Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Otsailaren 12ko 26/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 otsaila 12

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Queja en relación a la falta de puntuación correspondiente a familia monoparental, por parte de Vinsa

Exp: 08/653/U

: 26

Hirigintza eta Etxebizitza

AURREKARIAK

1. 2008ko abenduaren 29an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen, [?] delakoak guraso bakarreko familia izateagatik dagokion puntuazioa eman ez diolako.

Azaltzen zuen aita dibortziatu bat dela, eta emazte ohiarekin batera ezkontzan izandako alabaren zaintza partekatua daukala. Halaber, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken bi aitorpenetan, guraso bakarreko familiaren baldintza aitortua dauka, eta inguruabar horri dagozkion kenkariak egiten dizkiote.

Etxebizitza babestuak esleitzeko aurreko kanpainetan, jakinarazi zioten alabaren zaintza partekatua zuenez, zegokion puntuazioa lortzeko beharrezkoa zela inguruabar hori errentaren aitorpenean jasota agertzea. Hala eta guztiz ere, [?] delakoaren azken kanpainan adierazi diote ez dela nahikoa zaintza partekatua izatea, ez eta errentaren aitorpenean hala adierazita etortzea ere, eta puntuazioa eman daitekeela soilik seme-alaben zaintza edukiz gero.

2. Erakunde honek esku hartzeko zituen aukerak zehazteko, hura arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari jarraituz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko informazioa jasotzeko.

2009ko urtarrilaren 29an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren txosten bat sartu zen erakunde honetan. Hartan, honakoa azaltzen da:

“[?] jaunak, 2006ko azaroan dibortziatutakoak, bere emazte ohiarekin partekatua dauka ezkontzan elkarrekin izan zuten alabaren zaintza, zeina dibortzioa arautzeko 2006ko azaroaren 16ko hitzarmenean ezarri baitzen.

Departamentu honek gaur egun duen irizpidearen arabera, interesduna ezin da guraso bakarraren izateaz baliatu etxebizitza babesturako puntuazioari dagokionez, zeren eta ez baitugu jotzen zaintza partekatua guraso bakarra izatearen egoerarekin pareka daitekeenik.

Egiazki, oraingo kasuan funtsezko auzia da zehaztea ea guraso bakarreko familiaburua izatea aplikatzekoa den pertsona bat bereizita edo dibortziatuta egon eta seme-alaben zaintza partekatua daukanean, Kode Zibileko 92. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Lehenbizi, azpimarratu beharra dago ez dagoela guraso bakarra izateari buruzko kontzeptu juridiko orokor eta unibertsalik, administrazio guztietan berdin aplika daitekeena. Halaber, ez Nafarroan Etxebizitza Publikoa Babesteari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeak, ez Etxebizitza gaietako ekintza babesgarriak eta bizileku eraikinen sustapena arautzen duen 4/2006 Foru Dekretuak ez dute zehazten guraso bakarra izatea zer den.

Doktrinaren arabera dauden definizio desberdinetan bi alderdi nagusi aurreikusten dira:

- Guraso bakarra izatea.

- Seme-alaben zama edo menpekotasuna.

Halaber, esaten da guraso bakarreko familietan, definizioz, pertsona heldu bakarra dagoela, seme-alabak mantentzeko eta artatzeko erantzukizun bikoitza bere gain hartu behar duena. Halaber, definizio batzuetan partekatu gabeko familia-zamak dituzten pertsonak aipatzen dira.

Horrenbestez, guraso bakarreko familiei buruz erabiltzen diren kontzeptu desberdinek komuna dute nolakotasun hori duten pertsonek, ezinbestez, bakartasunaren baldintza bete behar dutela.

Hori dela eta, guraso bakarra izanen da soilik seme-alaba adingabe baten zaintza duen aita edo ama, zeinak, horrenbestez, adingabeko seme-alaba hori mantentzeak dakartzan zama guztiei aurre egin behar baitie. Honakoak dira adingabeak guraso bakarra –aita bat nahiz ama bat– duen egoera horren adibideak: alargunak edo guraso bati judizialki adingabearen guraso-ahala kendu zaioneko aparteko kasuak. Halaber, analogiaz, guraso bakarreko pertsonen kasuetan sar litezke pertsona bakar batek haur bat adoptatzen duen kasuak, bai eta berez aitorturiko aita bat ez dagoeneko kasuak, halako moduan non Familia Liburuan aitarik ez baitago dagokion idazpenean.

[?] andreak eta [?] jaunak osatzen zuten ezkontza-bikotearen dibortzioa arautzeko hitzarmenean aipatu ezkontzan izandako alaba adingabearen zaintza partekatua bi ezkontide ohiei ematen zitzaien.

Horrenbestez, baterako zaintza eta zaintza partekatua bateraezinak dira guraso bat bakarra izatearekin (guraso bakarra, alegia), horretarako beharrezkoa baita familiaburua guraso bakarra izatea, seme-alaba batekin edo gehiagorekin. Bestela hartzekotan, bi ezkontide ohiei aitor lekiekeen guraso bakarra izatearen egoera, baina hori guztiz onartezina da eta guraso bakarra izatearen kontzeptuaren hitzez hitzekotasunaren aurkakoa da, aita edo ama bakarra izatea eskatzen baitu.

Halaber, seme-alaben zaintza partekatua duenari guraso bakarraren baldintza emateak berarekin ekarriko luke bazterkeria argiaz jokatzea ezkondutako gainerakoekin; izan ere, haietan argi eta garbi dago bi gurasoek daukatela seme-alaba adingabeen zaintza, eta, halaber, seme-alaben guraso bakoitzarekiko menpekotasun bera dago. Hori dela eta, guraso bakarra izateari dagokion puntuazioa eman beharko litzaieke, baita ere, ezkondutako gurasoei, eta hori, ulertzekoa den bezala, ezinezkoa da, absurdua izateaz gainera.

Are gehiago, eta departamentu honek guraso bakarra izatearen kontzeptuari dagokionez duen jarrera berresteko, 2009. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 2/2008 Legeak, hirugarren xedapen gehigarrian, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 133. artikuluari testu berria ematerakoan, irizpide bera erabiltzen du guraso bakarra izateari dagokionez, honakoa ezartzen baitu: “guraso bakarreko familiatzat hartuko da seme-alaba jaio berria bizi deneko guraso bakarrak osatutakoa, bera izaki familiari eusten dion bakarra”.

Horrenbestez, guraso bakarra izatearen fenomenoari buruzko definizio juridikorik ez dagoenez, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak irizpide bakarra adierazi du antzeko kasu guztietan aplikatzeko, tratu berdintasunaren printzipioa efektibo egiteko orduan; hau da, puntuazio bera ematea egoera berdinean dauden pertsonei, eta puntuazio desberdina, berriz, egoera desberdinean daudenei. Irizpide horren arabera, ez da puntuazio gehiago emanen guraso bakarra izateagatik zaintza partekatuko inongo kasutan”.

3. Urtarrilaren 21ean, kexa-egileak honako dokumentazioa aurkeztu zuen erakunde honetan, berriki parte hartutako etxebizitza babestuko prozedura bati zegokiona:

  • 2007ko azaroaren 14ko gutun bat, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ekonomia eta Plangintza atalburuarena. Haren bidez eskatzen diote PFEZaren aitorpena aurkezteko, zehazteko bera ala emazte ohia ziren familiaburu guraso bakarra izateagatiko kenkaria aplikatua zutenak.
  • Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusiaren 2007ko abenduaren 19ko 697 Ebazpena. Haren bidez, ukatu egiten zitzaion etxebizitza babestuaren kontratuaren bisatua, non guraso bakarreko familiaren estatusa adierazten zitzaion. Baldintza horretaz ezkontideetako bat bakarrik balia zitekeen, eta kontua zen ez zela interesduna izan azken errentaren aitorpenean guraso bakarra izateagatiko kenkaria aplikatua zuena.
  • Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren maiatzaren 6ko 111 Foru Agindua, interesdunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezesten duena. Foru agindu horren zuzenbideko oinarriei buruzko hirugarren atalean esaten da interesdunaren ordezko PFEZaren aitorpenak –guraso bakarreko familia izateagatiko kenkaria aplikatzen duenekoak– “datozen kanpainetan eragina izan dezakeela, baldin eta aurkezten dituen hurrengo deklarazioetan horri eusten badio, baina ez duela eraginik izanen 2007ko aitorpenean.”

AZTERKETA

1. Etxebizitzari Babes Publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legean, 22. artikuluko seigarren idatz-zatian, 10 puntu aitortzen zaizkio guraso bakarreko familiaburuaren baldintza betetzen duenari.

Erakunde honek jada bere iritzia emana du etxebizitza babestuen adjudikaziorako gaur egun ezarrita dagoen baremoari buruz, eta hura aldatzeko gomendioa ere emana du. Zehazki, eta guraso bakarreko familiei dagokienez, honakoa adierazi genuen:

“Azkenik, daukan erredakzio txarrarengatik arazoak sortu ditu –baita interpretazio arazoak ere– “seme-alaba bat edo gehiago dituen guraso bakarreko familiaburuaren izaera”. “Familiaburuaren” irizpidea teknikoki oso eskasa da (egiazki, nire ustez, “guraso ahala edukitzea” esan beharko luke); nolanahi ere, berdin sar liteke “etxebizitzaren premia egiaztatua” irizpide prebalentea eta orokorraren multzoan, dagokion puntuazioarekin. Ez da oso ongi ulertzen zergatik foru legeak guraso bakarreko familia ez dena zigortu nahi izan duen, hori izaki, nire ustez, Nafarroako gizartean, zenbakiei erreparatuta, nagusi dena, edo familiaburuaren baldintza hori betetzen ez duen pertsona dibortziatua (gero eta gehiago dira horiek), zeinak seme-alaben laguntzaz gozatzen baitu astean edo urtean zenbait egunetan, haiekin bolada batzuk pasatzeko logela bat gordeta.

Bene-benetan sinesten dut puntuaziorako kontuan hartu beharko liratekeela alde batetik, eta hasieran esan dudan bezala, errenta-faktoreak (errenta-tarteen arabera) eta etxebizitzaren premia izateari dagozkionak. Etxebizitzaren premia neurtzeko kontuan hartuko da familian zenbat adingabe dauden, zenbat seme-alaba dauden ikasten edo langabezian, zenbat senide dauden gaixotasun larriekin, zenbat adineko pertsona dauden menpekotasun handiarekin, zenbat pertsona dibortziatu edo bereizita dauden beren bizitza berregiten ari direnak eta abar. Eta, bestalde, aipatutakoak bezalako faktoreak baztertu beharko lirateke: aurrezki kontuaren titularitatea, erroldatzean etenik gabeko antzinatasuna izatea, adina (guraso bakarreko familiaburua izatearen baldintza bakarrarekin), gaur egun foru legea idatzita dagoen moduan”.

2. Horrenbestez, erakunde honek guraso bakarreko familia izateari buruz duen iritzia ezarri ondoren eta ikusita foru legeak alderdi horri buruz ematen duen definizioa eskasa dela, kexa zentratu behar dugu interesdunari etxebizitza babestuko aurreko kanpainetan adierazitakoaren eta geroan Administrazioak egin duenaren artean dagoen desadostasunean.

Izan ere, interesdunak aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, ondorioztatzen da, zalantzarik gabeko moduan eta hiru aldiz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak interesdunari adierazi diola guraso bakarreko familiaren baldintza aitortuko zaiola errentaren azken aitorpenean baldintza hori aintzat hartu zaionari.

Hala eta guztiz ere, parte hartu duen azken kanpainan interesdunari egoera horri dagokion puntuazioa ukatzen zaio. Igorritako txostenean, Administrazioak honakoa alegatzen du: “Departamentu honek gaur egun duen irizpidearen arabera, interesduna ezin da guraso bakarraren izateaz baliatu etxebizitza babesturako puntuazioari dagokionez, zeren eta ez baita jotzen zaintza partekatua guraso bakarra izatearen egoerarekin pareka daitekeenik.”

Ez dio ezer txosten horretan departamentuak lehenago izan duen irizpideari buruz, ez eta aurretik zaintza partekatua izanik guraso bakarreko familia izateagatik puntuazioa eman zaion adjudikazio-hartzaileren kasurik izan den.

3. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da Espainiako Konstituzioko 9.3 artikuluan segurtasun juridikoaren bermea jasotzen dela, zeina honakoa baita Konstituzio Auzitegiak uztailaren 20ko 27/1981 Epaian jasotakoaren arabera: “ziurtasunaren eta legezkotasunaren batura da, hierarkiaren eta publizitate normatiboaren batura, aldekoa ez denaren atzeraeraginaren ezintasuna, arbitrariotasunaren interdikzioa; alabaina, segurtasun juridikoa printzipio horien eransketan agortuko balitz, ez zen hura berariaz formulatzeko premiarik izanen. Segurtasun juridikoa printzipio horien batura da, batura orekatua, halako moduan non bidea emanen baitu antolamendu juridikoan justizia eta berdintasuna sustatzeko, askatasunean”. Horrenbestez, ez da mugatzen arauak betetzera; aitzitik, betetze horren eta antolamendu juridikoa inspiratzen duten printzipioen arteko oreka biltzen du.

Hain zuzen ere, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3. artikuluak administrazioaren jardun oro gidatu behar duten printzipio orokorrak jasotzen ditu, eta lehenengo artikuluko bigarren lerrokadan honakoa jasotzen du: “Administrazio publikoek fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioak errespetatu beharko dituzte bere jardueran”,

Administrazioaren jarduera inspiratu behar duten bi printzipio horiek Administrazio eta Prozedura Legea aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean sartu ziren; izan ere, lege horrek zioen azalpenean jaso zuen printzipio horiek segurtasun juridikoaren ondorioa direla. Printzipio horiek, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 8. artikuluan jasota daude. Honakoa dio, hain zuzen ere: Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak betiere babestuko du herritarrek hartan jarritako fede ona eta bidezko konfiantza, bai eta ordura arte erakutsitako ohiko jokabide zintzoa ere. Dena dela, printzipio hori aplikatzeak ezin du antolamendu juridikoaren kontrako ondoriorik ekarri.”

Horrenbestez, Administrazio Publikoak legearen arabera jardun beharko du, baina fede onaren, konfiantza legitimoaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak ere bete beharko ditu.

Auzitegi Gorenak, printzipio horiei buruz ari dela, 1990eko ekainaren 8ko epaian, eta berrikiago 1997ko otsailaren 17ko epaian ere, honakoa adierazi du: “jarduera administratiboaren legezkotasun zorrotzaren eta hartatik ondorioztatzen den segurtasun juridikoaren artean sortzen den gatazkan, azken horrek izanen du lehentasuna, herritarrak administrazioaren jardunean duen konfiantza legitimoa babestearen printzipioa aplikatzearen ondorioz. Horixe bereganatu du Europako Erkidegoko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak, eta printzipio hori aplikatzekoa da, ez soilik partikularrarengan konbikzio psikologiko subjektiboaren edozein mota gertatzen denean, baizik eta, baita ere, konfiantza hori Administrazioak sorturiko zeinu edo egitate muturrekoetan oinarritzen denean ere, horiek behar bezain erabakigarriak direnean herritarrak arrazoiz konfiantza izan dezan administrazio jarduera zehatz baten legezkotasunaren itxuran; hartara, herritarrak bere borondatea makurtu ahal du zenbait ekintza eta baliabide pertsonal eta ekonomikoen inbertsioak egitera, baina horiek, finean ez datoz bat Administrazioak geroan eginen dituen ekintzen benetako ondorioekin, are gehiago legezkotasunaren itxura horrek, interesduna nahasarazi zuenak, praktikan interesdun horri juridikoki jasan beharko ez lituzkeen kalte edo galera batzuk eragin zizkionean.

Ildo bereko erabakia hartu zuen Auzitegi Gorenak 1990eko otsailaren 1eko eta 1991ko urriaren 7ko epaietan.

4. Planteatutako kasuari arestian aipatutako arauak eta jurisprudentzia aplikatuta, ondorioztatzen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak interesdunak fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioetarako zeukan eskubidea urratu duela, zeren eta hiru aldiz berariaz eta idatziz adierazi baitio guraso bakarreko familiaren puntuazioa lortzeko guraso bakarreko familiaren kenkaria aplikatu behar zuela pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, eta, horrekin guztiarekin ere, Administrazioak ezgaraian bestelako irizpide bat aplikatu baitio, irizpide aldaketa horren arrazoirik eman gabe eta aldaketa horri publizitaterik eman gabe, interesdunek jakinaren gainean egon zitezen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Kexa eragin duen egitateak interesdunaren fede onaren, konfiantza legitimoaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak urratu dituela.

2. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea legez beti bete behar duela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 8. artikulua.

3. Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokiren bat hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

4. Interesdunari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia