Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con tareas de su puesto y falta de abono de complementos salariales.
Funtzio publikoa
Nafarroako Arartekoaren 2014ko azaroaren 11ko ebazpena. Horren bidez, Nafarroako Arartekoarekin lankidetzan jarduteko legezko betebeharra gogorarazi zaio Ilunberriko Udalari, erakundearekin lankidetzan ez diharduen aginpide izendatu da Ilunberriko Alkatetza eta Ilunberriko Udalari gomendatu zaio aitor diezaiola kexagileari, udaleko langilea denez, dagokion antzinatasuna jasotzeko eskubidea, eta atzeraeraginezko efektuekin abonatu diezaiola hori, eta, bestetik, egingo dituen edo egin dituen ordu estrak jasotzeko eskubidea ere aitor diezaiola.
2014ko martxoaren 21ean, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso zuen erakunde honek. Horren bidez, kexa abiarazi zuen Ilunberriko Udalaren aurrean, bai bere lanpostuan burutzen dituen funtzioekin ados ez dagoelako, eginkizun horiek ez baitzaizkio kontratuan sinatutako aguazil postuari egokitzen, bai ordainsari osagarriak ordaindu ez zaizkiolako, bere ustez, hala dagozkionean.
Aipatu idazkian, zera azaldu zuen [...] andreak:
2006ko azaroaren 13an, kontratua sinatu zuen Ilunberriko Udalarekin, 2009ko otsailaren 3ra arte, garbiketa lanak egiteko.
Otsailaren 4an, egungo kontratua sinatu zuen, udal berberarekin, aguazil lanak burutzeko, E mailan. Bitarteko kontratua zen, lehiaketa-oposizio bidez plaza hutsa bete artekoa, eta lanaldi osoa ezarri zen.
Azaldutako kontratuko baldintzak, b) idatz-zatikoak, horiek izan arren, aurretik burutzen zituen garbiketa lanak egiten jarraitu du, gaineratu dizkioten beste lan batzuez gain, aguazil funtzioari ez dagozkionak.
Bere langile eskubideak urratzen ari dira, eta administrazioa bidegabe ari da aberasten.
Horregatik eskatu zuen ahalik eta azkarren idatz zezala Ilunberriko Udalak ebazpena, horren bidez bertako langile gisa dituen eskubideak aitortzeko.
2014ko martxoaren 27an eman zitzaion kexaren berri Ilunberriko Udalari, eta baliodun gehienezko hamabost eguneko epean horri buruzko nahitaezko txostena igor zezala eskatu, Nafarroako Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1. artikuluarekin bat eginez.
Erakunde honen 2014ko maiatzaren 6ko idazki baten bidez errepikatu zen nahitaezko txostenaren eskaera.
2014ko maiatzaren 29an, Ilunberriko alkatearen idazkia jaso zen. Bertan, zera adierazi zuen:
"Arartekoak 2014ko martxoaren 27an igorritako idazkiei eta urte bereko maiatzaren 6an igorritako gogorarazpenari erantzutea da idazki honen helburua. Aipatu idazkian, [...] andreak aurkeztutako kexari buruzko informazioa bidaltzeko eskatu zitzaigun, hau da, [...] andreak udal honekin duen kontratu harremanaren eta kontratuko baldintzen gainekoa.
Hasteko, barkamena eskatu nahi dut buru zaren erakundearekiko komunikazioan egondako atzerapenarengatik. Aipatu atzerapena ez da lankidetzan ez aritzearren gertatu, azaldutako egoera aztertzen egon garelako baizik.
Zure idazkia udal honetara sartu denetik, egungo egoera eta [...] andrearen egoera egokitzeko modua eta horretarako behar diren neurriak ikuskatzen eta aztertzen egon gara, bai kexagilearekin, bai lege eta lanbide aholkularitzarekin.
Une honetan, horixe da azaldu ahal dizugun guztia, eta orain abian diren kontsulta eta ikuskapen guztien emaitzak jakinaraziko dizkizugu, zure esanetara egonik bitartean, beharrezkotzat jotako kontu guztietarako".
Nafarroako Arartekoak berriro errepikatu zion Ilunberriko Udalari udalaren txosten hori bidal zezala, 2014ko abuztuaren 20ko eta 2014ko urriaren 9ko idazkien bidez.
Ondoz ondoko errekerimenduak burutu arren, azaldu zaion kontuaren mamiari buruz informatu gabe jarraitzen du Ilunberriko Udalak, ez baita nahikoa izan 2014ko maiatzaren 29ko idazkia.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 26.1. artikuluak erakunde honek ikuskatutako Nafarroako Herri Administrazio guztiak behartzen ditu Nafarroako Arartekoari lehentasunez eta premiaz laguntzera bere ikerketa eta ikuskapenetan.
Foru lege berberaren 24.2. artikuluak ezarri du, hasierako txostena edo eskatutako dokumentazioa edo horietarako sarbidea igortzean, Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzura dauden langileen edo horien arduradun nagusien jarrera ezkorra edo arduragabea bada, bere funtzioen aurkakotzat edo oztopotzat jo ahal izango duela Nafarroako Arartekoak jarrera hori, berehala eginez publiko, eta urteko txostenean edo txosten berezian, kasu horretan, Nafarroako Parlamentuari aurkezten zaion txostenean nabarmenduko dela aipatu kalifikazioa. 24.3. artikuluak gaineratu du berdin jokatuko duela Nafarroako Arartekoaren jarduera eragozten edo oztopatzen duen edozein jarrerarekin.
Ikusita Ilunberriko Udalari kexa ebazteko txostena eskatu zaiola eta bost aldiz errepikatu zaiola eskaera hori, eta Ilunberriko Udalak horrenbeste aldiz eskatu zaion informazioa igorri gabe jarraitzen duenez, egokia da Ilunberriko Udalari gogoraraztea Nafarroako Arartekoarekin lankidetzan lehentasunez eta premiaz eta legean ezarritako epeetan jarduteko legezko betebeharra duela. Modu berean, egokia da Ilunberriko Alkatetza, udaleko ordezkari nagusia den heinean, Nafarroako Arartekoarekin lankidetzan ez diharduen aginpide izendatzea, publiko eginez hori eta aipatu kalifikazioa 2014ko urteko txostenean nabarmenduz, argitaratzeko beste bide batzuk erabiltzea baztertu gabe.
Kontuaren mamiari dagokionez, [...] andrearen lan egoerari buruzkoa da kexa, Ilunberriko Udaleko langile kontratatua bera.
Kexagileak erakunde honi behar besteko dokumentazioaren bidez egiaztatu dio Ilunberriko Udalak kontratatu egin zuela 2006ko azaroaren 13tik 2009ko otsailaren 3ra, garbiketako peoi kategorian. Era beran, 2009ko otsailaren 4an Ilunberriko Udalarekin egungo kontratua sinatu zuela egiaztatu du, hau da, aguazil lanak burutzeko kontratua sinatu zuela, E mailan. Bitarteko kontratua zen, lehiaketa-oposizio bidez plaza hutsa bete artekoa, eta lanaldi osoa ezarri zen.
Udalak, ordea, une batean ere ez du egiaztatu [...] andreak, ezarritako ordutegirik gabe eta ordu asko sartuta, aurretik zituen garbiketa lanak eta aguazilaren funtzio berriak pilatu ez dituenik.
(Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako) Langileen Estatutuaren 15.6. artikuluak ezarri du aldi baterako eta iraupen zehaztuko kontratuak dituzten langileek kontratu mugagabeak dituzten langileen eskubide berberak izango dituztela, eta gaineratu du eskubide jakin bat (...) langilearen aurretiko antzinatasun baten arabera esleitzen bada (...), langile guztientzako irizpide berberen arabera zenbatu beharko dela antzinatasun hori, kontratazio modalitatea gorabehera.
Langileen Estatutu beraren 35.1. artikuluak ezarri du ordu estrak izango direla laneko ohiko lanaldiaren gehienezko iraupenetik gora egiten diren lanordu horiek.
Aurreko guztiarengatik, eta albo batera utzita udalaren eta [...] andrearen artean hitzartutako lan harremanari buruzko bestelako edozein gogoeta, agerikoa da Ilunberriko langile horrek:
Bere ohiko lanalditik gora sartutako ordu estrak jasotzeko eskubidea duela, edo, bestela, Ilunberriko Udaleko funtzionarioek eta langileek oro har egiten duten lanalditik gorako ordu estrak jasotzekoa, eta, hortaz, egingo dituenak eta jada egindakoak ordaindu behar zaizkiola.
Beraz, erakunde honek Ilunberriko Udalari gomendatu behar dio aitor diezaiola kexagileari, udaleko langilea denez, dagokion antzinatasuna jasotzeko eskubidea, eta atzeraeraginezko efektuekin abonatu diezaiola, eta, bestetik, egingo dituen edo egin dituen ordu estrak jasotzeko eskubidea ere aitor diezaiola
Ilunberriko Udalari gogoraraztea Nafarroako Arartekoarekin lankidetzan lehentasunez eta premiaz eta Nafarroako Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean ezarritako epeetan jarduteko legezko betebeharra duela.
llunberriko Alkatetza, udaleko ordezkari nagusia den heinean, Nafarroako Arartekoarekin lankidetzan ez diharduen aginpide izendatzea, erakundearen web orrialdean publiko eginez hori eta aipatu kalifikazioa Nafarroako Parlamentuaren aurrean azalduko den 2014ko urteko txostenean berariaz nabarmenduz, argitaratzeko beste bide batzuk erabiltzea baztertu gabe, beharrezko ikusten bada.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Ilunberriko Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa eta legezko betebeharra baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.
Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarriko du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.
Zure erantzunaren zain, agurtzen zaitu,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia