duela kexa-egileen inongo eskubiderik urratzen.
2. Hala eta guztiz ere, Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari iradokitzea kexa-egileei, eskatzen dutenean, kexaren xedea den azterlaneko ingumenari buruzko atala eskuratzeko, bai eta AHTa Nafarroan ezartzeko daukan ingurumen arloko informazio guztia ere, haiek eraginkortasunez eta ahal den modu zabalenean, ingurumenaren arloko informazio eskuratzeko eskubideaz baliatu ahal izan daitezen, ingurumen gaietako informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta justizia lortzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritako moduan.
3. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari egindako iradokizuna onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
4. Nafarroako Gobernuko Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta kexa-egileari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia