Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q14/1002/B); horren bidez, Gizarte Politika Departamentuari gomendatzen zaio, bereizketa edo banaketaren ondoriozko zaintza partekatuko kasuetan, sortzen diren bi familia unitateetan hiru seme-alaba edo gehiago badaude, familia ugariaren titulua eman behar zaiola familia unitate bakoitzari.

2015 otsaila 06

Gizarte ongizatea

Gaia: Desacuerdo con denegación familia numerosa a progenitores divorciados con custodia compartida.

Gizarte ongizatea

Gizarte Politiken kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2014ko abenduaren 5ean, […] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, Gizarte Politika Departamentuaren gaineko kexa bat azaldu zigun, zaintza partekatua duten guraso bereiziei familia ugariaren titulua ukatu zietelako.
  2. Ondoren, Gizarte Politika Departamentura jo nuen, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    Aipatu txostenean honakoa adierazi zen:

    “2014ko abenduaren 23ko zureidazkiari erantzunez, […] jaunak Gizarte Politika Departamentuaren gainean aurkeztutako kexari dagokionez (Q14/1002/B espedientea), zaintza partekatuko guraso bereziei familia ugariaren titulua ukatu zaielako, honakoa jakinarazi behar dizut:

    1. Dakizun bezala, familia ugariaren kontzeptua, titulu hori izateko eskubidea aitortzeko eta mantentzeko kideek bete behar dituzten baldintzak, eta horiek izan dezaketen kategoria estatuko oinarrizko legedian ezartzen dira; zehazki, Familia Ugariei buruzko azaroaren 18ko 40/2003 Legean eta berau garatzen duen araudian.

      40/2003 Lege horretako 2.2 artikuluko c) letraren arabera, familia ugariaren parekoak izango dira, lege horren ondoreetarako, ama edo aita bereizi edo bananduek eratzen dituzten familiak, baldin eta hiru seme-alaba edo gehiago badituzte, komunak izan nahiz ez, familia unitate desberdinetan egonda ere, betiere beren mendetasun ekonomikoan badaude, ezkontideen etxean bizi ez arren.

      Kasu honetan, familia ugariaren izaera aitortzeko eskatzen duen gurasokideak, berekin bizi ez diren seme-alabak kontuan hartzeko proposatuta, elikagaiak emateko betebeharra aitortzen dion ebazpen judiziala aurkeztu beharko du.

      Gurasoak ez badira ados jartzen familia unitatea osatzen duten seme-alabei buruz, bizikidetzaren irizpidea gailenduko da.

      Bestalde, 40/2003 Legeko 3.3 artikuluari jarraiki, lege honen ondoreetarako inor ezingo da zenbatu bi familia unitatetan aldi berean.

      Bi artikuluak hitzez hitz irakurriz gero, horixe izanik gainerako autonomia Komunitateetan egin ohi den interpretazioa, bereizketa edo banaketen kasuan, eta inor ezin denen aldi berean bi familia unitatetan zenbatu, gurasokideetako batek soilik izan dezake familia ugariaren titulua.

    2. Gizarte Politika Departamentuak badaki familien egongo egoera aldatu egin dela, eta, seguru asko, legedian ez direla aurreikusi errealitatean egon daitezkeen egoera guztiak. Baina, gai honetan, familia ugarien kontzeptua, baldintzak eta kategoriak zehazteko lege eskumenak Estatuari dagozkio, eta, beraz, irtenbide bideragarri bakarra estatuko legedia aldatzeko eskatzea litzateke. Ordura arte legez ezarritakoa betetzea baino ez dugu.

      Departamentu honek, Familiaren eta Berdintasunaren Nafarroako Institutuaren bidez, Osasun Ministerioko Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Arloko Familiaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi dio egoera hauek era egokian arautzeko dugun kezka. Hala, ardura hori beste autonomia Komunitate batzuek planteatutako aldaketa iradokizunekin batera jarri da. Zuzendaritza Nagusiaren asmoa Haurren Zuzendaritza Nagusien autonomia arteko Batzordearen barruan lan talde bat sortzea da, Familia Ugarien estatuko Legea aldatzen saiatzeko. Orain arte ez da halakorik eratu. Hala ere, gai honetan egoten diren berrikuntza guztien berri emango dizugu”.

  3. Bereizita edo banatuta dauden eta bi seme-alaba baino gehiagoren zaintza partekatua duten gurasoei familia ugariaren titulua ukatu zaielako aurkeztu da kexa.

    Gizarte Politika Departamentuaren ustez, indarreko legediari erreparatuz gero, ukapen hori bidezkoa da, inor ezin baita bi familia unitatetan zenbatu aldi berean.

  4. Familia ugariei buruzko azaroaren 18ko 40/2003 Legeko 2. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da. Horren arabera, lege honen ondoreetarako, familia ugaria da hiru seme-alaba edo gehiago (komunak nahiz ez) dituzten arbaso batek edo bik osatzen dutena.

    Bestalde, lege horretako 2.2.c) artikuluan banaketa edo bereizketa kasua aipatzen da, baita elkarrekin bizi ez diren baina ekonomikoki mendekoak diren seme-alabak egozteko aukera ere. Horren harira, agindu horren arabera familia ugariaren parekoak dira, lege honen ondoreetarako, honakoek osatzen dituzten familiak:

    “Banatutako edo bereizitako aita edo ama, hiru seme-alaba edo gehiago dituena, komunak izan nahiz ez, familia unitate desberdinetan egon arren, betiere bere menpe badaude ekonomikoki, ezkontideen etxean bizi ez arren.

    Kasu honetan, familia ugariaren izaera aitortzeko eskatzen duen gurasokideak, berekin bizi ez diren seme-alabak kontuan hartzeko proposatuta, elikagaiak emateko betebeharra aitortzen dion ebazpen judiziala aurkeztu beharko du.

    Gurasoak ez badira ados jartzen familia unitatea osatzen duten seme-alabei buruz, bizikidetzaren irizpidea gailenduko da”.

    Azkenik, 3.3 artikuluaren arabera, inor ezin da zenbatu, lege honen ondoreetarako, bi familia unitatetan aldi berean. Agindu hori martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legea eta normaltasun egoeran zaintza partekatua sartu duten beste lege autonomiko zibil batzuk idatzi aurrekoa da eta zaintza modalitate hori sartuko duen estatu lege baten proiektua onartzea aurreikusita dago.

  5. Erakunde honen aburuz, agintari publikoek antolamendu juridikoa konstituzio eskubideen zentzurik aldekoenean interpretatzeko betebeharra dute eta, ondorioz, seme-alaben zaintza partekatua ezarri den kasuetan, familia unitatearen izaera aitortu behar die bi familia unitateei. Gurasokide biek partekatzen dute seme-alaben zaintzak eragiten duen karga ekonomikoa eta amarekiko edo aitarekiko bizikidetza ere baldintza berdinetan ematen da.

    Alde batetik, bi familia unitateetan daude (hiru seme-alaba komun dituzten aita eta ama, hurrenez hurren) bizikidetza eta mendetasun ekonomikoaren adierazleak, familia ugaria aitortzeko eskubidea zehazten dutenak. Bestalde, 2.2.c) puntuak banaketa eta bereizketa kasuetarako ezartzen dituen irizpideak, bizikidetza edo mendetasun ekonomikoaren gaineko ohar hauetan oinarritutakoak, egokiak izan daitezke seme-alabak zein familia unitatetan ezarri behar diren ebazteko.

    Erakunde honen ustez, horixe da interpretazio egokia, hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familia unitateak babesteko legearen xedearen arabera. Horren harira, pentsatzekoa da beren hiru seme-alaben zaintza partekatua duten ezkontide ohi biek, seme-alabekiko karga ez bada aldatzen bereizketa edo banaketa aurretik zutenaren aldean, ezkontza harremanak indarrean zuen babes hori izaten jarraituko dutela, eta halaxe gertatuko litzateke biei aitortuko balitzaie familia ugariaren titulua, beren hiru seme-alabekin batera.

    Gurasoen bizikidetza hausten denean seme-alabak zaintzeari buruzko martxoaren 17ko 3/2011 Foru Legeak zaintza partekatua sartzen du banakako zaintzarekiko berdintasun planoan dagoen beste aukera bat gisa eta gurasoen eta seme-alaben bizikidetzarako beste modalitate bat gisa. Bada, sarrera horrek indargabetu edo, edonola ere, baztertu egiten du horren aurka doan aurreko edozein lege (azaroaren 18ko 40/2003 Legeko 3.3 artikulua kasu) edo gurasoentzat eta seme-alabentzat modalitate partekatu horren ondore positiboak eragozten dituen aurreko edozein lege, honetan lehenak legearen aurrean berdintasun juridiko osoan geratzen direlako (onuretan eta kargetan) eta seme-alaben interes gorena gailentzen delako, seme-alaba kopuruaren arabera familia ugariko kide izanik, aita edo ama gorabehera.

  6. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak egozten dizkidan funtzioak betez, honakoa proposatu dut:

    Gizarte Politika Departamentuari gomendatzea, bereizketa edo banaketaren ondoriozko zaintza partekatuetan, sortzen diren bi familia unitateetan hiru seme-alaba edo gehiago badaude, familia ugariaren titulua emateko familia unitate horietako bakoitzari.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Gizarte Politika Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia