Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/1008/M). Haren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari gogorarazten zaio legez Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren aginduzko txostena eskatzeko betebeharra duela ingurumena babesteko xedapen oroko arautzaileak lantzeko eta onesteko prozeduretan.

2015 otsaila 12

Energia eta ingurumena

Gaia: Inadmisión de denuncia sobre Orden Foral.

Ingurumena

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2014ko abenduaren 9an, [...] jaunak, Gurelur-Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkarteko idazkariak, aurkeztutako idazki bat jaso nuen. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen 2014-2015 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duen ekainaren 13ko 176/2014 Foru Aginduaren aurkako salaketa onartu ez zelako.
  2. Ondotik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura jo nuen, eta kexaren berri emateko eta gaiari buruz informatzeko eskatu nion.

    Jasotako txostenean, honakoa esaten da:

    "Jaso dugu 2015eko urtarrilaren 7ko zure idazkia, non informazioa eskatzen baitzenuen Gurelur elkarteko idazkari [...] jaunak aurkeztutako kexari buruz. Kexaren arrazoia da Departamentuak ez zuela onartu 2014-2015 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duen ekainaren 13ko 176/2014 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako idazkia.

    1. Ekainaren 13ko 176/2014 Foru Aginduaren bitartez, 2014-2015 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onetsi zen. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 2014ko ekainaren 27ko 125. alean argitaratu zen.

    2. 2014ko abuztuaren 25ean, Gurelur elkarteak idazki bat aurkeztu zuen, bere hitzetan aipatutako foru aginduaren aurkako salaketa bat dena. Idazki horretan eskatzen du foru agindua deusezta dadin, zeren eta ehiza baimentzen baitu "debekualdi erdia" deitutakoan; izan ere, ulertzen du hori hegaztiei buruzko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoaren aurkakoa dela, bai eta Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoaren aurkakoa ere. Aipatzen du, gainera, debekualdi erdian ehizatu ahal izateak eragina duela populazio-murrizketa argian dauden espezieetan.

    3. Departamentuko zerbitzu juridikoek Gurelur elkartearen idazkia aztertuta, jotzen dute ezen, haren edukiari erreparatuta, idazki hori izapidetu beharra dagoela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 110.2 artikuluari jarraituz, aipatutako foru aginduaren aurkako administrazio-errekurtso moduan. Hori guztia, idazkiaren egiazko izaerari eta xedeari erreparatuta; izan ere, foru agindua aurkatzea baita xedea, are gehiago errekurtso-egileak errekurtsoa kalifikatzeko orduan egiten duen akatsa ez denean, inolaz ere, hura izapidetzeko eragozpena, idazkiaren beraren edukitik haren egiazko izaera ondoriozta baldin badaiteke.

      Horrenbestez, egiaztatuta Foru Aginduaren salatutako aurkapena administrazio-bideari dagokiola, bai eta Gurelur elkarteak gaiari buruz azaldutako formulazioa eta planteamendua arau hori aurkatzera jotzen dutela, bidezkoa da aurkeztutako idazkia gora jotzeko errekurtso moduan kalifikatzea.

      Balorazio tekniko horri erreparatuta, eta halaber, Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari begiratuta –horien arabera ezin da administrazio-bidean errekurtsorik aurkeztu izaera orokorreko xedapenei buruz– Gobernuaren 2014ko urriaren 1eko Erabakiaren bitartez, ez zen onartu Gurelur elkarteak aurkeztutako errekurtsoa. Gobernuaren Erabakiaren bigarren puntuan errekurtsoa ez onartze horren aurka aurkez daitekeen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa identifikatzen da, bai eta zein organoren aurrean eta zein epetan aurkeztu behar den ere.

    4. Abenduaren 9an, Gurelur elkarteko idazkari [...] jaunak kexa bat aurkeztu zuen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurka, 2014-2015 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onetsi zuen ekainaren 13ko 176/2014 Foru Aginduaren aurkako salaketa-idazkia ez onartzeagatik.

      Gurelur elkarteko ordezkariak, bere kexan, adierazten du ez dagoela ados aurkeztutako idazkiari eman zaion administrazio-izapidetzearekin.

      Azaldu bezala, Foru Aginduak, zeinaren balioa zalantzan jartzen baitu kexa-egileak bide administratiboan (eta argudio administratiboak erabiliz), izaera orokorreko xedapen bat da, zeren eta Nafarroako Foru Komunitatean ehizarako izaera duten basa-faunako espezieen aprobetxamendua arautzen baitu; aprobetxamendu hori bidezkoa izateko arau orokorrak ezartzen ditu; espezie jakin batzuetarako eta haiek harrapatzeko berariazko arauak ezartzen ditu; eta, azken batean, aplikatzekoa zaie Nafarroan ehiza-jardueran aritu nahi duten pertsona guztiei.

      Horrenbestez, argi geratzen da ezen [...] jaunaren idazkia gora jotzeko errekurtso gisa kalifikatzea eta hura halakotzat izapidetzea egin zirela babes judizial efektiboa gerta zedin, bai eta administrazio-prozeduraren buruan dauden bermeak emateko ere. Hori guztia, alde batera utzita aipatutako xedapen orokorraren edukiarekiko desadostasuna, zeina adieraz baitzezakeen hura lantzeko aurreko faseetan, non aukera izan baitzuen parte hartzeko, edo, bestela, geroago, legez ezarritako bideetatik araua aurkatuz.

      Bestalde, arauaren izapidetze administratiboari dagokionez, izaera orokorreko xedapenak onesteko ezarritako prozedurari jarraitu zaio, prozedura parte-hartze publikorako zabaldu da Gobernuaren Gardentasun Atarian, eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluak kontsulta-aldia ere zabaldu du, idatzizko prozeduraren bitartez. Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren bitartezko kontsulta- eta partaidetza-izapide horretan, ez dago jasota kexa-egileak, zeina organo horretako kidea baita, ehizak ukitutako populazioen egoerari buruzko daturik eta azterlanik eskatu zuenik, ez eta zein neurri ezartzen ari diren ukitutako espezieen kontserbazioa eta haien ehizarako bideragarritasuna bermatzeko ere.

      Espediente administratiboa, xedapen orokor honen prestaketan erabilitako dokumentuak eta xedapen orokor honen onespena aztertuta, jasota dago honako jarduerek osatzen dutela espediente hori:

      • Justifikazio-oroitidazkia, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak egina.

      • Prozedurari hasiera emateko foru agindua.

      • Herritarrek parte hartzeko izapidea, Gobernu Irekiaren Gardentasun Atariaren bitartez.

      • Ehiza eta Arrantza Ataleko buruaren txostena, kontsultako izapidean eta herritarrek parte hartzeko izapidean Nafarroako Ingurumen Kontseiluari eginiko ekarpenei buruzkoa.

      • Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko buruak araudiari buruz eginiko oroitidazkia.

      • Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariak eta Ehizaren eta Arrantzaren Ataleko buruak, Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko buruaren ikus-onespenarekin, foru agindua egiteko proposatutako testua.

    5. Aurreko guztia ezertan kendu gabe, eta arauaren edukiari buruz erakunde horrek egiten duen eskariari erreparatuz, jakitera ematen dizut Departamentu honen zerbitzu teknikoek aztertu egin zutela 2014-2015 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duen ekainaren 13ko 176/2014 Foru Aginduaren aurka Gurelur elkarteak aurkeztutako idazkiaren edukia, eta honako hau izan zela azterketa horren emaitza:
      1. Fauna habiagilearengan duen eragina.

        Salaketa-egileak aurkeztutako argudioen zehaztugabetasuna dela-eta, ezinezkoa da erantzun zehatza ematea. Oro har, eta salatzaileak aitortzen duen moduan, debekualdi erdian ehiza egiten den garaian, ugalketa beranduen egiten duten hegaztiek ere beren habialdia amaitua dute. Garai horretan, oso gutxi dira oraindik ere emantzipatu ez diren hegazti gazteak.

        Bestalde, ehiza modalitate hau egiten deneko azalaren txikiak katalogatutako hegaztietan interferitzeko aukera gutxienera eramaten du; baina, gainera, beste hegazti batzuekin partekatutako espazioan ehiza jardueran aritzeak ez dakar aipatzeko moduko eragozpenik, ageri-agerian legez kanpokoak diren egintzen kasuan izan ezik.

      2. Galeperraren eta usapalaren ehizaren presioa.

        Galeperra eta usapala ehizatzeko terrenorik egokiena Nafarroako hegoaldea da. Lurralde horretan –486.057 ha-ko azalera dauka–, baimena ematen da 57.497 ha-tan galeperra eta usapala ehizatzeko; hau da, potentzialki baliagarri dagoen azalera osoaren % 11,8an.

        2000. urtetik ehiza-aldia abuztuaren 15ean hasi eta irailaren 15ean amaitzen da, eta soilik ostegun, larunbat, igande eta jaiegunak dira hura egiteko egun baliodunak. Horren ohiko emaitza da ehizatzeko hamabi bat egun daudela.

        Gainera, 2000. urtetik, usapalaren kasuan, eta 2001. urtetik, galeperraren kasuan, eguneko kupo batzuk ezartzen dira: 10 galeper ehiztari eta egun bakoitzeko, eta bi usapal ehiztari eta egun bakoitzeko.

        Ehizaren presioa, oro har, beste autonomia-erkidego batzuetan baino txikiagoa da. Egun baliodunen egutegia beste erkidego batzuetakoaren antzekoa da.

        Nafarroan galeperraren harrapaketari buruz dauden datuek halako egonkortasun bat erakusten dute azken 20 urteetan. Gauza bera gertatzen da usapal arruntaren kasuan haren ugaritasunari buruzko kontrola egin diren 16 urteetan, lehenengo urteak alde batera utzita, haietan datuak oso gutxi baitira.

        Espainiako Ornitologia Elkarteak (SACRE programaren bidez) egindako jarraipenaren emaitzek erakusten dute bi espezieetan ugaritasunak behera egin duela estatu osoan, oro har.

        Nafarroaren kasuan, joerak ez datoz beti bat eredu orokorrarekin. Departamentuak lursail kopuru jakin baten gainean usapal arruntaren gainean egindako laginketek erakusten dute azken urteetan beherapen bat egon dela, informazio alderatuagorik gabe ere. Hori lotu beharra dago laginak hartu direneko habitatetan gertatu den kalitate-galera progresiboarekin. SACRE programak –lagin zabalagoak hartuz– foru erkidegorako ematen duen informazioaren arabera, ordea, joera goranzkoa da, gutxi bada ere.

        Aurreko informazio horretatik guztitik ondoriozta daiteke Nafarroan bi espezie horiekin egin den kudeaketa bat datorrela Europako, estatuko eta autonomia erkidegoko araudiarekin.

        Egindako eskariari dagokionez, gehitutako eranskinean eskatzen diren dokumentuen kopia igortzen dugu".

  3. Adierazi den bezala, Gurelur-Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkarteak kexa bat aurkeztu zuen 2014-2015 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duen ekainaren 13ko 176/2014 Foru Aginduaren aurkako salaketa onartu ez zelako.

    Kexa horretan, erakunde honi eskatzen zaio Gurelur elkarteak aurkeztutako salaketa halakotzat har dezala Ingurumen Kontseiluak, eta ez gora jotzeko errekurtso bezala, eta balora dezala Gurelur elkartearen salaketan jasotakoa, Nafarroako Gobernuari antzematen dituen legezkontrakotasunak jakinarazita.

    Kexa hori eta bera dakarren salaketa ikusita, honako gaiak sortzen dira:

    1. Gurelur elkarteak 2014ko abuztuaren 25ean, aipatutako foru agindua dela eta, aurkeztutako idazkiari nolako kalifikazioa eta izapidetzea eman zaion.

    2. Gaia Nafarroako Ingurumen Kontseiluari eztabaidatzeko eta iritzia eskatzeko aurkezteko betebeharraren balizko ez-betetzea.
  4. Aipatutako lehenengo gaiari dagokionez, erakunde honek jotzen du Gurelur elkarteak aurkeztutako idazkiari Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak emandako kalifikazioa idazkiaren izaerari eta edukiari dagokiena dela.

    Egia bada ere idazkia salaketatzat kalifikatuta dagoela formalki, egia da, era berean, haren edukia onetsitako arauaren aurkako errekurtso bati dagokiona dela, zeren eta arrazoibideak zuzentzen baitira defendatzera hura ez-legezkoa dela, bai funtsezko arrazoiengatik (lehenengo eta bigarren atalak), bai prozedura-arrazoiengatik (hirugarren atala). Eta horri dagokionez, idazkiak eskatzen du, lehenengo eskari gisa, deusezta dadila 176/2014 Foru Agindua (aipatutako espezieak leheneratzeko eta babesteko neurriez eta gaia Nafarroako Ingurumen Kontseiluan aztertzeko eskatzeaz gainera).

    Horrenbestez, ez idatziz, ez termino juridikoetan eta interesatzen zaizkigun kalifikazio-eraginetarako, ez dago salaketarik, zeinaren helburua eta xedea den organo eskudunari egitate jakin batzuk jakinaraztea, azken hori esleituta dauzkan ahalmenez balia dadin (normalean, ikuskapena, legezkotasuna lehengoratzea eta zehapenak ezartzea), baizik eta auzitan jartzen den foru aginduaren edukiaren bearen aurkako adierazpen bat, eta hura deuseztatzeko eskaria, eta hori onetsitako xedapenaren aurkako errekurtso bati dagokio.

    Hori suposatuta, idazkiaren kalifikazioa eta hura ez onartzeko gero hartu zen erabakia, zeinaren legezko funtsa aipatzen baitu Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, ezin legez kanpokotzat edo eskubide-urratzailetzat hartu.

  5. Aipatutako gaietatik bigarrenari dagokionez, erakunde honi igorri zaion espediente administratiboa aztertuta –kexa eragin duen xedapen normatiboa egiteari buruzkoa da–, ez dago jasota Nafarroako Ingurumen Kontseiluak hari buruzko txostenik egin zuenik, nahiz eta txosten hori, azaltzera goazena dela eta, aginduzkoa izan.

    Nafarroako Ingurumen Kontseilua sortzeari buruzko otsailaren 17ko 1/1993 Foru Legeak organo hori kalifikatzen du esanez ingurugiro arloan aholkularitza, parte-hartze eta kontsultarako eginkizunak dituen kide anitzeko organoa dela, eta funtzionamendu-eraginetarako, Lurraldearen Antolamenduko eta Ingurumeneko Departamentuan sartzen du (1. artikulua).

    Aipatutako foru legeko 2. artikuluak, kalifikazio horretatik abiatuta, Nafarroako Ingurumen Kontseiluari aholku-eginkizunak esleitzen dizkio aginduzko txostenen bidez (A letra), bai eta kontsulta-eginkizunak (B letra) eta parte-hartze eginkizunak ere (C letra). Aginduzko txostenaren bidezko aholkua emateko eginkizunen artean dago ingurumenaren babesa arautzeko xedapen orokorren proiektuei buruz informatzekoa.

    Aginduzko arau horien arabera, ingurumenaren arloko xedapen orokor bat lantzeko izapidean, nola baita kexaren xede den foru agindua, erakunde honen ustez, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren aginduzko txostena eskatu behar da eta hura espedienteari gehitu behar zaizkio.

    Aginduzko txosten hori egitea eta espedienteari gehitzea ez dira aukerako edo hautazko egintzak, zeren eta, jada ikusi den bezala, legeak jada aurreikusia daukan eginkizun bat betetzea baita, izaera administratiboa duen organo bati dagokionez. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 12. artikuluan xedatuaren indarrez, eginkizun hori utziezina da, eta Landa Garapeneko Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio hura egitea, departamentu horri atxikita baitago Nafarroako Ingurumen Kontseilua.

    Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren txostenean aipatzen da xedapen horri buruzko kontsulta egin zitzaiola Nafarroako Ingurumen Kontseiluari, idatzizko prozedura erabiliz. Eta espediente administratiboan, Ehiza eta Arrantza Ataleko buruaren txosten bat ageri da, 2014ko ekainaren 6koa, partaidetza-prozesuari buruzkoa, non azaltzen baita proposamena Nafarroako Ingurumen Kontseiluari aurkeztu zitzaiola eta jasotako alegazio bakarra ADECANAk aurkeztutakoa izan zela.

    Erakunde honen iritziz, kontsulta-izapidea ez da nahikoa interesatzen zaizkigun eraginetarako, zeren eta, aipatu bezala, legeak, izaera orokorreko xedapen bat izaki, exijitzen duena baita Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txostena egin dezala, kide anitzeko organoa den aldetik, eta txosten horri aginduzkoa izatearen kalifikazioa ematen dio; igorritako espediente administratiboan, ordea, ez da txosten hori ageri.

    Erregelamendu xedapenak lantzeko prozeduran kide anitzeko organo baten aginduzko txostenik ez egoteak berarekin ekarriko luke aipatutako xedapena zuzenbidez guztiz deuseza izatea, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 62.2 artikuluari jarraituz.

    Horrenbestez, bidezkoa da gogoraraztea Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren aginduzko txostena eskatzeko legezko betebeharra dagoela, aholkularitzarako eta partaidetzarako organo horrek berariazko iritzia adierazteko egokia den moduan.

  6. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:

    Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari gogoraraztea legez Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren aginduzko txostena eskatzeko betebeharra duela ingurumena babesteko xedapen oroko arautzaileak lantzeko eta onesteko prozeduretan.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gogorarazpena ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia