Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 2ko 29/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 otsaila 16

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Disconformidad con la concesión de licencia de obras a vecino de la autor de la queja, afectando a la propiedad de ésta

Exp: 09/782/U

: 29

Hirigintza

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 18an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Baztango Udalaren aurka, arazo baten aurrean ezer ez egiteagatik.

    Azaltzen du orain dela zenbait hilabete (2009ko otsailean), bere auzokidea itxitura-lan batzuk egiten hasi zela, eta lan horiek eragina izan zutela guztiz bere jabetzapekoa den horma batean.

    Inguruabar horretaz konturatuta, kexa-egileak dio udaleko zerbitzuetara jo zuela (otsailaren 27an), eta haietatik jakinarazi ziotela bere auzokideak lan horietarako lizentzia bazuela, eta hirigintza zinegotziarengana joateko, gaiari buruzko azalpenak jasotzeko.

    Egun batzuk igarota, eta lanek aurrera jarraitzen zutela ikusita, interesdunak formalki eskatu zuen lizentzia berrazter zedin edo bere horman eginiko lanak geraraz zitezen (2009ko martxoaren 2an izan zen hori), uste baitzuen legez kanpoko lanak zirela horiek.

    Azalpenik jaso ez zuenez, 2009ko martxoaren 20an, berriz ere eskatu zuen Hirigintzako zinegotziarekin hitz egiteko ordua, eta hark jakinarazi zion gaia ordurako udal arkitektoaren eta udaleko abokatuaren eskuetan zegoela.

    Egun batzuk geroago, kexa-egileak bilera bat izan zuen udal arkitektoarekin, eta arazoa azaldu zion, eta emandako lizentziaren kopia bat eskatu zion; halere, ez zion lizentzia hori eman, eta berriz ere esan zion Hirigintza zinegotziarengana eta udaleko abokatuarengana joateko.

    2009ko maiatzaren 12an, interesdunak, azaltzen duenaren arabera, udaleko abokatuak izenpeturiko txosten bat jaso zuen. Hartan, abokatuak adierazten zion bere ustez lizentziaren egintza berraztertzeko eskabidea ezetsi beharrekoa zela; hori, halere, ez zen eragozpenik izanen egoki ziren ekintza judizialez baliatu ahal izateko.

    Kexa-egileak adierazten du ez dagoela ados ez auzokideari lizentzia ematearekin (uste du ez datorrela legearekin bat), ez eta udalean emandako tratuarekin ere; horri dagokionez, adierazten du ez zaiola behar zuen arreta eman, eta etengabe organo batzuetara eta besteetara igorri dutela, eta ez zaiola emandako lizentziaren kopiarik eman, eta, gainera, ez dela obrak berraztertzeko eta gerarazteko eskabidea ebatzi.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Baztango Udalari.

    Baztango Udalak entitateko hirigintzaren arloko legelari aholkulariaren txostena helarazi digu. Txosten horren edukia kexa-egileak jada ezagutzen duen berbera da. Txostenean, gaiari buruzko gogoeta batzuk egin eta gero, ondorioztatzen da ezin dela interesdunaren eskabidea baietsi eta lizentzia emateko egintza berraztertu, betiere ezertan kendu gabe arlo zibileko gaiei buruzko epaia emateko eskudun diren epaitegietan aurkez daitezkeen egintzak.

AZTERKETA

  1. Espediente honetan kexa bat aurkezten da Baztango Udalaren jarduera batengatik, hain zuzen ere interesdunaren auzokide bati hirigintzaren arloko lizentzia bat –egurtegi bat ixtekoa– emateko egintza dela eta.

    Azaltzen da baimendutako itxitura gauzatzerakoan, soilik interesdunaren jabetzapekoa den horma bat erabili dela. Inguruabar hori dela eta, interesdunak udalera jo zuen, eta lizentzia berraztertu eta obra gerarazteko eskatu zuen, baieztatuz itxituran erabilitako horma bere jabetzapekoa dela eta lizentziaren onuraduna hartaz baliatzeko eskubiderik ez duela.

    Planteatzen den sakoneko arazoari dagokionez, hasteko adierazi behar dugu legezkotasunaren kontrola hirigintza lizentziak ematearen bitartez gauzatzen dela, eta hirigintza-arauak betearaztera mugatzen dela, alde batera utzita jabetza-eskubidearekin lotura izan dezaketen gaien eta izaera zibileko beste gai batzuen gaineko kontrola. Ideia horrekin bat dator Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduko 12. artikuluari gehitutako araua, Hirigintza Zuzenbidea inspiratzen duena. Izan ere, haren arabera ulertuko da lizentziak ematen direla “jabetza eskubidea salbuetsita eta hirugarrenen eskubideari kalterik egin gabe”. Horrekin esan nahi da, doktrinak adierazi bezala, Administrazioak bere burua neutraltzat jotzen duela lizentzia eskatzen duenaren eta hirugarren pertsonen artean gerta litezkeen gatazketan, bai lurren jabetzari dagokionez, bai baimendutako jardueratik maila pribatuan erator litezkeen ondorio guztiei dagokienez ere.

    Auzitegi Gorenaren Jurisprudentziak, aurrekoarekin bat etorriz, adierazi du, onibarren titulartasunaren eta hirigintza arloko udal lizentzien arteko erlazioei dagokienez, hirigintza lizentziaren bitartez udal administrazioak hirigintzaren arloko legezkotasunaren gaineko kontrola gauzatzen duela. Hortik eratortzen da ez dagokiola Administrazioari lizentzia bidez kontrolatzea eraiki nahi den lurraren jabariaren titulartasuna, eta egoera horrekin bat dator Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduko 12. artikuluari buruzko aipaturiko klausula (Auzitegi Gorenaren 2001eko azaroaren 12ko epaia, 2000ko maiatzaren 30eko epaia, 1998ko maiatzaren 18 epaia eta abar).

  2. Hori dela eta, hirugarrenek eginiko eta Administrazioak baimendutako obren exekuzioaren ondorioz beren jabetza-eskubidea urratutzat jotzen duten herritarren kexak ulertzen ditugun arren, ezin dugu inguruabar horretatik ondorioztatu, gure eginkizunaren ikuspuntutik, antolamendu juridikoak aitorturiko eskubideak urratzen dituen administrazio-jarduera bat gertatu denik (aukera hori gisa horretako lizentziak ematearen izate berekoa da; lizentzia horien bitartez, adierazi dugun bezala, ez da legezkotasunaren kontrol orokor bat egiten, soilik hirigintzaren arloko legezkotasunaren kontrola egiten baita).

    Baztango Udalak igorri digun txostenean, argudio batzuk ematen dira lizentzia udalaren hirigintza arauen araberakoa izateari buruz, eta haietatik erakunde honek ez du kontrako ondoriorik atera.

    Horrenbestez, ezertan kendu gabe litekeena dela obrak kexa-egilearen jabetza-eskubidea urratzea eta azken horrek arlo zibileko behar diren ekintzez baliatu ahal izatea, ezin dugu ondorioztatu aipatutako udalak inguruabar hori dela-eta lizentziaren eskaera ezetsi behar zuela, eta, horrenbestez, deuseztasuna edo deuseztagarritasuna gertatu zirela eta lizentzia hori berraztertu beharra dagoela.

  3. Aurrekoa ulertu behar da inolaz ere kendu gabe udalak egiaztatu beharra duela ea materialki egindako obra hori bat datorren lizentziaren edukiarekin eta lizentzia emateko aurkeztu zen proiekturekin, eta, hala ez bada, lizentziaren onuradunari eskatu beharko diola haren arabera joka dezan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru legeko 191. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

    Erakunde honen ustez, ikuskapen hori gomendagarria da kasuaren inguruabarrak direla eta, zeren eta hipotesi batean, litekeena baita horrelako arazoak gertatzea ez soilik lizentzia emateagatik beragatik, baizik eta obren exekuzio materialak lizentziaren edukia gainditzeagatik.

  4. Bestalde, kexa-egileak adierazten zuen udal zerbitzuek ez ziotela eman beharreko arreta eman, gaiari buruz galdetzera joan zenean eta lizentzia berraztertzeko eta obra gerarazteko eskabidea aurkeztu zuenean. Horri dagokionez, kexan adierazten da organo batzuetatik besteetara igorri zutela, eta ez diotela emandako lizentziaren kopiarik eskuratu, nahiz eta hura eskatu zuen. Azkenean, udaleko hirigintza gaietarako aholkulariak eginiko txosten bat eman zioten.

    Adierazitakoari dagokionez, eta aipatutako alderdi batzuk egiaztatzen zailak diren arren, esan behar dugu kexa-egileak eskubidea zuela eta eskubidea duela obrarako lizentzia emateko espedientea eskuratzeko, ez soilik hartan interes partikular bat baduela uler daitekeelako, haren jabetza-eskubidea ukituta egon baitaiteke, baizik eta, baita ere Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak pertsona orori aitortzen diolako hirigintzaren arloko informazioa eskuratzeko eskubidea (8. artikulua) eta arlo horretako ekintza publikorako eskubidea (9. artikulua). Zalantzarik gabekoa da kexa-egileak zilegitasuna baduela lizentzia emateko egintza administratiboaren aurka egoteko (hori dela-eta aurkeztu zuen berraztertzeko eskabidea), eta horregatik espedientea kontsultatzeko bidea eman behar zitzaion.

    Bestalde, atzeman dugu kexa-egileak erreferentziako lizentzia berraztertzeko eskatu ondoren (2009ko martxoaren 2an), udalak erabaki bat hartu zuela, hitzez hitz honakoa zioena: “Udaleko zerbitzu teknikoek eginiko txostena igortzea”. Horrenbestez, aipatu txosten juridikoaren berri eman zitzaion interesdunari.

    Hala eta guztiz ere, jarduera horretatik ondoriozta daitekeen arren zein den udalaren jarrera, ez dugu atzeman udalak planteaturiko eskabidearen berariazko ebazpenik eman duenik eta hura jakinarazi duenik, aurkez daitezkeen errekurtsoak aipatuta. Izan ere, horixe exiji dakioke Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legeko 42. eta 89. artikuluen arabera.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Baztango Udalari gomendatzea erreferentziako obraren exekuzio materiala ikuska dezan, egiaztatzeko ea bat datorren lizentziaren edukiarekin, eta, hala ez bada, behar diren neurriak har ditzan.

  2. Baztango Udalari gomendatzea kasu honetan eta antzeko beste batzuetan, oro har, bidea eman dezan hirigintza-lizentzia emateko espedientea eskuratu ahal izateko.

  3. Baztango Udalari gogoraraztea prozedura guztietan berariazko ebazpena emateko eta hura jakinarazteko legezko betebeharra duela; berariaz, legezko betebehar hori du lizentzia berraztertzeko eskabidea eginez interesdunak hasitako prozeduran.

  4. Bi hilabeteko epea ematea Baztango Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz diezaion erakunde honi, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal diezazkion. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  5. Kexa-egileari eta Baztango Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia