Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q21/384) Iruñako Udalari gomendatzea, euskararen erabilera arautzen duen udal-ordenantzan xedatutakoa aplikatuz, behar diren neurriak har ditzala herritarrek Hirigintza Gerentziarekin, ahoz zein idatziz, euskaraz jarduteko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

2021 maiatza 31

Euskara

Gaia: La ausencia de puestos con perfil bilingüe en la plantilla orgánica de la Gerencia de Urbanismo del Ayuntamiento de Pamplona/Iruña.

Euskera

Alcalde de Pamplona/Iruña

Alkate txit gorena:

1. 2021eko apirilaren 19an erakunde honek ^...*jaunaren idazkia jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordezkari gisa. Idazki horren bidez kexa bat aurkeztu zuen Iruñeko Udalaren aurka, Hirigintza Gerentziako plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduneko lanposturik ez zegoelako.

2. Ondoren, erakunde honek Iruñeako Udalera jo zuen, hizpidera ekarritako auziaz informazioa eskatzeko.

Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:

“Iruñeko Udalean urtarrilaren 14an sarrera-erregistroa emanda, (...) jaunak, “Administrazioan Euskaraz Taldea” ordezkatuz, alegazio bat aurkeztu zuen. Nafarroako Gobernuak egindako azken inkesta soziolinguistikoaren arabera dauden euskal hiztunen eta euskaldun pasiboen (euskara ulertzen dute, baina ez dira gai behar bezala hitz egiteko) portzentajeak azaldu ondoren, Hirigintzako Gerentziako plantilla organikoko lanpostuen % 23,9ri euskarazko hizkuntza-eskakizuna ezartzeko eskatu du. Kopuru hori euskal hiztunen eta euskaldun pasiboen gehi % 2ren baturari dagokio. Alegazioa ez zen onartu eta Hirigintza Gerentziaren 2021. urteko plantilla organikoa 2021eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen.

Alegazio hori Gerentziako Plantilla Organikoak 2019. eta 2020. urteetarako hasierako onespenen ondoren aurkeztutakoen berdin-berdina zen; horiek ere bere garaian atzera bota ziren, eta edukiari dagokionez bat dator zure Erakundearen aurrean aurkeztutako kexarekin.

2.- ARAUDI APLIKAGARRIA.

Euskararen 18/1986 Foru Legea, eremu mistoko erabilera arautzen duena:

17. artikulua

Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea.

Bestalde, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, Nafarroako administrazio publikoetan, haren erakunde autonomoetan eta zuzenbide publikoko mendeko erakundeetan egiten den euskararen erabilera arautzen duenak, honako hau xedatzen du eremu mistoko toki erakundeentzat:

32. artikulua. Lanpostu elebidunak.

Eremu mistoko toki-erakundeek, beren eskumenen esparruan, euskaraz jakitea zein lanpostutan den derrigorrezkoa zehaztu aha izango dute, eta lanpostu elebidun horiek beren plantilla organikoetan adieraziko dituzte.

Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen indarreko Ordenantzaren (2020/04/14ko NAO) V. kapitulua “Udaleko langileak eta barne-funtzionamendua” da, eta hauxe dio:

13. artikulua

Udaleko plantilla organikoan euskara jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak zehaztuko dira.

Ordenantzak honako formula hau jasotzen du euskarazko arreta errazteko:

19.3. artikulua

Iruñeko Udal Administrazioan egiten duten lanean beren ezagutza erabili eta emateko eskatu ahal izango zaie hizkuntza-prestakuntzako plan horietan sartutako udal langileei, bai eta Udalean sartzeko edo lan-bizitzaren edozein fasetarako euskararen ezagutza baloratu zaienei ere.

Azkenik, Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako (2017-2019) langileen hitzarmen kolektiboaren 4.3 artikuluak honela dio:

4. artikulua. Euskara eta hizkuntza-politika.

3. Udalak, sindikatuekin negoziatu ondoren, euskara jakitea berariazko baldintza zein lanpostutarako den zehaztuko du, lanpostu horiek eskuratu ahal izateko egiaztatu beharrekoa, eta zein lanpostutan den merezimendua. Halaber, langileen hizkuntza gaitasuna bideratuko du, beren destinoagatik edo lanpostuaren ezaugarriengatik premiazkoenak diren pertsonak sustatzeko ekintzak lehenesteko.

4. Udaleko lanpostu guztien hizkuntza-eskakizunen azterketa eginen da, eta horien berri emanen zaie sindikatuen ordezkariei eta funtzionarioei.

Halaber, arreta bermatzeko formula orokor bat onartzen da, aipatutako arauan aurreikusitakoaren antzekoa:

Herritarren arreta errazte aldera, eta aurretik emandako postuak alde batera utzita, konpentsazioa jasotzen duten enplegatuei, dirutan nahiz denboran, hizkuntza-prestakuntzako planetan sartzen direnei, edo Udalean sartzeko edo lan-bizitzaren edozein fasetarako euskararen ezagutza baloratu zaienei, Udal Administrazioan beren ezagutzak erabili eta emateko eskatu ahal izango zaie.

3.- PROPOSAMENA.

Eskaeran adierazitako euskararen eskakizun-ehunekoak ez du lege-babesik; izan ere, araudi aplikagarrietako batek ere ez du ezartzen euskararen hizkuntza-eskakizuna duten plantilla organikoko lanpostuen portzentaje bat udalerriko euskaldunen kopuruaren arabera zehaztea, “Administrazioan Euskaraz Taldea” elkarteak eskatzen duen bezala. Lanpostu bakoitzaren hizkuntza-eskakizuna zehazteko, jendeari arreta euskaraz egiteko euskara jakin beharra edo hizkuntza hori jakitea eskatzen duen lanpostuaren berezitasuna hartuko dira kontuan.

Gerentzian ez dago euskara jakitea eskatzen duten ezaugarriak dituen lanposturik. Hala ere, euskarazko prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten maila eta lanpostu-mota guztietako langileak daude, eta hala nahi duen jendeari arreta euskaraz eman dakioke, udal-ordenantzaren 19.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta bermatuta geratzen da aipatutako araudiak jasotzen duen herritarren eskubidea”.

3. Esan bezala, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduneko lanposturik ez dagoelako aurkeztu da kexa.

Kexa aurkeztu duen elkarteak uste du herritarrei ez zaiela euskarazko arreta bermatzen, eta Hirigintza Gerentzian dauden lanpostuen % 23,9an hizkuntza-eskakizun elebiduna ezartzeko eskatu du. Ehuneko hori Iruñeko euskaldun aktibo eta pasiboen guztien batura da, gehi % 2.

Iruñeko Udalak, bestalde, aurretik transkribatutako txostena bidali du. Txosten horretan adierazten da, Hirigintza Gerentziako plantilla organikoan ezarritako hizkuntza-eskakizun elebiduneko lanposturik ez egon arren, euskarazko prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten maila eta lanpostu-mota guztietako langileak daudela, eta hala eskatzen duen jendeari arreta euskaraz eman dakiokeela. Horrela, euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantzak jasotako herritarren eskubidea bermatzen da.

4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 17. Artikuluaren arabera, eremu mistoan: “Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko”.

Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta zuzenbide publikoko mendeko erakundeetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuko 35. artikuluak oinarrizko honako helburua ezartzen du lege-aurreikuspen horren garapenean: “Eremu mistoan, herritarrek Nafarroako administrazio publikoetara, haien erakunde publikoetara eta zuzenbide publikoko mendeko erakundeetara jotzeko euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea ahalbidetzea” [1 b) atala].

5. Udal esparruan, Iruñeko Udalak udal-ordenantza bat du, euskararen erabilera arautzen duena udalean eta sektore publiko instituzionalean.

1. artikuluak ezartzen du Ordenantza Iruñeko Udalari eta bere mendeko erakunde autonomoei aplikatu behar zaiela.

Ordenantzako 5. artikuluak herritarrek Iruñeko Udalarekin eta erakunde autonomo horiekin gaztelaniaz nahiz euskaraz aritzeko duten eskubidea aitortzen du.

Era berean, honako hau dio 6. artikuluak: “Administrazioari idatziz euskaraz egitea aukeratzen duten herritarrei ele bitan erantzungo zaie. Horretarako, euskarazko itzulpen-zerbitzuak erabiliko dira, egindako eskaeraren eta jakinarazi beharreko udal-akordioaren edo -erantzunaren gaztelaniazko bertsio ofizialak emango dituztenak”.

Eta 7. artikuluak honako hau dio: “Administrazioarekin euskaraz hitz egiten duenari euskaraz erantzungo zaio. Udalak hartu beharreko neurriak hartuko ditu helburu hori lortzeko”.

6. Azaldutako arautegian xedatutakotik ondorioztatzen da herritarrek eskubidea dutela Iruñeko Udalarekin eta haren sektore instituzionalarekin, ahoz zein idatziz, euskaraz jarduteko, eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko. Horregatik, Udala behartuta dago herritarren eskubide hori betetzeko behar diren neurriak hartzera.

Horregatik, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Iruñeko Udalari gomendatzea, euskararen erabilera arautzen duen udal-ordenantzan xedatutakoa aplikatuz, behar diren neurriak har ditzala herritarrek Hirigintza Gerentziarekin, ahoz zein idatziz, euskaraz jarduteko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

7. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

Iruñeko Udalari gomendatzea, euskararen erabilera arautzen duen udal-ordenantzan xedatutakoa aplikatuz, behar diren neurriak har ditzala herritarrek Hirigintza Gerentziarekin, ahoz zein idatziz, euskaraz jarduteko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2. artikuluaren arabera, bidezkoa da Iruñeko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpen hau onartu duen eta, hala bada, ebazpena betetzeko zer neurri hartu dituen.

Legezko agindu horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2021eko txostenean sartu ahal izango da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, horretarako aukera zuelarik ere.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia