Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q23/897) Ebazpena. Horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gomendatu dio Leringo ikastetxe publikoan euskarazko irakaskuntza-lerro bat irekitzeko aukera eman dezala datorren 2024/2025 ikasturterako. Era berean, Leringo Udalari gomendatu dio, hala behar izanez gero, espazio edo gela fisikoen erabilgarritasunari dagokionez, lagundu dezala irekiera horretarako.

2023 abendua 20

Euskara

Gaia: Leringo ikastetxe publikoan D eredua jartzearen falta.

Hezkuntzako kontseilaria

Leringo alkatea

Kontseilari jauna / Alkate andrea:

1. 2023ko irailaren 21ean, instituzio honek Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren kexa bat jaso zuen, Leringo Blanca de Navarra ikastetxe publikoan D eredua (euskarazko irakaskuntza) ez ezartzeagatik.

2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura eta Leringo Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

3. Leringo Udalak, bere txostenean, 2023ko martxoaren 29an udalbatzako talde politiko batek aurkeztutako mozioa zela-eta izandako eztabaidaren eta bozketaren berri eman zuen.

Halaber, hauxe adierazi zuen:

“(..) Osoko Bilkurak bilera horretan hartutako erabakia betez, 2023ko maiatzaren 12an Leringo Udalak erabaki hori Hezkuntza Departamentura bidali zuen, eta eskatu zion bermatu ditzala udalerri horretako ikastetxean beraien seme-alabek irakaskuntza euskaraz jasotzea nahi duten Leringo familien hizkuntza eskubideak. Era berean, Udalak konpromisoa hartu zuen Hezkuntza Departamentuarekin lan egiteko eta Blanca de Navarra ikastetxe publikoak D eredua eskaintzea errazteko eskuragarri dituen baliabideak errazteko. Horretarako, Leringo Udalak espazioak gaitzeko aukera aztertu eta analizatuko du, eta beharrezkoa bada, Departamentuarentzat erabilgarri utziko ditu.

Txosten hau idatzi den egunean, ez dugu jaso Hezkuntza Departamentuaren erantzunik ezta jakinarazpenik ere”.

4. Hezkuntza Departamentuaren txostenak hauxe dio:

“Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretua indarrean jarri zenetik, Hezkuntza Departamentuak, dagozkion foru aginduen bitartez, hiru aldiz aldatu du gaurdaino. Zehazki, aldaketak foru agindu hauen bidez ezarri ziren:

• 45/2021 Foru Agindua, maiatzaren 4koa, Hezkuntza kontseilariak emana (2021eko maiatzaren 10eko NAO).

• 21/2022 Foru Agindua, martxoaren 31koa, Hezkuntza kontseilariak emana (2022ko apirilaren 6ko NAO).

• 8/2023 Foru Agindua, otsailaren 13koa, Hezkuntza kontseilariak emana (2023ko otsailaren 23ko NAO).

Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 13ko 8/2023 Foru Aginduaren kasuan, izapidetzen ari zen bitartean, ekarpen hau jaso zen:

“Leringo ikastetxe publikoan ez dago D eredurik, eta hori nahi izanez gero, Remontivalera bidaltzen gaituzte. Allo askoz ere hurbilago dago eta zonifikazioa aldatu nahiko genuke, gure seme-alabek hurbilago ikas dezaten, han badutelako D eredua”.

Entzunaldi eta informazio publikoaren txostenean erantzun hau eman zen:

“Udalerri edo herri batek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza ikastetxe publiko jakin batekin duen atxikipena aldatzeak, eraginpeko udalerri guztietako herritarrei eragiten die. Horregatik, Leringo Udalak bidali beharko luke eskaera. Hezkuntza Departamentuak, eskaera hori jasoz gero, neurriaren bideragarritasuna aztertuko luke.

Alegazioa ezetsi da”.

Edonola ere, eta ikusirik Leringo ikastetxe publikoan D eredua ezartzeko interesa duten Leringo familiek aurkeztutako eskaera, Leringo Udalari ahoz galdetu zitzaion ea familien ekimen hori babesten ote zuen. Udaleko ordezkariek esan zutenez, Hezkuntza Departamentuak proposamena bideragarritzat jotzen badu, ez dute oztoporik ikusten. Hezkuntza Departamentuaren Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzuak D eredua ezartzeko bideragarritasuna bermatzeko eskuragarri dauden espazioen inguruan azaldutako ondorioak ikusirik, ez da posible D eredua ezartzea espazioak handitzen ez diren bitartean. Hala, nahitaez, Leringo Udalak ezinbesteko azpiegiturak eskuragarri jartzeaz gain, berretsi behar du ados dagoela Blanca de Navarra ikastetxean hizkuntza ereduak aldatzearekin. Ohar horiek familia interesdunei eta Leringo Udalari jakinarazi zitzaizkien.

Une honetan, eta Gardentasunaren Atarian 91/2023 Foru Agindua, urriaren 18koa, Hezkuntza kontseilariak emana —zeinaren bidez hasten baita Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuaren eranskina aldatzeko prozedura— argitaratu ondoren, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza kontseilariaren otsailaren 13ko 8/2023 Foru Aginduaren bidez ezarritako azken aldaketatik jaso dituen askotariko eskaera eta proposamenak kudeatuko ditu”.

4. Azaldu den moduan, kexa Leringo ikastetxe publikoan D eredua ez ezartzeagatik aurkeztu zuten familiek.

Kexa horretan azaldu zutenaren arabera, 2022ko azaroan, eta 2023-2024 ikasturterako matrikulazioari begira, Leringo familia talde batek (diotenaren arabera 19k), lerro hori irekitzeko eskatu zuen, eta eskaera ez zitzaien onartu.

5. Euskararen Foru Legeak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9.2 artikuluak aurreikusten duena garatuz, bere oinarrizko helburuen artean hauxe du: “euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea borondatezkotasun, gradualtasun eta errespetu printzipioak betez eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin bat etorriz” [1.2 artikulua, c hizkia)].

Helburu horri lotuta, Foru Lege beraren 19. artikuluak aitortzen du herritar guztien eskubidea dela “euskaraz eta gaztelaniaz ikasi ahal izatea askotariko hezkuntza mailetan, hurrengo kapituluan xedatutakoa betez”.

Azken aurreikuspen hori xehatuz, Euskararen Foru Legearen 26.1 artikulua eremu ez euskalduneko irakaskuntzaren ingurukoa da (bertan dago Lerin, arauaren 5. artikuluaren arabera), eta hauxe dio:

“Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako”.

Legezko xedapen horiekin bat etorriz, herritarrek euskaraz ikasteko duten eskubidea aitortzen da, eta eskubide hori betetzeko, legeak aurreikusten du eremu ez euskaldunean euskarazko irakaskuntza lerroak sortuko direla ikastetxe publikoetan.

6. Kexa honen kasuan, familia talde bateko kideek beraien seme-alabek euskaraz ikastea nahi dute bizilekuko ikastetxe publikoan.

Erakunde honen iritziz, D ereduaren lerroa irekitzeko eskaera hori egonik, Hezkuntza Departamentuak hori ahalbidetu beharko luke, albo batera utzi gabe noizbait Leringo Udalaren laguntza behar izatea ikastetxean espazioak edo gela fisikoak gaitzeko.

Hezkuntza Departamentuak aipatu dituen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen duen uztailaren 3ko 80/2019 Foru Dekretuan jasotako aurreikuspenak (“ikastetxe mapa” delakoa) ez lirateke oztopo izan behar familien eskaera egiaztatu eta gero nahi duten lerroa irekitzeko, eta beharrezkoa izango balitz, ikastetxe publiko horietako antolamendua egokitu beharko litzateke, antolakuntza eta tresna izaera dutela aintzat hartuta.

7. Halaber, erakunde honek uste du ikastetxe publikoak ezartzean hurbiltasun printzipioa aplikatzeak —eta jakinik beharrezkoa dela agintaritza publikoek neurriak ezartzea Nafarroako landa guneko udalerrien jarraikortasunari laguntzeko (eta hala dagokionean, biztanleak udalerri horietan finkatzeko)— indartu egiten duela Lerinen lerro hori irekitzeko eskaera.

Hurbiltasun printzipioak oinarrizko zerbitzu publikoen ezarpena arautzen du orokorrean, eta bereziki ikastetxeena hasierako etapetan (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan), eta ikastetxe zerbitzuaren prestazioaren lurralde elementua egituratzen du. Printzipio horrek berekin dakar zerbitzu publiko horiek, ahal den neurrian, herritarrak bizi diren eremu naturalean ezartzea. Horren adibide da, besteak beste, Hezkuntzaren Lege Organikoak (84.2 artikulua) eskolaratze ondorioetarako eta ikasleak onartzeko lehentasunezko irizpidetzat izatea etxea eta ikastetxea gertu egotea.

Beste alde batetik, landa ingurua despopulazioaren, atzerapenaren edo biztanleen zahartzearen aurka babesteko, komenigarria da ahal den heinean zerbitzu publiko horiek bizileku diren udalerrietan finkatuta mantentzea, eta hala, irmoki eskatzen direnean, horiek ezartzea erraztu behar da. Landa inguruko garapen jasangarrirako abenduaren 13ko 45/2007 Legeak bere helburu orokorren artean hauxe du: "landa inguruaren ezaugarri berezietara egokitutako kalitatezko oinarrizko zerbitzu publikoak ematea sustatzea, bereziki hezkuntzaren, osasunaren eta herritarren segurtasunaren arloetan". [2.1 c artikulua)].

8. Azkenik, erakunde honek gogorarazi nahi du 1992ko azaroaren 5ean Strasbourgen idatzi zuten eta Espainiak sinatu zuen Eskualdeetako Hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak dioela eskualdeetako hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen arloan, eta hizkuntza horiek hitz egiten diren lurraldeetan eta bakoitzaren egoeraren arabera, agintaritza publikoen politikaren, legegintzaren eta praktikaren oinarri izan behar direla, beste helburu eta printzipio batzuen artean, hizkuntza horiek sustatzeko ekintzak egitea, horiek zaintze aldera, eta bereziki, hizkuntza horiek irakasteko moduak eta bitartekoak hornitzea [7. artikulua, f hizkia)].

Hori dela-eta, gomendio hau ematen dugu, eskatutako eskubidea ahalik eta azkarren egikaritu ahal izateko.

9. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Hezkuntza Departamentuari gomendatzen diogu erraztu dezala 2024-2025 ikasturterako Leringo ikastetxe publikoan euskarazko irakaskuntza lerroa irekitzea, eta Leringo Udalari gomendatzen diogu, beharrezkoa izango balitz, eta espazio eta gela fisikoen eskuragarritasunari dagokionez, lerro hori irekitzen lagundu dezala.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Hezkuntza Departamentuak eta Leringo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko dute ebazpen hau onartzen duten eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituzten.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia