Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Hainbat bide seinaleen errotulazioa gaztelania hutsean.
Lurralde Kohesiorako kontseilaria Kontseilari jauna: 1. 2024ko urtarrilaren 18an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen hainbat bide seinaleen errotulazioa gaztelania hutsean egoteagatik. Idazki horretan, erakunde honetan izapidetutako aurreko espedienteak aipatu eta eremu euskaldunean gaztelania hutsez dauden trafiko-seinaleei buruzko argazkiak bidali ondoren, amaitzeko honako hau eskatzen zuen: “1. Errepideak Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duten Foru Dekretuek ezartzen dutena betez seinaleztatzea, eremu euskaldunean zein mistoan. 2. Lurralde Kohesiorako Departamentuko kontseilari berriari aurreko kontseilariak jarraitutako irizpideak helaraztea, irizpide horiek aipatutako foru dekretuen aurkakoak izanik. 3. Lehengo irizpideen arabera azken urteetan jarritako bide-seinaleak ahalik eta azkarren aldatzea (bakarrik gaztelaniaz jarritako seinaleak -Francia, adibidez-) seinale horiek goian aipatutako Foru Dekretuetara egokituz. 4. Izendapena euskaraz zuzen egitea, Euskaltzaindiaren irizpideekin bat". 2. Ondoren, erakunde honek Lurralde Kohesiorako Departamentura eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske. Honako hau jartzen du jaso genuen Lurralde Kohesiorako Departamentuaren txostenean: [.. ] “Lurralde Kohesiorako Departamentuak, lehenengo eta behin, jakinarazten du eskatzaileak hainbat gai aurkeztu dituela aurreko urteetan; horietako batzuk bat datoz berriz jasotakoarekin. Adierazi behar da errepideen arloan eskumena duen departamentuak garaiz eta behar bezala erantzun diela, eta, beraz, interesdunak badituela erantzun horiek. Oraingo eskabidean aurkeztutako gaiei dagokienez, honako hau adierazi behar da: 1.- 1. puntuari dagokionez Lurralde Kohesiorako Departamentua Nafarroako Gobernuak onartutako azaroaren 15eko 103/2017 eta otsailaren 18ko 5/2018 Foru Dekretuek arautzen dute. Era berean, seinale berriak jartzeari edo narriaduragatiko premiarik izanez gero daudenak berritzeari buruzko guztian, Departamentua aplikatzekoak diren gainerako arauen bidez eraentzen da. 2.- 2. puntuari dagokionez, jakinarazten da interesdunak hasitako espedienteei buruzko informazio guztia Lurralde Kohesiorako kontseilari berriari azaldu zaiola, "irizpide zaharrak" ezin direla kontuan hartu adieraziz, baizik eta unean-unean aplikatzekoak direnak. Une honetan irizpide horiek aurreko atalean adierazitakoak dira. 3.- 3. puntuari dagokionez, aurreko bi puntuetan adierazitakoa aipatu behar da. Gainera, gogorarazi behar da Francia toponimoa duten seinaleen kasuan ez direla aplikagarriak 1. atalean ezarri diren foru dekretuak. Zehatzago esanda, otsailaren 28ko 5/2018 Foru Dekretuak Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko irizpideak ezartzen ditu, Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan horretarako jasotako izenaren arabera. Beraz, "Francia" izendapena ez da Foru Dekretu honen xedea. Arestian aipatu den 5/2018 Foru Dekretuaren 3. artikuluak honakoa ezartzen du: “Seinaleztapenaren arloan, Estatuak bere hartzen dituen nazioarteko arauekin bat jokatuko da”. Estatuko errepideen araudi teknikoa, seinaleztapenari dagokionez, Errepideen Jarraibidean dago jasota, 8.1-IC Araua, seinaleztapen bertikalari buruzkoa. Arau horrek honakoa ezartzen du: "atzerriko herri izenak bakarrik gaztelaniaz idatziko dira, baldin eta izen horiek badaude; eta ez badaude, beren herrialdeko hizkuntzan. Hala ere, mugako herrialdearekin hitzarmena dagoenean, seinaleztapena hitzarmen horretan zehaztutakoaren arabera arautuko da ". Eskura dagoen dokumentazioa aztertuta, ez dago jasota Frantziarekin izenpetutako mugaz gaindiko hitzarmenik bide-seinaleei heltzeari dagokionez; beraz, deskribatutako arau orokorra bete beharko da, kasu honetan “Francia. izena ezartzen duena. 4.- Euskarazko izendapen zuzenari dagokionez, adierazi behar da biziguneetarako Nafarroako Gobernuaren Toki Entitateen Erregistroan ezarritako izen ofizialak erabiltzen direla Euskarazko beste testu batzuei dagokienez, gaztelaniatik euskararako itzulpena egin behar den guztietan, kontsultak egiten zaizkio Nafarroako Gobernuan eskumena duen unitateari, hau da, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari ". Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak txosten hau igorri du: "Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, hainbat trafiko-seinaleren errotulazioarekin zerikusia duen kexa formulatzeagatik hasi den Q24/55 espedienteari buruzko 2024ko otsailaren 20ko zure idazkiari erantzunez, begirune osoz honakoa erantzuten dizu: Kexarekin batera, Arartekoak Lurralde Kohesiorako Departamentuak kexan planteatutakoari buruz egindako txostena erantsi du. Departamentu honen eskumenekoak ez diren gaiak alde batera utzita, honako zehaztapen hauek egin nahi genituzke Lurralde Kohesiorako Departamentuaren txostenaren hirugarren puntuari dagokionez; gogoeta edo ohar horiek bereziki aipatzen den Errepideen Jarraibideko 8.1-IC Arauari, seinaleztapen bertikalari buruzkoari, lotuta daude. Izan ere departamentu horrek askotan aipatzen du arau hori kexan planteatutako gai batzuk aztertzerakoan: - 8.1- IC Arauan xedatutakoari dagokionez adierazi beharreko lehenengo kontua da instrukzioa herriei edo bizigunei buruzkoa dela, eta ez herrialdeei buruzkoa: "Atzerriko herri izenak bakarrik gaztelaniaz idatziko dira, baldin eta izen horiek badaude; eta ez badaude, beren herrialdeko hizkuntzan. Hala ere, mugako herrialdearekin hitzarmena dagoenean, seinaleztapena hitzarmen horretan zehaztutakoaren arabera arautuko da. Beraz, Francia inskripzioa duen seinaleari ez litzaioke jarraibide hori aplikatuko, ez baita herri bat, herrialde bat baizik. Aurretik adierazitakoa gorabehera, esan daiteke, analogiaz, xedapena herrialdeen izendapenari aplika dakiokeela. Hala ere, 8.1-IC Arauak berak aurreko bertsioaren xedapen baliokidean, 2011koan, ezartzen zuena aztertzen denean, herrialdeak nahita baztertu nahi izan direla esan daiteke. Lehengo aurreko idazkuntzak honela zioen: “Ez da atzerriko hizkuntzetan idatzitako izenik erabiliko. Espainiaren ondoko beste nazio batzuen izen propioak bakarrik gaztelaniaz idatziko dira, horri buruzko aldebiko hitzarmenak daudenean izan ezik. Hau da, "beste nazio batzuen izen propioak" esamoldeak nazioaren beraren zein nazio horretako herrien izenak adieraz ditzakeen neurrian, dirudienez, 2014ko idazketak argitu egin zuen gai hori eta erreferentziatzat biziguneak, ez beste ezer, hartzen direla zehaztu zuen. - Aipatzen den 8.1-IC Arauaren xedapena 2.5 atalaren, "Elebitasuna" izenekoaren, barruan dago. Gure iritziz paragrafo honek aipatzen dituen bi hizkuntzak, testuingurua kontuan hartuta, gaztelania eta dagokion mugaz gaindiko hizkuntza dira (betiere atzerriko hizkuntza). Horrela, "bakarrik gaztelaniaz " horrekin, ezarri nahi dena da bizigune horiek ez direla mugaz gaindiko hizkuntzan idatziko; 2011ko testuaren idazkuntza adierazgarria da zentzu horretan, gaia honela formulatzen baitzuen: "Ez da atzerriko hizkuntzetan idatzitako izenik erabiliko". Instrukzioaren azken bertsioan ematen den adibidea Portugalgo herri batekoa da (Guarda), segur aski Salamancan dagoen kartel batean aipatzen dena; hau da, ez du berariaz argitzen nola jardun behar den gaztelaniaz gain hizkuntza ofiziala duen eta aldi berean beste herrialde batekin muga egiten duen autonomia-erkidego batean. - Gainera, aztertzen ari garen kasuari dagokionez, beharrezkoa da gehitzea Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 56. artikuluak, abenduaren 20ko 18/2021 Legeak aldatuak, honako hau ezartzen duela: 56. artikulua. Hizkuntza. Bide publikoetako seinaleztapen-paneletan agertzen diren edo horiekin batera doazen idatzizko oharrak eta inskripzioak gaztelaniaz agertuko dira eta, gainera, dagokion autonomia-estatutuan aitortutako autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialean, seinalea erkidego horren lurralde-eremuan dagoenean. Legearen testu artikulatua aplikatzeko eta garatzeko Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak formulazio bera errepikatzen du 138. artikuluan, "Seinaleen hizkuntza" izenekoan. Kontuan hartuta, lehenengo bi puntuetan azaldu den bezala, 8.1C Araua arretaz irakurrita ondorioztatzen dugula arau-hutsune bat dagoela herrialdeen izenak seinaleztatzeari dagokionez eta, nolanahi ere, hizkuntza koofizialen erabilerari dagokionez, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea aplikatu beharko da. Nolanahi ere, arau-hierarkiaren printzipioari jarraiki, instrukzioa legeak eta hori garatzen duen erregelamenduak ezarritakoarekin bat interpretatu beharko da. Horrela, eremu euskaldunean dauden seinaleetan, euskara ofiziala denetan, ondorioa da Francia-ri buruzko adierazpen horiek elebidunak izatea. - Ildo beretik, uste dugu aplikagarria dela azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Ildo horretatik, egia bada ere Foru Dekretuaren 21.4 artikulua indargabetuta dagoela, era berean egia da “Irudia, oharrak eta argitalpenak” titulua duten 10.1 eta 21.1 artikuluek indarrean jarraitzen dutela. Xedapen horietako lehenengoak honako hau ezartzen du eremu euskaldunerako: “ele biz idatziko dira … identifikaziorako eta seinaleztapenerako edozein elementu”. Eta, beste alde batetik, 21. artikuluko 1. atalak honakoa ezartzen du “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren komunikazio eta irudi arloko elementu orokor guztiek ele biko errealitatea islatuko dute”. - Aurreko guztia kontuan hartuta ondoriozta daiteke bidezkoa dela eremu euskaldunean seinaleak eta adierazpenak elebidunak izatea, Francia adierazten duena barne. - Alderdi formalei dagokienez, 103/2017 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria kontuan hartuta, seinalearen ezkerraldean euskarazko izena agertu beharko litzateke, eta eskuinaldean espainierazkoa edo gaztelaniazkoa (Frantzia/Francia), biak tamaina eta ikuspen berarekin. Kexan ere aipatzen den eremu mistoko seinaleztapenari dagokionez, adierazi behar da errotulazioa ez dela nahitaezkoa bi hizkuntzetan (toponimo elebidunetatik haratago) baina, era berean, ez dago adierazpen horiek gaztelaniaz eta euskaraz jartzea eragozten duen ezer. Irizpide inklusibo hau, hizkuntza-arloko araudi osoaren ardatz diren errespetu-, babes- eta sustapen-printzipioekin lerrokatuta egoteaz gain, aplikatzeko erraza da, behar bezala aurreikusiz gero ez du baliabide gehigarririk eskatzen eta neurri horrekin inori kalterik ez egitearen segurtasuna eskaintzen du. Aurrekoarekin lotuta, adierazi nahi dut, halaber, seinaleztapenean eta errotulazioan akatsik ez egiteko, departamentu hau, Euskarabidearen bitartez, prest dagoela hizkuntza- eta toponimia-gaietan laguntzeko eta aholkuak emateko bai Lurralde Kohesiorako Departamentuari, bai Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuei. Lankidetza hau, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren kasuan orain arte ere gertatu da eta, adibidez, N-121 errepideko IV. tarteko seinaleak proiektuaren seinaleztapenaren atalean agertzen ziren beste akats batzuk gauzatzea saihestu zuen. Era berean, Francia seinalea elebiduna izatea proposatu zen (Frantzia/Francia), baina agian proposamena oinarritzea falta izan zen ". 3. Jasota geratu den bezala, kexa N-121 errepidean jarritako bide-seinal baten errotulazioa gaztelaniaz baino ez delako agertzen aurkeztu da. Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak aurrean transkribatu diren txostenak igorri dituzte. 4. Erakunde honek dagoeneko aztertuta dauka planteatzen den gaia. Zehatzago esanda beste kexa bat (Q21/935) aurkeztu zelako eta, horri dagokionez, honako hau adierazten dugu: "N-121-A errepideko Iruñea-Gipuzkoako muga ibilbideko seinaleztapenari dagokionez, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du honako hauek bereiztea: alde batetik, biziguneen kokapena adierazteari buruzko bide-seinaleak (toponimoak) eta, bestetik, errepideko zirkulazioarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko informazioa emateko jartzen dena (adibidez, arreta-kartelak, radarren abisuak, errepide motaren adierazpenak, eta abar), seinaleztapen-mota bakoitzari aplikatu beharreko araubide juridikoa desberdina baita. Biziguneak adierazteko eta kokatzeko bide-seinaleei dagokienez, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 8.1 artikuluak honako hau xedatzen du: “Foru Komunitateko toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dute izendapen ofiziala, honako arau hauen arabera: a) Eremu euskaldunean, izendapen ofiziala euskarazkoa izanen da, non ez den beste izen bat gaztelaniaz; hala bada, biak erabiliko dira. b) Eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izanen da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek euskarazko izendapen desberdin, jatorrizko eta tradizionala baldin badute, biak erabiliko dira.” Manu honetan xedatutakoa Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko irizpideak ezartzen dituen otsailaren 28ko 5/2018 Foru Dekretuak garatu du. Foru Dekretu honek honakoa ezartzen du 4. Artikuluan: “Administrazio Publikoek honako irizpide hauen arabera erabiliko dituzte izen elebidun ofizialak: a) Euskarri bakarra erabiltzen den jarduketa administratiboetan (zigiluak, logotipoak, idazpuruak, bideetako errotulazioa eta antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk), bi izenak erabiliko dira, honako ordena honetan: Bizigunea eremu euskaldunean badago, lehenik euskarazkoa idatziko da, eta ondoren gaztelaniazkoa, eta bizigunea eremu mistoan edo ez-euskaldunean badago, lehenik gaztelaniazkoa idatziko da, eta ondoren euskarazkoa. Izenak barra baten bidez bereiziko dira (izena / izena).” Aipatutako xedapenetan ezarritakoarekin bat, ondorioztatzen da biziguneetako bide-seinaleztapenean (toponimoak) horien seinaleztapen elebiduna erabili behar dela, halakorik badago, eta lehenik, euskarari dagokiona idatzi behar dela, eta, ondoren, gaztelaniari dagokiona (bizigunea eremu euskaldunean badago) eta alderantzizko hurrenkeran (lehenengo gaztelaniaz eta ondoren euskaraz) udalerria eremu mistoan badago. Horrela, bide-seinaleetan, izen ofizialaren arabera adierazi behar dira biziguneak. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak bidalitako txostenean adierazten denez, izen ofizialekin bat ez datozen herrien seinaleak jarri dira. Esate baterako, hori gertatu da Berriosuso (izen ofiziala: Berriosuso/Berriogoiti), Azoz (izen ofiziala: Azoz/Azotz) eta Irún (izen ofiziala eta bakarra Irun da). Horregatik beharrezkotzat jotzen da Lurralde Kohesiorako Departamentuari gomendatzea N-121-A errepideko seinaleztapenean, kexan aipatutako ibilbidean, izen ofizial elebiduna duten biziguneen izendapenari buruzkoan, izendapen hori adieraztea. 6. Errepide horretan errepideko zirkulazioarekin zerikusia duten informazio-gaiak adierazteko (adibidez, arreta-kartelak, radarren abisuak, errepide motaren adierazpenak, eta abar) jartzen diren bide-seinaleei dagokienez, igorritako txostenetan aipatzen denez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekreturen 21.4 artikulua baliogabetu ondoren, ez da derrigorrezkoa bi hizkuntzak (gaztelania eta euskara) erabiltzea . Aipatutako 21.4 artikuluak honako hau ezartzen zuen: “Nafarroako Foru Komunitateko errepide sareko bide-seinaleetako informazio-elementuak, titulartasun publikokoak direnean, ele biz idatziko dira”. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen manu horretan xedatutakoa, honako arrazoi hauengatik: "Zerbitzu Zentraletan, hizkuntzaren lege-araubidea zehazteko euskararen erabilerari dagokionez, ez da kontuan hartu behar administrazio-organoaren egoitza dagoen (edozein izanda ere orain edo etorkizunean) lekuan nagusi den araubidearen irizpidea, baizik eta, batera hartuta, hartzailearen bizilekua bidezko administrazio-jarduketaren edukiari dagokionez, hizkuntza herritarraren eskubidea delako eta administrazio-organoa eskubide horretara egokitu behar delako, ez alderantziz. (...) Hau da, Zerbitzu Zentralen jarduketen hizkuntza-araubidea ez da bere kokapenera egokitu behar biztanleria osoarentzat ad extra funtzio orokorrak betetzen dituenean, ezta Nafarroako biztanleria osoari bere funtzioaren izaera orokorrari bakarrik ere, baizik eta kasu bakoitzean bere jardueraren hartzaileari hizkuntza-eremuaren arabera (eta dagokion araubide juridikoari, EFLk aurreikusten duen zonakatzearen arabera) kasuan kasuko administrazio-jarduketaren edukiari dagokionez. Erabakigarria (legezkotasun-parametroa) herritarraren eskubidea da, Legean taxututa dagoen bezala, gure EFLk aurreikusten duen eremu bakoitzaren eta haren araubide juridikoaren eta administrazio-jarduketaren edukiaren izaeraren arabera". Erakunde honen ustez, bide-seinaleztapena arautzen zuen agindua baliogabetu ondoren, ez da aukerakoa bide-seinaleztapenean euskara eta gaztelania erabiltzea baizik eta, epaian adierazten den bezala, eremu bakoitzean aplikatu beharreko euskararen erabilera-araubideari jarraitu behar zaio. Horrela, eremu euskaldunean jarritako seinaleztapenaren kasuan (kexak bere ibilbidearen zati handi batean eremu horretatik igarotzen den errepide bat aipatzen du) errotulazioak elebiduna izan beharko du, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, irudiari, oharrei eta argitalpenei buruzko 10. artikuluan oro har xedatzen duenez, bai eta hizkuntzaren izaera koofiziala izateagatik ere. Horregatik, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Lurralde Kohesiorako Departamentuari gomendatzea N-121-A errepideko (Iruñea-Gipuzkoako muga) eremu euskaldunean jarritako bide-seinaleztapenean errotulazioa ele bitan egitea. 7. Eremu mistoan (kexak eremu horretan jarritako kartelak ere aipatzen ditu), aipatutako foru dekretuaren 14. artikuluak ahalmena ematen die administrazio publikoei (kasu honetan, bide-seinaleak) bi hizkuntzetan idazteko. Horri dagokionez, Herritarrekiko Harremanetako Sailak adierazten du ez dagoela eragozpenik modu elebidunean errotulatzeko, uste duelako hori era inklusiboenean jarduteko modua dela. Erakunde honen ustez, errotulazio elebiduna ere komenigarria izan liteke, honako arrazoi hauengatik: a) Botere publikoen legezko betebeharra da herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, bai eta Nafarroan euskara berreskuratzea eta garatzea babestea ere (Euskararen Foru Legearen 1.2 artikulua). b) Euskara Nafarroako berezko hizkuntza da (Euskararen Foru Legearen 2. artikulua). c) Eremu mistoan herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko (Euskararen Foru Legearen 17. artikulua). d) Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, 21.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren komunikazio eta irudi arloko elementu orokor guztiek ele biko errealitatea islatuko dutela. e) Kexaren egileak aipatzen duen errepidearen kasu zehatzean, bideak eremu euskalduneko udalerri askotarako sarbidea ematen du, eta, beraz, eremu horretan bizi direnek erabiltzen dute eta, horrela, seinaleek ematen duten informazioaren hartzaile bihurtzen dira. Seinaleztapen hau bakarrik gaztelaniazkoa balitz, paradoxikoa litzateke eremu euskalduneko biztanleek eta informazioaren hartzaileek ez luketelako informazioa euskaraz jasoko. Horregatik, erakunde honek egoki ikusten du Lurralde Kohesiorako Departamentuari iradokitzea N-121-A errepidearen (Iruñea-Gipuzkoako muga) eremu mistoan jarritako bide-seinaleztapenean errotulazioa ele bitan egin dadila. 8. Azkenik, bide-seinaleetan "Francia" terminoa erabiltzeari dagokionez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak jakinarazten du, termino hori idazteko moduari dagokionez dagoen legezko hutsunea dela eta, Nafarroako errepideetako karteletan eta gezietan Estatuko 8.1-IC araudian ezarritakoa aukeratu da, bertan "Francia" izena errotulatzen baita. Hala ere, Herritarrekiko Harremanetako Sailak jakinarazten du Euskaltzaindiak, 2019ko azaroaren 29ko 38. Arauan, munduko estatuen izenen euskarazko izena eguneratu zuela. Arau horretan ezarri zuen Frantziako Errepublikaren euskarazko izena Frantzia dela. Horri dagokionez, Euskararen Foru Legearen 3. artikuluko bigarren eta hirugarren idatz-zatiek honako hau xedatzen dute: 2. Botere publikoek hizkuntza araua errespetatuko dute, foru lege honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren ondorio diren jarduera guztietan. 3. Hizkuntza arauak ezartzeko, Euskaltzaindia izanen da erakunde aholku-emaile ofiziala, eta botere publikoek berari eskatuko dizkiote aurreko atalean ezarritakoa betetzeko beharrezko zaizkien txosten edo irizpenak”. 5. Kexa hau izapidetzearen ondorioz, eta azken gai honi dagokionez, "Francia" terminoaren erabilerari dagokionez, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak igorri zuen eta arestian aipatu den txostenak, aplikatu beharreko araudia aipatu ondoren (8.1C araua, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra eta Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan), honako hau ondorioztatu da: “bidezkoa da eremu euskaldunean seinaleak eta adierazpenak elebidunak izatea, Francia adierazten duena barne”. 6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat: a) Lurralde Kohesiorako Departamentuari gomendatzea N-121 errepidean (Iruñea- Gipuzkoako muga), izen ofizial elebiduna duten biziguneen izendapenari dagokionez, jarritako bide-seinaleztapenean izendapen hori adieraztea. b) Lurralde Kohesiorako Departamentuari gomendatzea, errepide horren eremu euskaldunean jarritako bide-seinaleztapenari dagokionez, errotulazioa ele bitan egitea. c) Lurralde Kohesiorako Departamentuari iradokitzea, errepide horren eremu mistoan jarritako bide-seinaleztapeneari dagokionez, errotulazioa ele bitan egin dadila. d) Lurralde Kohesiorako Departamentuari gomendatzea errepide horretan jarritako bide-seinaleztapeneari dagokionez "Francia" izenarekin batera "Frantzia" erabiltzea. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen. Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen. Adeitasunez, zure erantzunaren zain, |
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia