Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Protección del arbolado de Pamplona.
Ingurumena
Iruñeko alkatea
Alkate jauna:
2014ko martxoaren 14an, [...] andreak Izquierda-Ezkerra udal taldearen ordezkari gisa, aurkeztutako idazki bat jaso nuen; haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Iruñeko Udalaren aurka, Iruñeko zenbait tokitan zuhaitzak babesteko lau ordenantza ez onesteagatik.
Kexa honela formulatu zen:
“Une hauetan, Iruñeko Udalean, lau ordenantza-proiektu daude: Berdeguneak sortzeari buruzkoa, bideetan zuhaitzak jartzeari buruzkoa, berdeguneen kontserbazioari buruzkoa eta berdeguneen erabilerari buruzkoa. 2003tik ordenantza-proiektu horiek eginda daude, baina, gaur den egunean, Udaleko Osoko Bilkurak onetsi gabe daude oraindik.
Ordenantza horiek ez onesteak berarekin dakar Iruñeko zuhaitzak, berdeguneak, parkeak eta lorategiak babestu gabe egotea, zeren eta, oro har, arazo batzuk izaten baitira; honakoak, esate baterako:
Lorategien Zerbitzuak berdeguneen sorrera-proiektuan duen esku-hartzea arautu gabe egotea.
Gabeziak dauzkaten obrak, zuhaitzetan daukaten eragina ebaluatu gabe dagoelako, egindako obrak jasotzea.
Obren exekuzioan hartzen diren babes neurrien aurretiko kontrol egokia ezinezko gertatzea.
Berdeguneen erabilera erregulatu gabe dago: haiek erabiltzeko plangintza eta baimen batzuk espazio horiek mantentzearen aurkakoak dira.
Ordenantzak ez dira onetsi eta Izquierda-Ezkerra taldeak, azken urtean, Udalari behin eta berriz eskatu dio, baina beti ezezko erantzuna jaso dute. Udalak egiten duen proposamen bakarra da haiek alkatetzaren jarraibide huts bihurtzea. Kexa-egileak, ordea, ez daude ados proposamen horrekin, zeren eta ez baitira izanen, inolaz ere, nahitaez bete beharrekoak, udal ordenantza bat izanen litzatekeen bezala.
Uste dute ordenantza horiek ez egoteak honakoen antzeko egoera sortu izan dituela eta sortuko dituela:
Ibai-ertzeetan zuhaitz gehiegi botatzea, Arantzadi eta Trinitarios parke berriak sortzerakoan egin den bezala.
Zuhaitz gehiegi moztea harresien ondoan, Atari Berrian eta Labriteko Baluartean egin den bezala, edo 2014rako Magdalena parean aurreikusten den bezala.
Kasu hauetan Udalaren beraren zuhaitz teknikariek ez dituzte proiektuak berrikusten, ez obrak egin aurretik, ez haien ondotik ere, eta are larriagoa da hori kontuan hartzen bada obra horiek hartzen direnean Udalaren Lorategi Zerbitzua dela haiek kontserbatzeko eta mantentzeko ardura duena, izan ditzaketen gabezia guztiekin ere.
Gainera, gehitu beharra dago etengabe arazoak izaten direla hiriko obra txikiak egiterakoan, zeren eta ez baitago haiek zuhaitzetan izan ditzaketen eraginak ebaluatzeko betebeharrik.
Eskatzen du, egoera horrek Iruñeko zuhaitzetarako dauzkan arazoak kontuan hartuta, onar daitezela, presako izaeraz, goian aipatutako lau ordenantzak.”
Horren ondotik, Iruñeko Udalera jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.
2014ko azaroaren 28an, Iruñeko Udalaren txostena sartu zen erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:
“Agiri hau idatzi da [...] andreak aurkeztutako idazkia dela eta; hartan, kexa bat aurkezten du berdeguneen sorrerari, bideetan zuhaitzak ezartzeari, berdeguneen eta hiriko zuhaitzak kontserbatzeari eta berdeguneen erabilerari buruzko balizko lau ordenantza onetsi gabe daudelako. Haiek ez onesteak berarekin ekarriko luke Udalak berdeguneetan egiten duen kontrola gutxitzea, era askotako ondorioekin.
Azpimarra berezia jartzen da horrek zuhaitzetan dauzkan eraginetan.
Gai horri dagokionez, baiezta daiteke gomendagarria izaten dela beti udal instantziek edo kanpokoek –udalaren zerbitzuan lan egiten dutenean– egindako gisa guztietako lanak ahal den modu zehatzenean erregulatzea, hiriaren esparrurako. Gaur arte, udal zerbitzuek, oro har, obra proiektuetan jasotako udal jarduketei buruz modu orokorrean eta kasu aipagarrienetan informatu izan dute. Horrek ez du esan nahi jarduketa guztiei buruz informatu denik, zeren eta, zenbait arrazoi tarteko, orokorrean teknikari proiektu-egileek jotzen baitute txostena ez dela beharrezkoa, eta gerta daiteke kasuren batean teknikariek zerbitzuren bati txostenik edo, gutxienez ere, iritzirik ez eskatzea.
Proiektuari buruzko txostena egiten den kasuetan, teknikari proiektu-egileek eskatu ala ez eskatu, edo jada obra zuzendaritzak exekuzio fasean daudenean, interesgarritzat jotzen da zerbitzuen txostenak zerbitzuen ardurakoak diren alderdiei buruzkoak izatea, eta alderdi tekniko objektiboak jasotzea, ahal den guztian eduki funtsean teknikoa izaten duten txostenetan ageri den subjektibotasuna kenduta. Halaber, egokitzat jotzen da zerbitzuek proiektu nahiz obra fasean egindako oharrak zehatzak izatea eta gauzatzeari buruzko jarraibide argiak ematea, arau teknikoetatik eratorriak. Arau horiek argi egon beharko dute eta proiektu-egileen eskura proiektuaren agiria egiten hasten denean.
Bestalde, urbanizazio handiak eta jarraituak eta gisa guztietako proiektuak exekutatzeak eta azken urteetan metatutako esperientziak aukera eman dute hainbat esparruri buruzko ondorioak ateratzeko (proiektua, exekuzioa eta mantentzea). Esperientzia horiek guztiak hirigintza-jarduketak, oro har, hirian proiektatzen, exekutatzen eta mantentzen dituzten guztien eskura egon behar dute.
Azaldutako gogoetek ekarri dute, ontzeko aldi baten ondoren, Udalak uste izatea interesgarria dela nahitaez bete beharreko araudi tekniko bat egitea, gutxienez ere berdeguneen, argiteria publikoaren, bide publikoko obraren eta hiri altzarien inguruko alderdiak erregulatze aldera. Arau horiek nahitaez bete beharrekotzat jotzea eta haiek gobernu batzarraren erabakiaren bitartez onestea mailaz maila egin nahi da, datozen garaietan, eta horrekin Udalak modua izanen du hirian egin diren azken lanei buruzko irakaspenen laburpen batzuk edukitzeko. Ez da beharrezkotzat jotzen ordenantzaren figurara jotzea, zeren eta ez baitira herritarrengan, oro har, eragina duten arauak, eta, gainera, arauek eduki tekniko aldakorra daukate, aldaketak egiteko arintasuna eskatzen duena.
Gobernu batzarrak berdeguneei buruz hartuko dituen lehenengo erabakietako bat hemendik gutxira onetsiko da, eta Berdeguneen Zerbitzuak proposatutako hiru araudi teknikoak jasoko ditu: Berdeguneen kontserbazioa eta mantentzea, berdeguneen sorrera eta hiri zuhaitzak ezartzeari buruzko araudia. Ia aldi berean, zerbitzuen araudiak aplikatzeari erregelamendu bat onetsi nahi da; erregelamendu horrek udal teknikariek eta Udalak sustatutako lanak egiteko kanpoan kontrata daitezkeen teknikariek jarraitu beharreko prozedura jasotzen du, arauak aplikatzeari dagokionez, bai proiektu fasean bai obra fasean eta obren amaiera harreran ere, udal zerbitzuk obren mantentzeaz arduratzeari begira.
Nahitaez bete beharreko xedapenen multzo horrekin, arrazoizko erantzuna eman nahi zaie Udalak berak sustatutako lanei buruzko udal kontrolaren beharrei".
Jasota geratu den bezala, kexa aurkeztu da Iruñeko hiriko berdeguneak eta zuhaitzak babesteari buruzko zenbait arau onetsi gabe daudelako.
Kexan aipatzen da duela jada zenbait urte, zenbait arau-proiektu egin zirela gaiari buruz, baina onetsi gabe daudela. Arautze falta hori, azaldu bezala, eragin negatiboak izaten ari da, kexan azaldu bezala. Hori dela eta, interesdunak eskatzen du kasuko ordenantzak onets daitezen.
Iruñeko Udalak informatu duen bezala, gaiari buruz nahitaez bete beharreko xedapen batzuk onetsiko dira, arau teknikoak, baina ez da beharrezkotzat jotzen haiek ordenantza bidez onestea.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, 324 artikuluan eta hurrengoetan, Nafarroako toki entitateen erregelamendu-ahalmena arautzen du, eta ezartzen du Nafarroako toki entitateek erregelamendu-ahalmenez baliatuta eta bere eskumeneko esparruan emandako xedapen orokorrak erregelamendu izaera izanen dutela, baldin eta Administrazioaren antolamendua eta funtzionamendua erregulatu nahi bada, eta, bestela, ordenantzak izanen direla. Aipatutako foru legeko 325. artikuluak bi arau-modu horiek onesteko prozedura jaso zuen, eta Osoko Bilkurari esleitzen zion horretarako eskumena, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 22.2 artikuluko d) letran xedatuarekin bat. Eta 326. artikuluak haren eraginkortasuna argitaratze ofizialarekin lotzen du, Konstituzioko 9.3 artikuluak ezarritako arauen publizitate-printzipioarekin bat.
Erregelamendu ahalmen hori jotzen da ariketa diskrezional bat dela eta, horrenbestez, toki entitateko organo eskudunei dagokie kasuko xedapen orokorrak onesteko unea eta aukera zehaztea.
Alabaina, erakunde honen ustez, bai kexan, bai udal txostenean zuhaitz eta berdeguneei buruz proiektatutako xedapenei eman nahi zaien izaera normatibo eta aginduzkoak eskatzen du onespena ordenantza bidez ematea. Eta halako izaera berezkoa da lortu nahi den helbururako, zeina baita hirigintza- eta ingurune-izaerako nahitaez bete beharreko xedapen batzuk ezartzea, barneko (ad intra) zein kanpoko (ad extra) eraginekin.
Gobernu Batzarraren egintzek, alkatetzaren zuzendaritza- eta laguntza-organoa baita, ez dute izaera normatibo hori, nahiz eta, hierarkia printzipioari jarraituz, barneko esparruan bete beharreko jarraibideak izan daitezkeen.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:
Iruñeko Udalari iradokitzea ezen, zuhaitzak eta berdegunean babesteko xede orokor edo arauak onesteko kasuan, oraingo kasuan bezala, onets daitezela udal ordenantzen figuraz baliatuta, haiei arau-balioa, bai barnekoa bai kanpokoa, publizitatea eta segurtasun juridikoa emateko.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Iruñeko Udalak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala iradokizun hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, iradokizuna ez onartzeak berarekin ekarri ahalko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia