Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Disconformidad con Orden Foral 11/2012 (Suelta del faisán común).
Ingurumena
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria
Kontseilari jauna:
2014ko azaroaren 18an, [...] jaunak, GURELUR-Fondo Navarro para la Protección del Medio Ambiente erakundearen izenean, aurkeztutako idazki bat jaso zuen erakunde honek, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurkakoa. Idazkiak aipatzen zituen uztailaren 6ko 11/2012 Foru Agindua –foru agindu horren bidez baimentzen da Nafarroako ehiza barrutietan faisaiak jare uztea– eta hura dela-eta 2012ko abuztuaren 31n aurkeztutako salaketa ez erantzutea.
Nafarroako ehiza barrutietan faisaiak jare uztea baimentzen duen uztailaren 6ko 11/2012 Foru Aginduaren lanketari eta onespenari buruzko espedientea, hartan bildutako txostenekin.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Ebazpena, GURELUR-Fondo Navarro para la Protección del Medio Ambiente erakundearen 2012ko abuztuaren 31ko idazkiari buruzkoa –salaketatzat jotzen da idazki hori–.
Funtsean, bi dira kasu zehatz honetan erantzun beharreko galderak:
Lehenengoa da ea uztailaren 6ko 11/2012 Foru Aginduak, Nafarroako ehiza barrutietan faisaiak jare uztea baimentzen duenak, ingurumenaren arloko legedia errespetatzen duen eta, horrekin, guztiok ingurumen egokiaz gozatzeko daukagun eskubidea (Konstituzioko 45.1 artikulua) errespetatzen duen.
Bigarrena, ea foru agindua onetsi baino lehen, Nafarroako Ingurumen Kontseiluak aginduzko txostena eman behar zuen, zeren eta, emandako dokumentaziotik ondorioztatzen baita halako txostenik ez zela egin.
Nafarroako ehiza barrutietan faisaiak jare uztea baimentzen duen uztailaren 11/2012 Foru Aginduaren edukiari dagokionez, erakunde honek ez du behar besteko oinarri juridikorik aurkitu baieztatzeko ordenamendua urratu denik; alabaina, egiaztatu dugu gaiari buruz bestelako iritziak ere badaudela, inguru naturalean faisaia jare uzteko aukeraren aurkakoak.
Egiaztatu ahal izan dugun bezala, faisaia duela zenbait mende Europan sartutako espezie bat da, Espainian presente dagoena.
Halaber, egiaztatu da Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 10. artikuluak bidea ematen duela Ingurumeneko Departamentuak baimena eman dezan kanpoko espezieak (zalantzazkoa da faisaia halakotzat jotzea, lehendik ere badagoelako) sartzeko edo haien ustiaketa ekonomikorako.
Horrenbestez, faisaia kanpoko espezie baten gisara hartuta ere, aipatutako 10. artikuluan aurreikusitako baimen horretaz baliatzeak gaikuntza emanen lioke ingurumeneko administrazioari bere zuhurtziaren araberako ahalez baliatuta, betiere behar adinako irizpide tekniko eta juridikoekin (hala egiten da aipatutako foru aginduko zioen azalpenean) ingurumen naturalean espezie hori jare uzteko, baldintza jakin batzuetan.
Hartara, foru agindua onetsi da 10. artikulu horren arabera eta martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 11. eta 12. artikuluen arabera.
Faisaiak jare uztearen xedeak antolamendu juridikoaren araberakoak dira: eper gorria bizi ez den Nafarroako eremu jakin batzuetan ehiza aprobetxamendua egotea, eperrak baimenik gabe jare utz daitezen saihestea...
Halaber, jare uztearen baldintzak mugatuta ageri dira: ehiza onartzen da soilik oihaneko, sasitza trinkoko eta hain egokiak ez diren ureztalur tradizionaleko eremuetan, Nafarroako eremu babestuen sarekoak ez badira, bai eta barrutietako hazitako ehizakien eremuetan ere; kopurua mugatua izanen da eta kasu guztietan albaitariaren ziurtagiriaren bidezko osasun kontrola behar da, eta bertatik bertarako kontrolak ere egin ahalko dira; jare uzteko garaia zehaztu eginen da; debekatuta egonen dira bazkatzeko edo edateko aska artifizialak; eta beste.
Azaldutako argudioekin, esan daiteke Administrazioaren jarduketa legezkoa dela, bestelako argudioetara jo beharrik gabe –horixe egiten du foru agindua–.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 6ko 11/2012 Foru Aginduaren lanketa-prozesuari dagokionez, erakunde honek jotzen du aginduzkoa zela Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txostena egitea.
Nafarroako Ingurumen Kontseiluari buruzko otsailaren 17ko 1/1993 Foru Legeak hura deskribatzen du esanez ingurugiro arloan aholkularitza, parte-hartze eta kontsultarako eginkizunak dituen kide anitzeko organoa dela, irizpide ekologiko, sozial eta kulturalak erabiliz (1. artikulua).
Kontseiluaren aholkularitza-eginkizunen artean dago aginduzko txosten bat egitea ingurumenaren babesa arautzeko xedapen orokorren proiektuei buruz (2. artikulua).
Erakundeak jotzen du Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 6ko 11/2012 Foru Agindua ingurumenaren babesa arautzen duen xedapen orokor baten gisara hartu behar dela, honakoa dela eta:
Modu orokor eta abstraktuan arautzen du (eta horixe da arau-xedapenek berez duten izaera juridikoa; ez da berezkoa, ordea, egintza administratiboetan) faisaia ehiza barrutietan jare uztea, eta horren inguruko baldintzak ezartzen dira hala egiten den kasu guztietarako. Egintza administratiboak beren buruan agortzen diren –haiek errepikatzeko aukerarik ez dago– eta antolamendu juridikoaren osagai bihurtzen ez diren bitartean, arau juridikoek egitatezko suposamenduak jasotzen dituzte modu abstraktu eta orokorrean; hau da, denboran errepika daitezkeen kasuak dira, antolamendu juridikoaren zati bihurtzen direnak eta, hartara, hura berritzen dutenak. Eta horixe da aipatutako foru aginduak egiten duena: ez da kasu bakarrean amaitzen, etorkizunean faisaia behin eta berriz jare uzteko aukerak aipatzen ditu, kasuak modu abstraktu eta orokorrean jasotzen ditu eta antolamendu juridikoan sartzen da modu berritzailean.
Berariaz jasotzen du bera indarrean noiz sartuko den eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela, eta, horretaz gainera, zioen azalpen bat dauka eta ez ditu errekurtso administratiboak aipatzen; are berezkoagoa da hala izatea arau juridikoetan, eta foru agindu horren arau-izaera berresten du.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ematen du foru agindua, bera baita departamentuko organo titularra eta bera baita bere departamentuko gai berekietan erregelamendu-ahalmenaz baliatzeko ahala esleituta duena, foru aginduen bitartez (abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 45. artikulua). Hori ez da eragozpena beheragoko beste organo batzuek kasu jakin batzuetan faisaia jare uzteko baimen-ebazpenak emateko, baina kontseilariak hori egiterakoan ibili dituen abstrakzioa eta orokortasuna eduki gabe.
Foru agindu honen izaerari buruzko zalantza juridikoak sortuta ere (erakunde honen iritziz halakorik ez da sortzen), komenigarri ikusten da –eta garai hauetan, beharrezko– ingurumenaren arlorako otsailaren 17ko 1/1993 Foru Legeak Nafarroako Ingurumen Kontseiluari eta haren kideei aitortzen dien parte-hartzea; kide horien artean honakoak daude: unibertsitateetako ingurumen arloko adituak; Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistroan izena emanda dauden eta Nafarroan afiliatu gehien dituzten naturaren babeserako, defentsarako eta ikerketarako erakunde edo elkarteen ordezkariak; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, eta Nafarroako nekazaritza- eta abeltzaintza-erakundeen ordezkariak. Hori, halere, ez da eragozpena Ehiza Federazioko ordezkariei edo Nafarroako Ehiztarien Elkarteko ordezkariari berriz entzuteko (legeak exijitzen du Kontseiluan egon daitezen, baina gobernuak erabaki dezake, ordea, Ehizarako Aholku Batzordeak ez egotea).
Gainera, legez sortutako Nafarroako Ingurumen Kontseilu horretan, ordezkatuta dauden erakundeek eska dezakete bertan aztertzen diren gaien inguruko teknikariak edo adituak egon daitezela:
Parte-hartze hori gomendagarria da beti ingurumena irizpide desberdin eta esklusiboekin (ekologiko, sozial eta kulturalak) babestearekin lotutako gai batean, ehiza-irizpide zorrotzez haratago, eta hobeki ezkontzen da parte-hartzearen edo herritarrei entzunaldia ematearen printzipioekin, legeak aitortutako erakunde eta elkarteen bitartez, haiengan eragina duten xedapen administratiboak lantzeko prozeduran, Konstituzioko 105.a) artikuluak aldarrikatzen duen bezala.
Halaber, erakunde honen iritziz, hobeki ezkontzen da Ehizari eta Arrantzari buruzkoa abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeko 4. artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu ehiza aprobetxamenduei buruzko erabakiak hartzerakoan gizarteak parte hartzeko printzipioa; parte-hartze hori, izan ere, besteak beste, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren bitartez gauzatu beharra dago, horren bidez ahal den adostasun handiena bilatzeko eta hartutako erabakiak aplikatu behar direneko errealitate sozialaren isla izateko bideak ezartze aldera. Foru aginduan jasotakoa bezalako erabaki baterako Ehizarako Aholku Batzordeari parte hartzeko aukera eman baldin bazitzaion, era berean, erakunde honen ustez, parte hartzeko aukera eman behar zitzaion Nafarroako Ingurumen Kontseiluari.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, egokitzat jo dut:
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari gogorarazten zaio legezko betebeharrak dituela ingurumena babesteari buruzko xedapen orokor arautzaileen proiektuak Nafarroako Ingurumen Kontseiluari aurkezteari dagokionez, aginduzko txostena eman dezan, eta kide anitzeko organo horren parte-hartzea bermatzeari dagokionez, ehiza-aprobetxamenduei buruzko erabakiak hartzerakoan.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, legezko betebeharren gogorarazpena ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia